☉ Arrigorriaga
Peio Molinuevo arrigorriagarra Bizkaiko Bertsolari Txapelketako Hego Uribeko ordezkari bakarra izango da
Zapore gazi gozoarekin lotu da Molinuevo eskualdeko ordezkari bakarra dela jakitean: “Arrigorriagako Bertso Eskolan Iker Garitagoitia, Arkaitz Zipitria, Maider Altuna, Aitor Arrutia… bezalako bertsolariak elkartu egiten gara eta pena eman dit kanpoan geratzea”

Udazkenean hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa: irailaren 28an emango diote hasiera txapelketari eta abenduaren 20an izango da finala.
Oraindik hiru hilabete falta diren arren, joan den ekainaren 10ean aurkeztu zuten aurtengo txapelketa Bilbon, Foru Liburutegian. Aurkezpenean izan ziren Belate Olabarria Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakaria, Ione Narbaiza Bizkaiko Bertsozale Elkarteko koordinatzailea, Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatua eta Isaac Amezaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendaria.
Aurten, egitura aldaketarekin dator txapelketa. Izan ere, lehenengo fasean bost saio jokatuko dira, finalaurrekoak buelta bitara jokatuko dira eta, azkenik, finala jokatuko da.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren aurkezpena // Utzitakoa
“Txapelketa bat amaitu eta segidan hasten da hurrengoa antolatzen. Balorazio batzar horietatik etorritako erabakietako bat izan zen egitura aldaketa”, azaldu zuen Ione Narbaiza Bizkaiko Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak.
Aldaketarako arrazoi nagusia finalaurrekoek ondo funtzionatzen dutela da: “Jende asko batzen da eta giro oso polita egoten da”, gehitu zuen Narbaizak.
“Bertsolari horiei saio gehiago ematea eta maila horretako saioak Bizkaiko herri gehiagotara heltzeko aukera polita da”, gaineratu zuen.

Peio Molinuevo // Utzitakoa
Arrigorriagako bertsolaria
Lehenengo fasean 30 bertsolarik kantatuko dute: Udabarria Bertsotan sailkapen fasetik sailkatutako 21 bertsolarik eta 2023an finalaurrekoetan kantatu zuten beste 9 bertsolarik.
Besteak beste, Peio Molinuevo Martin arrigorriagarrak hartuko du parte lehehengo fase horretan. Zehazki, urriaren 12an Getxon jokatuko den saioan hartuko du parte Hego Uribeko ordezkari bakarrak.
“Pena eman dit eskualdeko ordezkari bakarra naizela jakiteak”, azaldu dio GEURIAri Molinuevok. “Arrigorriagako Bertso Eskolan Iker Garitagoitia, Arkaitz Zipitria, Maider Altuna, Aitor Arrutia… bezalako bertsolariak elkartu ohi gara eta ni ordezkari bakarra naizela ikusteak besteak ez direla sartu esan nahi du. Azken batean denok batera egiten dugu ibilbide hau eta denok daukagu bertan sailkatuak izateko ilusio berdina. Pozik nago heldu ahal izan naizelako, baina penaz, besteak kanpoan geratzeagatik. Zapore gazi-gozoarekin lotu naiz”.
Bestalde, Arrigorriagakoak aipatu du erronka handia dela berarentzat Bizkaiko Bertsolari Txapelketan parte hartzea. Udaberriko fasean 10 urte eman ditu izena eman barik: “18 urte nituela hartu nuen parte lehen aldiz eta 10 urte igaro behar izan dira berriro animatu eta izena emateko. Beraz, erronka lehenengo saio horretan izan nuen: neure burua neurtzera joan nintzen, nire burua txapelketako oholtza gainean ikusteko”.
Peio Molinuevo: “18 urte nituela hartu nuen parte lehen aldiz eta 10 urte igaro behar izan dira berriro animatu eta izena emateko”
Lehenengo erronka, beraz bete egin du. Hurrengo faseari dagokionez “helburu argirik ez duela” aitortu du, presioa dagoeneko kendu egin duelako: “Ahalik eta gehien gozatzen eta modu onenean egiten saiatuko naiz, publikoari zerbait eskaintzeko”, izan dira Arrigorriagako bertsolariaren berbak.
Arrigorriagako bertsolariak aurrean izango ditu Aitor Esteban Etxebarria (Otxandio), Ibai Amillategi Ormaetxebarria (Gernika-Lumo), Janire Agirrezabalaga Munduate (Gernika-Lumo), Koldo Muñiz Aldamiz-Etxebarria (Ibarrangelu) eta Mikel Goiriena Larrazabal (Mungia).
Molinuevo da Hego Uribeko ordezkari bakarra, baina txapelketa ere eskualdean bertan jokatuko da. Hain zuzen ere, lehenengo faseko beste saioetako bat Galdakaon jokatuko da.
Peio Molinuevo: “Ahalik eta gehien gozatzen eta modu onenean egiten saiatuko naiz, publikoari zerbait eskaintzeko”
Urriaren 11n izango da Galdakaoko saioa, Torrezabal Kultur Etxean (17:00). Araitz Katarain Mugarza (Mallabia), Asier Galarza Garai (Muxika), Bittor Altube Sarrionandia (Abadiño), Enare Muniategi Etxabe (Gautegiz-Arteaga), Irune Basagoiti Agirre (Ermua) eta Paule Ixiar Loizaga Legarra (Sopela) arituko dira Galdakaoko saioan.
Finalaurrekoak: bi bueltara
Finalaurrekoetako lehenengo bueltara 11 bertsolari sailkatuko dira eta han izango dituzte zain finalaurrekoetara zuzenean pasatu diren 7 bertsolariak: 2023an finalista izan zirenak.
Ondoren, 18 horietatik 12 sailkatuko dira finalaurrekoetako bigarren bueltara. Eta bi bueltetako puntuazioak batuta erabakiko da zeintzuk izango diren finalean kantatuko duten bertsolariak. Finala abenduaren 20an izango da Bilboko Casillan.
Sarrerak, salgai
Saioetako sarrerak dagoeneko salgai daude bertsosarrerak.eus webgunean.
Lehehengo faseko sarreren prezioa da 3 eta 9 euro artekoa, finalaurrekoetakoa 5 eta 12 euro artekoa, eta finala 14 eta 25 euro artekoa.
Oraindik sarrerarik geratuko balitz, egunean bertan txarteldegia zabalduko litzateke: lehenengo fasean 16:30etik aurrera; finalaurrekoetan 16:00etatik aurrera; eta finalean 15:30etik aurrera.
☉ Arrigorriaga
Jardueraz betetako programa prestatu dute azaroan Arrigorriagan, A25eko testuinguruan
Hitzaldiak, tailerrak, Indarkeria matxistaren kontrako martxa eta lore eskaintza bezalako jarduerak prestatu dituzte datozen egunetan

Azaroaren 28ra bitartean jardueraz betetako programa antolatu dute Arrigorriagan, Emakumeen Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren testuinguruan.
Jarduerak Arrigorriagako Udalak eta Lamiaena emakumeen etxeak antolatu dituzte herrigunean: hitzaldiak, tailerrak, Indarkeria matxistaren kontrako martxa eta lore eskaintza, A-25eko elkarretaratzea, Garrasidromoa, argazki erakusketa…
Egitaraua | A-25a Arrigorriagan
Azaroak 10, asteazkena
17:00 Indarkeria matxistaren aurkako erakusketa (Carolina Zuluaga), Lamiaena.
Inaugurazioa, azaroaren 12an, 18:00etan
Azaroak 11, astelehena
18:30 Zineforuma: La Virgen Roja
Azaroak 18, asteartea
18:00 Solasaldia: Emakumeak eta arrisku kardiobaskularra, Lamiaena
Azaroak 21, ostirala
Mural ibiltaria: ‘Elkarrekin isiltasuna hausten dugu’
Azaroak 23, igandea
12:00 Indarkeria matxistaren kontrako martxa eta lore eskaintza, udaletxetik hasita
Azaroak 25, asteartea
19:30 Elkarretaratzea, udaletxeko plaza
20:00 Garrasidromoa: “Oihukatu indarkeria matxistaren aurka!”
Panel informatiboa: 2010-2015 bitartean eraildako emakumeak
Azaroak 26, asteazkena
18:00 Tailerrak: Erresistentziaren Ahotsak “Eta zure ahotsa irudietan kontatu ahal izango balitz?”
Azaroak 27, osteguna
18:00 Solasaldia: ‘Indarkeria matxista eta negazionismoa: erantzun feminista eta juridikoak atzerapausu legalen aurrean’, Lamiaena
Abenduak 12 – urtarrilak 30
17:00 Argazki-erakusketa: ‘Irregulartasuna indarkeri anizkoitza eta desentralizatua da’, Lamiaena
Inaugurazioa: abenduak 12, 17:30
☉ Arrigorriaga
Bazkaria, kontzertuak eta mendi martxa antolatu dituzte Arrigorriagako Gaztetxearen urteurrenean
Azaroaren 29an antolatu dute urteurrena eta egun osoan zehar jarduerak antolatu dituzte Gaztetxean eta inguruetan

Arrigorriagako Gaztetxearen zortzigarren urteurrena ospatuko dute azaroaren 29an, eta hainbat jarduera antolatu dituzte egunean zehar.
Lehen jarduera mendi martxa izango da. Urteurren guztietan lez, asmoa igoera Artandara egitea da, “baina euria egitekotan bertan behera geratuko da jarduera”, azaldu dute Gaztetxetik.
Mendi martxaz gainera bazkaria eta bazkaloste musikatua antolatu dute Gaztetxean ‘Bost axola potxola’rekin. Bazkaltzeko prezioa 13 eurokoa izango da.
Arrasti aldera Joseto ta Alayak-en elektrotxaranga egingo dute herrian zehar eta gaualdean Gaztetxeko kontzertuei paso emango diete Niere, Tobogan eta Beranduegi Erromeriarekin.
Egitaraua | Arrigorriagako Gaztetxearen VIII. urteurrena
Azaroak 29, larunbata
10:00 Mendi martxa Artandara
15:00 Bazkaria + bazkaloste ‘Bost axola potxola’ taldearekin Gaztetxea
18:00 Elektrotxaranga: Joseto ta Alayak
22:00 Kontzertuak: Niere + Tobogan + Beranduegi Erromeria
☉ Arrigorriaga
Argazkiak / Enriqueta Hortalak badu bere kalea eta herritarren merezitako omenaldia Arrigorriagan
Musikak protagonismo berezia izan du Artizarra eskolaren eta Hortalak bere garaian sortutako abesbatzaren eskutik, eta hunkigarria izan da oso bertara hurbildu direnentzat.

Eguraldia lagun izan ez arren, asko izan dira gaur goizean Enriqueta Hortala kalera hurbildu diren arrigorriagarrak. Gaurtik aurretik izen berri hori ere presente egongo baita herriko kale izendegian.
Ekitaldian, antolatzaileek nabarmendu dute “musikaren munduan herrian erreferente izan zen emakumeari” eskaini zaiola kalea, “besteak beste emakumezkoen abesbatzaren sortzaile izan zelako”.
Musikak protagonismo berezia izan du Artizarra eskolaren eta Hortalak bere garaian sortutako abesbatzaren eskutik, eta hunkigarria izan da oso bertaratu direnentzat.






















☉ Arrigorriaga
Kale izendegiari beste emakume izen bat gehituko diote Arrigorriagan larunbat honetan: Enriqueta Hortala
Joana Etxeberria, Politika Feministetako zinegotziak aurreratu du urtea bukatu baino lehen Maruja Torres izena jarriko diotela Montefuerteko futbol zelaiari

2021ean Kultur Etxe berriari Edurne Garitazelaia izena emanda hasitako bideari (2023an Teodosia Ortega parkearen txanda heldu zen) jarraipena emango dio Arrigorriagako Udalak larunbat honetan, Kultur Etxe atzeko kaleari Enriqueta Hortala Cimiano izena emanez. Helburua, udal ordezkariek azaldutakoaren arabera, “emakumeei espazio publikoan euren tokia ematea da”.
Helburu hori aurreko legealdian finkatu zuten Arrigorriagan: “izen hauek guztiak bere momentuan Berdintasun Kontseilutik abiarazi genuen prozesu parte hartzailean aipatuenak izan ziren. Horien arten Enriqueta Hortalarena izan zen boto gehien jaso zuenetariko bat” gogorarazi du Etxeberriak.
Zergatik, baina, aitortza hau Hortalari? “Artista polifazetikoa izan zen Hortala, betiere musika munduari lotutakoa. Pianojolea izateaz harago, irakaslea ere bazen, eta egun Albaraka izena duen abesbatzaren sortzailea ere izan zen”.
Bere hitzartzeari amaiera emateko, Etxeberriak aurreratu du urtea bukatu baino lehen Maruja Torres izena jarriko diotela Montefuerteko futbol zelaiari: “Azken finean, emakume hauek ekarpen handia egin diote gure kulturari, kirolari, euskarari eta bizitzaren sostenguari”.
Maite Ibarra alkateak, bere aldetik, “gure herriaren historian ekarpen funtsezkoa egin zuen emakumea” izan zela nabarmendu du.
Bukatzeko, Lourdes Perosanz Berdintasun teknikariak larunbateko ekitaldiaren xehetasunak eman ditu, eta herritarren parte hartzea funtsezkoa dela nabarmendu du.
12:00etan hasiko da omenaldia, eta bertan parte hartuko dute Aritzberri Dantza Taldeak, Artizarra Musika Eskolak, eta Hortalak sortutako abesbatzaren oinordekoa den Albaraka taldeak, hurrenez hurren. Bukatzeko mokadutxoa egingo dute Azokea aretoan.
☉ Arrigorriaga
Argazkiak | Sorginek eta mamuek Arrigorriagako Gau Beltza hartu dute etxeko txikiekin
Udaletxeko arkupeetan Euskal sorginen inguruko tailer sentsoriala antolatu dute Arritxikerrak dinamikako kideek

Heldu da urriaren azken eguna eta horrekin… Gau Beltza. Azken urteetan ikusi denez, Hego Uribeko udalerri askotan antzinako tradizio hau berreskuratzen joan dira herritarrak eta Arrigorriagan ez dira gutxiago izan.
Izan ere, Arrigorriagako Gau Beltza etxeko txikientzat eta gazteentzat prestatu dute Arritxikerrak dinamikako kideek 17:30ean. Udaletxeko arkupeetan Euskal sorginen inguruko tailer sentsoriala antolatu dute, sorginen txano eta sendabelarren artean. Ondoan, kalabazak apaintzeko eta aurpegiak margotzeko eta eskulan-tailerra prestatu dute.
Orduek aurrera egin ahala, herritarrak udaletxeko plazara hurbiltzen hasi dira, askotariko mozorroekin jantzita eta jolas eta koreografiak egin dituzte bertan. Amaitzean kalejira antolatu dute herriko kaleetan barrena.








































































