Sareak

☉ Arrigorriaga

Bideoa / Beranduegi Erromeria: “Gurea euskara eta euskal kultura parranda giroan eta adin ezberdinen artean sustatzea da”

Pandemiak eragindako geldialdiaren ondoren, Beranduegi Erromeria agertokietara itzuli da Hego Uribeko herritarrak dantzan jartzeko. Neurri berrietara egokitu dira eta herritarrek euskal musikaz zuzenean gozatzen jarraitu ahal izango dute

|

Beranduegi Erromeria herriko jaietan parranda giroa sortzeko helburuarekin sortu zen. 2018an hasi zen taldea eratzen eta gaur egun Ainize Perez (Ugao, 1997) eta Mikel Markina (Arrigorriaga, 1998) abeslariek, Markel Garmendia (Arrigorriaga, 1998) eta Kepa Hurtado (Arrigorriaga, 2003) kitarrajoleek, Mikel del Castillo (Barakaldo, 2000) baxujoleak, Koldo Plazas (Barakaldo, 1992) trikitilariak eta Xabier Derteano (Arrigorriaga, 1998) bateriajoleak osatzen dute. Denak hurbildu dira musikara bide ezberdinetatik, eta azkenean, harekiko grinak batu egin ditu. Xabirekin eta Koldorekin batu gara. Beranduegi erromeria honela laburbildu dute: Euskara eta euskal kultura plazaz plaza eramatea da helburua, inoiz gal ez dadin eta belaunaldi berrietara iristen jarrai dezan.

Eta zergatik jarri diozue Beranduegi izen taldeari? Xabier Derteano: Entseguetan piztu zen ideia hori taldekideak beti berandu heltzen zirelako. Uste dut talde gehienetan gertatzen dela, kar kar kar!

Koldo Plazas: Horretaz gain, erromeria talde bat garenez, askotan oso berandu jotzen dugu. Gauerdia pasata hasten gara normalean. Beti Berandu izan behar zuen taldearen izena, baina hartuta zegoenez, Beranduegi deitzea erabaki genuen.

Nola elkartu zineten Beranduegi Erromeria sortzeko? X.D.: Mikel eta Ainize izan ziren taldearen sortzaileak. Oso lagun onak dira eta behin, Arrigorriagako Aldapa tabernan zeudela, erromeria bat osatzearen ideia izan zuten. Hortik aurrera, musikariak lortzen hasi ziren, ezagutzen zuten jendearen artean zerrenda bat eginez. Talde ezberdinetan ibili izan gara guztiok eta azkenean erromeriak elkartu egin gaitu.
K.P.: 2018ko udan elkartu ginen herriko jaietan kontzertuak emateko asmoz. Errepertorioa osatzen hasi ginen eta lehen kontzertua Ugaoko Herriko Tabernan eskaini genuen. Ni ustekabean sartu nintzen, ez bainituen taldekideak ezagutzen. Taldeko trikitrilari ohiak huts egin zuen eta bere ordezkoa behar zuten. Niri Barakaldoko trikitrilarien elkarte baten bidez iritsi zitzaidan mezua, Hego Uriben erromeria talde baterako musikari baten bila zeudela. Nik baneukan buruan erromeria baten jotzea, beraz, haiekin harremanetan jarri nintzen.

Euskal folklorea bizirik dirauela erakusten duzue kontzertu bakoitzean. K.P.: Euskal musikak euskaldunok identifikatzen gaituela uste dut. Beti irudikatzen ditugu trikitixa, txistua, panderoa… Euskal dantzekin batera, baina folklorea ere aldatuz doa. Gauza berriak sortu behar dira sustraiak galdu gabe. Gainera, munduko beste leku batzuetan ez da ohikoa jendea erdi mozkor egotea gaueko ordu bietan fandango bat dantzatzen. Kanpotik datozenek flipatzen dute denek dantzan dakitelako. Erromeriek lan hori dute: euskara eta euskal kultura parranda giroan eta adin ezberdinen artean sustatzea. Lan handia dago euskararekin eta guk gure ekarpen txikia egiten dugu. Euskara hezkuntza girotik kanpo edo parranda giroan erabil daitekeen hizkuntza dela erakusten ari gara, eta modu naturalean sortzen den zerbait da.

Beranduegi erromeria / Utzitakoa

Taupaka elkartetik kultura askea aldarrikatzen duzue. Uste duzue elkarteak beharrezkoak direla sortzaileen lanean? K.P.: Taupakaren helburu nagusietako bat sortzaileen arteko lankidetza bultzatzea da. Batez ere, hain ezagunak ez diren edo hasten ari diren taldeei ikusgarritasuna ematen laguntzen dute. Elkarri eskua luzatzen diogu eta denon proiektuak edo lan berriak partekatzen ditugu. Hainbat kontzertu ere lortzen ditugu Taupakaren bidez. Elkarteak behar-beharrezkoak direla uste dugu sortzaileen artean sare bat sortzeko. Gero eta talde gehiago sortzen dira musikaren inguruan musika hezkuntza handitzen ari delako, eta gaur egun baliabide pilo bat ditugulako eskura. Inoiz baino errazagoa da talde batek musika kaleratzea, adibidez, sare sozialetan presentzia izanda. Hala ere, eskaintza izugarrizkoa da eta estimulu gehiegi jasotzen ditugu. Oraintxe bertan, gainera, trantsizio-prozesu batean gaudela esango nuke: jai edo kontzertu askorik ez daudenez, agian aldaketa baten aurrean egon gaitezke.

Abesti propioak egitera animatu zarete? X.D.: Ez, oraindik ez. Beranduegi erromeria izateko asmoarekin sortu zen eta horrela izaten jarraituko du. Bestalde, taldeak elkar gehiago ezagutzeko aukera eman digu, eta proiektu berriak sortu ahal izango ditugu gure artean edo bakoitzak bere kabuz, baina beti Beranduegitik aparte. Momentuz hori da ideia.

Xabier Derteano eta Koldo Plazas / Olaia Martin

Adibidez, zein abesti dituzue zuen zuzenekoen zerrendan? X.D.: Huntza edo Esne Beltzaren abestiek, adibidez, nahiko feedback ona ematen dute, dantzagarriak direlako eta ikusleek badakizkitelako. Erromerietako abesti tipikoak eta guri gustatzen zaizkigunak jotzen ditugu. “Txanpon baten truke” eta erromeria guztiek oro har abesten dituztenez gain, Ska-P, Eskean Kristo, La Polla Records edo Eskorbuto taldeen abestiak gehitzen ditugu. Errepertorioari begira, erromeria punki xamarra garela esaten digute. Beti zentzu onean, jendeari gustatzen zaiolako. Abestien moldaketak ere egiten ditugu eta batzuk nahiko modu kañeroan jotzen ditugu.

Hego Uribetik ibili zarete jairik jai. X.D.: Inguruko herrietan jendeak ezagutzen gaitu eta harreman ona dugu ekitaldien antolatzaileekin. Oso oroitzapen ona dugu, adibidez, Galdakaoko Gazte Egunean eman genuen kontzertuaz. Karpa beteta zegoen, soinu-ekipoa primerakoa izan zen eta eszenatokian lekua soberan genuen denontzat. Jendea oso animatuta egon zen eta gurekin abestera ere igo ziren. A ze giroa!

K.P.: Tira, askotan igotzen da jendea agertokira, batzuetan ondo eta besteetan ez hain ondo, kar kar kar! Barakaldon ere mutil bat mozkortuta igo zen eta plakaje bat egin zion abeslariari. Hego Uriben eskaini ditugun kontzertuetatik herritarren berotasuna sentitzen dugula nabarmenduko nuke. Ni ez naiz eskualdekoa, baina konturatzen naiz beti pertsona berberak etortzen direla gure kontzertu guztietara. Horrek lasaitasun handia ematen du, nahiz eta ez ezagutu, eta gainera primeran pasatzen dugu.

Beranduegi erromeria / Utzitakoa

Eskualdetik haratago, bi urtez izan zarete Bilboko jaietako txosnagunean. X.D.: Uribarriko txosnan izan ginen 2018 eta 2019an, San Nikolas elizaren atarian. Talde gisa hasten ari ginen oraindik, eta gogotsu hartu genuen Bilboko jaietan jotzearen erronka. Azken finean, ez da berdina herrian bertan kontzertu bat ematea edo hiriburuko Aste Nagusian egotea. Inguruko txosnetako musika zaratatsuarekin eta hainbeste jenderekin soinuak nahasten ziren, baina jende asko geratu zen gu ikustera. Hori zaila da, jendea etengabe joan-etorrian dabilelako. Hortaz, parranda ederra egin behar izan genuen han zeudenak gera zitezen.

Nola aldatu da parranda giroa pandemiaren ondorioz? K.P.: Berrogeialdiaren ondoren eskaini dugun lehenengo kontzertua Arrigorriagako jaietan izan da. Faltan botatzen genuen, baina jendeak eserita egon behar duenez, ez da gauza bera izan. Ezin dugu baldintza berdinekin jo, publikoa eta denbora mugatuagoak direlako. Hala ere, giroa sortu zen eta herritarrak animatzea lortu genuen. Aurten ez genuen kontzerturik espero. Abuztuan gehiago jotzeko aukera eskaini ziguten arren, ezin izan genuen, ordurako bakoitzak bere uda antolatuta zuelako. Gainera, erromeriak ez daude horrelako formatuetarako pentsatuta, musikaren gainetik helburu nagusia parranda sortzea delako. Baina egin daitekeela ikusi dugu eta ahal den neurrian egiten jarraituko dugu, herritarrek euskal musikaz zuzenean gozatzen jarrai dezaten. Pandemia dela eta, parranda giroa goitik behera aldatu egin da, eta horrek jai eredu berriak sortzeko beharra eragin du egoera honi aurre egiteko.

Xabier Derteano eta Koldo Plazas / Olaia Martin

Reggaetoi eta trap musikaren gorakadarekin, herriko jai tradizionalen usaina galtzen ari dela uste duzue? K.P.: Belaunaldiak aldatzen diren bezala, jai eredua ere aldatzen da. Azken urteotan estilo ezberdinetako taldeak sortzen ari dira. Chill Mafia taldearen izena denen ahotan dago eta, askok kritikatzen duten arren, euskal musika ere bada. Nire ustez, nahiz eta mota honetako taldeak ez gustatu, beharrezkoak dira, etengabe aldatu behar delako aurrera egin ahal izateko. Euskal musikaren jarraipena egon dadin, belaunaldi guztien gustuetarako sortu behar da, bestela jende kopuru bat galduko dugu. Nik lehen Bilboko eskola batean lan egiten nuen, eta Korrikaren abestiak eskolatik kanpo euskararekin inolako harremanik ez zuten haurrak erakartzen zituen. Hainbat estilotako musika sortzeak, beraz, publiko desberdinengana iristeko eta hizkuntza bultzatzeko bidea irekitzen du. Euskaraz bada eta mezu garrantzitsu bat helarazten badute, ekarpen bat egingo diote hemengo kulturari, eta hori beti da ona.

X.D.: Ni gazteagoa nintzenean entzuten genuen musikaren %90a euskarazko taldeak ziren. Orain, berriz, ez dut uste horrela denik. Hala ere, beste estilo batzuetako musikaren eskari handia dago, eta eskaintza zabala sortu beharko da hori asetzen saiatzeko. Musika urbanoa eta erromeriak bateragarriak izan daitezke, denetarik egon behar baita. Guk, egoera honen aurrean, ez dugu aldatzeko asmorik. Argi dago gaur egun ere erromerietako musikaz gozatzen jarraitzen dela eta, beste estilo batzuk goraka doazen arren, esentzia ez dela galtzen. Musikaren inguruan sortzen den giroak garrantzi handia du. Gainera, abesti batzuk nahitaez jo behar dira, “Sarri Sarri” kasu. 15 urteko gazte batek, beharbada, ez du bere kabuz entzungo, baina erromeria baten bidez ezagutu egin behar du. Gure kulturaren parte da, eta hori da guk egin behar dugun ekarpena: jotzen jarraitzea, inoiz gal ez dadin.

☉ Arrigorriaga

Bideoa / Leyre Rodriguez gogoratu dute Arrigorriagan, indarkeria matxistaren azken biktima herrian

|

A25. Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, Arrigorriagako Udalak eta eragile feministek hainbat ekimen antolatu dituzte hilabetean zehar, herritarrak indarkeria matxistaren inguruan sentsibilizatzeko.

Ekintza horien artean, berezi eta hunkigarrienetakoa Abusun egin da gaur bertan: indarkeria matxistaren biktimak diren emakume guztiei omenaldia egin diete, eta bereziki, Leyre Rodriguez Montero gogoratu dute, Arrigorriagako azken biktima (2015ean erail zuen bere bikotekide ohiak), bere omenez Ollarganeko parkean instalatu duten monolitoan.

Horrez gain, Ollarganeko eta Teodosia Ortega parkeak atondu dituzte, Estatuan hildako emakumeen izenak eta euritako moreak zuhaitzetan jarriz.

Egunarekin bukatzeko, Gazteguneak berdintasunaren aldeko diana antolatu du eta Anarik “Ezta bat gutxiago ere” kontzertua eskainiko du Lonbo Aretoan.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

110 neurri “egingarriz eta neurgarriz” osatutako plana aurkeztu du Arrigorriagako udal gobernuak

Orain dela lau urte egin bezala, Arrigorriagako udal gobernuak, -egun Eh Bildu, NOA eta Arrigorriaga Gararen esku-,  bere “iparrorratza” izango den bide orria gizarteratu zuen atzo arratsaldean, baina oraingoan ez dira 100 neurri izango, 110 baizik

|

Gobernu planaren aurkezpena // Geuria

“Ezberdinen arteko udal gobernua da gurea. Bakoitza bere programa propiarekin aurkeztu zen udal hauteskundeetara, eta gai batzuetan iritzi ezberdinak ditugu, baina hori arazo bat bezala ikusi beharrean akuilu izan da gobernu plana osatzerako orduan, eta esango nuke pluraltasun horrek asko aberastu duela prozesu guztia”. Maite Ibarra Arrigorriagako alkatearen hitzak dira, herritar, elkarte eta eragileen aurrean egindako aurkezpenaren sarreran.

Orain dela lau urte egin bezala, Arrigorriagako udal gobernuak, -egun Eh Bildu, NOA eta Arrigorriaga Gararen esku-,  bere “iparrorratza” izango den bide orria gizarteratu zuen atzo arratsaldean, baina oraingoan ez dira 100 neurri izango, 110 baizik.

Aurkezpenean azaldu zutenaren arabera “udal gobernuaren proposamenak, teknikariekin landutakoak eta herritar zein talde eta eragileen partetik jasotakoak” uztartu, sailkatu, antolatu eta batu dituzte, “koherentziaz eta anbizioz”. Irizpide tekniko eta ekonomikoez harago “oreka” hitza ere aipatu zuten, “oreka auzoen eta arloen artean, arnas luzeko ete epe laburrean egin beharreko asmoen artean, eta proiektu txiki eta handien artean”. Arlo ezberdinetako zinegotziek hitza hartu zuten, legealdi hasieran adostu zuten antolaketa berriarren arabera, eta “lurraldea, herritarrak eta antolaketa” izeneko multzoetan sailkatu zituzten proiektu eta egitekoak.

110 neurri egingarri eta neurgarri

Horien artean, adierazgarrienak nabarmentzen joan ziren, hala-nola; kiroldegi berriaren proiektua, doako aholkularitza zerbitzua indarkeria matxistaren biktimentzat eta gizarte-kalteberatasuneko egoeran dauden pertsonentzat, kultur programazioa garatzea udako hilabeteetan Mendikosolo parkean, merkataritza-negozioen erreleboa sustatzeko programa bat diseinatzea eta abian jartzea, tokiko Energia Komunitateen garapena bultzatzea, udalerrian hutsik dauden etxebizitzen diagnostikoa egitea udalak horiek kudeatu ditzan, edo Osasun Zentro berriaren proiektua bultzatzea, besteak beste.

Udal ordezkariek nabarmendu zuten plana ez dela “zerbait itxia”, eta malgutasunez jokatuko dutela, “egunerokotasunean sortuko diren edo herritarrengandik jasotzen ditugun beharrei erantzuteko”.

Bukatzeko, jakinarazi zuten hurrengo asteetan proposamen guztiak jasotzen dituen aldizkaria jasoko dutela herritarrek euren etxeetan.

 

 

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

GEUna Zaintza Sarea ehundu dute Arrigorriagako eragile ezberdinek

Nahi ez den bakardade-egoerak eta udalerriko pertsona askok, batez ere adinekoek, duten sare sozial ezak eragindako kezka partekatuaren ondorioz sortutako proiektu komunitarioa da GEUna

|

GEUna Zaintza Sareko kideak // Arrigorriagako Udala

“Nahi ez den bakardade-egoerak eta udalerriko pertsona askok, batez ere adinekoek, duten sare sozial ezak eragindako kezka partekatuaren ondorioz sortutako proiektu komunitarioa da GEUna”, euren sortzaileen hitzetan. Hilabeteak eman dituzte ideia garatu eta hezurmamitzen, eta ibilbide honetan herriko hainbat eragile batzen dituen Osasun Foroa aritu da buru-belarri,  SSI Taldearen laguntza teknikoarekin eta BBKren finantzaketarekin.

Nabarmendu dutenez, “adinekoen ahalduntzetik abiatuta lan egitea” bilatzen dute, ahulezietan erreparatu eta kateatu beharrean “gizon eta emakumeen indarguneetatik” ekinez. Zentzu horretan, laguntza behar duen pertsona aldi berean beste batzuei laguntza emateko gai izatearen garrantzia nabarmendu dute. Elkatruke hori elikatuz  indartuko da sarea.

Ikuspegi integrala duen proiektua da GEUnarena, nahi ez den bakardade-egoerak antzemateaz eta horietan esku hartzeaz harago prebentzio ikuspegia ere baduelako, eta adinekoek modu aktiboan inplikatzen dituelako, egoera zaurgarrian egon edo ez.

Bidenabar, egitasmo honek arreta berezia jartzen du emakumeenagan. Osasun foroko kideen arabera,  “adinekoen kolektiboaren barruan, haiek dira bereziki nahi ez den bakardadea jasaten dutenak eta euren artean inpaktua handiagoa izan daiteke, mota horretako ekintzetan gehiago parte hartzen baitute”.

Proiektu pilotua, Kubon

Kubo auzoan hasiko dira sarea ehuntzen, lan metodologia zehatz batekin: lehenik eta behin, isolamenduaren aurkako agenteen sare bat sortuko da. Sarearen helburua “sentsibilizazioan, kontzientziazioan eta ezagutzaren eta parte-hartze sozialaren sustapena” izango da. Bestetik, auzoa bera eta bertan dauden eragile zein gizarte sareak subjetu aktibo eta topagune bilakatuko dira.  Denboraren poderioz, xedea eta helburua da beste auzo batuzetara zabaltzea, azkenik udalerri osora hedatuz.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Kiroldegi eta Osasun Zentro berrirako proiektua aurkeztu du Arrigorriagako EAJ-k

Helburua kiroldegi eta Osasun zentro berria eraikitzeaz harago doa, eta etxebizitza publiko eta aparkaleku premiari erantzun nahi dio

|

Marisol Ibarrola, Ainara Saez, Nerea Polo, Alberto Ruiz de Azua eta Gotzon Ajuria zinegotziak

Proposamena “egingarria eta errealista” dela azpimarratu nahi izan du Alberto Ruiz de Azua EAJko bozeramaileak gaur goizean egindako agerraldian, “5 urteko epean garatzeko modukoa”, eta Arrigorriagak dituen beharrei erantzuten diela: “alde batetik Kiroldegi eta Osasun Zentro berri baterako proposamena delako, eta bestetik herrian dagoen etxebizitza publikoen falta eta aparkaleku premiari erantzuten diolako”. 

Hori da Ruiz de Azuak, bere zinegotzi taldearen laguntzaz,  aurkeztu duen proiektuaren ardatza: kiroldegi berriari soilik heldu beharrean, Lonbotik eta Herriko Taberna zaharreraino doan orubean proiektu integral bat garatzea, “ideien lehiaketa baten bidez”.

Gunea berrantolatu beharko litzatekeela aipatu du bozeramaile jeltzaleak, eta aurreikusten duen kiroldegiak zerbitzu guztiak “bateratu” beharko lituzkeela uste du. Hori horrela, onartzear dagoen HAPOan aldaketak eskatuko lituzke euren proposamenak, egungo araudiarekin ezin baita bertan etxebizitzarik eraiki. Modu berean, URA Ur Agentziaren iritziak berebiziko garrantzia izango duela gaineratu du.

Kiroldegia, baina, proiektuaren hanka bat bakarrik da. Beste biak  Osasun Zentro berria eta etxebizitzak dira, aparkaleku berriekin batera. Denak lotuta irudikatzen dituzte, eta Lonboko egungo parking-a leku aproposa dela azpimarratu dute jeltzaleek: ” osasun zentroa eta 40-50 etxebizitza uztartu daitezke eraikin berean, eta galtzen diren aparkalekuak lurpeko aparkaleku baten bitartez orekatu”.

Gotzon Ajuria zinegotziaren hitzetan “Arrigorriagan egun eraikitzea aurreikusten diren etxebizitza guztiak pribatuak dira, eta badakigu etxebizitzen prezioa altua dela. Gure kasuan, eraikiko genituzkeen etxebizitza publiko hauen bidez gazteei irtenbide eta aukera bat emango genieke”.

Finantzaketa modu ezberdinak

Finantzaketari dagokionez, etxebizitzen salmentatik eratorritako gainbalioa aipatu dute. Guztira 100 etxebizitza egitea aurreikusiko lukete, bai publikoak eta bai pribatuak, ” eta hortik, 7-8 milloi euroko irabazia izango genuke”. Ainara Saez zinegotziak gehitu duen lez “Europako finantzaketa ere bilatuko genuke”.

Laburbiltzearren, bozeramaile jeltzalearen arabera proiektu honen aurkezpena EAJren oposizio “eraikitzailearen” eredu da. ” Oposizioan egoteak ez du esan nahi lan egingo ez dugunik. Horrela, gaur goizean batzorde informatiboetan aurkeztu dugu proiektuaren bidez Arrigorriagak benetako itxaropenez begiratu ahal izango dio kiroldegi eta Osasun Zentro berriari” borobildu du Ruiz de Azuak.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

“Iparrorratza” izango den gobernu plana aurkeztuko du Arrigorriagako Udal gobernuak

Ehundik gora neurri jasoko dira, eta ostegunean bertan azalduko dituzten hainbat lehentasun finkatuko dira, hala-nola trantsizio ekologikoa, mugikortasun jasangarria edo tokiko merkataritza, besteak beste

|

2019ko gobernu planaren aurkezpena / Geuria

Arrigorriagako udal gobernuak udatik hona buru-belarri landu duen gobernu plana aurkeztuko du ostegun honetan, azaroak 23, Euskaldunberria aretoan (19:00). 

Udal ordezkariek adierazi duten lez, osatu duten desberdinen arteko gobernuak “eraginkortasuna eta herritarren bizi kalitatea hobetzea” du helburu, eta gizarteratuko duten plana euren jardunaren “iparrorratza” izango da.

Legealdi hasieran barne antolaketari zegozkion hainbat aldaketa egin zituzten, hiru atal ezberdinetan sailkatuz barne jarduna: herritarrak, lurraldea eta antolaketa. Gobernu planak irizpide horiek jarraituko dituen arren, “malgutasunez” jokatu dutela azpimarratu dute, alde batetik irizpide teknikoak kontutan hartuz, eta bestetik talde eta eragile ezberdinengandik jasotako ekarpenak txertatuz.

Ehundik gora neurri jasoko dira, eta ostegunean bertan azalduko dituzten hainbat lehentasun finkatuko dira, hala-nola trantsizio ekologikoa, mugikortasun jasangarria edo tokiko merkataritza, besteak beste.

Osorik irakurri