Sareak

☉ Arrigorriaga

Athletic Clubek jolas askeen bidez Psikomotrizitate Eskola ipiniko du martxan Arrigorriagan

Saioak urritik ekainera antolatu dituzte, astean bitan: 2019an jaiotakoak astelehen eta asteazkenetan eta 2018koak astearte eta ostegunetan, Arrigorriaga HLHIn

|

Haurrak, jolasean // Athetic Clubeko Jolas Eskola

Athletic Clubek Psikomotrizitate Eskola izeneko proiektua martxan ipiniko du Arrigorriagan datorren ikasturtean. Helburua 2018 eta 2019 urteetan jaiotako gaztetxoak kirolera modu naturalean hurbiltzea da, psikomotrizitatean oinarritutako kirol eskaintzaren bidez. Izena emateko Athletic Clubeko esteka honen bidez egin dezakete interesdunek.

“Astean bi egunetan, Atheltic Clubeko Jolas Eskolak bost eta sei urte bitarteko adingabeak bilduko ditu, beren trebetasun psikomotorra gara dezaten kirol-hastapenean eta umeen prestakuntzan espezializatutako profesionalekin batera”, azaldu du David Jorrin Bilbao (Bilbo, 1975) Athletic Clubeko Psikomotrizitate Eskolako arduradunak. “Dibertimenduan eta bizikidetzan oinarritutako jarduera da, eta ikaskuntzarako eta garapen osasungarrirako estrategiak landuko dituzte haurrek bertan”.

Saioak urritik ekainera antolatu dituzte, astean bitan: 2019an jaiotakoak astelehen eta asteazkenetan eta 2018koak astearte eta ostegunetan, 18:00etatik 19:30ak arte, Arrigorriaga HLHIn (Mikel Alonsotegi kalea 2). Gainera, hilabete eta erdiro, igande goiz batean, Lezamako Athletic Cluben instalazioetara joango dira senideekin.

Arigorriaga eta Guretzako eskolek beren zentroetako psikogelak eta bertako baliabideak eskaini zizkioten Athletic Clubeeri

“Joan den ikasturtean Athletic Clubek esperientzia bat proposatu zuen Bizkaia mailan eta lekua zehazteke zegoen”, azaldu dio GEURIAri Jorrinek. “Orduan Arrigorriaga eta Gurutzeta eskoletako zuzendariekin harremanetan jarri ziren Athletic Clubeko Jolas Eskolako ordezkariak”. Zentroetako psikogelak eta bertako baliabideak eskaini zizkioten klubari eta hezkuntza proiektuari itxura ematen hasi ziren, epe laburrean Bizkaia mailan garatzeko.

“Athletic Clubeko helburuen artean hasierako kirol urratsetan espezializazio goiztiarra ez lantzea ageri da. Bai ordea, bestelako kirol-eskaintza bat lantzeko aukera ematea”, nabarmendu du Jorrinek. “Horregatik abiarazi genuen Psikomotrizitate Eskola: alde batetik saio bat egingo dugu psikomotrizitate gelan eta beste bat kirol anitzeko pistan edo gimnasio batean eta helburu nagusia jolasetik abiatu eta kirolera heltzea da”. Psikolgelan, beraz, betiko jolas askeak praktikatuko dituzte haurrek, gaztetxoek beraiek proposatutako jolasak landuz.

Arrigorriagako jolas saioez gainera, hilabete eta erdiro ekimeneko arduradunak haurrak eta senideekin elkartuko dira domeka goiz batean Athletic Clubeko Lezamako instalazioetan. Bertan Barakaldoko Gurutzeta eskolako ikasleekin elkartuko dira Arrigorriagako gaztetxoak eta herrian landutako jolas horiek landuko dituzte bertan.

