Sareak

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako EAJk gobernu taldearen osasun zentro eta kiroldegi berriaren proiektuak kritikatu ditu

Oposizioaren arabera, gobernu taldeak “promesa huts asko egin ditu, komunikatzen dituzten planteamenduetako batek ere ez duelako ez bideragarritasun-proiekturik ez finantzaketa-planik atzean”

|

Arrigorriagako herritar bat, gaur egungo osasun zentroaren aurrean // Geuria

Alberto Ruiz de Azua Arrigorriagako EAJko bozeramaileak gobernu taldeak osasun zentroarentzat eta kiroldegi berriarentzat dituen proiektuak “promesa huts” moduan definitu ditu: ” komunikatzen dituzten planteamenduetako batek ere ez duelako ez bideragarritasun-proiekturik ez finantzaketa-planik atzean”, izan dira jeltzalearen berbak. “Eta hori guztia prozesu parte-hartzaileen amaierarik gabeko batekin ondu da, erabakiak hartzeko gaitasunik ez dutela estali nahian”.

Arrigorriagako osasun zentro berriarei dagokionez, oposiziotik osasun zentro berri baten beharra berretsi dute, baina aldi berean gobernu taldearen “negoziatzeko borondate eza” salatu dute ere: “Gainera, publikoki aipatu zuten proiektua URArekin eta Osakidetzarekin partekatu zutela. Kontuz: gauza bat partekatzea da, eta beste bat, oso desberdina, adostu izana eta aldeko txostena izatea”, nabarmendu du Azuak.

Osasun zentro berriaren kokalekuari dagokionez, oposizioak udal gobernuak aukeratutako lursailaren “desegokitasuna” aipatu du: “2023ko ekainaren 18an ikusi genuen nola urak gainez eginten zuela osasun-zentro berria planteatzen duten lursailean”.

Horrekin batera eraikin berria lursail horretan egin beharko liratekeen aldaketak gehitu dituzte jeltzaleek: “Tamaina handiko zuhaitzak moztu beharko lirateke, dozenaka urte daramatzatenak. Inkongruentea da herri-administrazio guztiek hiriguneetan berdeguneak sortzeko lan egitea eta Arrigorriagako gobernu-taldeak herrian geratzen den birika berde bakarrenetako batean eraikitzea planteatzea”.

Alberto Ruiz de Azua: “Inkongruentea da herri-administrazio guztiek hiriguneetan berdeguneak sortzeko lan egitea eta Arrigorriagako gobernu-taldeak herrian geratzen den birika berde bakarrenetako batean eraikitzea planteatzea”

Kiroldegi berriari dagokionez, joan den legegintzaldian prozesu parte-hartzailea martxan ipini zuen EH Bilduk proiektua garatzeko: “20 milioi euroko oinarrizko diseinua sortu zuten. Badakigu Eusko Jaurlaritzarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin bildu ondoren konturatu direla beren planteamenduarekin ezin izango dituztela 12 milioi inguru izan. Berriz hasi behar dira eta guztion artean lana egitea nahi dute. Gure erantzuna ezetz izango da”.

Proposamena, erdigunean

Joan den urtarrila amaieran Arrigorriagako udal gobernuak osasun zentro berriaren proposamenaren berri eman zuen, GEURIAn azaldu bezalaxe. Gaur egungo eraikinaren egoera “txarra” salatu dute herritarrek azken urteetan: “Aspalditik datorren kontua da hau”, azaldu dio Jon Txarroaldek GEURIAri. “Azken urteetan okerrera egin duela uste dut. Gainera, zerbitzuei begira justu gelditu da eta egoera horren aurrean Osakidetzak berriro planteatu behar du osasun zentro bati begira arrigorriagarrok zer nolako zerbitzuak behar ditugun gure herrian”.

Osasun zentro berria lursail honetan proposatu du gobernu taldeak // Geuria

GEURIA Maite Ibarra herriko alkateagaz elkartu zen urtarrila amaieran, osasun zentroaren alboan: “Argi eta garbi, urteak dira Arrigorriagak osasun zentro berria behar duela”, aitortu zuen Ibarrak. “Aspalditik gaude Osakidetzarekin elkarlanean proiektu honekin: eskualdeko arduradunekin eta baita oposizioarekin ere kontrastea egin dugu eta orain Eusko Jaurlaritzako arduradunekin bilera izango dugu laster, gure proposamena aurkezteko”.

Maite Ibarra: “Aspalditik gaude Osakidetzarekin elkarlanean proiektu honekin: eskualdeko arduradunekin eta baita oposizioarekin ere kontrastea egin dugu eta orain Eusko Jaurlaritzako arduradunekin bilera izango dugu laster”

Udaleko teknikariekin hainbat aukera aztertu eta zenbait irizpide kontuan hartu ostean, udal gobernuaren proposamen hori gaur egungo osasun zentroaren alboan dagoen lursail zati bat Osakidetzari lagatzean datza: Frontoitik Teodosia Ortega parkea hasi baino lehen dagoen eszenatokidun lursail hori, hain zuzen ere. “Lurzoru hau proposamen bat besterik ez da”, argitu zuen Maitek. “Hala ere, argi eta garbi esan behar da azken hitza Osakidetzarena izango dela, berak eskatu baitio udal gobernuari udal lurzoru hori. Guk geure lanak bete ditugu”. Hori horrela, gobernu-taldearen proiektua litzateke hutsik geratuko litzatekeen eraikinean (egungo osasun-zentroa) etxebizitza-jarduketa bat garatzea

“Azken hitza Osakidetzarena izango da, berak eskatu baitio udal gobernuari udal lurzoru hori. Guk geure lanak bete ditugu”

Herriko alkateak esan du aukera “oso ona” dela honako hau erdigunean kokatuta dagoelako eta irisgarritasun onekoa delako, besteak beste. Udal gobernuak URA agentziarekin aztertu du eremu hau eta Ibarraren hitzetan “printzipioz ez dago arazorik”.

Iazko maiatza hasieran HAPOn sartu zuen gobernu taldeak osasun zentro berriaren proiektua eta laster onarpena emango zaiola aurreratu du Arrigorriagako alkateak.

 

☉ Arrigorriaga

Doako edoskitze tailerra antolatu du Arrigorriagan Altzoan Zaintza Sareak

Tailerra interesa duten emakume guztientzat antolatu dute otsailaren 12an, 17:00etan eta aurretiko esperientziarik ez dela behar nabarmendu dute Altzoanetik

|

Emakume bat, haur batekin // Ana Curcan, Unsplash

Altzoan Zaintza Sareak, Ene Amatxorekin elkarlanean eta Arrigorriagako Udalaren zein Rural Kutxaren babesarekin doako edoskitze tailerra antolatu du Lamiaena emakumeen etxean.

Tailerra interesa duten emakume guztientzat antolatu dute otsailaren 12an, 17:00etan eta aurretiko esperientziarik ez dela behar nabarmendu dute Altzoanetik.

“Edoskitzea elikadura baino askoz gehiago da: lotura, informazioa, erabakiak eta laguntza ere bai”, iragarri dute Altzoan Zaintza Saretik. “Horregatik, edoskitze tailer honetara gonbidatzen zaitugu, interesa duten pertsona guztientzat irekia: haurdun egon edo ez, edoskitze prozesuan ari direnak, etorkizunean ama edo aita izan nahi dutenak, edo, besterik gabe, jakintza handitu eta lagundu nahi dutenak”.

Gune segurua, errespetuzkoa eta inklusiboa izango da, errealitate eta ibilbide ezberdinetatik hitz egiteko eta zalantzak partekatzeko. “Zure zain gaude!”.

Izena emateko Instagram bidez idatzi ahal dute interesdunek edota 660 202 438 telefono zenbakira Whatsappa bidali (Eneritz @eneamatxo)

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Garrikoko kirolariek 21 domina eskuratu dituzte Euskadiko Teknika Txapelketan

Urrezko zortzi domina, zilarrezko beste zortzi eta brontzezko bost eskuratu dituzte joan den asteburuan, Bilbon

|

Garrikoko kirolariak // Garriko Taekwondo Taldea

Joan den asteburuan Taekwondoko Euskadiko Teknika Txapelketa antolatu zuten Bilboko Miribilla pilotalekuan eta bertan izan ziren Arrigorriagako Garriko Taekwondoko kirolariak.

Guztira 21 domina eskuratu zituzten: urrezko zortzi, zilarrezko beste zortzi eta brontzezko bost.

Hauek izan ziren domina horiek eskuratu zituzten borrokalariak, kategoria bakoitzeko:

Emakumezkoen hirukotea, Bilbon // Garriko Taewkondo taldea

Kadeteak emakumezkoak
– Lur guerra urrea

Kadete mutilak
– Izei Intxaurraga: urrea

Kadeteak A emakumezkoak
– Aiara Alves: zilarra
– Leire Perea: brontzea

Kadeteak A mutilak
– Julen Fernandez: zilarra
– Iago Garcia: brontzea

Bikote kadetea
– Iago Lur: urrea
– Julen Aiara: zilarra
– Izei Leire: brontzea

Junior emakumezkoak
– Laura Ferreira: urrea
– Irati Amador: zilarra

Junior mutilak
– Iñigo Pereira: urrea
– Haritz Amador: zilarra

Senior emakumezkoak
– Itxaso Hernandez: urrea
– Irati Velada: zilarra
– Ariane Martinez: brontzea
– Izaskun Velez 6
– Elaia Garcia 7
– Andrea Barona 8
– Nahia Agirre 9

Hirukote emakumezkoak
– Itxaso, Ariane, Irati: urrea
– Nahia, Izaskun, Elaia: zilarra

Senior gizonezkoak
– Javier Rodriguez 4

Bikote Junior
– Laura Ferreira Iñigo Pereira: urrea
– Irati Amador Haritz Amador: brontzea

Bikote Senior
– Andrea Barona Javier Rodriguez: zilarra

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Bideoa | 824 partaide eta txakurkros proba luzeagoa eskainiko du Arrigorriagako Ausartak Mendi Lasterketaren zazpigarren edizioak

Asteburu honetan 583 gizonek (% 70) eta 241 emakumek (% 30) hartuko dute parte urteroko “derrigorrezko” hitzorduan bilakatu den Ausartak Mendi Lasterketan

|

Mikel Fuentes, Arrigorriagako udal ordezkariekin batera // Geuria

Ausartak Mendi Lasterketaren zazpigarren edizioa aurkeztu dute gaur, Arrigorriagako udaletxeko osoko bilkuren aretoan eta asteburu honetan parte-hartzaileek jantzita eroango duten kamiseta teknikoaren eredu baten ondoan.

Urtarrilaren 17an eta 18an antolatu dute zazpigarren edizioa eta 824 korrikalari izango ditu, 2025ean baino 100 gehiago. “Arrigorriaga kirolaren eta mendiaren hiriburu bihurtuko da berriro”, iragarri du pozik Maite Ibarra herriko alkateak. Igandean espero da jende gehien: bertan izena emateko epea iazko urriaren 1ean zabaldu ziren eta aste bitan saldu ziren denak. Larunbateko proban 173 pertsonak eman dute izena (116 gizon eta 57 emakume). Igandekoan 654 parte-hartzaile egongo dira (464 gizon eta 190 emakume). Laburbilduz, 583 gizonek (% 70) eta 241 emakumek (% 30) hartuko dute parte asteburu honetako probetan.

“Kirol eskaintza zabala” eskainiko duen asteburua izango dela aurreikusi du Ibarrak, edozein adineko eta prestaketa maila duten pertsonei zuzendua, hain zuzen.

Mikel Fuentes Ausartak Mendi Lasterketako kideak xehetasun guztiak eskaini diezkie komunikabideei: “Urtez urte, Ausartak Mendi Lasterketak hazkunde nabarmena izan du”, azaldu du elkarteko kideak. “Ez bakarrik parte-hartzaileen kopuruari dagokionez; baita antolakuntzaren kalitateari, ingurue naturalaren konpromisoari eta segurtasunaren aldeko apustuari dagokionez ere”.

Mikel Fuentes, gaurko prentsaurrekoan // Geuria

Makina bat berritasun

Aurtengo edizioa berrikuntzez josita dator. Lehena, txakurkros ibilbidearen aldaketa da: 5,5 kilometro eta 120 metroko desnibel positiboa izatetik 12,2 kilometro eta 440 metroko desnibel positibokoa izatera igaroko da, parte-hartzaileen iradokizunei kasu eginez.

Bigarrena, Txakurkros lasterketaren itzulera Euskadiko Txakurkros Ligara (ETL).

Hirugarrena Mendikosolo Trail Pilotoa da: “Harrera ona izatekotan, azken proba hau iraunkorra bihurtuko dugu”, azpimarratu du Fuentesek.

Laugarren berritasuna segurtasuna indartzea izango da. Bexen Cardiorekin egindako elkarlanaren ondorioz, desfibriladore bi ipiniko dituzte Arrigorriagako proban.

Bosgarrenez, lasterketaren sarrera ofiziala etiketa berdearekin egingo dute aurten. Honek esan nahi du ingurumenarekin konpromisoa berretsiko duela asteburuko probak.

Solidaritatea, ardatz

Lasterketaren ekimen solidarioa ahaztu behar ez den beste kontu bat da: aurten ere, jasoko den diruaren zati bat Ane Sindrome Red ekimenari bideratuko diote Ausartakekoek: izen emate bakoitzak euro biko prezioa izango du. “Horrek egiten du Ausartak-en proba hain berezia parte-hartzaileen artean”, azpimarratu du Maitek eta eskerrak eman dizkio Ausartak Ludiko Kirol Elkarteak egindako lanari.

Egitaraua | Ausartak Mendi Lasterketa 2026

Urtarrilak 17, larunbata
10:00 Ausartak Canitrail
10:30 Mendikosoko Trail (proba pilotoa)

Urtarrilak 18, igandea
10:30 Mendi Maratoi Erdia
11:00 Hasiberri Trail
11:10 Martxa Laburra

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Amalur liburudendak aitortza berezia jaso du Merkataritza Jaialdian euskararen alde egindako lanagatik

Gainera, udalerriko Kreta Loreak saltokia finalista izan da Bizkaiko Erakusleiho Lehiaketan

|

Iker Albizua, Amalurreko jabea // Geuria

Bizkaidendak elkarteak Merkataritza Jaialdia antolatu du duela egun batzuk eta Arrigorriagako Amalur liburudendak aipamen berezia jaso du euskararen alde egindako lan eta konpromisoagatik. Amalurrek 1995ean zabaldu zituen ateak lehen aldiz eta gaur egun arte euskarazko liburu eta jolas ugari dituzte adin guztietako haurrentzat.  Iker Albizua Uriondo da liburutegiaren jabea eta bertako produktu guztiak ezagutzen ditu, bezero bakoitzari gomendioak emanez.

Bestalde, Kreta Loreak saltokia finalista izan da Bizkaiko Erakusleiho Lehiaketan.

Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea eta Gaizka Ibarretxe Ekonomia zinegotzia Bizkaidendak elkarteak antolatutako ekitaldian izan ziren: “Harro gaudezuen lanaz eta herriari ematen diozuen biziagatik”, azaldu zuten.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Argazkiak | Errege Magoen Kabalgatak eta epifaniak jendez bete du Arrigorriagako plaza

Arrigorriagarrek harrera beroa egin diete Errege Magoei udaletxe aurreko plazan, 3ºtan

|

Meltxor, Gaspar eta Baltasar, umeekin, udaletxeko arkupeetan // Geuria

Iritsi dira Hiru Errege Magoak Arrigorriagara! Beste urte batez, Arrigorriagako udaletxeko plaza jendez beterik egon da 19:00etan eta hotzak ez du ikuskizuna geldiarazi.

Aurtengo 51. edizioan 150 pertsona baino gehiagok hartu dute parte eta haurrek Meltxor, Gaspar eta Baltasar herrian ikusteko aukera izan dute. Urtero lez, udaletxeko plaza antzinako herri batean bihurtu da,

19:00ak aldera 3ºC erregistratu dituzte termometroek, azken urteetako tenperatura hotzenak.

Osorik irakurri