Zuzendaritzarekin akordiora iritsi eta gero, Elis Arrigorriaga tindategien enpresako ia 200 langileek astelehen honetarako (urtarrilak 16) deitu behar zuten greba bertan behera utzi dute. LAB, LSB-USO eta CCOO sindikatuetako ordezkariek larunbatean, hilaren 14an, egin dute batzarra enpresako buruekin, eta proposatu dizkieten lan-akordioaren hobekuntzak onartu dituzte: KPIaren araberako soldataren igoera, urteko lan orduak murriztea eta lizentzien luzapenak.
LSB-USOko ordezkariek GEURIAri jakinarazi diotenez, arlo ekonomikoari lotutako hobekuntzak izan dira negoziatzen azkenak. Hasieran, 2021etik 2024. urtera arte KPIak izan duen eta etorkizunean izango duen bilakaera kontuan izanda, enpresak, bi urtetan zehar, % 13,5eko igoera proposatzen zien langileei; baina, azkenean, 2021, 2022, 2023 eta 2024 urteetako KPIaren gehikuntza (%15 ingurukoa) kontuan hartzea lortu dute.
Kontziliazioari dagokionez, berriz, lizentzien luzapenak eta hobekuntzak onartu dituzte, umeen zaintzarekin, mendekotasuna duten pertsonen zaintzarekin eta eszedentziekin lotuta. Ildo beretik, Eliseko langileek urteko lan-egutegian 5 orduko murrizketa lortzeko akordioa ere sinatu dute, urtebeteko negoziaketetan eskaria egin ondoren.
Hain zuzen, bi hobekuntza hauek izan dira 2023ko lehen bilera baino lehen (urtarrilaren 10ekoa) patronalak onartuta zeuzkan bakarrak. Langileek urtarrilaren 5ean egin zuten kontzentrazioa gainontzeko hobekuntzak eskatzeko, eta soldatei dagozkien neurriei, azkenean, langileek eta sindikatuen ordezkariek igandean Arrigorriagan egindako asanbladan eman diete argi berdea.
