→Arrigorriaga

Pedro Vallejo: “Arrigorriagan pumptrack pista egin eta umeak bizikletarekin trebatzea da helburua”

Arrigorriagan umeentzako txirrindularitza taldea sortuko du Bizi Eskolak. Azaroan, erakustaldiak egingo dituzte, eta abenduan, ikastaroarekin hasiko dira

// Bizi Eskola

Herrian txirrindularitza eskola sortzeko proiektua denbora luzez aztertzen ibili dira Arrigorriagan. Pedro Vallejok, Santiago Románekin batera Bizi Eskolaren sustatzailea denak, egitasmo propioa martxan jartzearen garrantzia nabarmena dela dio: “Badakigu bizikleta gogoko duten guraso eta ume asko daudela, eta horregatik, inguruko herrietan egin duten bezala, guk ere geure taldea sortu nahi dugu”.

Momentuz, 6-12 urte bitarteko 16 edo 17 haurrek eman dute izena taldean parte hartzeko, baina oraindik zabalik dago inskripziorako epea. Are gehiago, entrenamenduekin hasi baino lehen, hile honetan, erakustaldiak eta elkarretaratzeak egingo dituzte umeekin eta gurasoekin, interesa dutenek bizikleta probatu eta gogoko duten ikus dezaten. “Ideia bizpahiru egunetan hurbildu eta aita-amek ere hau zertan datzan ikustea da; abenduan, denon artean, taldeko kuota finkatu eta orduan hasiko ginateke entrenamenduekin”, azaldu du Vallejok.

Zehazteko badago ere, klaseak astean behin egingo dituzte, ostiralero, 17:00ak eta 19:00ak artean. Lehenengo, Arrigorriagako eskolan hasiko dira probak egiten, eta ondoren, umeak Ugaorantz eta Basaurirantz doan bidegorritik joango dira. Gertu, mountain bike eta kross egiteko espazio bat dago, eta hori ere baliatu nahi dute umeekin ibilbideak eta erronkak egiteko. “Bidegorriaren ondoan erabiltzen ez den gune bat dago, haurrentzako segurua dena” —gehitu du Vallejok— “bertan arrapalak ezarrita, Arrigorriagan pumptrack pista egin eta umeak bizikletarekin trebatzea da helburua”.

Haurrek bizikleta, kaskoa eta eskularruak beharko dituzte parte hartzeko, baina gainontzeko material guztia bertan izango dute. Arrapalekin, saltoekin eta oztopekin zirkuituak prestatuko dizkiete, eta umeek ginkanak egingo dituzte bizikletaren gainean dauzkaten trebetasunak hobetzeko. Horretarako, entrenatzaile baten (Santiago Román) eta Bizi Eskolako bi kideren laguntza izango dute.

Lasterketak eta maillotak

Denbora igaro ahala, umeek maila ona lortzen badute eta lehiaketetan parte hartzeko interesa badute, egitasmoa entrenamenduetatik haratago zabaltzea aztertuko lukete antolatzaileek. “Lezamako, Galdakaoko, Miribillako eta Derioko txirrindularitza eskolekin hitz egin dugu horren inguruan” —zehaztu du Vallejok— “eta hasierako ideia ez bada ere, maillotak eta ekipazioa sortu eta lasterketetan parte hartzea ere planteatu dezakegu”.

Bizi Eskola

Proiektu honekin, batetik, txindularitza eta mugikortasun jasangarria sustatu nahi dute; bestetik, herrian bizi diren migratzaileen lan arloko integrazioa bultzatu. Horretarako, talde berrian, Bizi Eskolan parte hartzen duten migratzaileen laguntza jaso dute.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak