→Arrigorriaga

Buzo zuriekin jantzi dira Arrigorriagako A25ean, errespetua eta feminismoa “ziztatzeko”

Urruma Asanblada Feministak deituta, arrigorriagarrek kontzentrazioa egin dute ostiral honetan udaletxearen parean. 19:30etan, plaza buzo zuriz jantzitako emakumez bete da, eta Feminismoa, ardura, konpromisoa eta errespetua injektatu! lelopean eskatu dute andrazkoenganako indarkeria behin betiko gelditzea.

Jantzi horiekin koronabirusaren gaia biolentzia matxistarekin lotu nahi izan dutela azaldu dute asanbladako kideek: “Indarkeria hau ere pandemia da, eta badirudi ez dagoela bere aurka egiteko neurririk, urtero-urtero feminizidioen datuak berdinak izaten baitira”. Bestalde, udan zehar jaietan andrazkoei egin dizkieten ziztada kasuak ere ekarri dituzte lehen planora ostiraleko performance-arekin, baina guztiz buelta emanda: “Erakutsi nahi dugu guk ere badakigula beste gauza batzuk ziztatzen: errespetua, feminismoa eta berdintasunerako aukerak”.

Hori lortzeko, gizonezkoek indarkeriaren aurkako borrokan duten zeresana azpimarratu dute. Berria egunkariko eta feminicidio.net webguneetako datuetatik abiatuta, feminizidioen intzidentzia handiena “oso esparru intimoetan” (familian, bikotekideen artean…) gertatzen dela adierazi dute Urrumatik. Eta, hain zuzen, hurbilekoak diren gizonezkoak interpelatzea eta hauek arazoaz kontzientziatzea zein beharrezkoa den ikusarazi nahi izan dute A25eko kontzentrazioan.

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak