Sareak

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Clown eta Pailazoen jaialdiak Euskal Herriko sei konpainia ekarriko ditu aurten

Maiatzaren 10etik 12ra antolatu dute 29. edizioa Arrigorriagako erdigunean eta Abusun, eta emakumearen presentzia nabarmendu dute jaialditik

|

Jaialdiko ordezkariak, Bilbon // Geuria

Maiatzaren 10etik 12ra antolatu dute Arrigorriagako Clown eta Pailazoen Nazioarteko XXIX. Jaialdia eta aurten berritasunez beteta dator. Horrela azaldu dute Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak, Iratxe Rubio Arrigorriagako Kultura zinegotziak, Eider Txarterina Kultura teknikariak eta jaialdiaren zuzendaria Sonia Cámarak gaur goizean Bilbon eskainitako prentsaurrekoan.

“Arrigorriagako Clown eta Pailazoen Nazioarteko Jaialdia Arrigorriagako eta Bizkaiko agenda kulturalean ezinbesteko hitzordua izatea lortu dugu urteetan zehar denok egindako lanari esker”, izan dira Maite Ibarraren berbak. “Anbizioz goaz aurrera, urtero gauza berriak proposatuz, eskaintzak zabalduz edo euskara eta berdintasunagatik apustu eginez”.

Maite Ibarra: “Anbizioz goaz aurrera, urtero gauza berriak proposatuz, eskaintzak zabalduz edo euskara eta berdintasunagatik apustu eginez”

Genero berdintasunak garrantzi berezia izango duela gehitu du Ibarrak: “Emakume artistak nabarmenduko ditugu aurtengo jaialdian”. Horrez gainera euskal konpainien presentzia goraipatu du Arrigorriagako alkateak. Izan ere, aurten 13 konpainia hurbilduko dira Arrigorriagara eta horietatik sei Euskal Herrikoak izango dira, udal ordezkariek azaldu moduan:  Zero H, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, DAB Dantza Konpainia, Xabi Larrea, Zirkozaurre eta Ganso & Cía.

Harreman ikuskizuneko Zirkozaurre konpainiako artista // Geuria

Herrigunean eta inguruetan

Gainontzeko konpainiei dagokienez, Norbegia-Argentina, Polonia, Frantzia, Katalunia, Alakant, Madril, Granada eta Castelló ikuskizunak, dantzak, magia saioak, zirkuak eta musikak  izango dira Lanbarketan, Arrigorriagako udaletxeko plazan, PP2 pistetan, Pergolan, Ollargango plaza estalian, San Antonioko frontoian eta Abusun.

“Arrigorriagako Clown eta Pailazoen Jaialdia Bizkaiko Foru Aldundiarentzat egutegian gorriz markatutako hitzordua da”, azaldu du Begoña Ibarra Foru Aldundiko Kultura zuzendariak: “Munduari zabalik dagoen talentudun Bizkaia nahi dugu, kulturalki anitza eta ezaugarri horiek biltzen ditu Arrigorriagako jaialdiak, hain zuzen ere”.

1995ean jaiotako jaialdiak, Magia, pailazo eta kale artearen jardunaldiak izenekoak, formatua eta programazioa zabaldu eta berritu ditu 29 urte hauetan: erakusketak, profesional eta zaleentzako clown ikastaroak, eduki pedagogiko nabarmena duten eskolarako jarduerak, ospitaleetan dauden haurrentzako saioak, etab.

Jaialdiko ordezkariak, ‘Itsasoa. Artea zaborrez egina’ erakusketako egileekin // Geuria

Zaborretik artelanera

29. edizio hau erakusketa berezi batez hasiko dute: Maiatzaren 2tik 12ra Itsasoa. Artea zaborrez egina izeneko erakusketa egingo du Iñaki Aguinagak (Lutxana-Erandio, 1972), Hortzmuga konpainiaren bidez, udaletxeko Euskaldun Berria gelan. Diziplina anitzeko artistaren lehen erakusketa monografikoa izango da Iñakirena, Euskadiko erakusketa-galeria publiko baten eginikoa.

Proiektua Barrikako hondartzan jasotako zaborrarekin sortutako 20 artelanek (maskarak, eskulturak, pertsonaia magikoak… besteak beste) osatzen dute. Erakusketa astelehenetik larunbatera ikusgai egongo da 18:00etatik 20:00ak arte. Igandeetan 12:00etatik 14:00ak arteko ordutegia izango du.

Zirkozaurreko artista bat, gaur goizeko prentsaurrekoan // Geuria

Programa | Arrigorriagako Clown eta Pailazoen Nazioarteko XXIX. Jaialdia

Maiatzak 10, ostirala
17:30 Slackline, Abusu
18:00 Sweet Home on Wheels, Ollargango plaza estalia
18:00 Bajo Zero, udaletxeko plaza
19:00 Into the Wild, udaletxeko plaza
19:00 Slackline, Abusu
20:00 La Calle es Nuestra, ikuskizun ibiltaria

Maiatzak 11, larunbata
12:30 Ez Gara Jaitsiko (Pirritx, Porrotx eta Marimotots), kantxa urdina
18:00 Noeud, Pergola
19:00 Oyun, udaletxeko plaza
20:00 Sweet Home on Wheels, udaletxeko plaza
21:15 Abandónate Mucho, Lonbo aretoa

Maiatzak 12, igandea
12:00 Up, San Antonio frontoia
12:30 Slackline, Gaztegunea
13:15 Harreman, udaletxeko plaza
14:00 Slackline, Gaztegunea
18:00 Welcome & Sorry, udaletxeko plaza
19:00 Desequilibrio Temporal, udaletxeko plaza
20:30 Ambulant, Kiroldegiko frontoia

“Gure Zirkua” Hego Uribera etorriko da lehen aldiz, Arrigorriagan zortzi saio eskainiz

☉ Arrigorriaga

Argazkiak / Clown eta Pailazoen Nazioarteko jaialdiaren bigarren egunak algara eta hausnarketa uztartu ditu

Porrotx, Marimotots  eta euren lagun guztiak “Ez gara jaitsiko” izeneko ikuskizunarekin ibili dira goizean, eta Oyun malabarista berritzailea arratsaldean

|

Porrotx umeen aurrean / Geuria

Clown eta Pailazoen Nazioarteko XXIX. Jaialdiak Arrigorriagako kaleak bete ditu beste urtebetez. Bigarren egun honetan, Porrotx, Marimotots  eta euren lagun guztiak “Ez gara jaitsiko” izeneko ikuskizunarekin  heldu dira kantxa urdinera.

Abentura berri honen abiapuntua honako hau da: “Marimotots zuhaitz baten adaburura igo da, han goitik lurra hobeto ikusteko. Pirritxek eta Porrotxek atzetik jarraituko diote. Eta zuhaitzez zuhaitz eta adarrez adar, espero gabeko lekuetara helduko dira”.

Lurra zaintzearen eta maitatzearen beharra, munduko toki ezberdinetan joan etorria… planeta puntarik punta ezagutzeko aukera paregabea izan da!

Arratsaldean, aldiz, eta eguraldiak behartuta, kantxa urdinean egin dira ikuskizun guztiak, eta Oyun izenekoan egon da GEURIA. Bere sortzaileek adierazi dutenaren arabera, “Oyun izeneko lanean (turkiarrez jokoa), dena eltzeen eta eguneroko beste elementu batzuen inguruan dabil, eta, orekan dagoen tresna bat eraikitzen doan heinean, malabaristak espazioa sortzen du, airea marrazten du eta, batez ere, grabitateari aurre egiten dio”.

EZ GARA JAITSIKO – PORROTX ETA MARIMOTOTS

OYUN

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Zabaldu dute Arrigorriagako bidegorria hobetu eta birmoldatzeko eskaintzak aurkezteko epea

Hobekuntzez gain, Arrigorriagaren bidegorri hau Bizkaiko Foru Aldundiaren Bidegorriarekin lotzea aurreikusten du proiektuak, Ugaora bidean

|

Bidegorria, Martiartun // Geuria

“Arrigorriagako Udalak udal bidegorria hobetu eta birmoldatzeko eta Bizkaiko Foru Aldundiaren bidegorriarekin lotzeko proiektua burutuko du”, hori esanez zabaldu dute Arrigorriagako Udaletik udalerriko bidegorria hobetu eta birmoldatzeko eskaintzak aurkezteko epea, eta enpresek maiatzaren 27ra arte aurkeztu ahal dituzte proposamenak.

Herrigunetik igaro den bidegorri hainbat zatik hobekuntzak behar dituztela kexatu dira auzotarrak. Udal ordezkarien arabera konponketa horiek “zehazki, Basauriko bidegorriarekiko loturatik Ugertza parkean dagoen eta Martiartu auzora doan zubiaz bestalderaino” egingo dituzte.

Arrigorriagak 366.696 euro bideratuko ditu proiektu honetara Herriak Egiten funtsen bidez emandako transferentziak aprobetxatuz eta jarduketen artean bizikletentzako eta oinezkoentzako bide bereiziak eraikitzea, seinale bertikalak eta horizontalak jartzea, barandak jartzea eta zoladura-lanak egitea aurreikusi dute Udaletik.

Martiarturantz doan bidegorri zatia, Ugao noranzkoan // Geuria

Ugaorantz zabalduz

2022an Arrigorriagako erdigunea Martiartu industrialgunearekin lotzen duen bidegorri zatia inauguratu zuten. Horrela, Arrigorriaga eta Ugao lotzeko lehen urratsa eman zuten. Proiektu honen helburu nagusia industrialdeetarako mugikortasun-alternatiba bidea sortzea dela azpimarratu dute (aisialdirako alternatiba izateaz gainera), baina ez hori bakarrik: gainera, proiektuak aurreikusten du Udalaren bidegorri hau Bizkaiko Foru Aldundiaren Bidegorriarekin lotzea, Ugaorantz.

Proiektuak aurreikusten du Udalaren bidegorri hau Bizkaiko Foru Aldundiaren Bidegorriarekin lotzea, Ugaorantz

“Gure helburua mugikortasun jasangarria indartzen jarraitzea da”, azaldu du David Cidre Hirigintza, Auzoak eta Etxebizitzako ziengotziak.”Proiektu honen bidez, oinezkoen eta bizikleta bidezko mugikortasuna sustatzea eta bideragarri eta seguru bihurtzea da helburua”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Bertsolaritzako eskolarteko eta taldekakoen finalak jokatuko dituzte Arrigorriagan

Final handia maiatzaren 25ean antolatu dute Arrigorriagako Elizondo tabernan

|

Bizkaiko bat-bateko eskolarteko txapelketaren hasiera, Getxon // Bizkaiko Bertsozale Elkartea

Maiatzaren 25ean Oinak buruan eskolartekoaren eta Bizkaiko taldekakoen finalak antolatu dituzte Arrigorriagan Bizkaiko Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen elkarteak, Eusko Jaurlaritza, Elkar eta Arrigorriagako Udalaren babesarekin.

10:00etatik 22:00ak arte prestatu dituzte finalaurreko eta final guztiak. “Arratsaldean zehar hiru taldez osatutako hiru finalaurreko jokatuko dira, eta saio bakoitzeko irabazlea gauean jokatuko den finalera sailkatuko da”, azaldu dute Bizkaiko Bertsozale Elkartetik.

Bazkaria ere egingo dute eta bertan parte hartu nahi dutenek esteka honen bidez eskuratu ahalko ditu txartelak.

Programa | Finalak 2024

Maiatzak 25, larunbata

10:00 Bizkaiko eskolarteko idatzizko finala
11:30 Bizkaiko eskolarteko bat-bateko finala
14:30 Bazkaria
16:00 1. Finalaurrekoa, Arrigorriagako eskola
17:30 2. Finalaurrekoa, kalean
19:00 3. Finalaurrekoa, kalean
22:00 Finala, Elizondo jatetxea

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Nerea Lupardo arrigorriagarrak Euskalduna jauregiko zuzendari izateari utziko dio

Arrigorriagarraren Kargu-uztea datorren astean iragarriko dute administrazio batzordean

|

Nerea Lupardo eta Euskalduna jauregia // euskaldunabilbao.com eta disfrutabizkaia.com

Lau urteko zuzendaritza lanak eta iazko jarduera ekonomikoan diru-sarreren marka hautsi ostean (zortzi milioi euroko diru-sarrerak eta 100etik gorako eragin ekonomikoa lurralde osoan), Nerea Lupardo Atutxa arrigorriagarrak Bilboko Euskalduna jauregiko zuzendaria izateari utziko dio datorren astean. Kargu-uztea datorren astean iragarriko dute admninistrazio batzordean.

Euskaldunako karguari heldu baino lehen, Lupardo Euskaltel enpresako Erakundeekiko harremanetarako zuzendaria izan zen 22 urtez (1997-2019), Arrigorriagako EAJko zinegotzia eta baita Bizkaiko legebiltzarkidea ere (1994-1996). 2021ean Bilboko Euskalduna jauregiko zuzendari kargurako hautatu zuten, gaur egun EiTBko zuzendari orokorra den Andoni Aldekoa ordezkatuz (2017-2020). Aldekoaren aurretik Jon Ortuzar izan zen jauregiko zuzendaria (1999-2017). Koronabirusak eragindako garaiak ziren Lupardok kargu berria hasi zuenean eta egoera horri aurre egin zion arrigorriagarrak zuzendari berri lez.

Lupardoren ondorengoen hautagaien artean Iñigo Iturrate EAJko parlamentaria dago, hiru hamarkada kargu publikoetan lan egiten egon ostean, Bizkaiko Batzar Nagusietan, besteak beste. Zuzendari berriaren izena Nerea Lupardoren kargu-uztea iragarriko duten ekitaldi berean emango dute jakitera.

Nerea Arrigorriagan jaio zen 1968an eta Zuzenbidean lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean. Bere ibilbide profesionala Euskaltel enpresarekin lotuta egon da, baina IZAITEko (Iraunkortasunaren aldeko Euskal Enpresen Elkartea) presidente ere izandakoa da (2014-2019), baita Kursaal Eszenako presidentea ere (2001-2019), erakunde eta entitate pribatuekin txandakatuta betiere.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Ilargikoak motozaleek 10. urteurrena ospatuko dute Ollarganen, larunbatean

Bazkaria, moto-jolasak, ibilbidea eta kontzertuak antolatu dituzte maiatzaren 11n, Ollarganen

|

Motozale bat // Jon Goikouria Larrabeiti

Maiatzaren 11n, eskualdeko motozaleek hitzordua dute Ollarganeko parkean, Abusuko Ilargikoak motozaleek 10. urteurrena ospatuko dutelako bertan. 10:00etatik 20:30ak arte jardueraz betetako programa izango dute 10:00etatik aurrera. Prestatutako jarduera guztien artean 11:00etan hasiko den moto ibilbidea ageri da.

Jardueran parte hartzeko prezioa 15 eurokoa da. Horren truke ongi etorri-kafea, bazkaria, oparia eta zozketa batean parte hartzeko txartela izango du motozale bakoitzak.

Programa | Ilargikoak X. urteurrena

Maiatzak 11, larunbata

10:00 Izen emateak zabalik.
11:00 Moto ibilbidearen hasiera Ollargan parkea
14:00 Moto ibilbidearen amaiera, Ollargan parkea
15:00 Parte-hartzaileen bazkaria
16:30 Kontzertua: Hambre
17:30 Moto jolasak
18:30 Musika saioa: Freyky DJ
20:00 Parte-hartzaileentzako zozketa
20:30 Musika saioa: Freyky DJ

Osorik irakurri