Familiekin jolasean // Athetic Clubeko Jolas Eskola

Familiarekin jolasean

“Jolas horietan familiek ere hartuko dute parte: ematen du jolasak soilik ondo pasatzeko direla baina gehiago dago: entretenimenduaren atzean helburu potolo batzuk ageri dira eta horien artean jolasak berak prestijioa lortzearena dago”, azaldu du Psikomotrizitate Eskolako arduradunak. “Gaur egun umeak jolastu eta txapelketetan hartzen dute parte eta gurasoak edo senideak kanpoan geratzen dira eta familiarekin batera jolastu behar dela uste dugu ere”. Daviden arabera, gurasoekin batera landutako jarduera honen bidez ama edo aita “barnean daraman umea askatu egiten da”.

David Jorrin: “Haurren loditasuna, pantailak, internet… bezalako mehatxuak ikusita, haurrek, lehen urteetan bereziki, ez dute jolasean behar besteko denbora ematen”

“Kirolera hurbiltzeko modu naturalagoa da”, onartu du Jorrinek. “Orain arte, kirolarekin lotutako metodologiak eta programa pedagogikoak aplikatu dira era honetako ekimenetan, baina gaur egun gero eta handiagoak diren mehatxuak ikusita (haurren loditasuna, pantailak, internet…) haurrek, lehen urteetan bereziki, ez dute jolasean behar besteko denbora ematen. Sedentarismoak gero eta presentzia handiagoa du”.

Haurrak, familiekin jolasean, Lezaman // Athetic Clubeko Jolas Eskola

Davidek gehitu du mehatxu horiek bizi eta gutxira kirol espezialitateetara jarraian salto egiten dutela haurrek, tartean geratzen diren jolasak galduz. “Athletic Club Bizkaiko futbol talde nagusia da eta argi dauka ez duela futbola adin tarte horretan sustatuko”, dio Davidek. “Klubaren helburua ekimen osasungarriak eta entretenigarriak sustatzea da txikienen artean”.

Ekimen arrakastatsua

David Jorrinek antzeko esperientziak antolatu ditu Athletic Clubetik kanpo eta “oso positibo” bezala definitu dituzte, baina ez ekimeneko arduradunek: haurrek eta beren senideek baizik. “Asebetetze galdetegietan kritika oso positiboak jaso ditugu eta familiekin izandako aurrez aurreko elkarrizketetan inpresio oso onak jaso ditugu. Izan ere, gure metodologia aplikatzerakoan jarraipen zehatza eta integrala egin diegu jarduera horiei”.

Kirolaren esparruan soilik jorratu beharrean, psikomotrizitatearen osotasunean egiten dute lan umeekin: “Arlo akademikotik esan digute ekimen honi esker haurren garapena nabarmena izan dela”. Matrikularen hileroko prezioa 40 eurokoa da eta 30 plaza daude bai 2018an jaiotakoentzat, bain 2019an jaiotakoentzat.

☉ Arrigorriaga

Azaro amaieran emango dituzte “Batera jauzi jendarte laborategia” dinamikaren emaitzak Arrigorriagan

75 herritarrek parte hartu dute maiatzean hasitako prozesuan, eta helburua ezberdinen arteko akordio berriak adostu eta Arrigorriagan euskararen erabilera handitzeko oinarriak ezartzea da

|

Batera Jauzi dinamikaren kontraste taldeetako bat // Utzitakoa

Euskaltzaleen Topaguneak iaz abiarazi zuen lehen aldiz Batera jauzi jendarte laborategia dinamika, tokian tokiko euskararen aldeko sarea zabaldu, komunitategintzan sakondu, akordio berriak adostu eta erabileran jauzia emateko oinarriak ezartzeko asmoarekin.

Hainbat sektoretako eragileekin elkarlanean jorratutako prozesu horren emaitzak  Topagunearen III. Kongresuan aurkeztu zituzten, eta bertan azaldutakoaren arabera asmoa ekimena Euskal Herri osora zabaltzea zen.

Zentzu horretan, Arrigorriaga izan da Batera jauzi jendarte laborategiak  prozesua abiarazi duen lehen udalerria: “Euskarri euskara elkarteak, Arrigorriagako Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak elkarlanean abiarazitako prozesua maiatzean hasi eta azarora bitartean luzatuko da”, orduko hartan udal ordezkariek azaldu zutenaren arabera.

Ordutik hona, 75 herritarrek parte hartu dute maiatzean hasitako prozesuan. Dinamikaren helburua argi dute antolatzaileek:  “herrian ezberdinen arteko akordio berriak adostu eta Arrigorriagan euskararen erabilera handitzeko oinarriak ezartzea”.

“Guztira 5 kontraste talde osatu dira herriko beste horrenbeste sektoretako ordezkari eta eragileekin euskarak goranzko jauzia egiteko eman behar diren baldintzak aztertzeko” diote.  Talde horietan udalerriaren aniztasuna islatu dute, eta herriko elkarte, eragile zein profil anitzeko herritarrek parte hartu dute. Ekarpenak “izugarri emankorrak” izan direla zehaztu dute.

Jasotako ekarpen horiek 13 herritarrek osatzen duten talde finko batek aztertu ditu. Behin uda pasata, bere azken fasean sartuko da Batera jauzi prozesua. Irailaren 11n eta 25ean egingo ditu elkarrizketa-talde eragileak azken lan saioak, dinamikak eman duena bildu, proposamenak zehaztu eta Arrigorriagan euskara biziberritzeko epe luzeko gidalerroak finkatzeko. Azaroaren amaieran emango dira ezagutzera hizkuntzaren egoeraren diagnosi komunitario horren emaitzak.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagan adineko bati lapurreta egiteagatik atxilotu dute gizon bat Bilbon

Biktimak hainbat lesio izan zituen eta ospitalera eraman behar izan zuten. Ertzaintza Arrigorriagako eta Bilboko Udaltzaingoarekin aritu da elkarlanean

|

Atxiloketa bat // Basauri

Ertzaintzak jakitera eman du 29 urteko gizon bat atxilotu duela,”edadeko gizon bati indarkeria erabiliz lapurreta egitea leporatuta”. Gertakariak joan den astelehenekoak dira: arratsaldeko 13:30ak aldera Arrigorriagako Udaltzaingoak Ertzaintzari jakitera eman zion “gizon edadetu bati lapurreta egin berri ziotela kalean oinez zihoanean”.

“Lepotik heldu eta lurrera bota zuen zangotraba eginda” gaineratu dute polizia iturriek, “eta, arrastaka eraman ondoren, urrezko domina zuen katea lapurtu zion bortxaz.  Ondoren, lapurrak ihes egin zuen”. 

Erasotua izan zen gizonak lepoan kolpeak eta belaun zein ukondoetan urradurak izan zituen, eta anbulantzian eraman zuten Basurtoko ospitalera.

Horren ondorioz, Ibaizabalgo Ertzain-etxetik ikerketa abiatu zuten, eta Bilboko Udaltzaingoarekin elkarlean asteazkenean atxilotu zuten Bilbon.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Bideoa / Heidelberg Añorgako langileek Arrigorriagako lantokira eraman dute euren protesta

Arrigorriagako lantokiaren aurrean egin dute protesta, zuzendaritzari eskatzeko Enplegu Erregulazio Espedientea kendu dezan

|

Ekainaren erdialdean Heidelberg Materialsek Añorgako enpresa-batzordeari jakinarazi zion 56 langileri (plantilla erdia) eragingo zion Enplegu-Erregulazioko Espedientea aurrera eraman behar zuela.

Enpresaren zuzendaritzak jakinarazi zuen lez, “deskarbonizazio” prozesu baitan kokatzen zuten neurria, eta horren ondorioz clinker-a produzitzeari utziko zioten.

Horrekin batera, zehaztu zuten langileak ez zirela kaleratuak izango, eta horietako hamabosti Arrigorriagako lantokian lan egitea proposatu zaie (beste hamabosti aurretiko erretiroa edo Europan barrena dituzten lantokietan aritzea, kasurako).

Greba mugagabean ekainaren 28tik

Erabaki horri erantzunez, Añorgako lantokiko langileek greba mugagabea hasi zuten joan den ekainaren 28an. ELA sindikatuaren arabera deskarbonizazio prozesua, beharrezkoa izanda ere, ezin da “langileen bizkar utzi”, eta lanpostu guztiak “bermatu” behar dira.

Dinamika horren baitan,  gaur erdian euren protesta Arrigorriagako lantokira ekarri dute. GEURIAk Esther Arruti Roteta ELAko Industria eta Eraikuntzako arduradunarekin hitz egin du, eta Arrutiren arabera “ez da bidezkoa ezta bideragarria familia bati egun batetik bestera esattea Arrigorriagara lanera etorri behar dela. Bi ordu dira egunero. Eta hori beste herrialde batzuetara joateko eskaintza jaso duten langileez ez hitz egitearren”.

Gaurkoa ez da Arrigorriagako lantokiaren atarian egingo duten azken elkarretaratzea, eta aurrera begira ere hainbat ekimen burutuko dituztela zehaztu du ELAko ordezkariak.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Montefuerte futbol-zelaiko taberna kudeatzeko eskaintzak aurkezteko epea zabaldu dute

Uztailaren 23arte egin ahal dituzte eskaintzak interesdunek, betiere modu elektrikoan, Kontratazioa Euskadi Plataforman

|

Montefuerte futbol zelaia // Geuria

Montefuerte futbol-zelaiko tabernak pandemiarekin batera itxi zituen bere ateak, eta ordutik hona, instalazioa eramaten duten taldeek antolatu dituzten ekintza jakin batzuetan salbu, ez da berriro zabaldu.

Orain, Arrigorriagako Udalak taberna ustiatzeko esleipena martxan jarri du, eta interesdunek uztailaren 23ra arte aurkeztu ahal izango dituzte eskaintzak, betiere modu elektronikoan, “Kontratazio Publikoa Euskadin” plataformaren bidez. Udaletik jakitera eman duten lez, “abuztuan zehar esleituko da kontratua, eta irailaren 1ean sartuko da indarrean”.

“Zerbitzuari dagokionez” zehaztu dute, “futboleko denboraldiak irauten duen bitartean eskainiko da, eta Udalak bere gain hartuko ditu uraren, elektrizitatearen, gasaren eta saneamenduaren hornidura. Interesdunek instalazioa ikusteko aukera izango dute.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Europako Arkeologoen Kongresura eramango dute Abrisketako Done Peri baselizaren proiektua

Abuztuaren bukaeran, proiektuak Hego Uribeko eta Euskal Herriko mugak gaindituko ditu, eta Arrigorriagako ermitaren berri izango dute Erroman, Europako Arkeologoen Elkarteak antolatzen duen kongresuan

|

Done Peri baseliza // Geuria

Abrisketako Done Peri baselizaren proiektua zeresana ematen ari dira azken aldian, are gehiago VII eta X. mendeen artean kokatu daitekeen Nekropolia aurkitu ostean. 

Abuztuaren bukaeran, proiektuak Hego Uribeko eta Euskal Herriko mugak gaindituko ditu, eta Arrigorriagako ermitaren berri izango dute Erroman, Europar Arkeologoen Elkarteak antolatzen duen kongresuan.

Europako Arkeologoen Elkartea (AEA) (ingelesez: European Association of Archaeologists, EAA) irabazi-asmorik gabeko elkartea da, arkeologoei edo arloan interesa duen pertsona eta erakundeei irekia. 1994an sortu zen Eslovenian, eta ordutik hona urtero kongresu edo meeting entzutetsu bat antolatzen dute. Aurten, gainera, 30.urteurrena ospatze aldera, kongresua arkeologiaren sorlekuetako batera eramango dute abuztuaren 28tik 31ra, Italiako hiriburura.

“Iaz, kasurako” azaldu dio GEURIAri Teresa Campos arkeologo eta proiektuko arduradunak, “3000 lagun batu ginen Belfasten”. Pozik dago Campos, Europako Arkeologoen Elkarteak euren proposamena onartu duelako: “antolatuko diren sinposioetako batean parte hartuko dugu”.

Sinposio horietan mundu osoan garatzen ari diren proiektuen berri ematen dute, eta Done Peri horien artean egoteak erakusten du egiten ari diren lanaren garrantzia.

Osorik irakurri