☉ Arrigorriaga
‘Basques in Australia’ erakusketak Australiako diasporaren historia ekarriko du Arrigorriagara
Urriaren 1etik 13ra antolatu dute argazki-erakusketa, Arrigorriagako udaletxeko Euskaldun Berria erakusketa-gelan

Zarauzko Photomuseum – argazki & Zinema museoak australiara emigratu zuten gizon eta emakumeen historia ekarriko du, ‘Basques in Australia’ izeneko argazki-erakusketa ibiltari formatuan, Arrigorriagako udaletxeko Euskaldun Berria erakusketa gelara. Argazkiak urriaren 1etik 13ra ikusi ahal izango dira: astelehenetik larunbatera 18:00etatik 20:00ak arte eta igandeetan 12:00etatik 14:00ak arte.
“Erakusketak Australiako diaspora hurbiltzen digu. Irudi bakoitzak Australiara emigratu zuten gizon eta emaku-
meen historia komun eta, aldi berean, pribatua irudikatzen du”, azaldu dute antolakuntzatik. “Bizitza baten zatiak. Ibilaldi bizi eta hunkigarria dozenaka argazkitan zehar”.
Esther Korta, 2018an sortutako Euskal Australiar Elkarteko idazkaria da “Basques in Australia” erakusketa ibiltariaren komisarioa izan da Zarautzen eta erakusketaren inguruko hitzaldiak eskaini ditu. Izan ere, Korta Australiara joandako kanabera-moztaileen alaba eta iloba da. Aita beste hiru anai-arrebarekin joan zen bertara, eta zazpi urte eman zituen. Bertara zihoazen pertsonen istoriak ondo baino hobeto ezagutzen ditu Kortak.

Migratzaileak, lanean // Euskal Australiar Elkartea
Bizitza oso bateko bidaia
Hilabete baino gehiago irauten zuten bidaietan joaten ziren itsasontziz. Gehienak Italiatik abiatzen ziren Melbournera, Brisbanera… eta handik North Queenslandera zuzentzen ziren; batez ere, Ingham eta Ayr-era. 50. hamarkadan zenbait “operazio” egin ziren, hala nola “Kanguro Operazioa”, “Eukaliptus operazioa”, “Emu operazioa”, “Karry operazioa” eta” Torres operazioa”. Horrela izendatu ziren 1958 eta 1960 bitartean Euskal Herritik Australiara egindako bost irteera-operazio handienak.
“Kanguro”, “Eukaliptus”, “Emu”, “Karry” eta” Torres” izan ziren 1958 eta 1960 bitartean Euskal Herritik Australiara egindako bost irteera-operazio handienak
Australiak eskulana bilatzen zuen. Lehenengo bi operazioetan 160 gizon inguru joan ziren bidaia bakoitzean; hirugarrenean, “Monte Udala” ontziak laurehun pertsona baino gehiago eraman zituen, horien artean 55 bikote, 77 haur eta 214 mutil gazte. Gehienak bizkaitarrak ziren, gainerakoak nafarrak, gipuzkoarrak, Santanderrekoak eta Burgosekoak.
Emakumeek ere emigratu zuten, horietariko asko “Marta plana” deiturikoan joan ziren. “Emaztegaien hegazkinak” eramandakoak etxeko langileak, ezkongabeak eta katolikoak ziren batik bat. “Marta plana” Australia eta Espainiako gobernuen arteko migrazio-akordioa zen, Eliza Katolikoak babestukoa. “Marta” gazteek Australiak eskainitako bizitza hobearekin amets egiten zuten.

Kanabera moztaile bat, ezkerrean. Eskuman, ‘Kanguro’ operazioko Toscana itsasontzia // Euskal Australiar Elkartea
Euskaldunak Australian hainbat lanetan aritu ziren, esaterako kanaberak mozten matxeteaz. Benetan lan gogorra zen berau; eguzkiaren bero kiskalgarripean, eltxoak, azukrearen melaza gorputzean eta izerditan blai. Kanabera tonak mozten zituzten bagoietan kargatzeko, eta horretarako, gainera, errailak jarri behar izaten zituzten aurrera egin ahala. Dena eskuz.
Kanabera mozketa ekainetik abendura bitartean izaten zen, hurrengo denboraldia hasi arte tabako hostoa biltzera joaten ziren, beste batzuk frutak biltzera edota eraikuntzan lan egitera.
Aisialdia familian edo lagunartean ematen zuten, hoteletan elkartu eta garagardoa edanez, berriketan edo lagunekin dantzan. Euskal hizkuntza eta kultura bizirik mantendu dituzte, eta euskal dantza eta kirol taldeak eta elkarteak sortu zituzten.
☉ Arrigorriaga
Argazkiak | Lokatz artean lehiatu dira Ausartak Mendi Lasterketako korrikalariak Arrigorriagan
10:00etatik eguerdira bitartean ibili dira korrikalariak lokatz artean Upo eta Artanda mendietan barrena

Ausartak Mendi Lasterketako zazpigarren edizioko protagonista euria izan da. Aste hasierako aurreikuspenek eguraldi ona iragartzen bazuten ere, asteburu euritsua izan dugu Hego Uribe eskualdean.
Hasiera batean berri txarra izan zitekeela pentsatuko du batek baino gehiagok, baina egia esateko euriak eta lokatzak joko handia eman dute aurtengo edizioan.
EuskalMeteko partea ikusita mendira igo gara gure korrikalariak pistetan, mendian eta basoetan barrena inoiz baino zikinago erretratatzeko. Non hobe?
☉ Arrigorriaga
Doako edoskitze tailerra antolatu du Arrigorriagan Altzoan Zaintza Sareak
Tailerra interesa duten emakume guztientzat antolatu dute otsailaren 12an, 17:00etan eta aurretiko esperientziarik ez dela behar nabarmendu dute Altzoanetik

Altzoan Zaintza Sareak, Ene Amatxorekin elkarlanean eta Arrigorriagako Udalaren zein Rural Kutxaren babesarekin doako edoskitze tailerra antolatu du Lamiaena emakumeen etxean.
Tailerra interesa duten emakume guztientzat antolatu dute otsailaren 12an, 17:00etan eta aurretiko esperientziarik ez dela behar nabarmendu dute Altzoanetik.
“Edoskitzea elikadura baino askoz gehiago da: lotura, informazioa, erabakiak eta laguntza ere bai”, iragarri dute Altzoan Zaintza Saretik. “Horregatik, edoskitze tailer honetara gonbidatzen zaitugu, interesa duten pertsona guztientzat irekia: haurdun egon edo ez, edoskitze prozesuan ari direnak, etorkizunean ama edo aita izan nahi dutenak, edo, besterik gabe, jakintza handitu eta lagundu nahi dutenak”.
Gune segurua, errespetuzkoa eta inklusiboa izango da, errealitate eta ibilbide ezberdinetatik hitz egiteko eta zalantzak partekatzeko. “Zure zain gaude!”.
Izena emateko Instagram bidez idatzi ahal dute interesdunek edota 660 202 438 telefono zenbakira Whatsappa bidali (Eneritz @eneamatxo)
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Garrikoko kirolariek 21 domina eskuratu dituzte Euskadiko Teknika Txapelketan
Urrezko zortzi domina, zilarrezko beste zortzi eta brontzezko bost eskuratu dituzte joan den asteburuan, Bilbon

Joan den asteburuan Taekwondoko Euskadiko Teknika Txapelketa antolatu zuten Bilboko Miribilla pilotalekuan eta bertan izan ziren Arrigorriagako Garriko Taekwondoko kirolariak.
Guztira 21 domina eskuratu zituzten: urrezko zortzi, zilarrezko beste zortzi eta brontzezko bost.
Hauek izan ziren domina horiek eskuratu zituzten borrokalariak, kategoria bakoitzeko:

Emakumezkoen hirukotea, Bilbon // Garriko Taewkondo taldea
Kadeteak emakumezkoak
– Lur guerra urrea
Kadete mutilak
– Izei Intxaurraga: urrea
Kadeteak A emakumezkoak
– Aiara Alves: zilarra
– Leire Perea: brontzea
Kadeteak A mutilak
– Julen Fernandez: zilarra
– Iago Garcia: brontzea
Bikote kadetea
– Iago Lur: urrea
– Julen Aiara: zilarra
– Izei Leire: brontzea
Junior emakumezkoak
– Laura Ferreira: urrea
– Irati Amador: zilarra
Junior mutilak
– Iñigo Pereira: urrea
– Haritz Amador: zilarra
Senior emakumezkoak
– Itxaso Hernandez: urrea
– Irati Velada: zilarra
– Ariane Martinez: brontzea
– Izaskun Velez 6
– Elaia Garcia 7
– Andrea Barona 8
– Nahia Agirre 9
Hirukote emakumezkoak
– Itxaso, Ariane, Irati: urrea
– Nahia, Izaskun, Elaia: zilarra
Senior gizonezkoak
– Javier Rodriguez 4
Bikote Junior
– Laura Ferreira Iñigo Pereira: urrea
– Irati Amador Haritz Amador: brontzea
Bikote Senior
– Andrea Barona Javier Rodriguez: zilarra
☉ Arrigorriaga
Bideoa | 824 partaide eta txakurkros proba luzeagoa eskainiko du Arrigorriagako Ausartak Mendi Lasterketaren zazpigarren edizioak
Asteburu honetan 583 gizonek (% 70) eta 241 emakumek (% 30) hartuko dute parte urteroko “derrigorrezko” hitzorduan bilakatu den Ausartak Mendi Lasterketan

Ausartak Mendi Lasterketaren zazpigarren edizioa aurkeztu dute gaur, Arrigorriagako udaletxeko osoko bilkuren aretoan eta asteburu honetan parte-hartzaileek jantzita eroango duten kamiseta teknikoaren eredu baten ondoan.
Urtarrilaren 17an eta 18an antolatu dute zazpigarren edizioa eta 824 korrikalari izango ditu, 2025ean baino 100 gehiago. “Arrigorriaga kirolaren eta mendiaren hiriburu bihurtuko da berriro”, iragarri du pozik Maite Ibarra herriko alkateak. Igandean espero da jende gehien: bertan izena emateko epea iazko urriaren 1ean zabaldu ziren eta aste bitan saldu ziren denak. Larunbateko proban 173 pertsonak eman dute izena (116 gizon eta 57 emakume). Igandekoan 654 parte-hartzaile egongo dira (464 gizon eta 190 emakume). Laburbilduz, 583 gizonek (% 70) eta 241 emakumek (% 30) hartuko dute parte asteburu honetako probetan.
“Kirol eskaintza zabala” eskainiko duen asteburua izango dela aurreikusi du Ibarrak, edozein adineko eta prestaketa maila duten pertsonei zuzendua, hain zuzen.
Mikel Fuentes Ausartak Mendi Lasterketako kideak xehetasun guztiak eskaini diezkie komunikabideei: “Urtez urte, Ausartak Mendi Lasterketak hazkunde nabarmena izan du”, azaldu du elkarteko kideak. “Ez bakarrik parte-hartzaileen kopuruari dagokionez; baita antolakuntzaren kalitateari, ingurue naturalaren konpromisoari eta segurtasunaren aldeko apustuari dagokionez ere”.

Mikel Fuentes, gaurko prentsaurrekoan // Geuria
Makina bat berritasun
Aurtengo edizioa berrikuntzez josita dator. Lehena, txakurkros ibilbidearen aldaketa da: 5,5 kilometro eta 120 metroko desnibel positiboa izatetik 12,2 kilometro eta 440 metroko desnibel positibokoa izatera igaroko da, parte-hartzaileen iradokizunei kasu eginez.
Bigarrena, Txakurkros lasterketaren itzulera Euskadiko Txakurkros Ligara (ETL).

Hirugarrena Mendikosolo Trail Pilotoa da: “Harrera ona izatekotan, azken proba hau iraunkorra bihurtuko dugu”, azpimarratu du Fuentesek.
Laugarren berritasuna segurtasuna indartzea izango da. Bexen Cardiorekin egindako elkarlanaren ondorioz, desfibriladore bi ipiniko dituzte Arrigorriagako proban.
Bosgarrenez, lasterketaren sarrera ofiziala etiketa berdearekin egingo dute aurten. Honek esan nahi du ingurumenarekin konpromisoa berretsiko duela asteburuko probak.

Solidaritatea, ardatz
Lasterketaren ekimen solidarioa ahaztu behar ez den beste kontu bat da: aurten ere, jasoko den diruaren zati bat Ane Sindrome Red ekimenari bideratuko diote Ausartakekoek: izen emate bakoitzak euro biko prezioa izango du. “Horrek egiten du Ausartak-en proba hain berezia parte-hartzaileen artean”, azpimarratu du Maitek eta eskerrak eman dizkio Ausartak Ludiko Kirol Elkarteak egindako lanari.
Egitaraua | Ausartak Mendi Lasterketa 2026
Urtarrilak 17, larunbata
10:00 Ausartak Canitrail
10:30 Mendikosoko Trail (proba pilotoa)
Urtarrilak 18, igandea
10:30 Mendi Maratoi Erdia
11:00 Hasiberri Trail
11:10 Martxa Laburra
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Amalur liburudendak aitortza berezia jaso du Merkataritza Jaialdian euskararen alde egindako lanagatik
Gainera, udalerriko Kreta Loreak saltokia finalista izan da Bizkaiko Erakusleiho Lehiaketan

Bizkaidendak elkarteak Merkataritza Jaialdia antolatu du duela egun batzuk eta Arrigorriagako Amalur liburudendak aipamen berezia jaso du euskararen alde egindako lan eta konpromisoagatik. Amalurrek 1995ean zabaldu zituen ateak lehen aldiz eta gaur egun arte euskarazko liburu eta jolas ugari dituzte adin guztietako haurrentzat. Iker Albizua Uriondo da liburutegiaren jabea eta bertako produktu guztiak ezagutzen ditu, bezero bakoitzari gomendioak emanez.
Bestalde, Kreta Loreak saltokia finalista izan da Bizkaiko Erakusleiho Lehiaketan.
Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea eta Gaizka Ibarretxe Ekonomia zinegotzia Bizkaidendak elkarteak antolatutako ekitaldian izan ziren: “Harro gaudezuen lanaz eta herriari ematen diozuen biziagatik”, azaldu zuten.










































































































