→Arrigorriaga

Arrigorriagako merkatari eta ostalariek gaur eman dezakete izena Arrigobonoen kanpainan

Izena emateko, autonomoen azken ordainagiria eta bonoetara atxikitzeko eskaera entregatu beharko dituzte astelehenean, Merkataritzako bulego teknikoan, 09:00etatik 19:00etara bitarteko ordutegian

Merkatari Eguna Arrigorriagan // Geuria

Arrigorriagako Udalak eta ADECKAk (Arrigorriagako Merkatarien, Ostalarien eta Zerbitzu Enpresen Elkarteak) Arrigobonoen kanpaina jarri dute martxan, “udalerriko tokiko kontsumoari balioa eman eta sustatzeko”. Interesa duten establezimenduek astelehen honetan, urriak 24, egin beharko dute izen-ematea ekimenean parte hartzeko.

Dendek salmenta puntu fisikoa Arrigorriagan izan beharko dute eta, txikizkakoen merkataritza bultzatzeko kanpaina izanik, 10 langile baino gutxiagoko establezimenduak izan beharko dira. Izena emateko, autonomoen azken ordainagiria eta bonoetara atxikitzeko eskaera (beteta eta zigilatuta) entregatu beharko dituzte astelehenean, Merkataritzako bulego teknikoan (Urgoiti pasealekua, 17), 09:00etatik 19:00etara bitarteko ordutegian.

Establezimenduek 2015-2020 urte bitarteko kanpainetan horrela egin ez badute edo dokumentuetan aldaketarik egin badituzte, horiekin batera, IFZ/IFKren fotokopia, EJZn alta eman izanaren ziurtagiria eta hirugarrenen alta ere luzatu beharko dituzte. Bestela, nahikoa izango da Erantzukizunpeko Adierazpenaren laukitxoa markatzea izena emateko orduan.

Kanpainaren hasiera

Bonoak azaroaren 2an banatuko dizkiete dendei, eta egun horretan bertan erabili ahalko dituzte kontsumitzaileek ere. Aurten, bi motakoak izango dira: 30ekoak (30 euroko erosketengatik 20 ordaindu beharko dira), eta 10ekoak (10 euroko erosketengatik 7,5 ordaindu beharko dira). Deskontuez abenduaren 17ra arte disfrutatu ahal izango da, bonoen webgunean agertzen diren establezimendu guztietan.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak