Sareak

☉ Arrigorriaga

Arrigo Korrika: terapia onena, zapatilak jantzita

Korrika egitea modan dagoela diote ArrigoKorrika Emakume Korrikalarien taldeko kideek. Azken urteetan, lasterketen eskaintzak gora egin du modu nabarmenean eta jende gehiagok izena ematen du korrika egiteagatik, emakumeak barne

|

ArrigoKorrikako neskak, ibai ondoko pasealekuan // Geuria

Korrika egitea modan dagoela diote ArrigoKorrika Emakume Korrikalarien taldeko kideek. Azken urteetan, lasterketen eskaintzak gora egin du modu nabarmenean eta jende gehiagok izena ematen du korrika egiteagatik, emakumeak barne. ArrigoKorrikako Emakume Korrikalarien artean adin askotako kirolariak daude, 27 urtetik 57ra: "Kirola egiteko ez dago adinik", diote barrezka. Aisialdiko jarduera bezala korrika egiten hasi baziren ere, gaur egun makina bat lasterketa entzutetsuetan parte hartu dute. Euren helburua taldeko ateak emakume gehiagori zabaltzea eta burutzen duten jarduera osasuntsu hau ikustaraztea da, ondo pasatzea ahaztu barik.

Kilometroak korrika egitea maite dute Arrigo Korrikaneko neskek, eta euren energia ikustea besterik ez dago. Elkarrizketa egiteko Arrigorriagako Udal kiroldegian lotu ginen, korrika taldeko bi kidekin, eta azken momentuan ia talde osoa azaldu zen bertan, korrika egiteko ekipazioa jantzita eta guzti, 'argazkirako'. Baina, usteak erdi ustel, argazkia ez ezik (eta zorionez) solasaldi interesgarria bezain atsegina izan genuen adin askotako kirolari adoretsu hauekin, udal kiroldegiaren sarreran bertan.

Korrika taldean neskek eta mutilek parte hartu dezaketen arren, formazioa neskena izan zen hasiera batean: "Gure asmoa ez zen nesken taldea izatea soilik", azaldu du Mari Carmen Risoto Ruiz kideak (Laudio, 1964). Mari Carmen ama eta amama da eta korrika egitea bere bizitzaren alde garrantzitsua da.

Taldea berez kiroldegi barneko korrika talde bezala sortu zen, neskei bakarrik zuzenduta. Gaur egun, kiroldegi barneko taldea berez emakumezkoena da, baina kiroldegitik kanpo kilometro ugari egiten dituzte bertako korrikalariek eta ateak zabalik daude bertara hurbildu nahi diren kirolariei, emakumezkoak zein gizonezkoak izan: "Kalean korrika egiten dugunean Osasunaldeko kirolariekin batu egiten gara eta primeran pasatzen dugu elkarrekin", gehitu du Agurtzane Urbina García kideak (Bilbo, 1966).

"Zuen bezalako emakume korrikalarien talderik ba al dago eskualdean?" galdera egitean, baietz erantzun dute ArrigoKorrikaneko emakume guztiek aldi berean, 'ziur'. Baina pentsatzen hasi bezain pronto zalantza guztiak agertu dira: "baina talde hori mistoa da, eta beste hori ere". Barreak eta zalantzak nahastu egiten dira eta minutu batzuetan inork ez daki ezer eskualdeko emakumez osatutako korrikalarien taldeen inguruan.

Argazki-saioa, Arrigorriagan // Geuria

Elkartzea, aitzakia
Duela urte batzuk, korrika egiteko elkartu ohi ziren emakume batzuk Arrigorriagan: "Ni Bilbon bizi nintzen lehen eta bertan egiten nuen korrika", azaldu du Agurtzanek. Bizitzaren gorabeherak zirela eta ama izan zela medio, alde batera utzi zuen korrika Agurtzanek: "Arrigorriagara bizitzera etorri nintzenean emakume talde bat korrika egiten ikusi nuen. Eurengana hurbildu eta korrika egiten zuten bakoitzean ni abisatzea eskatu nien. Horrela elkartu ginen herriko hainbat emakume". Emakume bakoitzak bere lagun eta bizimodu propioak dauzka, eta korrika taldeak emakume horiek guztiak uztartzen ditu. Elkarren artean korrika egitea arrazoi nagusia da eta asteburuetan irteten ziren kirola egitera elkarren artean, denborapasa.

Errutinak aurrera egin ahala, aisialdiko jarduera hau forma hartuz hasi zen eta 2018ko Herri krosean emakumeek parte hartzeko aitzakiagaz taldea osatu zuten Udal kiroldegian. Herriko emakumeek izena ematen hasi ziren. Gaur egun 22 lagunek osatzen dute ArrigoKorrikan taldea eta euren ospea gero eta handiagoa da, gainontzeko korrikalari taldeek ez bezala euren eguneroko kontuak Instagrameko @arrigokorrikan-en kontatzen dituztelako: entrenamendu-saioak, lasterketetako parte-hartzeak, irteerak… "Aktiboak gara sare sozialetan", oihukatu dute gainontzeko kirolariek atzekaldetik, "eta ikusgarritasun handiagoa eskatzen dugu Udalak babes gehiago emateko eta jende gehiagok ezagutu gaitzan".

Egun hauetan Arrigorriagako ibaiaren ertzeko paseoan ikusi ditugu korrika, baina duela egun batzuk ibiltzen, korrika eta saltoka ikusi genituen alboko mendietan barrena. Emakumeen arabera, kide gehiago eskuratu nahi dituzte taldean, eta "ez bakarrik korrika egiteko; bazkariak, asteburuko irteerak egiteko… elkarren artean ondo pasatzea da proiektu honen ezaugarririk aipagarriena".

Euren zapatilek makina bat lasterketetako errepide eta pistetan hartu dute parte, Arrigorriagako Herri Krosaz gainera eta egutegiko asteburu asko beteta dauzkate korrikalariek urte hasieratik: Arrigorriagako Ausartak Mendi Lasterketa, Behobia-Donostia, Santurtzi-Bilbao, Areeta-Bilbao, Donostiako Lilatoia… eta badirudi horiekin aski ez dutela eta euren ematsetan ospe handiko kirol probak daude, behar bezala entrenatu eta denbora daukatenean parte hartzeko.

Arrigorriagako Udal kiroldegian dauzenetik astean bitan egiten dituzte entrenamendu-saioak. Horrez gain, asteburu askotan ere elkartu ohi dira kilometroak tipi tapa egiteko: "Whatsapp taldea daukagu kontu hauetarako eta proposamen guztiak bertan egiten ditugu, ahal duenak parte hartzeko".

 

Korrikalariak; ez runnerrak
"Ez gara runnerrak; guk korrika egiten dugu" diote Agurtzanek eta Mari Carmenek barrezka, runnerren ezaugarriak zeintzuk diren galdetuz. Inglesezko hitz arraroz inguratuta bizi garen mundu anglosaxoi honetan korrika egiten dute Arrigorriagako taldekoek, besterik gabe. Ez dituzte puntako teknologiako gailu arrarorik erabiltzen: "Erlojua erabiltzen dugu entrenamendu-saioetako ariketak neurtzeko, besterik ez". Mendira doazenean GPSa eramaten dute ere, ez galtzeko, badaezpada.

Laguntza bakarra korrika taldeko entrenatzaileak dituzte: duela urte batzuk Zuriñe de la Fuente izan zen eta azken garaian Maria Delgado Gilekin egiten dituzte kilometroak (aurtengo Herri Krosaren irabazlea) eta poz-pozik daude kirolariak. "Niretzat ArrigoKorrikarekin lan egitea oparia da: ez da korrika egitea bakarrik; lagunekin egotea eta euregaz berba egitea eta ondo pasatzea da", azaldu du Maria Delgado Gil entrenatzaileak. "Korrika egiteak garrantzi izugarria dauka guretzat, psikologoarenera joatea bezalakoa da, terapia modura. Alde batetik, gorputza sasoian mantentzen dugu. Beste alde batetik, pozik sentitzen gara", dio Mari Carmenek. "Terapeutikoa da!" ohikutzen dute atzeko aldetik. Energia positiboa airean da, hori bistan da.

