→Arrigorriaga

Karmele Felipe, Elikhezi: «Osasuna guztion eskubidea da, eta gizartean ez dago inolako nutrizio-hezkuntzarik»

Bi nutrizionista gazteek elikadurari buruzko formakuntza saioak eskaintzen dituen enpresa berria sortu dute: Elikhezi. Urtarrilean Arrigorriagako institutuan izango dira, eta proiektua eskualdean zabalduko dute.

Karmele Felipe eta Irune Intxausti dira Elikhezi enpresaren sortzaileak // Geuria

Jaten duguna garela diote. Hori hala izanik, nola elikatzen gara? Karmele Felipe Ibarreche (Arrigorriaga, 1999) eta Irune Intxausti Ortega (Bedia, 1999) nutrizioan adituak dira, eta hezkuntza kontzientzia pizteko tresna nagusia dela babesten dute. Gabezia horretaz kezkatuta, erronka berri bati aurre egiteko prest agertu dira: XXI. mendeko gizarteari egokitutako baliabideak eskaintzea, bizi-kalitate handiagoa garatzea eragozten duten ohiturak hausteko. Horretarako, Elikhezi enpresa sortu dute, osasuna erdigunean kokatzen duten tailerrak hurbileko herrietara eramateko, posta elektronikoz zentro edota erakundeek proposatzen dizkieten profil eta gai guztietara egokituz: info@elikhezi.eus.

Alarma soziala aktibatuta dagoen arren, interesik eza ikusten dute, eta erantzukizunaren aldeko deia egiten dute ikuspegi guztiz eraginkor eta errealistatik. Azaroaren 17an eta 24an hirugarren adinekoentzako lehen saioa egin zuten Lemoan. Urtarrilean Arrigorriagako institutura hurbilduko dira, eta Basauri ere prest agertu da ikasgeletan presentzia edukitzeko.

Zergatik erabaki duzue proiektu hau abiaraztea?
Karmele Felipe: Irunek eta biok batera ikasi genuen Giza Nutrizioa eta Dietetikako gradua Gasteizen, Euskal Herriko Unibertsitatean, eta hasiera-hasieratik oso ondo moldatu gara, bai maila pertsonalean, bai elkarrekin lan egiteko. Hirugarren mailan geundenean, eskoletara bideratutako elikadura osasuntsua sustatzeko proiektu bat egin behar izan genuen ikasgai baterako, eta asko motibatu gintuen. Nota bikaina atera genuen, gainera! Etorkizunerako irteera bat izan zitekeela pentsatu genuen, eta hortik jaio zen ideia. Zergatik ez hasi formakuntza-saioak ematen? Dakiguna partekatzeko prest eta gogotsu gaude, eta espero dugu feedback ona jasotzea.
Irune Intxausti: Gizartean ez dago inolako nutrizio-hezkuntzarik. Norbaitek interesik agertu ez badu eta nutrizionista batengana edo ikastaro batera bere kabuz joan ez bada, askotan jasotzen den informazio apurra ez da fidagarria edo zaharkitua da. Gainera, oro har, informazio hori helarazten dutenak profesionalak ez direnez, ez da guztiz zuzena. Beraz, hutsune horren aurrean proiektu hau burutzeko aukera ikusi genuen, heltzen garen jendearengan gutxieneko jakintza sustatzeko.

Zer eta nola jan ikasi egiten da. Nortzuk dira gure nutrizio-hezkuntzaren arduradunak?
K.F.: Nutrizionistok izan beharko genuke, baina ez da horrela. Ohiturak etxean hartzen dira, eta ezagutzarik ez dagoenez, familiek ahal dutena egiten dute. Intuizioz. Eta ez dago gaizki, ezta ondo ere; hau da, ez diegu errurik botatzen inork irakatsi ez dielako. Jantokietan, adibidez, hobeto jarraitzen dira elikadura-plangintzak, baina hortik kanpo kontrol gutxiago dago. Argi dago profesionalak falta direla jakiteko nola sortu bakoitzaren beharretara egokitutako dieta orekatu eta osasuntsuak.
I.I.: Otorduak tradizioen eta ohituren arabera finkatzen dira, eta osasun publikoari begira medikuen -eta ez espezialisten- argibideei jarraituz. Horregatik, bereziki helduengan eragitea beharrezkoa ikusten dugu, haurrak ez direlako erabaki guztien parte. Hala ere, premiazkoa da nerabezarotik ikuspegi kritikoa garatzea eta jokabide desegokiak identifikatzea. Gero erabakiak norberak hartuko ditu, baina ondo jan nahi badugu, nola egin jakin eta horretarako tresnak izan beharko genituzke, behintzat.

Tailerrak antolatuko dituzte Hego Uribe eskualdean, osasuna erdigunean jartzeko // Geuria

Zein izango da ELIKHEZI-ko saioen dinamika?
I.I.: Ez dira hitzaldi soilak izango. Janaria prestatu, jolastu, eztabaidatu, etiketak nola irakurtzen diren ikasi, mitoak hautsi… Landuko ditugun kontzeptuak modu dinamiko eta parte-hartzaile batean azal daitezkeenez, hori izango da bidea jendearen arreta lortzeko eta ikasitakoa barneratzeko. Elikadura osasuntsuan jarriko dugu fokua, eta taldearen nahi eta beharren arabera gaiak egokituko ditugu. Ikastetxeetan, esaterako, “Agenda 30” eta osasun mentalari ere heltzeko eskatu digute, edo Emakumeen Etxeetan saioak egiteko, aldiz, hilekoarekin, haurdunaldiarekin, edoskitzaroarekin eta menopausiarekin lotutako elikaduran zentratu gaitezke.
K.F.: Adin tarte ezberdinetan oinarritu gara tailerrak prestatzeko orduan: eskola eta institutuak, alde batetik, eta hirugarren adina, bestetik. Gainera, zentroez kanpoko tailerrak antolatu nahi ditugu familiek parte hartu ahal izateko. Talde zehatzagoetara jotzea ere aurreikusten ari gara, hala nola emakumeetara, Irunek esan bezala, edo diabetesa eta kolesterola bezalako gaitzak dituzten pertsonengana. Elikadurak gaixotasun askotan du eragina, eta garrantzitsua iruditzen zaigu patologiak dituztenak beren egoera hobetzeko jarraitu beharreko jarraibideez jabetzea. Azken finean, gure zerbitzuak kontratatzen dituzten bezeroen ezaugarrietara moldatzea da asmoa.

Berehalakotasunaren eta erritmo biziko gizartearen aroan, ba al dago elikadura-kontzientziarik?
K.F.: Modu automatizatuan bizi gara eta ez zaio otorduari behar bezala erreparatzen. Badira oharkabean egiten ditugun ekintzak, hala nola, haurrak saritzeko gominolak ematea. “Mindful eating”-a gose zarenean kontzienteki jatean oinarritzen da; hau da, ez jatea jateagatik. Gaur egun hori lortzea ez da hain erraza, gizarteak markatzen dituen erritmoetara egokitzen ditugulako otorduak, eta ez gure beharretara. Gose-pertzepzioak galtzen ari dira. Horregatik “Baby Led Weaning”-a modan jarri da orain. Haur txiki-txiki bati purea eman beharrean, brokoli zati bat, azenario zati bat eta patata zati bat aurrean jartzean datza, adibidez, baina platerak modu orekatuan, eta berak nahi eta behar duena hartuko du. Pure eran nahasita emanez gero, zailagoa egingo zaio osagai bakoitza identifikatzea (kolorea, testura edota zaporea) eta denetarik jatea gorputzari entzunez. Hala ere, ez da bideragarria gaur egungo gizartearentzat, eta ideala izango litzatekeen arren, erdibideko puntu bat bilatu beharko genuke. Gure helburua egunerokoan eraginkorrak izan daitezkeen praktikak transmititzea da, osasunerako onuragarriak diren aldaketak bultzatzeko.
I.I.: Familien parte-hartzea nahiko baxua izaten da, bai interes faltagatik bai denboraren kudeaketa txarragatik. Baina ez arlo honetan bakarrik, baita beste edozeinetan ere. Elikadurak bere tartea du albistegietan: “Gero eta ultraprozesatu gehiago jaten dira…” Baina ez da irtenbiderik proposatzen. Beldurrak interesa sortzen du eta alerta pizten da gaixotasunak agertzen direnean. Une horretan soilik hartzen du garrantzia elikadurak, eta batzuetan ezta hor ere. Pastilla bat hartzearekin uste dute ez dela beharrezkoa bizimoduan aldaketak egitea. Baina egoerak okerrera egin dezake, eta, gainera, askotan, elikadura hobetuz, medikatu beharra saihets dezakezu. Bestalde, dietak pisu galerarekin eta kirolariekin lotzen dira batez ere. Hortik kanpo badirudi nutrizioa ez dela existitzen, baina askoz gehiago hartzen du.

Azaroan formakuntza-saioak egin zituzten Lemoan, adinekoei zuzenduta; urtarrilean Arrigorriagako Institutuan izango da bikotea // Utzitakoa

Gorputzaren esposizio publikoa inoiz baino bortitzagoa da.
K.F.: Eta XXI. mendean arazo larrienak osasun mentalarekin eta elikadura-nahasmenduekin lotuta daude. Denak dauka eragina horretan: psikologiak, janariarekin dugun harremanak, hedabideen eta sare sozialen bidez gizarteari zabaltzen zaizkion mezuek… Kanonen etengabeko bonbardaketa eta haietara gerturatzeko nahia oso arriskutsua da, obsesio bihurtu eta pertsonen bizitza baldintzatzera hel daitekeelako. Begirada aldatu behar da, eta horretan uste dugu nutrizionistok ere zeregin garrantzitsua dugula osasuna erdigunean kokatzeko. Gizarteak epaitzeari utzi behar dio. Besteon osasunean hitza dugula pentsatzen dugu. Denetarik dakigula. Iruzkinak lekuz kanpo daude, okerragoa izan daitekeelako. Ni gizena banago eta Irune ez, eta pizza bat jaten ikusten bagaituzte, ez digute berdin begiratuko. Ez dugu gainerakoez hainbeste kezkatu behar, ziur aski beren buruaz arduratzen ari direlako. Aurreiritzi asko sortzen dira janariak benetan duen eragina jakin gabe. Ez dira jakiak on edo txar gisa etiketatu behar, eta pentsamendu hori baztertu behar dugu.
I.I.: Pentsamendu asko inkontzienteki sortzen dira une oro jasotzen ditugun estimuluen ondorioz. Osasuna ezin da fisikoari begira bakarrik neurtu, bakoitzaren osaera desberdina delako eta elikagaiekin zerikusirik ez duten beste arazo mota batzuk egon daitezkeelako atzean: endokrinoak, psikologikoak, sozioekonomikoak… Bizi-kalitatean jarri behar dugu arreta, agerikoak ez diren beste arrisku gehiago daudelako. Gainera, zaintzearen inguruan eraiki den pertzepzioa ez da guztiz egokia. Agian zuk uste duzu 0,0 jogurt bat jatea ona dela, edo light produktu bat, eta kaka bat da. Orokorrean jendeak ez daki zer den osasuntsu jatea.

Posible da gure osasuna kalitatezkoa, egonkorra eta jasangarria den kontsumo bati lotzea?
I.I.: Dena bikain egitea oso gatza da. Ez dut uste ona denik ere. Edo ez, behintzat, hori izatea helburua. Egokiena gauzak hobeto egiten saiatzea litzateke, denok ditugulako gabeziak. Agian, asteburuan denbora libre gehiago izango duzu tokiko eta sasoiko elikagaiak erosteko, baina astegunetan supermerkatura joan behar duzu erosketa azkarrago egiteko. Edo errenta eta prezioak kontuan izanda produktu batzuk edo beste batzuk aukeratzea. Gakoa da elikagaiak irakurtzen jakitea eta aldez aurretik plangintza bat izatea, arduraz jokatzeko. Enpresei ere ez zaie interesatzen kontsumoak osasun holistikorako bidea hartzea.
K.F.: Aisialdian lagunekin -edo zu bakarrik- afaltzera joatea eta apetak egitea ere ondo dago, osasun mentalari entzun behar zaiolako. Nork dio ezin duzula patata frijiturik jan? Gauza da gehiegikeriarik ez egitea, muturreko guztia txarra delako. Faktore gehiago jarri behar dira mahai gainean. Egungo joera aurrez prestatutako jakiak kontsumitzea da, batez ere lehen aipatutako bizi-erritmoagatik. Jendeak nahiago du kola-kao bat zerealekin gosaldu, ahuakatearekin edo plantxan egindako arrautzarekin tostada bat prestatzea baino. Gero eta gutxiago kozinatzen da, eta berreskuratu beharreko zerbait da, gutxirekin eta azkar janari osasungarriak ere presta baitaitezke. Eraginkortasun hori gure tailerretan ere erakutsi nahi dugu; bi jakirekin hiru plater prestatzea, esaterako.

Nutrizionistek pisu handiagoa beharko lukete Osakidetzan?
I.I.: Osasungintza publikoan ez dago nutrizionistarik, eta horren ardura medikuek edo erizainek hartu ohi dute. Kontrola badago, baina unibertsitatean adituak diren pertsonak prestatzen ari dira -garrantzitsuak direla balioesten dutelako-, eta gero ez dago guretzako tokirik. Klinika eta enpresa pribatuetan bakarrik daude, eta horrek diru kantitate bat inbertitzea eskatzen du. Beraz, egoerak askotan neurririk ez hartzea eragin dezake, eta denok izan beharko genuke nutrizionistengana jotzeko aukera, bai artatzeko, bai informatzeko.
K.F.: Osasuna guztion eskubidea da eta ez da pribilegio bat izan behar. Eskura ez dugun zerbaitengatik ordaintzen ari gara. Gainera, nola jakingo dugu zer den osasuntsu jatea ospitaletik bertatik ez badute zuzen jokatzen? Interneten ikusi dut hau dela minbizia duen paziente batek jasotzen duen janaria: kola-kaoa, laranja zukua, galletak, marmelada… Eta non dago fruta? Ez dago irizpide zehatzik. Baliabideak bai, baina ez dira aprobetxatzen. Hori dela eta, horrelako proiektuak ezagutza faltari aurre egiteko ekimenak dira.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak