☉ Arrigorriaga
25. urteurreneko jaia ospatuko du maiatzean Aritz Berri Arrigorriagako dantza taldeak
Taldeko kideekin eta noizbait izan zirenekin dantzaldia egingo dute maiatzaren 13an. Herri bazkaria ere prestatu dute arrigorriagar guztiak batzeko
Arrigorriagako Aritz Berri Dantza taldeak mende laurdena beteko du aurten. Eta maiatzaren 12an eta 13an, taldeko kideekin eta herritar guztiekin ospatuko dute urtemuga. Hainbat ekintza eta ikuskizun prestatu dituzte horretarako, datorren hileko bigarren asteburuan.
Egun handia larunbata izango da. “Taldean dauden dantzariekin eta 25 urte hauetan zehar egon diren kideekin dantzaldia egingo dugu goizean (12:00etan)”, azaldu digu aitor Ruizek, 16 urtera arteko gazteen taldeetako baten arduradunak. Urritik hasita, Aritz Berriko lagunak ikuskizunean parte hartzeko kide ohien bila aritu dira, eta azaldu dutenez, emaitza ona izan dute: “Jende asko batzea zaila den arren, espero baino gehiago bildu ditugu jaialdian parte hartzeko”.
Ikuskizuna eta gero, 15:00etan, taldekideek bazkari herrikoia egingo dute hurbildu nahi duten arrigorriagar guztientzako. Paella, ogia, postrea eta edaria egongo dira Argala enparantzan, 17:00etan musika emanaldiekin jarraitu baino lehen (otordurako tiketak 10 eurotan lortu daitezke, maiatzaren 6a baino lehen, Imara eta Aldapa tabernetan). Gauera arte, berriz, Tio Teronen Semeak ikuskizuna, erromeria eta, Zuzterrak taldearekin, trikipoteoa egingo dituzte herritik zehar.
Aurretiko jarduerak
Jaialdiari sarrera egiteko, baina, Aritz Berrik dantzari lotutako beste hiru ekintza prestatu ditu datozen asteotan zehar. Hilaren 20an, Jantzari dokumentalaren proiekzioarekin ekion zioten ikus-entzunezkoen saioari, eta apirilaren 26an eta maiatzaren 4an egingo dituzte hurrengo ekitaldiak: asteazkenean, Genero identitatea euskal dantzaren eraikuntzan hitzaldia eskainiko du Oier Araolazak, eta ostegunean, Dantza filma ikusi eta Telmo Esnal zuzendariari elkarrizketa egingo diote Lonbo Aretoan.
ARITZ BERRI DANTZA TALDEAREN 25. URTEURRENA / PROGRAMAZIOA
Apirilak 20, osteguna
19:00. Jantzari dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia
Lonbo Aretoan
Apirilak 26, asteazkena
19:00. Oier Araolazaren eskutik, Genero identitatea euskal dantzaren eraikuntzan hitzaldia
Lonbo Aretoan
Maiatzak 4, osteguna
19:00. Dantza filmaren proiekzioa eta Telmo Esnal zuzendariari elkarrizketa
Lonbo Aretoan
Maiatzak 12, ostirala
19:30. Zazpi jauzi dantza-kantu-bertso poteoa herriko hainbat eragilerekin, herriko zazpi plaza edo zonatan banatuta. Horietako bakoitzak Euskal Herriko lurralde bat izango du gaitzat
Maiatzak 13, larunbata
12:00. Dantzaldia
15:00. Bazkari herrikoia
17:00. Tio Teronen Semeak ikuskizuna
18:00. Erromeria
21:00. Trikipoteoa Zuzterrak taldearen eskutik
☉ Arrigorriaga
Irizpide feministak adosteko prozesua abiaraziko dute Arrigorriagan, jai ereduari buruzko hausnarketa errealista xede
Elkarlanerako gune honek hiru hitzordu antolatu ditu Lamiaenan: urriaren 14an, azaroaren 12an eta abenduaren 10ean
Zer ekitaldi antolatzen ditugu Arrigorriagan?, Nortzuk dira protagonistak?, Nola hartzen dira erabakiak?. Galdera horiei erantzuna emateko Arrigorriagako jaiak berdintasunean izeneko irizpide feministak adosteko prozesua abiaraziko du Udalak.
“Jaietan egiten diren ekintza guztiak (kirol arlokoak, erlijiosoak, gastronomikoak, musikalak…) gure kulturaren bereizgarri diren esanahi sinboliko handiko kultur adierazpenak dira”, azaldu dute udal ordezkariek. “Guzti honetaz hausnartzeko elkarlanerako gunea sortzea da helburua, jai ereduari buruzko hausnarketa errealista egiteko eta Madalenak feministak egiteko oinarrizko irizpide batzuk adosteko”.
Prozesu hau herritar orori zabalik dago eta hiru hitzordu izango ditu Lamiaenan: lehena urriaren 14an izango da eta gainontzekoak azaroaren 12an eta abenduaren 10ean. Saioak 18:00etatik 20:00ak arte antolatu dituzte eta izena ematea beharrezkoa da berdintasuna@arrigorriaga.eus helbidearen bidez edo 944 020 200 telefono zenbakira deituz.
☉ Arrigorriaga
Zabaldu dute Arrigorriagako Ausartak Mendi Lasterketan izena emateko epea
Aurtengo edizioa urtarrilaren 18an eta 19an antolatu dute eta Canicross ETL txakurkrosa, Txakurkros eta trail herrikoia, Mendi Martxa, Mendi maratoi erdia eta Hasiberri traila prestatu dituzte
Arrigorriagako Ausartak Mendi Lasterketa 2025eko urtarrilaren 18 eta 19an antolatu dute eta bertan izena emateko epea zabaldu dute SportManiacs.com webgunean.
Iaz bezala, kirol probak egun bitan antolatu dituzte, betiko probekin: Canicross ETL txakurkrosa, Txakurkros eta trail herrikoia, Mendi Martxa, Mendi maratoi erdia eta Hasiberri traila.
Egutegia | Ausartak Mendi Lasterketa 2025
Urtarrilak 18, larunbata
– 10:00 Canicross ETL txakurkrosa (6k 150+)
– 11:30 Txakurkros eta trail herrikoia (2,5km)
Urtarrilak 19, igandea
– 09:00 Mendi martxa (20k 1.000+)
– 10:30 Mendi maratoi erdia (21k 1.100+)
– 11:00 Hasiberri trail (9,5k 500+)
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagarren argazkiek osatuko dituzte 2025eko udal egutegiaren irudiak
Gaia “Arrigorriagako auzoak, jendea eta txoko ezkutuak” izango da eta argazkiak bidaltzeko azken eguna urriaren 27a
Arrigorrigako Udalak argazki-lehiaketa bat antolatu du irudi onenekin 2025eko udal egutegia osatzeko. “Helburua da herritarrek Arrigorriagari eta bere jendeari buruz duten ikuspegi berezi eta bakarra jasotzen duen egutegia sortzea”, azaldu dute udal ordezkariek. “Arrigorriaga bere biztanleen begiradaren bidez ezagutu ahal izatea”.
Gaia “Arrigorriagako auzoak, jendea eta txoko ezkutuak” izango da eta argazkiak bidaltzeko azken eguna urriaren 27a. Epea itxita, epaimahai batek azala eta hilabete bakoitzeko argazkiak aukeratuko ditu.
Udaletik baldintza batzuk azpimarratu dituzte interesdunek parte hartu ahal izateko: bidali beharreko argazkiak formatu horizontalean egindakoak izan beharko dira eta Euskara Zerbitzura bidali beharreko e-postan hurrengo informazioa gehitu beharko dute parte-hartzaileek:
– Izen abizenak (eta goitizena, aukeran)
– Helbidea
– Telefono zenbakia
– Argazkia ateratako lekua eta data
☉ Arrigorriaga
Malmasingo Lagunak elkarteak hitzaldi zikloa ekarriko du Arrigorriagara Europako Jardunaldietan
‘Komunitate sareak ehuntzen: Abrisketatik Malmasinera’ izeneko hitzaldi zikloan Jagoba Hidalgok, Josu Narbartek, Maite Iris Garciak eta Teresa Campos arrigorriagarrek hartuko dute parte
Ondarearen Europako Jardunaldiak antolatu ditu berriro Bizkaiko Foru Aldundiak urrian zehar lurraldeko 71 udalerritan. Aurten, “Bide, sare eta loturen ondarea” izango da jardunaldien gaia, eta Hego Uribe eskualdean hamaika jarduera antolatu dituzte.
Hitzaldiak, bisita gidatuak eta ihes gelak izango dira hilabetean zehar Arrigorriagan, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon eta Zeberion.
Arrigorriagan ‘Komunitate sareak ehuntzen: Abrisketatik Malmasinera’ izeneko hitzaldi zikloa antolatu dute:
Malmasinen eta Abrisketako Done Perin egiten ari diren lanei buruzko azken datuak ezagutaraziko dituzte hitzaldi-ziklo baten bitartez. Bertan Jagoba Hidalgok, Josu Narbartek, Maite Iris Garciak eta Teresa Campos-Lopez arrigorriagarrek hartuko dute parte.
Hitzaldi zikloa Edurne Garitazelaia kultur etxean antolatu dituzte urriaren 23an, 24an, 29an eta 30ean eta ez da beharrezkoa izango izena ematea.
Egitaraua | Komunitate sareak ehuntzen: Abrisketatik Malmasinera
Urriak 23, 19:00-20:30: Malmasinetik Burdin Aroari begirada bat. Jagoba Hidalgo
Urriak 24, 19:00-20:30: Erdi Aroko paisaiak eraikitzen Euskal Herrian. Josu Narbarte
Urriak 29, 19:00-20:30: Zer esaten digu osteoarkeologiak? Arbasoak, nola bizi eta nola hil ziren. Maite Iris Garcia
Urriak 30, 19:00-20:30: Abrisketa, zer berri? Nora goaz? AR.GU.I.A. Proiektua: ibilbide berriak. Teresa Campos-Lopez
Izena ematea: malmasingolagunak@gmail.com (ez da erreserbarik egin behar)
☉ Arrigorriaga
Ibilbide historiko-toponimikoak antolatu dituzte Arrigorriagan, larunbatean
Ordubete inguruko ibilbidearen helburua Arrigorriagaren historia eta toponimia ezagutaraztea da, Malmasingo Lagunak elkartearen eskutik
Malmasingo Lagunak elkarteak ibilbide historiko-toponimikoak antolatu dituzte Arrigorriagan datorren urriaren 5ean. Hitzordu bi prestatu dituzte, euskaraz eta erdaraz. Ibilbidea doakoa izango da eta edonork hartu ahalko du parte bertan.
Euskarazko txanda 12:00etan izango da Argala plazako udaletxeko arkupeetan (erdarazkoa 10:00etan izango da). Bertan Asier Ibarretxe eta Juanjo Agirre kideek hizlari lanak egingo dituzte Arrigorriagako kaleetatik ibilbidea egiten duten bitartean. Ibarretxek ‘Arrigorriagako Hiztegi Toponimikoa’ argitaratu zuen 2021ean eta Agirre ‘Toponimia de la anteiglesia de Arrigorriaga’ liburuaren egilea da.
“Ordubete inguruko ibilbidearen helburua Arrigorriagaren historia eta toponimia ezagutaraztea da”, azaldu du Asier Ibarretxek Malmasingo Lagunak elkartetik. “Denboraren poderioz desagertu edo aldatu diren izenak berreskuratu nahi ditugu ere”, gehitu du Asierrek.
Ibilbidea herri osotik egingo dute eta bidean zehar topatuko dituzten etxeak, baserriak, eraikin edo leku jakin batzuen inguruko azalpenak egingo dituzte.