Espero genuen bezala, Korrikaren 22. edizioan ere korrikan ibili ziren, Ugaotik Arrigorriagara gauerdian eta baita apirilaren 6an ere, Korrika Bilbotik igaro zen egunean bertan: "Egun txarra izan zen goizeko ordu txikietan tokatu zaigulako aurten, baina tira: Korrika da!" Kide animatu batek ere kilometroa erosi zuen kuadrilarekin, non eta Nafarroan.

Talde argazkia // Geuria

Etorkizuneko proiektuez berba egitean, emakumeen egutegiak ideiez beteta dituzte: "Gasteizko Mendiak, Santoñako Maratoi Erdia, WOP Walk On Project errelebo bidezko maratoia, Osasunaldeko mutilekin batera… topera gaude", diote barrez. Horiez gainera Gijoiko Villa Jovellanos Erdi Maratoia, Donibane Lohizune-Hondarribia, Ondarroa-Lekeitio, Euskal Herria Mendi Erronka eta abar luze bat inoiz egiteko asmoa azaldu dute neskek. "Denbora gutxi lasterketa mordoa egiteko, gero!" esan diegu. "Lehentasunak bereizten ditugu eta gauza batzuk egiteari utzi diegu korrika egin ahal izateko. Bestela, ez dago den-dena egiteko astirik".

ArrigoKorrika Emakume Korrikalarien Taldean gero eta kide gehiago daude eta etorkizunean kluba sortzeko asmoa plazaratu dute kirolariek. Gaur egun, aire zabalean korrika egiten dute, baina epe luzera begira euren jarduera garatzeko azpiegiturak izatea gustatuko litzaieke ArrigoKorrikakoei: "Kalean korrika egitea gustuko dugu, baina badira entrenamenduko saio jakin batzuk, serieak kasu, pista batean burutzea egokiagoak liratekeenak. Gainera, jende askok korrika egiteko egokiagoak dira pistak". Momentuz, datorren urteko Emakumeen Nazioarteko Egunean Donostiako Lilatoia lasterketara irteera prestatzea proposatu zuten Arrigorriagako Emakumeen Etxearen inguruko bileran, joan den apirilean.

Momentura arte ekipazio propioa sortu dute (argazkian ikusgai) eta kide berriak ekarri nahi dituzte Arrigorriagako taldera: "Neska gazteak behar ditugu bereziki", dio Agurtzanek. "Eskolatik irten eta nagusiak egin arte badago adin tarte bat zeinean gazteek ez dute kirolarik taldean praktikatzen eta aukera gutxi dauzkate: oso zaila da euren artean elkartu eta kirola taldean praktikatzea eta nire ustez horixe sustatu beharko litzateke Arrigorriagan".

// ArrigoKorrika

 

// ArrigoKorrika

 

// ArrigoKorrika

 

// ArrigoKorrika

 

// ArrigoKorrika

☉ Arrigorriaga

Emakumeen ahalduntzerako lau tailer antolatu dituzte Arrigorriagan

Arrigorriagako Udaleko Berdintasun sailak herrigunean eta Abusun antolatu ditu saio guztiak

|

Emakume bat, 2022ko Martxoaren 8ko manifestazioan, Arrigorriagan // Geuria

Arrigorriagako Udaleko Berdintasun sailak Emakume Ahalduntzea izeneko programa abiaraziko du herrigunean eta Abusun. Programa horrek lau tailer hartuko ditu barne: lehen tailerra Arte feministari buruzkoa izango da eta emakumeen ahalduntzea izango du helburu; bigarrenak 'Hango eta hemengo emakumeak: esperientziak partekatzen' du izena; hirugarrena estimulazio kognitiboaren ingurukoa izango da; laugarrena, amaitzeko, ahalduntzeko autoezagutza tailerra izango da.

Izen emateak Herriguneko eta Abusuko Herritarren Arreta Zerbitzuan egin daitezke (HAZ) eta informazioa handitzeko 944 020 200 telefono zenbakia eta berdintasuna@arrigorriaga.eus helbide elektronikoa ahalbidetu dituzte.

Herrigunean eta Abusun

Herriguneko saioetarako talde bi osatuko dituzte astearte eta ostegunetan, udaletxeko prentsa aretoan: lehena 16:00etatik 17:30ak arte eta bigarrena, 17:30etatik 19:00ak arte. Aurkezpen eguna urriaren 10ean izango da, 17:00etan, Edurne Garitazelaia kultur etxean eta lehen saioa urriaren 17an egingo dute.

Abusuko saioetarako talde bakarra osatuko dute Zentro Soziokulturalean, 16:00etatik 19:00ak arte. Aurkezpen eguna urriaren 4an antolatu dute, 17:00etan, Zentro Soziokulturalean bertan, eta lehen saioa urriaren 18an prestatu dute.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Programa | Loraldia plazarik plaza! Zaratamo-Arrigorriaga

Aurtengo edizioan hiru lurraldetako emakume sortzaileen lanak plazaratuko dituzte, besteak beste

|

Uztaila hasieran GEURIAn aurreratu ostean, gaur bertan Loraldia plazarik plaza! Zaratamo-Arrigorriaga jaialdiaren bigarren edizioa aurkeztu dute Arrigorriagako udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Bertan izan dira Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea, Ainhoa Muerza Zaratamoko alkateordea eta Amaia Ocerin Loraldiko komunikazio arduraduna.

Aurtengo Loraldia asteburu bitan antolatu dute: lehenik eta behin irailaren 29an prestatu dute Zaratamoko Elexaldeko Kultur Etxean, eta gainontzeko saioak Arrigorriagan egingo dituzte, urriaren 6tik 8ra. Guztira sei ekitaldi prestatu dituzte bost egunetan, bi herrietan.

Aurtengoan kontzertuak, antzerki saioak, arte bisualak eta bestelako jarduerak jasoko ditu Zaratamok eta Arrigorriagak 'Bozak' kontzertuarekin, Aukeran Dantzan Konpainiarekin, Igor Elortza eta Rafa Ruedaren 'Anonyme Popular' lanarekin, besteak beste.

Amaia Ocerin, Maite Ibarra eta Ainhoa Muerza // Geuria

Egitaraua | Loraldia plazarik plaza! Zaratamo-Arrigorriaga

Irailak 29, ostirala
19:30 Bozak, Zaratamoko Elexalde Kultur Etxean: Olatz Salvador, La Basu, Maialen Errotabehere, Osterabe
5 euro / Lorezainak: 3 euro

Urriak 6, ostirala
18:00 Aiurri antzerki saioa, Abusu Zentro Soziokulturalean: Aukeran Dantza Konpainia, Edu Muruamendiaren zuzendaritzapean. Doan
11:00 (ikasleak) + 20:00 'Mira hadi. Eulalia Abaitua Andre-begietan', Lonbo aretoan: Lide Hernando, Maria Urcelay, Getari Etxegarai, Alpha. 5 euro / Lorezainak: 3 euro

Urriak 7, larunbata
20:00 Anonyme Popular, Lonbo aretoan: Igor Elortza eta Rafa Rueda
8 euro / Lorezainak: 6 euro

Urriak 8, igandea
12:30 Frankenstein Agurgarria, Edurne Garitazelaiako Azokea gelan: Petti eta Ana Galarraga. Doan
13:30 Txin Txin Txakolin Dastaketa, Edurne Garitazelaiako Azokea gelan: Mikel Garaizabel. 8 euro / Lorezainak: 6 euro

"Argi dugu altxor handia dela Euskal Herriko sortzaileek egiten dutena eta ezinbestekoa dela hauei gure bultzadarik handiena ematea. Guretzako ohore eta plazer bat da Arrigorriagan Loraldia ekimenaz gozatu ahal izatea eta gure udalerria euskal arte eta kulturaren topaleku bilakatzea", azaldu du Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak.

Talde argazkia, Arrigorriagako udaletxearen aurrean // Geuria

Ainhoa Muerzak, Zaratamoko udaleko alkate ordeak azpimarratu nahi izan du: "Aurreko urtean adierazi genuen bezala, plazer bat da era honetako ekimena Zaratamon kokatzea eta espero dugu jarraitzea", nabarmendu du eta emakumeek aurtengo edizioan izango duten garrantzia goraipatu du Muerzak: "Oraingo honetan, gainera, gure euskal musikaren bozgoragailu diren emakumeak oholtzara ekarriko ditu Loraldiak Bozak kontzertuarekin. Hiru lurralde ezberdinetako emakume sortzaile elkartuko dira Zaratamoko plazan euskal kultura emakumeok ere egiten dugula lau haizetara zabaltzeko", azpimarratu du.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Azaro amaieran aurkeztuko dute Arrigorriagako gobernu plan "aberatsa"

Gobernu plan berriak hiru lan lerro izango ditu: herritarrak, lurraldea eta antolaketa. Bertan antolatuko dituzte proiektu guztiak

|

Iratxe Rubia  (A. Gara), Maite Ibarra, Gaizka Ibarretxe (EH Bildu) eta Jose Ignacio Fernández (NOA) // Geuria

Arrigorriagako udal gobernua eratu zenetik 100 egun pasa dira eta gaur bertan prentsaurrekoa deitu dute taldea osatzen duten EH Bildu, Arrigorriaga Gara eta NOA alderdiek. "Gobernu taldea sortu zenetik lan egiten egon gara burubelarri datozen lau urteetarako Gobernu Plan berria diseinatzen", azaldu du Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak.

Plan honen helburua arrigorriagarren bizi-kalitatea eta ongizate maila hobetzea da, "arlo eta sektore ezberdinetatik begiratuz, lupa jarriz, entzuten eta erabakiak hartzen", gehitu du Ibarrak. "Oso aberatsa da sortzen ari garen plana, aniztasun eta elkarlanetik eratu dugu bere enborra esfortzu eta lan handiarekin, baina baita ilusioarekin ere, herritarrek horixe merezi dute eta".

Hiru atal

Maiteren hitzetan, planak "parte-hartze handia" izaten ari du sail eta eremu ezberdinetako langileen eta udalerriko hainbat eragilen ekarpenak jasoz. Dagoeneko, Udala herriko elkarte eta klubekin batu da, zinegotzi berrien aurkezpenetan, besteak beste, eta beste elkarte batzuekin bilerak egin behar dituztela gehitu du.

Gobernu plan berri honek hiru lan lerro izango ditu: herritarrak, lurraldea eta antolaketa. "Proiektuak eta neurri zehatzak hiru bloke nagusi horietan antolatuko dira. Ulertzearen arrazoia irizpide tekniko eta politikoak uztartu eta proiektu bakoitza arlo ezberdinetatik modu kolektiboan eta zeharkakoan garatzea da".

"Gobernuaren lanaren iparrorratza izateaz gain gardentasun ariketa lez ulertzen dugu plan honen sorrera". Hori dela eta, urtea amaitu baino lehen, azaro erdialdean edo bukaera aldean, aurkeztuko dio gobernu taldeak plana herritarrei. Legegintzaldi osoan zehar planaren betetze mailari jarraipen publikoa egingo diotela azaldu dute gobernu taldetik. "Udaletxeko horma zurrunak apurtu nahi ditugu, herritarrek eskubidea dutelako Udala zertan dabilen jakiteko, hori gure betebeharra da".

Maite Ibarra, gaurko prentsaurrekoan // Geuria

"Sintonia ona"

"Gobernu plan hau eratzeko EH Bildu, Arrigorriaga Gara eta NOA ekarpenak eta iradokizunak jaso ditugu. Bertatik jaioko da gobernu plan berria", azaldu du Maitek eta EH Bildu, Arrigorriaga Gara eta NOA alderdien "sintonia ona" azpimarratu du. Arrigorriaga Garako Iratxe Rubiok gehitu du bere alderdiak hauteskunde programa aurkeztu duela plana osatzeko: "Gainera, kulturaren esparrutik 2024ko programa osatu dugu, aurreko legegintzaldian gauzatu ezin izan ziren proposamenekin, besteak beste. Elkarlanak gobernu plan berri hau eratzeko lana erraztu eta aberastu du". NOAko Jose Ignacio Fernández zinegotziak alderdi guztien asmoa goraipatu du ere: "Hauteskunde programak gainezarri nahi izan ditugu, gobernu plan berriak aniztasun handiena lortzeko".

