→Arrigorriaga

Auzo Taxi zerbitzuaren eremua zabalduko dute, auzotarrek Udalari hala eskatu ondoren

Arrigorriagako auzotarrek Auzo Taxi zerbitzuaren eremua beste auzo batzuetara handitzeko eskaera egin diote Udalari. Zerbitzua urte hasierako osoko bilkuran onartu zuten EH Bildu, Arrigorriaga Gara eta NOA alderdien aldeko botoekin eta EAJ eta PSE alderdien abstentzioarekin

Fernando, taxiaren aurrean // Geuria

Arrigorriagako auzotarrek Auzo Taxi zerbitzuaren eremua beste auzo batzuetara handitzeko eskaera egin diote Udalari. Zerbitzua urte hasierako osoko bilkuran onartu zuten EH Bildu, Arrigorriaga Gara eta NOA alderdien aldeko botoekin eta EAJ eta PSE alderdien abstentzioarekin. “Hasiera batean, Auzo Taxi zerbitzurako oinarri arautzaileak prestatzen hasi zirenean, udalerriko erdigunetik urrutien dauden eremuak sartzea baloratu zuten, bertan erroldatutakoen mugikortasuna errazteko, oinarrizko zerbitzuekin ondo konektatuta egon daitezen eta udalerriko bizitzan parte har dezaten”, azaldu dute udal ordezkariek.

Iazko abenduan zerbitzuaren deialdia egin zenean, herriko zenbait auzotako herritarrek eskakizunak helarazi zizkien gobernu taldekoei, Auzo Taxiko ibilbidean kale gehiago gehitu zitzaten: Aixarte, Lamierreketa, Pedro Muro edo Padura auzoetakoak, besteak beste. Gobernu taldeak, proposamen horiek “eta herriko beste zonalde batzuetakoak” baloratu ostean, argi berdea eman die herritarren eskaerei eta prozedura martxan jarri du.

Auzo Taxi zerbitzuaren hitzarmenean hiru taxi-gidarik egiten dute lan Arrigorriagan: Miguel Ángelek, Iñakik eta Fernandok. Azken honekin, Fernando Marcosekin (Bilbo, 1992), berba egiteko aukera izan du GEURIA komunikabideak Arrigorriagako Severo Otxoa kaleko taxi geltokian: “Auzo Taxi zerbitzuaren berezitasuna horixe da: 65 urtetik gorakoei edo %33ko ezgaitasun fisikoa duten pertsonei zuzendutakoa dela” azaldu du auto barruan dagoelarik. Fernandok bost urte daramatza Arrigorriagako taxi-gidari bezala: “Taxi zerbitzu hau Arrigorriagako eremura mugatzen da, herrigunea eta kanpoko auzoak lotuz”.

Taxi-gidari batentzat gogokoenak bidaia laburrak edo luzeak diren galdetuta argi du gidariak: “Bidaia laburrek beti ematen dute etekin handiagoa; luzeetan, zerbitzuaren truke diru gehiago jasotzen badugu ere, gastu gehiago ditugu gidariok”. Fernandoren ustetan, Arrigorriagako herritar askok ez dute Auzo Taxi zerbitzua ezagutzen: “Udalak horren inguruko informazioa banatu du, baina herritar askok, nagusiek bereziki, ez dute zerbitzu honen berri eta hobeto eman beharko litzateke ezagutzera”, izan dira gidariaren berbak. Idoia Molina Hirigintza eta Auzoetako zinegotziak azaldu du Auzo Taxi zerbitzua martxan jarri zenetik zenbait auzotarrek erabili dutela, “Abusuko herritarrek bereziki, eta auzotarren eskaerei so eginez zerbitzuaren hasierako auzoei auzo gehiago gehitu zaizkienez, eskaera handiagoa izango dela espero du gobernu taldeak”.

Fernando, taxiaren alboan // Geuria

Laguntza behar dutenentzat
Auzo Taxi zerbitzua 65 urtetik gorakoentzat edota mugikortasun arazoak dituzten auzotarrentzat sortu zuen Arrigorriagako gobernu taldeak NOA alderdiagaz batera. Zerbitzu honek, euro biren truke auzoak eta herrigunea uztartzen ditu autoz, “erabiltzaileak zerbitzu publiko, osasun-zentro, banku eta saltoki gehienetara hurbiltzeko helburuagaz”.

Molinak azaldu du Auzo Taxi auzotarren beharretik jaiotako zerbitzua dela: “Auzo Taxi zerbitzua Arrigorriagako auzoetako bizilagunen beharretatik abiatuta diseinatu genuen, auzo horiei herriguneko zerbitzu nagusien erabilera modu arin, merke eta jasangarrian errazteko. Zerbitzua zabaltzeko proposamenak jasotzea seinale ona da; izan ere, horren arabera, zerbitzuak benetako beharrei erantzuten die, eta, gainera, herritar gehiagori lagunduko die”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak