Sareak

☉ Arrigorriaga

Arnatz Puertas: «Pertsonaren inguruko hausnarketak mundua ikusteko modua aldatzen du»

Arnatz Alvarez Puertas arrigorriagarrak txikitatik izan du garbi aktore bihurtu nahi zuela. AUX lanarekin Santurtziko Zine Jaialdiko Zilarrezko Raspa irabazi ondoren, badirudi 21 urteko gaztea bide zuzenetik dabilela

|

Arnatz Alvarez Puertas aktore arrigorriagarra // Utzitakoa

Artearen definizio baten bila hasiz gero, artista bezainbeste erantzun izango genuke. Gaurkoan Arnatz Alvarez Puertasekin elkartu gara, 21 urteko Arrigorriagako aktorearekin, artearen esanahi horren bila. Gizonezko aktore onenaren saria irabazi berri du Santurtziko Zine Jaialdian eta baita Zilarrezko Raspa ere, berak zuzendu eta interpretatutako AUX lanagatik. Sarien atzean, ordea, gazte honen ibilbidea eta bizipenak daude, pasioak indarrez bultzatutakoak. Arteak gizaki bihurtzen du Arnatz, eszenatokiaren eta kameraren aurrean.

Zein izan zen txikitan artearekin izan zenuen lehen harremana? Txikia nintzela nagusitan zer izan nahi nuen galdetzen zidatenean, erantzuna artearekin lotuta zegoen beti nire kasuan. Hala ere, aktore izan aurretik rockeroa izan nahi nuela esaten nuen. Nire etxean oso ohikoa zen musika asko entzutea eta larunbat goizak egongelan dantzatzen igarotzen genituen. Oroitzapen eta argazki ugari ditut, gezurrezko gitarra bat eskutan rockeroarena egiten.

Jada une horretan umea nintzela, zeozer neukan barruan artearen mundura deitzen ninduena. Bigarren Hezkuntzako 5.mailan antzezlan bat egin genuen eta protagonistaren papera egokitu zitzaidan. Horrela, “Lan baten bila” deitzen zen obra horretan aurkitu nuen nire pasioa eta argi eduki nuen nire burua aktore gisa ikusten nuela. Agian, artearen kontzeptua bera ez zen gogoan neukan zerbait, baina grina hori azalekoa izan da beti.

Grina hori errealitate bihurtzeko zein pauso eman zenituen? 14 edo 15 urte nituen Artebiko arte eszenikoetako eskolak eskaintzen zuen formakuntza hasi nuenean. Bertan, aurretik osatutako talde bat zegoen, gutxienez pare bat urte zeramatzana eta hasieran nire burua kokatu behar izan nuen. Dena den, nire adina ez zen inoiz arazo bat izan, askotan txikitatik antzerkiaren munduan hasitako jende hori da aktore izatearena hobby gisa izaten duena. Nik argi nuen hori ez zela nire kasua eta geroztik beti saiatu naiz nire burua lanpetuta mantentzen, beti egon naiz “lan baten bila” eskolako antzezlanean bezalaxe.

Adin horretan hasi zenuen batxilergoa. Nolakoa izan da zure ibilbidea ikasketei dagokienean? Artebin emandako lehen pauso horiek Ibarrekolandako arte eszenikoetako batxilergoarekin bateratu nituen. Bihotzez gomendatzen dut bide hau hartzea, asko ikasten baita, antzerkiaren beraren inguruan eta baita lan taldearen funtzionamenduaren, lankideekin partekatzearen eta enpatiaren inguruan ere. Bi urte horiek bukatu nituenean Dantzertira joatea erabaki nuen, goi mailako arte dramatikoko Euskadiko eskolara eta aldi berean, Pabelloi 6ko konpainiako kide bihurtu nintzen. Geroztik antzezlan ugaritan parte hartzeko aukera izan dut: lehena Ramon Bareak zuzendutako ‘Ubu rey de las finanzas’ izan zen eta ostean ‘Todo saldrá bien’ eta ‘Rey desnudo, chico muerto’ obretan parte hartu dut, azken hau Iñigo Coboren zuzendaritzapean. Ikus entzunezko munduan ere ibili naiz; besteak beste, Netflixeko ‘Intimidad’ telesaila da agian proiekturik aipagarriena.

Orain Dantzertiko 4.mailan nago eta aldi berean proiektu ezberdinak burutzen ari naiz: alde batetik, telesail bat grabatzeko prozesuan nago eta, bestetik, hurrengo urteko otsailean estreinatuko den Arriagako produkzio batean nabil, ‘La lucha por la vida’, Ramon Bareak zuzendua. Mikel Losada, Itziar Lazkano eta Olatz Ganboa bezalako antzezleekin partekatuko dut eszenatokia.

Arnatz Alvarez Puertas aktore arrigorriagarra // Utzitakoa

Zer iritzi duzu egungo gazteriarentzat Euskal Herrian dagoen ikus-entzunezko formazio eskaintzari buruz? Oraintxe bertan bai ikasteko eta bai lan egiteko aukera asko daude eta horren atzetik Dantzerti bezalako goi-mailako eskola batzuen lana dago, bizitza laburra duen arren, garapen handia izan duena artearen sustatzaile gisa. Aukerak, beraz, badaude, Dantzerti ez baita eskola bakarra eta, gainera, jende ikaragarria dago gure artean. Antzezlan, sail eta pelikula asko aurrera eramateko proiektu asko azaleratzen ari dira, oso material indartsua baitago Euskal Herrian. Grabatzeko oso leku erosoa da, txikia, baina baliabide handikoa eta aktore eta profesional bikainak daude, behar bezala balioesten ez diren arren.

Gaur egun artisten lanbidearekiko mesprezu hori mantentzen dela uste duzu? Ideia hori badago gizartean, baina egia eta gezurra da aldi berean. Aktorearen bizitza zinemara mugatzen dugu askotan eta proiektu asko daude hortik kanpo, antzerkia, produkzio txikiak, iragarkiak, kaleko antzezlanak etab. Gainera, antzezle izatea ez da aukera bakarra, ikus-entzunezko munduaren barnean lanpostu gehiago baitaude. Aktore izateak beste esperientzia eta ikuspuntu batez hornitzen zaitu, berezia den zerbait sortzeko gai bihurtu zaitzakeena. Bide hau hautatzea lana da, bai, polibalentea izatera behartzen zaituelako eta gaitasuna izan behar duzulako moldatzeko eta etengabe ikasten egoteko. Horrez gain, kontuan hartu behar da ez dela lan erregular bat eta batzuetan gustatzen ez zaizkizun eskaintzak onartzeko beharra daukazula.

Erronkaren alderdi hori kontuan hartuta, erabaki horrek merezi izan duela pentsatzen duzu? Hautu konplexua da, baina merezi du benetan. Imajinatu grina hori duzula, ideia hori daukazula, gogo hori barnean daukazula, baina badaezpada ere zure buruari ezetz esaten diozula. Bizitza bakar bat daukagu eta zerbaitek interes hori pizten badizu eta beldurrak bultzatuta ez baduzu egiten, probatu ez izanak barrua jango dizu betirako. Nire aholkua nahi duzun hori probatzea da eta ondo ateratzen ez bada, beti izango duzu aukera beste irtenbide batzuk bilatzeko. Dantzertin sartu ginenok, adibidez, pixka bat galduta geunden eta gaur egun bertatik aterako gara gure buruaz askoz gehiago jakinda.

Nola bizi izan duzu zure herritik, nolabait, atera eta inguru ezberdin batera ohitzeko prozesua? Nire bidaia edo bidea ezin dut inorenarekin alderatu eta, beraz, erantzuna ez da argia, bakoitzak bere bizitzako bidea du eta niri hau egokitu zait hasieratik argi nuelako zer ibilbide jarraitu nahi nuen. Nire etorkizunaren galdera agertu orduko, erantzuna agerikoa zen eta zentzu horretan badakit zorte handia izan dudala. Nire bidaia honetan beste batzuen ahotsa entzuten eta haien errealitateak ezagutzen ikasi dut bereziki. Horrek nire burua ezagutzen eta horrekin batera ni hori nagusitzen eta hobetzen lagun dit. Izan nahi dudan pertsona hori bihurtzeko bidean nago. Guztiok gaude bide horretan, baina nik askok baino zalantza gutxiago eduki ditut ezagutu dudan jendeak eskaini didan argitasunagatik.

Nire lanean, gainera, zehazki pertsonen inguruan sortzen da guztia, nire lana da pertsonak analizatu, ulertu eta haragitzea, pertsonaiei bizia eta ahotsa eman ahal izateko. Pertsonaren inguruko hausnarketa horrek mundua ikusteko modua aldatzen du.

Nolakoa izan da Netflix bezalako plataforma bateko errodaje batean egotea? Oso talde langilea eta jatorra zen eta haiekin gutxi grabatu nuen arren, hilabeteak igaro baitzituzten lanean, oso eroso sentitu nintzen sortu zen familia horretan. Oso grabazio hazia izan zen, pazientzia handikoa eta ideiak argi eta garbi zituen ekipo batek osatua. Langile guztiek zuten esperientzia eta gizatasuna aipagarriak dira.

Nire eszenak Yune Nogueirasekin izan dira eta erraza izan da kameraren aurrean batera jardutea. Set-a Patricia Lopez Arnaizekin konpartitu nuen eta interpretazioari buruz hitz egiten aritu ginen, antzerkiaren eta alor audiobisualaren artean zeuden ezberdintasunei buruz eztabaidatuz, eta izugarria izan zen bakoitzaren perspektibak partekatzea. Elkarrizketa hori nire barnean gorde dut, ikasgai aberasgarri bat bezala.

Interpretatzen dituzun paperei dagokienean, gauza jakin batean sailkatuta edo mugatuta amaitzeko beldurrik badaukazu? Publiko orokorrak gehien ikusi dituen proiektuetan egia da mutil harroarena egin izan dudala gehienetan; zentzu horretan agian, bereziki zineman eta telesailetan, nolabait ideia horren barnean ibili naiz. Nire hurrengo papera ere horrelakoa izango da. Antzerkiaren munduan, berriz, ez zait hori gertatzen eta badakit paper oso ezberdinak egin ditzakedala eta egingo ditudala, eta zentzu horretan ez dut beldurrik. Eszenatokiaren gainean komedia zein drama landu ditut eta testuinguru guztietan sentitu naiz eroso.

Arnatz Alvarez Puertas, aktore arrigorriagarra // Utzitakoa

Zure esku balego, zer paper mota egitea gustatuko litzaizuke? Orokorrean zorte handia izan dut zentzu horretan, paper bat egin nahi izan dudan bakoitzean nire nahia bete dut. Ni gehien betetzen nauten paperak erronka handiena planteatzen dutenak dira. ‘Rey desnudo y chico muerto’ obran neukan pertsonaia guztiz ulertzea eta oreka bat topatzea kostatu egin zitzaidan, arlo ugari landu behar izan nituen pertsonaia, testua eta erlazioak ondo azaleratzeko. Hobetzeko aukera dago beti eta hori da nire eguneroko lana. Rol bakoitzak alderdi ezberdin bat erakusten dit eta oso onuragarria da bai nire aktore formakuntzarako eta baita ni horren sorkuntzarako ere. Prozesu horren barnean, antzezten dudan bakoitzean gauza berri bat ikusi eta aplikatzen dut.

Zure burua zuzendari edo gidoilari gisa ikusten duzu gaur egunean edo etorkizunean? Bai, uda honetan bertan film labur bat idatzi, zuzendu eta antzeztu dut eta nahiko harro nago lortutako emaitzarekin. Zuzendariaren papera oso deigarria iruditzen zait, beti izan baitut ikuspuntu sortzaile hori aktore naizenean ere. Testu bat irakurtzen dudan bakoitzean, ezinezkoa egiten zait proposamenen bat ez irudikatzea. Gainera, Dantzertin zuzendari izateko zenbait erreminta eman dizkidate eta jakin-min horri jarraituz, etorkizunean zerbait gehiago zuzentzea gustatuko litzaidake.

Antzerkia eta zinema landu dituzu; baten batek lapurtu du zure bihotza? Biak dibertigarriak iruditzen zaizkit eta horregatik ez naiz bakar batean geratu. Bakoitzak bere ezaugarri bereizgarriak ditu, antzerkian denbora gehiago egoten gara entseguekin, eta pertsonaia bat sortzeko eta gainerako aktoreekin harreman bat sortzeko aukera daukagu egunero. Amaieran, ordea, bi ordu eta erdian bukatzen da obra, eszenan zaude etengabe eta publikora eta aktoreetara murrizten da guztia.

Egia da zinemak beste interpretazio modu batzuk lantzeko aukera ematen duela, intimoagoa izan daitekeen zerbait dauka eta alderdi horrek antzezteko estiloa aldatzen du. Zineman ere oso matiz bereziak lortu daitezke, begiradak, keinuak, isiluneak eta xuxurlak. Horrez gain, aktoreak ez daude bakarrik, jende asko dago kameraren eta grabazioaren antzean lanean. Adibidez, interpretazioa muntaian asko aldatu daiteke, aktoreak eszena bat modu batean egin dezake edo isiltasun mota bat aukera, baina muntaia egiteko orduan dena aldatu daiteke. Azkenean edizioak, soinuak, musikak eta koloreak interpretazioak bezainbesteko eragina dute amaierako emaitzan.

INTIMIDAD (L to R) YUNE NOGUEIRAS as LEIRE, ARNATZ PUERTAS as XABI in episode 02 of INTIMIDAD. Cr. DAVID HERRANZ/NETFLIX © 2021

Nolakoa da zure burua pantaila handian ikustea? 16 edo 17 urte nituen lehen aldiz esperientzia hori izan nuenean, baina geroztik gogoz saiatu naiz egin dudan guztia aztertzen. Askotan konplikatua da gure burua ikustea, era gogor batean epaitzen dugulako, baina ariketa hau egitea ezinbestekoa da. Epaitu gabe analizatuz, akatsak eta alderdi positiboak antzeman daitezke eta hurrengo batean hobetu beharrekoa zer den identifikatu. Azken finean ez dut formakuntza handirik izan kamera aurreko interpretazioan eta, ondorioz, nire kabuz egiten dut probatuz eta huts egiteetatik ikasiz.

Aurretik aipatu duzu Euskal Herrian proiektu asko daudela, baina, inoiz pentsatu duzu kanpora joatea? Ikusiko dugu. Hemen oraindik aukera asko daude lan egiteko eta nire etxea hemen dago oraintxe bertan. Bestalde “Intimidad” adibidez Euskal Herriko proiektu bat da, baina internazionala da aldi berean. Gaur egunean gure etxetik mundu guztira heldu daiteke. Aukera horiek ezagutu ahal izateko, Loinazeko ordezkarien laguntza dut eta horrela, casting nazionalen berri izaten dut. Batzuetan gauzak ez dira aurrera ateratzen, baina ez ditut inoiz kanpora ateratzeko ateak ixten.

 

Nola bizi izan dituzu casting prozesuak? Ikus-entzunezko munduan hamaika proiektu egiten dira eta castingetan jende askorekin frogatzen dute eta askotan ezetza jasotzen duzu. Erantzun negatiboa kudeatzeko ariketa bikaina da hori. Batzuetan sekulako lana egiten dugu proposamen bat sortzeko eta denbora hori eta castinga egiten den lekurako garraioa ez dira ordainduak. Hala ere, asko ikasi dut esperientzia hauetan eta nire burua ikustera behartu naute. Testu ezberdinak lantzen eta autonomiarekin jarduten hasteko eskola bikaina izan daitezke, baina baita proiektuen zati gogor eta desatsegina ere.

Zer da artea zuretzat? Behin nire bikoteak liburu bat erakutsi zidan eta bertan artearen definizio nahiko aproposa aurkitu nuen, nire hitzek baino hobeto deskribatzen dutena: Gizakia da biziraupenarekin zerikusirik ez duten beharrak sortzen dituen animalia bakarra. Artea alferrikakoa da, baina, aldi berean, horrek bihurtzen gaitu gizaki. Ez da nahikoa geure burua elikatzea, janariaz gozatu behar dugu; ez da nahikoa hotzetik babestea, identifikatzen gaituzten jantziekin jantzi behar dugu; ez da nahikoa etxe bat izatea, eta, horretarako, hainbat forma, lerro eta koloretako eraikinak egin behar ditugu. Beraz, behar hutsari eransten zaion guztia artea da.

☉ Arrigorriaga

Doako edoskitze tailerra antolatu du Arrigorriagan Altzoan Zaintza Sareak

Tailerra interesa duten emakume guztientzat antolatu dute otsailaren 12an, 17:00etan eta aurretiko esperientziarik ez dela behar nabarmendu dute Altzoanetik

|

Emakume bat, haur batekin // Ana Curcan, Unsplash

Altzoan Zaintza Sareak, Ene Amatxorekin elkarlanean eta Arrigorriagako Udalaren zein Rural Kutxaren babesarekin doako edoskitze tailerra antolatu du Lamiaena emakumeen etxean.

Tailerra interesa duten emakume guztientzat antolatu dute otsailaren 12an, 17:00etan eta aurretiko esperientziarik ez dela behar nabarmendu dute Altzoanetik.

“Edoskitzea elikadura baino askoz gehiago da: lotura, informazioa, erabakiak eta laguntza ere bai”, iragarri dute Altzoan Zaintza Saretik. “Horregatik, edoskitze tailer honetara gonbidatzen zaitugu, interesa duten pertsona guztientzat irekia: haurdun egon edo ez, edoskitze prozesuan ari direnak, etorkizunean ama edo aita izan nahi dutenak, edo, besterik gabe, jakintza handitu eta lagundu nahi dutenak”.

Gune segurua, errespetuzkoa eta inklusiboa izango da, errealitate eta ibilbide ezberdinetatik hitz egiteko eta zalantzak partekatzeko. “Zure zain gaude!”.

Izena emateko Instagram bidez idatzi ahal dute interesdunek edota 660 202 438 telefono zenbakira Whatsappa bidali (Eneritz @eneamatxo)

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Garrikoko kirolariek 21 domina eskuratu dituzte Euskadiko Teknika Txapelketan

Urrezko zortzi domina, zilarrezko beste zortzi eta brontzezko bost eskuratu dituzte joan den asteburuan, Bilbon

|

Garrikoko kirolariak // Garriko Taekwondo Taldea

Joan den asteburuan Taekwondoko Euskadiko Teknika Txapelketa antolatu zuten Bilboko Miribilla pilotalekuan eta bertan izan ziren Arrigorriagako Garriko Taekwondoko kirolariak.

Guztira 21 domina eskuratu zituzten: urrezko zortzi, zilarrezko beste zortzi eta brontzezko bost.

Hauek izan ziren domina horiek eskuratu zituzten borrokalariak, kategoria bakoitzeko:

Emakumezkoen hirukotea, Bilbon // Garriko Taewkondo taldea

Kadeteak emakumezkoak
– Lur guerra urrea

Kadete mutilak
– Izei Intxaurraga: urrea

Kadeteak A emakumezkoak
– Aiara Alves: zilarra
– Leire Perea: brontzea

Kadeteak A mutilak
– Julen Fernandez: zilarra
– Iago Garcia: brontzea

Bikote kadetea
– Iago Lur: urrea
– Julen Aiara: zilarra
– Izei Leire: brontzea

Junior emakumezkoak
– Laura Ferreira: urrea
– Irati Amador: zilarra

Junior mutilak
– Iñigo Pereira: urrea
– Haritz Amador: zilarra

Senior emakumezkoak
– Itxaso Hernandez: urrea
– Irati Velada: zilarra
– Ariane Martinez: brontzea
– Izaskun Velez 6
– Elaia Garcia 7
– Andrea Barona 8
– Nahia Agirre 9

Hirukote emakumezkoak
– Itxaso, Ariane, Irati: urrea
– Nahia, Izaskun, Elaia: zilarra

Senior gizonezkoak
– Javier Rodriguez 4

Bikote Junior
– Laura Ferreira Iñigo Pereira: urrea
– Irati Amador Haritz Amador: brontzea

Bikote Senior
– Andrea Barona Javier Rodriguez: zilarra

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

824 partaide eta txakurkros proba luzeagoa eskainiko du Arrigorriagako Ausartak Mendi Lasterketaren zazpigarren edizioak

Asteburu honetan 583 gizonek (% 70) eta 241 emakumek (% 30) hartuko dute parte urteroko “derrigorrezko” hitzorduan bilakatu den Ausartak Mendi Lasterketan

|

Ausartak Mendi Lasterketaren zazpigarren edizioa aurkeztu dute gaur, Arrigorriagako udaletxeko osoko bilkuren aretoan eta asteburu honetan parte-hartzaileek jantzita eroango duten kamiseta teknikoaren eredu baten ondoan.

Urtarrilaren 17an eta 18an antolatu dute zazpigarren edizioa eta 824 korrikalari izango ditu, 2025ean baino 100 gehiago. “Arrigorriaga kirolaren eta mendiaren hiriburu bihurtuko da berriro”, iragarri du pozik Maite Ibarra herriko alkateak. Igandean espero da jende gehien: bertan izena emateko epea iazko urriaren 1ean zabaldu ziren eta aste bitan saldu ziren denak. Larunbateko proban 173 pertsonak eman dute izena (116 gizon eta 57 emakume). Igandekoan 654 parte-hartzaile egongo dira (464 gizon eta 190 emakume). Laburbilduz, 583 gizonek (% 70) eta 241 emakumek (% 30) hartuko dute parte asteburu honetako probetan.

“Kirol eskaintza zabala” eskainiko duen asteburua izango dela aurreikusi du Ibarrak, edozein adineko eta prestaketa maila duten pertsonei zuzendua, hain zuzen.

Mikel Fuentes Ausartak Mendi Lasterketako kideak xehetasun guztiak eskaini diezkie komunikabideei: “Urtez urte, Ausartak Mendi Lasterketak hazkunde nabarmena izan du”, azaldu du elkarteko kideak. “Ez bakarrik parte-hartzaileen kopuruari dagokionez; baita antolakuntzaren kalitateari, ingurue naturalaren konpromisoari eta segurtasunaren aldeko apustuari dagokionez ere”.

Mikel Fuentes, gaurko prentsaurrekoan // Geuria

Makina bat berritasun

Aurtengo edizioa berrikuntzez josita dator. Lehena, txakurkros ibilbidearen aldaketa da: 5,5 kilometro eta 120 metroko desnibel positiboa izatetik 12,2 kilometro eta 440 metroko desnibel positibokoa izatera igaroko da, parte-hartzaileen iradokizunei kasu eginez.

Bigarrena, Txakurkros lasterketaren itzulera Euskadiko Txakurkros Ligara (ETL).

Hirugarrena Mendikosolo Trail Pilotoa da: “Harrera ona izatekotan, azken proba hau iraunkorra bihurtuko dugu”, azpimarratu du Fuentesek.

Laugarren berritasuna segurtasuna indartzea izango da. Bexen Cardiorekin egindako elkarlanaren ondorioz, desfibriladore bi ipiniko dituzte Arrigorriagako proban.

Bosgarrenez, lasterketaren sarrera ofiziala etiketa berdearekin egingo dute aurten. Honek esan nahi du ingurumenarekin konpromisoa berretsiko duela asteburuko probak.

Solidaritatea, ardatz

Lasterketaren ekimen solidarioa ahaztu behar ez den beste kontu bat da: aurten ere, jasoko den diruaren zati bat Ane Sindrome Red ekimenari bideratuko diote Ausartakekoek: izen emate bakoitzak euro biko prezioa izango du. “Horrek egiten du Ausartak-en proba hain berezia parte-hartzaileen artean”, azpimarratu du Maitek eta eskerrak eman dizkio Ausartak Ludiko Kirol Elkarteak egindako lanari.

Egitaraua | Ausartak Mendi Lasterketa 2026

Urtarrilak 17, larunbata
10:00 Ausartak Canitrail
10:30 Mendikosoko Trail (proba pilotoa)

Urtarrilak 18, igandea
10:30 Mendi Maratoi Erdia
11:00 Hasiberri Trail
11:10 Martxa Laburra

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Amalur liburudendak aitortza berezia jaso du Merkataritza Jaialdian euskararen alde egindako lanagatik

Gainera, udalerriko Kreta Loreak saltokia finalista izan da Bizkaiko Erakusleiho Lehiaketan

|

Iker Albizua, Amalurreko jabea // Geuria

Bizkaidendak elkarteak Merkataritza Jaialdia antolatu du duela egun batzuk eta Arrigorriagako Amalur liburudendak aipamen berezia jaso du euskararen alde egindako lan eta konpromisoagatik. Amalurrek 1995ean zabaldu zituen ateak lehen aldiz eta gaur egun arte euskarazko liburu eta jolas ugari dituzte adin guztietako haurrentzat.  Iker Albizua Uriondo da liburutegiaren jabea eta bertako produktu guztiak ezagutzen ditu, bezero bakoitzari gomendioak emanez.

Bestalde, Kreta Loreak saltokia finalista izan da Bizkaiko Erakusleiho Lehiaketan.

Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea eta Gaizka Ibarretxe Ekonomia zinegotzia Bizkaidendak elkarteak antolatutako ekitaldian izan ziren: “Harro gaudezuen lanaz eta herriari ematen diozuen biziagatik”, azaldu zuten.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Argazkiak | Errege Magoen Kabalgatak eta epifaniak jendez bete du Arrigorriagako plaza

Arrigorriagarrek harrera beroa egin diete Errege Magoei udaletxe aurreko plazan, 3ºtan

|

Meltxor, Gaspar eta Baltasar, umeekin, udaletxeko arkupeetan // Geuria

Iritsi dira Hiru Errege Magoak Arrigorriagara! Beste urte batez, Arrigorriagako udaletxeko plaza jendez beterik egon da 19:00etan eta hotzak ez du ikuskizuna geldiarazi.

Aurtengo 51. edizioan 150 pertsona baino gehiagok hartu dute parte eta haurrek Meltxor, Gaspar eta Baltasar herrian ikusteko aukera izan dute. Urtero lez, udaletxeko plaza antzinako herri batean bihurtu da,

19:00ak aldera 3ºC erregistratu dituzte termometroek, azken urteetako tenperatura hotzenak.

Osorik irakurri