→Arrigorriaga

Ealain, Perros Kon Asma eta beste hainbat taldeko 35 musikarik joko dute Arrigorriagako Gaztetxeko Bertsio Gauan

Guztira 13 taldetan banatuko dira musikariak, eta bakoitzak hiru kanta ezagunen (edo ez hain ezagunen) bertsioak joko ditu

Perros kon asma taldea, 2019an // Lau Maeya

Arrigorriagako Gaztetxeak 35 musikari inguru batuko ditu larunbat honetan, Soinuarri Musika Elkarteak antolatutako Bertsio Gauan. Ealain, Perros kon asma, Golden Boys eta Arrigorriagako, Ugaoko, Zaratamoko eta eskualdetik kanpoko beste hainbat taldeko kideek joko dute abenduaren 17an, Gaztetxean; guztira 13 taldetan batuko dira, eta bakoitzak hiru kanta ezagunen (edo ez hain ezagunen) bertsioak joko ditu.

Ateak 21:00etan irekiko dituzte (sarrera doakoa izango da), eta hasi baino lehen, Jam session bat (musika inprobisatua) egingo dute jaia girotzeko. Zozketa egin eta gero, taldeak eszenatokira igotzeko ordena erabakiko dute, eta orduan hasiko da zuzeneko musika.

Taldeek oholtzan izango dituzte mikrofonoak, anplifikadoreak, bateria, bi gitarra, eta baxuak, material propiorik eramaten ez badituzte. Izan ere, Bertsio Gaua musikan hasiberriak diren edo eszenatokian inoiz jo ez duten jendeari “aukera emateko” pentsatutako ekimena da, eta herriko taldeak pausoa ematera “motibatzeko” ere baliatuko dute, antolatzaileen hitzetan.

Izena eman duten taldeen artean, hain zuzen, sinergiak egongo direla aurreratu dute. Hiruko, lauko edo bosteko taldeak egongo dira, baina kide batzuk errepikatu egingo dira banden artean, edo normalean jotzen duten taldearekin beharrean, beste batzuekin joko dute. Horrela, hainbat estiloko musika eta nahasketa politak egongo direla esan dute antolatzaileek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak