→Arrigorriaga

Arrigorriagak aurrekontu-aldaketen inguruko proposamenak egin ditu gainerako alderdien adostasuna bilatuz

EH Bilduk eta Arrigorriaga Garak osatutako Gobernu taldeak hainbat proposamen zabaldu ditu luzatutako aurrekontuetan 2022ko proiektuak gauzatu ahal izateko akordioak bilatuz

Herritar bat, Kubo auzoko tunelean // Geuria

EH Bilduk eta Arrigorriaga Garak osatutako Gobernu taldeak hainbat proposamen zabaldu dizkie gainontzeko alderdiei 2022ko luzatutako aurrekontuetan aurtengo proiektuak gauzatu ahal izateko akordioak bilatuz. Aurrekontu-aldaketa horietan “gastu arruntari dagozkionak bai aurrekontu parte-hartzaileetan jasotako proiektuak, bai talde politikoen artean adostasun handiena sor dezaketenak konbinatu dituztela” azaldu dute gobernu taldeko ordezkariek.

Proposamen horien artean aipagarriak dira gaur egungo gobernu taldeak lehen aurrekontu parte-hartzaileetan jasotakoak: Kubo (45.000 euro), Santa Isabel (30.000 euro), Ollargan (40.000 euro) edo Iharra plazako  jarduketei buruzkoak (10.000 euro). Baita bizikletak aparkatzeko instalazioak (10.000 euro), petanka parkea birgaitzea (5.000 euro), hozkailu solidarioaren proiektua (5.000 euro) edo Emakume Sortzaileen Jaialdia (5.000 euro).

Abusuko Santa Isabel auzoa, autoz beteta // Geuria

Horiez gain, identifikatutako beharrei erantzuteko asmoz Abusurako TAO proiektua (70.000 euro), Ollarganeko lehen eta bigarren faseko jarduketak (490.000 euro), odol-emaileen plazako jarduketak (100.000 euro), PP2 pistako irristaketa eremua konpontzea (26.000 euro), kiroldegiko galdara berria (16.000 euro) edo jaietako diru-partida handitzea (40.000 euro) bezalako proposamenak egin ditu gobernu taldeak.

Gobernu taldeak gainontzeko alderdi politikoakaz elkarbanatu ditu proposamenak, horien inguruan eztabaidatu eta egingarriak diren horiek elkarren artean lantzeko asmoz: “Guretzat garrantzitsua da adostasunak bilatzean amore ez ematea. Gure ustez lanean jarraitu ahal izateko adostasun handia sor dezakeen proposamena dugu esku artean, eta hori da Arrigorriagako herritarrek merezi dutena”, azaldu du Maite Ibarra alkateak. “Gogoratu nahi dugu, diruzaintzako gerakin gehiagorekin eta Foru Aldundiaren ‘Herriak Egiten’ fondoarekin, Arrigorriagako herritarrentzat  onuragarriak izango diren proiektuak lantzen eta adosten jarraitzeko aukera izango dugula”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak