→Arrigorriaga

2023ko aurrekontua bozkatuko dute ostegunean Arrigorriagan, oposizioaren ekarpenik jaso gabe

EAJk, oposizioko alderdi nagusiak, jakinarazi du bozketaren egunean erakutsiko duela aurrekontuen proposamenarekiko bere posizioa

Arrigorriagako udaletxea // Geuria

Arrigorriagako gobernu taldeak azaroan aurkeztu zuen 2023ko aurrekontuaren proposamena, eta gainontzeko alderdiei —EAJ, PSE eta NOA— luzatu zien. Baina hilabete geroago, agintean dauden bi taldeek (EH Bildu eta Arrigorriaga Gara) salatu dute oposizioko hiru alderdiek ez dutela inolako ekarpenik egin, eta ondorioz, ezin izan dituztela datorren urteko aurrekonturako negozioazioak martxan jarri, ostegun honetan (abenduak 22) proposamena bozketara eraman baino lehen (osoko bilkuran, 19:00etan).

Maite Ibarra (EH Bildu) alkateak azaldu duenez, udal gobernuaren lehentasuna beti izan da erabaki bateratuak erdiestea. “Pena da negozioaziorako eta akordiorako jarrerarik ez topatzea” —azaldu du Ibarrak— “Batez ere herritarrek akordioak eskatzen dizkigutelako, eta hori delako merezi dutena”. Osoko bilkuran bozkatu arte, beraz, elkarrizketarako, “ateak zabalik” mantenduko dituztela esan du alkateak, gainontzeko taldeek “azken momentuan” proposamenik egin nahi balute.

Momentuz, EAJk, oposizioko alderdi nagusiak, ez du aurrekontuei buruzko adierazpenik egin. Sonia Rodriguez jeltzaleen bozeramaileak azaldu duenez, udalbatza eta gero, abenduko osoko bilkuran erakutsiko dute beren posizioa 2023ko aurrekontu proposamenari dagokionez, eta egunean bertan emango dituzte beharrezko azalpenak.

Udal gobernuak 2022ko aurrekontuak aurkeztu zituenean ere, jeltzaleek, oposizioko PSE eta NOA taldeekin batera, desadostasuna adierazi zuten EH Bilduk eta Arrigorriaga Garak egindako proposamenekiko. Sozialisten ordezkariaren faltan, gainera, prentsaurrekoa eskaini zuten gobernu taldeak haien ekarpenak jaso ez zituela salatzeko. Bere aldetik, gobernuko bi taldeek oposizioko alderdien proposamenen falta ekarri zuten mahai gainera, eta negoziazioetarako jarrerarik eza egotzi zieten.

Bozketa eguna

Horregatik, 2023ko aurrekontuak aurkeztu zituztenean, oposizioko taldeei proposamenean bildutako neurri garrantzitsuenen inguruan ekarpenak eta zuzenketak egiteko deia zabaldu zieten. Proposamenen artean daude, hala nola Osasun Zentro eta kiroldegi berria irekitzea, bidegorria hobetzea, udal eraikinetan plaka fotovoltaikoak ezartzea zein Ollargan eta Osasun eta Higiene auzoetako berrurbanizazioa egitea. Horretarako, aurtengo guztizko aurrekontua 15,4 milioi eurokoa izango da (iaz baino 220 mila gehiago).

Bideoa | Arrigorriagako EAJk, NOAk eta PSE-ek Gobernu taldeko 2022ko aurrekontuen zirriborroa gaitzetsi dute

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak