→Arrigorriaga

Bideoa | “Sorpresa asko” izango dituen edizioa izango da IV. Ausartak Mendi Lasterketa

Ausartak Mendi Lasterketaren IV. edizioaren aurkezpena egin dute ostegunean (urriak 13) Mendikosolon. Arrigorriagako txakurkros eta trail taldeak urriaren 22an eta 23an antolatuko ditu aurtengo lasterketak, eta Xabier González bultzatzaileak esan duen bezala, “sorpresa asko” prestatu dituzte bertaratzen direnentzako: umeentzako ekitaldiak, hasi berrientzako ibilbidea eta bikejoring eta scooter erakustaldiak, besteak beste.

Berrikuntza nagusia, baina, hiru urtez herriko plazan egin ondoren, aurtengo edizioa Mendikosolora lekualdatuko dutela da. Aurkezpen ekitaldia ere bertan egin dute, eta Maite Ibarra, Arrigorriagako alkatea, María Jesús Acedo, Garapen iraunkor, Ingurumen eta Udaltalde Tokiko Agenda 21eko zinegotzia eta Eñaut Barandiaran, Gardentasun, Partaidetza eta Komunikazioa eta Kirol Zinegotzia egon dira Gonzálezekin batera.

Ibarrak Ausartak taldeak egindako lana eskertu eta Arrigorriagari ematen dion indarra goraipatu du. “Herriko baloreak zabaltzeko” txakurkros eta mendi lasterketen klubak egiten duen guztia lasterketa honen bidez plazaratu ahalko dutela ere gehitu du alkateak; izan ere, aurtengo edizioan, Ausartakek hainbat dinamika jarri ditu martxan kirola kolektibo guztien eskura jartzeko, baina baita lasterketa jasangarritasunarekin eta ingurumenaren aldeko borrokarekin uztartzeko ere.

Gonzálezek nabarmendu du inoiz kirol hori praktikatu ez duten herritarrak erakartzeko aitzakiatzat baliatuko dutela IV. edizioa. Hasiberrientzako beren-beregi prestatutako ibilbidea eskainiko dute aurten, eta baita umeentzako 750 metroko lasterketa laburra eta jolastu ahal izateko haurtzaindegi zerbitzua ere. Era berean, aurkezpen egunerako 260 parte hartzailek baino gehiagok eman dute izena (400 inguru espero dituzten arren), eta horietatik %24 inguru dira emakumezkoak. Beraz, adin, genero eta esperientzia ezberdina duten kirolariak batzeko aukera eskainiko du lasterketak.

Mendi Maratoi Erdiko ibilbideaz (21 kilometrokoa) gain, 9,5 kilometroko lasterketa laburra ere, Hasiberri Trail, prestatu dute taldetik. Txakurrekin egiteko lasterketan, berriz, 6 kilometroko ibilbide bat eta 2,5 kilometroko lasterketa herrikoia egingo dituzte. Azken hauetan parte hartu nahi dutenek, gainera, ez dute zertan txakurrik izan, modalitatea probatu nahi dutenei beste parte hartzaile batzuek utziko baitiete txakurra, txakurkrosa zer den ikus dezaten.

Ingurunearekin bat

Azkenik, ibilbideak Mendikosolo bezalako ingurune naturalera lekualdatzeak daukan balioa azpimarratu nahi izan du Gonzálezek, eta Arrigorrigatar guztiek gozatu dezaketen arnasleku berdea errespetatzeko hartu dituzten neurriez jardun du. “Lasterketa guztiek daukate eragina naturan, baina ingurumen-inpaktua ahalik eta gehien murrizteko lana egingo dugu hemen” —azaldu du—“Parte hartzaileentzako harriak kenduz edo mendiko zatia garbituz erraztu genezake ibilbidea, baina ez dugu egingo, lasterketa natura eraldatu gabe eta harririk txikiena ukitu gabe egitea baita gure helburua”.

Bide horretatik, txakurren lasterketan parte hartuko dutenen kopurua ere mugatu egingo dute, eta parkeak 100 txakurkros korrikalari baino ez ditu hartuko. Gaur-gaurkoz, plaza gehienak beteta daude, baina aurkezpen egunean oraindik 6 dortsal gelditu dira banatzeko. Hauek mendi lasterketaren web orrian lortu daitezke.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak