Sareak

☉ Arrigorriaga

Batu Elkarlaguntza Sareak Arrigorriaga eta Basauriko etxegabetzeko zorian dauden 18 auzotarren egoera salatu du

Batu Elkarlaguntza Sareak adierazi du Arrigorriaga eta Basauriko 18 auzotar (helduak eta adingabeak) etxegabetzeko zorian daudela eta Udalei zein etxebizitza kudeaketako zerbitzuei baliabideak erraztea eskatu die.

|

Etxegabetzea, Abusun // GEURIA

Batu Elkarlaguntza Sareak Arrigorriaga eta Basauriko 18 auzotar (helduak eta adingabeak) etxegabetzeko zorian daudela salatu du.

Auzotar horiek Batu Elkarlaguntza Sareko bileretan izan dira azken hilabeteetan etxebizitzagaz arazoak zituztelako: diru-sarrera falta, biloentzia matxista… arazo horiei “aurre egin” badie ere, Batuko ordezkariek azaldu dute ez diela irtenbide egokirik eman momentu honetara arte eta “erantzun eraginkorrik egon ezean kale gorrian geratuko direla pertsona horiek”, azaldu dute.

Gauzak horrela, Arrigorriaga eta Basauriko Udalekin elkartzeko asmoa plazaratu du elkarteak, arazoari konponbidea eman eta 18 auzotar horiei behar dituzten baliabideak eman ahal izateko.

☉ Arrigorriaga

#A21 / Emaitzak / Arrigorriaga / EAJk sendo eutsi dio EH Bilduren igoerari

#A21 / Arrigorriaga / Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2024 / Emaitzak

|

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

“Gure Zirkua” Hego Uribera etorriko da lehen aldiz, Arrigorriagan zortzi saio eskainiz

Euskal Herriko lehen zirku ibiltaria Hego Uribera helduko da lehen aldiz, Arrigorriagan zortzi saio eskainiz

|

2017an sortu zuen Iker Galarza aktoreak Gure Zirkua / Gure zirkua

“Nortasun berezi, xelebre eta irribarretsua duten artistez osatutako konpainiak ezinezkoarekin jolas egin asmo du, eta beren ametsetako ikuskizuna eskaini. Beren arte eskuzabal eta herrikoia erakutsi nahi digute. Beren lanbidea, edertasuna eta ausardia elkarbanatu nahi dute herri osoarekin, adin eta maila guztietako herritarrekin”.

Hori da Iker Galarzak sortu duen Gure Zirkuaren definizioa eta helburua. Apustu arrakastatsua izan da Euskal Herriko lehen zirku ibiltariarena, eta udaberriarekin batera euren zazpigarren birari ekin diote. Urte hasieran “Gure zirkua heldu da” dokumentala estreinatu zuten Eitb-ren Nahieran plataforman.

Lehen aldiz euren karpa Hego Uriben altxatuko dute, Arrigorriagan. Maiatzaren azken egunean helduko dira kiroldegiko PP2ra, eta honako hauek dira guztira egingo dituzten 8 saioen egunak eta ordutegiak:

Maiatzak 31 19:00

Ekainak  1 16:30 eta 19:00

Ekainak 2 12:00 eta 17:00

Ekainak  7 19:00

Ekainak 8 16:30 eta 19:00

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Osasun eta Higiene auzoaren berrurbanizazioari ekiteko aurrerapausoa eman dute Arrigorriagan

Aste honetan egin duten bileran proiektua garatu ahal izateko txostena aurkeztu die Udalak auzotarrei, aztertu dezaten

|

Saneamenduarekin eta hornidura sarearekin lotutako hainbat behar pilatu ditu urteetan zehar auzoak / Geuria

Arrigorriagako Osasun eta Higiene auzoa herriko txikienetakoa da, eta dituen berezitasunengatik saneamenduarekin eta hornidura sarearekin lotutako hainbat behar pilatu ditu urteetan zehar. Gauzak horrela, udal gobernua lanean hasi zen 2019an auzotarrekin batera.

Ordutik hona, hainbat pauso eman dituzte: alde batetik, Ur Partzuergoarekin lotutakoak, saneamendua eta hornidura dela eta. Bestetik, obra zibila aurrera eramateko konpromisoa hartu zuen Arrigorriagako Udalak. Horretarako, beharrezkoa zen  auzotarrak komunitate gisa eratzea, bidean agertu eta agertuko diren hainbat oztopori aurre egiteko.

Aste honetan egin duten bileran proiektua garatu ahal izateko txostena aurkeztu die udalak auzotarrei, aztertu dezaten. Behin hori zehaztuta, eta udaleko arduradunek azaldu dutenaren arabera “bi aldeen adostasunarekin, udalak beharrezko mekanismoak jarriko lituzke martxan Osasun eta Higiene auzoaren berrurbanizazioari ekiteko”.

Maite Ibarra alkateak, bere aldetik, proiektuaren garrantzia nabarmendu nahi izan du: Osasun eta Higiene ardura eta heldutasun politikoaren eredu izaten ari da. Gobernutik merezi duen inbertsioa egingo dugu
auzo honetan, eta auzokideek jarrera aktiboa eta kolaboratiboa erakutsi dute, eta hori eskertzekoa da”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Sagarrak ekologista taldeak Arrigorriagako Mendikosolo eta Abrisketako Done Peri bisitatuko ditu

Doako bisita apirilaren 28an antolatu dute Basaurikoek Ekologistak Martxanekin elkarlanean eta izena emateko azken eguna hilaren 25a izango da

|

Urko Ibañez basozaina, Mendikosolo parkeko presan // Geuria

Basauriko Sagarrak Ekologista Taldeak Arrigorriagako balio natural eta historiko handiko ingurune txikiak bisitatuko ditu datorren apirilaren 28an. Zehazki Arrigorriagako erdigunea, Mendikosolo parkea eta Abrisketako Done Peri baseliza bisitatuko dituzte parte-hartzaileek Ekologistak Martxaneko Eduardo Renovales kidearen eskutik.

Txangoa egun erdikoa izango da, 09:00etatik 14:00ak arte, gutxi gorabehera. Hitzordua apirilaren 28a izango da eta geralekua Basauriko Bidebieta geltokia izango da, 09:00etan. Espero dute 09:30ean Arrigorriagara heltzera.

“Bisita Arrigorriagako tren geltokian hasiko dugu eta lehenengo geldialdia ondoko Teodosia Ortega parkean egingo dugu”, azaldu dute elkartetik. “Aurkezpenaren eta agurraren ondoren, gauden lekuaz, zuhaitz esanguratsuenez eta hiri-inguruneetako parkeen balioaz egingo dugu berba”.

Antzara bat, Mendikosolon // Geuria

Arrigorriagako herrigunetik Mendikosolora abiatuko dira eta bidean inguru urbanizatuko harizti batean geldialdia egingo dute eta hortik zuzenean Mendikosolo parkeko sarrerara joango dira. Sarreran bertan parkeko iraganaz eta bertako balio naturalez berba egin ostean, presako aldamenetik doan bideari ekingo diote eta Mendikosolo atzean utziz mendian gora abiatuko dira.

Igoeraren amaieran Abrisketako Done Peri baselizara helduko dira ibiltariak eta tenpluaren historiaz eta inguru txiki honetan egindako azken ikerketen inguruan hitz egiteko aukera izango dute.

Teresa Campos, Abrisketako Done Peri baselizako ikerketetan // Geuria

Kontuan hartzekoak

Lehenik eta behin, ibilaldia herritar guztiei zabalik dago eta bertan hartzeko izena ematea beharrezkoa dela iragarri dute Sagarraketik. Izen emateak webgune honen bidez egin daitezke eta izena emateko azken eguna apirilaren 25a izango da.

Bestalde, ibilbidea modu egokian egiteko zapata erosoak eta makila eramatea gomendagarria dela azpimarratu dute elkarteko kideek eta Mendikosolotik Abrisketako San Pedrora doan igoera “zailtasun ertainekoa” bezala definitu dute.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arritxikerrak proiektuak sukaldaritza tailerra prestatu die Arrigorriagako txikiei

Familiak euskaraz aritzeko jarduera Arrigorriagako Edurne Garitazelaia kultur etxeko Azokea aretoan antolatu dute apirilaren 18an

|

Haurrak, Arritxikerrakek joan den M8an antolatutako mozorro tailerrean // Geuria

​​​Datorren apirilaren 18an Sukaldaritza tailerra prestatu dute Arritxikerrakekoek bi eta sei urte bitarteko txikientzat, Arrigorriagako Edurne Garitazelaia kultur etxeko Azokea aretoan.

Familiak euskaraz aritzeko jarduera honek txanda bi izango ditu: lehena bi eta lau urteko haurrei zuzenduta dago eta 17:00etatik 17:40etara izango da. Bigarren saioa 17:45etik 18:30ra izango da, lau eta sei urtebitartekoentzat.

Edukiera mugatuko ekintza izango da eta Arritxikerraketik azaldu dute izena emateko arritxikerrak@gmail.com​ idatzi behar dutela intersdunek. Bertan, ume kopurua eta horien adina zehaztu beharko da.

Osorik irakurri