☉ Arrigorriaga
Arkaitz Zipitria eta Iker Garitagoitia arrigorriagarrek 2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa jokatuko dute
Zipitria eta Garitagoitia urriaren 8an Gernikan jokatuko den kanporaketan arituko dira bertsotan

Urriaren 1ean hasiko da 2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Hego Uribe eskualdeak ordezkaritza bikoitza izango du: alde batetik, kanporaketetako bat Arrigorriagan jokatuko da (urriaren 15ean), eta bestetik, Arkaitz Zipitria Mendizabal eta Iker Garitagoitia Astigarraga arrigorriagarrek txapelketan bertan parte hartuko dute.
Biek bigarren kanporaketan hartuko dute parte, urriaren 8an Gernikan. Aurrez aurre izango dituzte Bittor altube Sarrionandia (Abadiño), Ibai Amillategi Omaetxebarria (Gernika-Lumo), Julen Ibarguengoitia Ordorika (Gernika-Lumo) eta Mikel Retolaza Etxebarria (Busturia). Saioa Lizeo antzokian izango da 17:00etatik aurrera.
10 saio
Bizkaiko Bertsolari Txapelketak guztira hamar saio hartuko ditu hiru fasetan banatuta: sei kanporaketa, hiru finalaurreko eta finala.
Kanporaketetako bat Arrigorriagan jokatuko da urriaren 15ean, igandez. Hirugarren kanporaketa izango da eta bertan arituko dira: Garikoitz Sarriugarte Onandia (Zaldibar), Iker Uriarte (Bermeo), Inazio Vidal Gurrutxaga (Erandio), Iruri Altzerreka Martinez (Garai), Josune Aramendi Perez (Markina-Xemein) eta Lurdes Ondaro Mallea (Munitibar). Arrigorriagako kanporaketa Lonbo aretoan izango da 17:00etan.
Arrigorriagaz gain, Mungian (urriak 1), Gernikan (urriak 8), Erandion (urriak 22), Igorren (urriak 29) eta Lekeition (azaroak 1) jokatuko dira kanporaketak. Finalaurrekoak Berrizen (azaroak 11), Santurtzin (azaroak 18) eta Lemoan (azaroak 25) izango dira, eta finala Bilbon (abenduak 16).
Dagoeneko salgai daude saio guztietarako sarrerak www.bertsosarrerak.eus webgunean. Kanporaketa saioetako sarreren prezioa 3 eta 8 euro artean dago, finalaurrekoetakoa 5 eta 12 euro artean eta finala 10 eta 20 euro artean. Era berean, txarteldegia egongo da saio guztietan (16:00etatik aurrera kanporaketetan eta finalaurrekoetan eta 15:00etan finalean) eta bertan eskuratu ahal izango dira sarrerak, aurrez agortzen ez badira.
Bertso-plaza berezia
“Bertsozaleontzat hitzordu garrantzitsuak ditugu aurretik. Gainera, Bizkaiko Bertsolari Elkarteak 40 urte bete berri ditu eta hori ere oso garrantzitsua da”, dio Igor Elortza Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaritza taldeko kideak. Elortza lau aldiz izan da Bizkaiko txapeldun, eta beste behin Araba-Bizkaia Bertsolari Txapelketakoa. “Bertso-plaza berezia da, bertsolarientzat oso garrantzitsua dena, eta gizarte euskaldunaren arreta pizten duena”, gaineratu du Elortzak: “Sorpresa ederrak egongo direla ziur nago”.
Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol Saileko Foru Diputatuak adierazi duenez, “oso onartuta dagoen kultur adierazpena da”. “Bertsolaritza pil-pilean dago eta espero dugu Bizkaiko txapelketak harrera bikaina izatea. Gure kulturari nortasuna eta balioa ematen dio”, dio Arrizabalagak. Prentsaurrekoan Ione Narbaiza Bizkaiko Bertsozale Elkarteko koordinatzaile eta txapelketaren arduradunak txapelketaren nondik norakoak azaldu ditu.
☉ Arrigorriaga
Argazkiak | Lokatz artean lehiatu dira Ausartak Mendi Lasterketako korrikalariak Arrigorriagan
10:00etatik eguerdira bitartean ibili dira korrikalariak lokatz artean Upo eta Artanda mendietan barrena

Ausartak Mendi Lasterketako zazpigarren edizioko protagonista euria izan da. Aste hasierako aurreikuspenek eguraldi ona iragartzen bazuten ere, asteburu euritsua izan dugu Hego Uribe eskualdean.
Hasiera batean berri txarra izan zitekeela pentsatuko du batek baino gehiagok, baina egia esateko euriak eta lokatzak joko handia eman dute aurtengo edizioan.
EuskalMeteko partea ikusita mendira igo gara gure korrikalariak pistetan, mendian eta basoetan barrena inoiz baino zikinago erretratatzeko. Non hobe?
☉ Arrigorriaga
Doako edoskitze tailerra antolatu du Arrigorriagan Altzoan Zaintza Sareak
Tailerra interesa duten emakume guztientzat antolatu dute otsailaren 12an, 17:00etan eta aurretiko esperientziarik ez dela behar nabarmendu dute Altzoanetik

Altzoan Zaintza Sareak, Ene Amatxorekin elkarlanean eta Arrigorriagako Udalaren zein Rural Kutxaren babesarekin doako edoskitze tailerra antolatu du Lamiaena emakumeen etxean.
Tailerra interesa duten emakume guztientzat antolatu dute otsailaren 12an, 17:00etan eta aurretiko esperientziarik ez dela behar nabarmendu dute Altzoanetik.
“Edoskitzea elikadura baino askoz gehiago da: lotura, informazioa, erabakiak eta laguntza ere bai”, iragarri dute Altzoan Zaintza Saretik. “Horregatik, edoskitze tailer honetara gonbidatzen zaitugu, interesa duten pertsona guztientzat irekia: haurdun egon edo ez, edoskitze prozesuan ari direnak, etorkizunean ama edo aita izan nahi dutenak, edo, besterik gabe, jakintza handitu eta lagundu nahi dutenak”.
Gune segurua, errespetuzkoa eta inklusiboa izango da, errealitate eta ibilbide ezberdinetatik hitz egiteko eta zalantzak partekatzeko. “Zure zain gaude!”.
Izena emateko Instagram bidez idatzi ahal dute interesdunek edota 660 202 438 telefono zenbakira Whatsappa bidali (Eneritz @eneamatxo)
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Garrikoko kirolariek 21 domina eskuratu dituzte Euskadiko Teknika Txapelketan
Urrezko zortzi domina, zilarrezko beste zortzi eta brontzezko bost eskuratu dituzte joan den asteburuan, Bilbon

Joan den asteburuan Taekwondoko Euskadiko Teknika Txapelketa antolatu zuten Bilboko Miribilla pilotalekuan eta bertan izan ziren Arrigorriagako Garriko Taekwondoko kirolariak.
Guztira 21 domina eskuratu zituzten: urrezko zortzi, zilarrezko beste zortzi eta brontzezko bost.
Hauek izan ziren domina horiek eskuratu zituzten borrokalariak, kategoria bakoitzeko:

Emakumezkoen hirukotea, Bilbon // Garriko Taewkondo taldea
Kadeteak emakumezkoak
– Lur guerra urrea
Kadete mutilak
– Izei Intxaurraga: urrea
Kadeteak A emakumezkoak
– Aiara Alves: zilarra
– Leire Perea: brontzea
Kadeteak A mutilak
– Julen Fernandez: zilarra
– Iago Garcia: brontzea
Bikote kadetea
– Iago Lur: urrea
– Julen Aiara: zilarra
– Izei Leire: brontzea
Junior emakumezkoak
– Laura Ferreira: urrea
– Irati Amador: zilarra
Junior mutilak
– Iñigo Pereira: urrea
– Haritz Amador: zilarra
Senior emakumezkoak
– Itxaso Hernandez: urrea
– Irati Velada: zilarra
– Ariane Martinez: brontzea
– Izaskun Velez 6
– Elaia Garcia 7
– Andrea Barona 8
– Nahia Agirre 9
Hirukote emakumezkoak
– Itxaso, Ariane, Irati: urrea
– Nahia, Izaskun, Elaia: zilarra
Senior gizonezkoak
– Javier Rodriguez 4
Bikote Junior
– Laura Ferreira Iñigo Pereira: urrea
– Irati Amador Haritz Amador: brontzea
Bikote Senior
– Andrea Barona Javier Rodriguez: zilarra
☉ Arrigorriaga
Bideoa | 824 partaide eta txakurkros proba luzeagoa eskainiko du Arrigorriagako Ausartak Mendi Lasterketaren zazpigarren edizioak
Asteburu honetan 583 gizonek (% 70) eta 241 emakumek (% 30) hartuko dute parte urteroko “derrigorrezko” hitzorduan bilakatu den Ausartak Mendi Lasterketan

Ausartak Mendi Lasterketaren zazpigarren edizioa aurkeztu dute gaur, Arrigorriagako udaletxeko osoko bilkuren aretoan eta asteburu honetan parte-hartzaileek jantzita eroango duten kamiseta teknikoaren eredu baten ondoan.
Urtarrilaren 17an eta 18an antolatu dute zazpigarren edizioa eta 824 korrikalari izango ditu, 2025ean baino 100 gehiago. “Arrigorriaga kirolaren eta mendiaren hiriburu bihurtuko da berriro”, iragarri du pozik Maite Ibarra herriko alkateak. Igandean espero da jende gehien: bertan izena emateko epea iazko urriaren 1ean zabaldu ziren eta aste bitan saldu ziren denak. Larunbateko proban 173 pertsonak eman dute izena (116 gizon eta 57 emakume). Igandekoan 654 parte-hartzaile egongo dira (464 gizon eta 190 emakume). Laburbilduz, 583 gizonek (% 70) eta 241 emakumek (% 30) hartuko dute parte asteburu honetako probetan.
“Kirol eskaintza zabala” eskainiko duen asteburua izango dela aurreikusi du Ibarrak, edozein adineko eta prestaketa maila duten pertsonei zuzendua, hain zuzen.
Mikel Fuentes Ausartak Mendi Lasterketako kideak xehetasun guztiak eskaini diezkie komunikabideei: “Urtez urte, Ausartak Mendi Lasterketak hazkunde nabarmena izan du”, azaldu du elkarteko kideak. “Ez bakarrik parte-hartzaileen kopuruari dagokionez; baita antolakuntzaren kalitateari, ingurue naturalaren konpromisoari eta segurtasunaren aldeko apustuari dagokionez ere”.

Mikel Fuentes, gaurko prentsaurrekoan // Geuria
Makina bat berritasun
Aurtengo edizioa berrikuntzez josita dator. Lehena, txakurkros ibilbidearen aldaketa da: 5,5 kilometro eta 120 metroko desnibel positiboa izatetik 12,2 kilometro eta 440 metroko desnibel positibokoa izatera igaroko da, parte-hartzaileen iradokizunei kasu eginez.
Bigarrena, Txakurkros lasterketaren itzulera Euskadiko Txakurkros Ligara (ETL).

Hirugarrena Mendikosolo Trail Pilotoa da: “Harrera ona izatekotan, azken proba hau iraunkorra bihurtuko dugu”, azpimarratu du Fuentesek.
Laugarren berritasuna segurtasuna indartzea izango da. Bexen Cardiorekin egindako elkarlanaren ondorioz, desfibriladore bi ipiniko dituzte Arrigorriagako proban.
Bosgarrenez, lasterketaren sarrera ofiziala etiketa berdearekin egingo dute aurten. Honek esan nahi du ingurumenarekin konpromisoa berretsiko duela asteburuko probak.

Solidaritatea, ardatz
Lasterketaren ekimen solidarioa ahaztu behar ez den beste kontu bat da: aurten ere, jasoko den diruaren zati bat Ane Sindrome Red ekimenari bideratuko diote Ausartakekoek: izen emate bakoitzak euro biko prezioa izango du. “Horrek egiten du Ausartak-en proba hain berezia parte-hartzaileen artean”, azpimarratu du Maitek eta eskerrak eman dizkio Ausartak Ludiko Kirol Elkarteak egindako lanari.
Egitaraua | Ausartak Mendi Lasterketa 2026
Urtarrilak 17, larunbata
10:00 Ausartak Canitrail
10:30 Mendikosoko Trail (proba pilotoa)
Urtarrilak 18, igandea
10:30 Mendi Maratoi Erdia
11:00 Hasiberri Trail
11:10 Martxa Laburra
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Amalur liburudendak aitortza berezia jaso du Merkataritza Jaialdian euskararen alde egindako lanagatik
Gainera, udalerriko Kreta Loreak saltokia finalista izan da Bizkaiko Erakusleiho Lehiaketan

Bizkaidendak elkarteak Merkataritza Jaialdia antolatu du duela egun batzuk eta Arrigorriagako Amalur liburudendak aipamen berezia jaso du euskararen alde egindako lan eta konpromisoagatik. Amalurrek 1995ean zabaldu zituen ateak lehen aldiz eta gaur egun arte euskarazko liburu eta jolas ugari dituzte adin guztietako haurrentzat. Iker Albizua Uriondo da liburutegiaren jabea eta bertako produktu guztiak ezagutzen ditu, bezero bakoitzari gomendioak emanez.
Bestalde, Kreta Loreak saltokia finalista izan da Bizkaiko Erakusleiho Lehiaketan.
Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea eta Gaizka Ibarretxe Ekonomia zinegotzia Bizkaidendak elkarteak antolatutako ekitaldian izan ziren: “Harro gaudezuen lanaz eta herriari ematen diozuen biziagatik”, azaldu zuten.










































































































