→Arrigorriaga

Arrigorriagarrek bozkatu egin dezakete etorkizuneko mugikortasun eredua nolakoa izango den aukeratzeko

Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plan (PMUS) berria garatzeko, informazio guztia duen webgune propioa eta ekarpenak biltzeko gunea zabaldu dituzte

Autobus bat arrigorriagan // Geuria

Mugikortasun eredua aldatu eta herritarrentzako irisgarriagoa eta jasangarriagoa egiteko, Arrigorriagako Udalak duela bi hilabete hasi zuen Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plan (PMUS) berria garatzeko prozesua. Informazio guztia herritarrei hurbiltzeko, webgune propioa sortu dute orain, eta auzotarrei inkesta egingo diete Arrigorriagan ikusten dituzten beharrizanei buruz galdetzeko eta etorkizunean egingo diren jarduketak planteatzeko.

Galdeketan adinaren, generoaren eta desplazamendu ohituren arabera aztertuko dituzte egindako ekarpenak. Arrigorriagarrek egunerokoan erabiltzen dituzten garraiobideei buruz galdegingo diete, baita ibilgailu bakoitza erabiltzeko dituzten erraztasunez eta zailtasunez ere. Herrian autoa erabiliz gero, aparkatzeko dituzten beharrizanei lotutako alderdiak aztertuko dituzte, eta garraio publikoa erabiltzen dutenei, hau hartzeko ohiturez galdetuko diete.

Oinezkoen eta txirrindularien kasuan, beren-beregi, herrian dauden bideen erabilerraztasuna izango da hizpide. Era berean, Arrigorriagan bizikletarekin edota ibiliz doazen herritarrek hartzen dituzten ibilbideen segurtasunaz galdetuko dute.

Inkesta itxian eman daitezkeen balorazioez eta iritziez gain, Udalak ekarpenak egiteko orri berezia zabaldu du sarean. Bertan, librea izango da egin nahi diren proposamen guztiak egitea, txostena erredaktatu baino lehen.

Ikerketa sakona

Lortutako emaitzekin, “hiriko bizitzaren kalitatea hobetzeko” balioko duen plana erredaktatuko dutela adierazi du Maite Ibarra alkateak. Horretarako, ezinbestekoa da herritar guztien ekarpenak jasotzea, eta iritzia ematera animatu ditu Ibarrak arrigorriagar guztiak.

Momentuz, informazio bilketa eta diagnostiko fasean dago plana. Urrian, Aie multicriteri-mcrit enpresa egoera in situ ebaluatzen hasi zen Arrigorriagako kaleetan, eta lortutako emaitzak udal ordezkariekin eta hirigintza-arloko teknikariekin partekatzeko eta aztertzeko bilerak egin zituen.

Arrigorriagako garraiobideen eredua aldatzeko Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plana prestatzen ari dira

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak