Sareak

☉ Arrigorriaga

Mendikosoloko obren garrantziaz hitz egiteko batu dira Maite Ibarra eta Mertxe Aizpurua Arrigorriagan

EH Bilduk azaroan iragarri zuen Espainiako Gobernuarekin akordioa erdietsi zuela Mendikosolora eta Arrigorriagako tren geltokietako obretara 2,3 milioi euro bideratzeko

|

Mertxe Aizpurua kongresuko eh bilduren eleduna eta maite ibarra alkatea // Arrigorriagako EH Bildu

EH Bilduren kongresuko bozeramailea, Mertxe Aizpurua, Arrigorriagan izan da astelehenean (urtarrilak 16), herrian egin behar diren proiektuez jarduteko. Eledunak Maite Ibarra alkatearekin bilera egin du, eta Mendikosoloko urtegiaren obrek eta bi tren geltokien berregokitzapenek ikuspegi sozialetik zein jasangarritasunaren arlotik duten garrantziaz hitz egin dute.

Aizpuruak nabarmendu du egin beharreko esku-hartzeak ezinbestekoak direla “lurralde honek behar dituen inbertsioak eta hainbat herrik dituzten beharrak asetzeko”. Horrela, Arrigorriagako birmoldaketak “proiektu estrategikoak” dira udalerri mailan zein Euskal Herri mailan eskaera sozialei erantzuna emateko.

EH Bilduk azaroan iragarri zuen Espainiako Gobernuarekin akordioa erdietsi zuela Arrigorriagan egin beharreko bi proiektu horietara 2,3 milioi euro bideratzeko (605.000 euro Mendikosolo egokitzeko eta 1,7 milioi, trenen azpiegituretarako). “Azken finean, Euskal Herria Bilduk Madrilen egiten duen lana gainerako erakundeen ildo beretik doa, bai udal-eremuan, bai Batzar Nagusietan, bai Gasteizko eta Iruñeko legebiltzarretan ere”. Eta Aizpuruak gogoratu duen bezala, Arrigorriaga da horren adibide.

Mendikosolo, aztergai

Mendikosoloko urtegiaren katalogazioari dagokion auzia, esaterako, 2012tik zegoen mahai gainean, eta Bilduk azaldu duenez, udal gobernua (Bildu eta Arrigorriaga Gara taldeak osatuta) agintera heldu zenetik hasi da garatzen. Ordutik ona, prozesu parte-hartzailea zabaldu dute presan eta parkean egin beharreko aldaketak proposatzeko eta ikerketa eta analisiak egin dituzte, Presa-konfederazioarekin eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioarekin, kategorizazioa aldatzeko (A sailkapenetik C motara).

Maite Ibarra alkateak gogoratu du EH Bilduk 2023ko Aurrekontu Orokorrean Madrilen erdietsitako inbertsioa oso garrantzitsua izango dela presa eskakizun horietara egokitu ahal izateko obrei ekiteko. “Parkerako eta bere ingurune naturalerako etorkizun seguruagoa eta iraunkorra marraztu ahal izateko” balioko du aurrekontuak, Arigorriagan “hobekuntza nabarmena” lortzeko.

☉ Arrigorriaga

40. urteurrena herri bazkariarekin ospatuko du Adiskideak Arrigorriagako emakumeen futbol taldeak

Larunbatean, umeen futbol partidak, nagusienak eta beteranoenak jokatuko dituzte. Igandean, herri bazkaria eta kontzertua egongo dira

|

Adiskideak klubaren lehen taldea eta Maria Torres presidentea // @adiskideakollargan eta Geuria

“Dena hasi zen senarrek egindako apustu batengatik”, dio Maria Torres CD Adiskideak taldeko presidenteak, klubarentzako egindako elkarrizketa batean. Montefuerteko (Oiargan) futbol zelaian zeudela, gizonek emazteei txantxetan esan zieten ez zeukatela ausardiarik belarretara praka motzetan irteteko. Baina emakumeek, egin. Eta horrela hasi zen, 1982an, Arrigorriagako emakumeen futbol taldearen ibilbidea, Torresek, eta zuzendaritzan Begoña Gallego eta Lourdes Teomiro jokalariek, lagunduta. Lau hamarkadaren ondoren, hastapen horiek oroitzeko eta ospatzeko elkartuko dira ekainaren 3an eta 4an.

Larunbatean, haur mailako futbol 11ko txapelketa jokatuko dute Montefuerte zelaian, 09:00etatik hasita. Igandean, berriz, triangular motako lehiaketa jokatuko dute Adiskideak taldeak, SD Lagunak taldeak eta CD Aurrera Vitoriak (10:00etan). Ondoren, 13:15ean, beteranoen futbol 7 partida egongo da. Kirol ekitaldien bukaeran, herri bazkaria egingo dute 15:00etan, eta 17:00etatik aurrera Alberto Cowboyren kontzertua egongo da.

Maria Torres Maite Ibarra alkatearekin “Kirolariak plazara” omenaldi ekitaldian // Geuria

Apustutik sortua

Taldeak herritar guztiak eta jokalariak gonbidatu ditu ospakizunera. Egun, klubak 45 jokalari eta 12 entrenatzaile dauzka, kategoria txikietan eta nagusienetan banatuta. Beteranoenak Lehen Erregional mailan jokatzen dute, eta horraino heltzeko bidean, hainbat lorpen egin dituzte, Maria Torresek berak Arrigorriagako Udalari azaldu dion bezala. Bizkaiko Kopan “96-97 denboraldian Txapeldunorde geratu ziren, penaltietan galdu eta gero, eta 98-99 denboraldian txapeldun izan ziren; 2012-2013 denboraldian Liga irabazi zuten; 2017-2018 denboraldian multzoko txapeldun izan ziren, eta 2019-2020 denboraldian, txapeldun, bigarren fasean”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Porrotx eta Marimotots Arrigorriagan egongo dira pailazo taldearen 35. urteurrena ospatzeko

Ikuskizuna kiroldegiko kantxa urdinean egingo dute, 17:30ean, eta doakoa izango da

|

Marimotots eta Porrotx Basaurin eskainitako ikuskizunean // Geuria

Porrotx eta Marimotots pailazoek Urteak bete, abenturak bizi! antzerkia ekarriko dute Arrigorriagara ekainaren 9an (ostirala). Ikuskizuna kiroldegiko kantxa urdinean egingo dute, 17:30ean, eta doakoa izango da.

Pailazoen taldeak 35. urteurrenaren harira egingo du ospakizuna. “Sudurgorrion bizitzan lagun egin ditugun hainbat etorriko dira bisitan”, esan dute artistek. “Urteak betetzea garrantzitsua bada, are gehiago abenturak bizitzea. Eta hori izango da gure ospakizuna: beste abentura bat bizitzea!”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

BIDEOA | Maite Ibarra (EH Bildu Arrigorriaga): “Emaitza historikoak lortu ditugu Arrigorriagan”

2.357 botorekin eta 7 zinegotzirekin, aurreko urteko marka hobetzeaz gain, EAJk baino eserleku eta boto gehiago lortu ditu EH Bilduk

|

Bukatu dira udal hauteskundeak Arrigorriagan. Eta emaitzak espero baino hobeak izan dira EH Bildurentzat. Maite Ibarrak beste behin jaso du herritarren babesa, 2.357 botorekin eta 7 zinegotzirekin aurreko urteko marka hobetzeaz gain (6 zinegotzi izan zituzten), EAJk baino eserleku eta boto gehiago lortu baititu.

EH Bildu ospakizunetan Arrigorriagan / Geuria

“Oso pozik gaude: emaitza historikoak lortu ditugu Arrigorriagan”, onartu du Ibarrak. “Eskerrik asko Arrigorriagako auzokide eta biztanle guztiei gugan konfiantza osoa jarri duzuelako”. Zerrendaburuak “urte zail” hauetan gobernuaren kargu egin duten lana ere ekarri nahi izan du lehen planora: “EH Bildu akordioen eta kontsetsuen aldeko alderdia dela erakutsi dugu, eta herritarren kezkei erantzuteko indar guztia jarri dugula”.

#M28 | Arrigorriaga | Maite Ibarra bigarrenez aukeratu du herriak (% 100)

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

BIDEOA | Alberto Ruiz de Azua (EAJ Arrigorriaga): “Guztion helburua da zinegotzi gehiago lortzea, baina gu pozik gaude datuekin”

42 boto behera egin du Arrigorriagako EAJk aurtengo udal hauteskundeetan

|

Aurtengo hauteskundeetan behera egin du Arrigorriagako EAJk. 1.871 boto lortu ditu gaurko bozetan; 2019an baino 42 gutxiago. EH Bilduren igoerarekin, gainera, 6 zinegotzi mantendu arren, koalizio ezkertiarrak baino bat gutxiago dauka.

“Guk errepikatu egin ditugu emaitzak; hori izan da gure asmoa”, azaldu du Alberto Ruiz de Azua zerrendaburuak. “Guztion helburua da zinegotzi gehiago ateratzea, baina gu pozik gaude datuekin”. Oraindik ezin da esan udal gobernua nola antolatuko den Arrigorriagan: “Ez dugu pentsatu zer egin behar dugun, baina datozen astean edo egunetan ikusiko dugu”.

#M28 | Arrigorriaga | Maite Ibarra bigarrenez aukeratu du herriak (% 100)

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

#M28 | Arrigorriaga | Maite Ibarra (EH Bildu) bigarrenez aukeratu du herriak

#M28 | Arrigorriaga | Udal hauteskundeak 2023 | Emaitzak. Hautagaiak, alderdiak, boto kopurua, zinegotziak, datu historikoak, aurreko hauteskundeak.

|

Arrigorriagako EH Bildu emaitzak ospatzen / Geuria

Osorik irakurri