Bestalde, eta udal gobernuaren hurrengo helburuei helduz, abenduan 2023ko aurrekontua aurkeztea da Udalaren xedea: "Momentu honetan ere aurrekontuen gaiarekin gabiltza", gehitu du Ibarrak. "Esparru hori dagokion zinegotziak eman beharreko pausuak prestatzen ari da eta alde teknikoari dagokionez abenduan aurkeztu nahi ditugu. Beraz, ateak zabalik ditugu ekarpenak egin nahi dituzten alderdiei, adostasun handiena erdiesteko".

2024ari begira Arrigorriagako HAPO aurkezteko asmoa azaldu dute udal gobernutik. Joan den martxoan behin-behineko zirriborroa aurkeztu zuten eta behin betiko plana datorren urteko apirilean aurkeztea da asmoa, Maitek aurreratu bezala: "Edozein udalerriren beharrezko elementua da HAPO".

Iratxe Rubio (A. Gara), Maite Ibarra, Gaizka Ibarretxe (EH Bildu) eta Jose Ignacio Fernández (NOA) // Geuria

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Juan Jose Agirrek XIX. mendeko Arrigorriaga aztertuko du Edurne Garitazelaian

XIX. mendeko arrigorriagako historiaren inguruko hirugarren liburua aurkeztuko du arrigorriagarrak datorren urriaren 19an, 19:00etan, Edurne Garitazelaian

|

Edurne Garitazelaia kultur etxea // Geuria

Juan Jose Agirre Jauregi arrigorriagarrak XIX. mendeko historiari buruzko hirugarren liburua kaleratu zuen duela hilabete batzuk, GEURIAn argitaratu bezala: Arrigorriaga en el siglo XIX. Del Trienio Liberal a la II. Guerra Carlista, 1820-1876. Bertan, herriko pasarte historiko garrantzitsuenen errepasoa egiteaz gain, "protagonisten alde gizatiarrenean" jartzen du fokua, kontestu sozial eta politikoan bizilagunen bizipen pertsonalak txertatuz. Datorren urriaren 19an Edurne Garitazelaian eskainiko du liburuaren aurkezpena, 19:00etan.

Arrigorriagari eta inguruari buruzko ikerketa dokumentala baten emaitza da

Arrigorriagarraren hirugarren liburu hau Arrigorriagari eta inguruari buruzko ikerketa dokumentala baten emaitza da, eta 2020ko pandemian, konfinamendu ordu luzeek bultzatu zuten liburu honen idazketa. Idazleak ingurua oso ondo ezagutzen duenez, liburu honetan Arrigorriagan eta inguruan XIX. mendean, zehazki 1820 eta 1876 bitartean, jazotako gertakarien kronologia aurkeztu du, batez ere biztanleen bizitzak azpimarratuz, "ezezagunak izan arren, historia hori egin baitzuten".

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Eskola Bidea ekimenari ekingo diote berriro Arrigorriagan

"Proiektu honen bidez bide seguruak ziurtatu eta haurrek, lagunekin batera, autonomia eta irudimena garatzea bilatu nahi da", azaldu dute Arrigorriagako Udaletik

|

Haurrak, eskolarako bidean // Geuria

Iazko esperientzia pilotuaren "harrera ona" ikusi ostean, Arrigorriagako Udalak, eskolako familiekin eta langileen batera, berriro ekin diote Eskola Bidea ekimenari, haurrak eskolara oinez heltzeko. "Proiektu honen bidez bide seguruak ziurtatu eta haurrek, lagunekin batera, autonomia eta irudimena garatzea bilatu nahi da", azaldu dute Arrigorriagako Udaletik: "Eskola Bidea proiektuaren bidez, haurrak bakarrik joango dira eskolara, aurretik landutako bide seguruak erabilita".

Arrigorriagan lau ibilbidek osatzen dute Eskola Bidea, zonalde ezberdinetan antolatuta: Udaletxe ondoko plazan, Kubon, Jose Mª Makuan, San Antonio plazan eta Lonboko zonaldean. Irteera guztiak 08:45etan egingo dira.

Eskola Bideako lehen esperientzia 2022ko ekainaren 13tik 17ra egin zuten Arrigorriagan. Egun horietan boluntarioekin batera joan ziren eskolara haurrak, diseinatutako bidea erabiltzeko ohitura har zezaten eta Udaltzaingoa arduratu zen umeen segurtasuna bermatzeko.

Osorik irakurri