Sareak

☉ Arrigorriaga

Bideoa / Jipoitutako merkatariari eta bere familiari elkartasuna adierazi diete Arrigorriagan

|

Helburu bikoitza izan du herriko plazan garatu den gaurko elkarretaratzeak: alde batetik ostiral arratsaldean jipoitu zuten merkatariari eta bere familiari elkartasuna adieraztea, eta bestetik gertatutakoa salatzea.

Maite Ibarra alkateak adierazpen instituzionala irakurri du, eta bertan halako ekintzek Arrigorriagan tokirik ez dutela aldarrikatu du.

GEURIAk Ainara Saez EAJko bozeramailearekin eta Iker Albizua merkatariarekin ere hitz egin du, eta biek ala biek onartezintzat jo dute gertatukoa.

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Arritxikerrak eta Artizarra taldekoek Euskaraldiaren abestia kantatuko dute ostegunean

Maiatzaren 15eko 17:30ean antolatu dituzte hasierako ekitaldiko jarduerak, udaletxe aurreko plazan

|

Arritxikerrak taldeak antolatutako ekitaldia, joan den urrian // Geuria

Arrigorriagako Arritxikerrak dinamikako eta Artizarra musikaltegiko ikasleek euskaraldiaren abestia kantatuko dute ariketaren hasierako ekitaldian,  maiatzaren 15ean, herriko plazan.

Jarduerak 17:30ean hasiko dira. Lehenik eta behin, euskaraldiaren abestia kantatuko dute Arritxikerrak dinamikako txikiek, Artizarra musikaltegiko ikasleekin batera. Jarraian, ginkana prestatu dute Arritxikerrak-ekoek eta Aritz Berri dantza taldeak emanaldia eskainiko du gero.

Jarduerari amaiera emateko euskaltzaleen argazki erraldoia egingo dute plazan.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Clown jaialdiko ikuskizunak eguraldi txarragatik kiroldegira lekualdatuko dituzte

Euri zaparradak eta egun trumoitsuak izango ditugu asteburuan, Euskalmeten arabera. Udalak ikuskizun guztiak udal kiroldegiko kantxa estalira lekualdatuko ditu

|

Marimotots, haurrekin, iaz // Geuria

Euskalmet euskal meteorologia agentziaren aurreikuspenen arabera, asteburu euritsua eta trumoitsua izango da maiatzaren 9tik 11rakoa.

Data horietan Arrigorriagako Nazioarteko Clown eta Pailazoen Jaialdia ospatuko dute, eta jarduera guztiak hasiera batean herrigunean eta abusun antolatu bazituzten ere, eguraldi txarra dela eta ikuskizun guztiak udal kiroldegiko kantxa estalira lekualdatuko ditu Udalak (PP2 pistetara).

Euskalmeten arabera, gaur, ostirala, “giro nahasia” izango dugu; hodeiak ugarituko dira eta zaparradak egingo ditu. Goizean hodeiak eta urdinguneak tartekatuko dira, eta baliteke zenbait tokitan euria egitea, batez ere Araba mendebaldean eta Bizkaia. Eguerditik aurrera, ezegonkortzera egingo du eta hegoaldetik iparraldera zaparradak egingo ditu; arratsaldean eta gauean trumoitsuak izan daitezke. Tenperatura maximoek ez dute aldaketa handirik izango eta iparraldeko haizea nagusituko da.

Larunbatean zaparradak botako ditu berriro eta ekaitzak izateko probabilitatea handitu egingo da, euskal meteorologia agentziaren arabera. Giro ezegonkorrarekin jarraituko dugu, batez ere eguerditik aurrera; orduan zaparradak eta ekaitzak mardulak izango dira eta txingorra egin dezake. Goiza lasaiagoa izango da, hodeiak eta ostarteak agertuko dira, baina zaparrada bakanen bat baztertu gabe. Hegoaldeko haizea ibiliko da, eta horrek tenperaturak 20 ºC-tik gora igotzen lagunduko du. Eguerditik aurrera brisa sartuko da kostaldean, eta arratsaldean eta gauean haize-bolada gogorrak izan daitezke ekaitz-guneetan.

Igandean ezegonkortasunarekin jarraituko dugu. Hodeitza aldakorra izango da eta zaparradak egin ditzake, batez ere egunaren bigarren partean. Haizea eguerdi inguruan ipar-mendebaldetik finkatuko da eta tenperatura, oro har, 20 ºC azpitik geratuko da.

14 ikuskizun, 3 egun

Arrigorriagako Udalak mundu mailako ikuskizunak ekarriko ditu herrira maiatzaren 9an, 10ean eta 11n antolatu duen Clown eta Pailazoen jaialdiaren 30. edizioa.

Joan den apirilaren 29an Bilboko BBK Aretoan egindako aurkezpenean Begoña de Ibarra, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendaria, Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea, Iratxe Rubio Arrigorriagako Kultura zinegotzia, Eider Txarterina, Arrigorriagako Udaleko Kultura teknikaria eta Sonia Camara Arrigorriagako Udaleko Kultura dinamizatzailea eta jaialdiaren zuzendaria egon ziren jaialdiaren nondik norakoak aurkezten.

Aurten Euskal Herriko hiru konpainia hurbilduko dira Arrigorriagara: Ni Mu, ‘Pausa’ antzezlanarekin, Akelar ‘Freak Show’arekin eta Two Much Circus ‘Double Bill’ ikuskizunarekin.

‘Pausa’ antzezlana eskainiko duen Ni Mu konpainiako artista, Maite Ibarra alkatearekin // Geuria

Nazioarte mailan Japonia, Alemania, Kenia eta Italiako artistak egongo dira Arrigorriagako PP2 pistan.

Emanaldiez gainera, ‘La aldea del bosque’ izeneko erakusketa antolatuko dute maiatzaren 5etik 11ra. Egilea Roberto San Jose da. Duela urte batzuk urdaitegi bat zeukan eta bezeroak erakartzeko maketak egiten zituen. Arrigorriagan urdaitegi hartan zituenak bezalakoak ikusiko dira. Maketa automatizatuak dira. Erakusketa udaletxeko Euskaldun Berria aretoan egingo dute, astelehenetik igandera 18:00etatik 20:00ak arteko ordutegian.

“Udalak apustu sendoa egiten jarraitzen du kulturaren alde, udalerriko plazak eta aretoak kalitatezko proposamenekin betetzeko, hala nola Clown Jaialdia, Arrigorriaga nazioarteko mapan kokatzen duena”, azaldu du Maite Ibarrak. “Azken urte zailek erakutsi digute zein garrantzitsua den kultura eta artea gure herrien eta herritarron bizitzetan. Clown eta Pailazoen Nazioarteko jaialdiak kolorea, musika eta humorea ekarriko dizkigu Arrigorriagara beste urte batez; eta horixe da garrantzitsuena guretzat”.

Egitaraua | Arrigorriagako Clown eta Pailazoen 30. jaialdia

Maiatzak 9, ostirala
– ‘Time to loop’ Duo Kaos, 18:00
– ‘Pausa’ Cia Ni Mu, 18:00
– ‘Dive/Journey to R Mansion’, 18:30
– ‘WooooooW!’ La Churry, 19:00
– ‘Bam bam’ Los Taps, 20:00

Maiatzak 10, larunbata
– ‘Freak show’ Cia. Akelar, 12:30
– ‘Tartana’ Cia Trocos lucos, 18:00
– ‘Dive/Journey to R Mansion’, 19:30
– ‘Charlas de azucarillo’, 21:00
– ‘Time to loop’ Duo Kaos, 19:00

Maiatzak 11, igandea
– ‘Double bill’ Two much circus, 12:00
– ‘B.O.B.A.S.’ Cia Jimena Cavalletti, , 13:15
– ‘Don bartulos’ Civi civac, 18:00
– ‘Piti peta hofen show’ Los putos makinas, 19:00
– ‘Let’s twist again’ Mosaico errante, 20:15

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Clown Jaialdia jasangarria izan dadin “Erronka Garbia” luzatu die Arrigorriagako Udalak herritarrei

Erronka garbiaren helburua ingurumena ahalik eta gehien errespetatzea da, CO2 isuriak gutxituz eta zaborrak edukiontzi egokietara botaz, besteak beste

|

Sandia baten zatiak, lurrean // Geuria

Asteburu honetan, maiatzaren 9tik 11ra antolatu dute Nazioarteko Clown eta Pailazoen jaialdiaren 30. edizioa Arrigorriagan.

Egun horietan Euskal Herriko, estatu mailako eta nazioarteko 14 ikuskizun antolatu dituzte herrigunean eta Abusun (programazio osoa albiste honetan irakur dezakezu) eta urtero lez, jendetza espero dute Arrigorriagan. Egoera horrela izanik, Udalak Erronka Garbia ipini du matxan.

Helburua ingurumena ahalik eta gehien errespetatzea da eta erronkak hiru ardatz ditu: jaialdira trenez edo autobusez hurbiltzea, botila berrerabilgarriak erabiltzea eta Arrigorriaga garbiagoaren alde herriko edukiontziak erabiltzea.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Esaera zaharren bingoa antolatu dute gaur Arrigorriagan, Euskaraldiaren haritik

Estropozu taldeko bertsolariek gidatuko dute jarduera 19:00etatik aurrera, herriko zenbait lekutan

|

Bingoa // Alejandro Garay, Unsplash

Gaur arrastian, 19:00etatik aurrera bertso poteo berezia antolatu dute Arrigorriagan, Euskaraldiaren haritik. Estropozu taldeko bertsolariek esaera zaharren bingoa prestatu dute herriko zenbait lekutan.

“Esaera zaharrek jakinduria zabala dute atzean eta Estropozuko bertsolariak haien inguruan arituko dira kantuan”, azaldu dute Udaletik. “Bertsoa entzun eta zein esaerari buruzkoa den asmatzen saiatu beharko dira parte-hartzaileak. Taldeak egin, bingo kartoi bana hartu eta ea zein talde den Bingoa osatzen lehena”.

Antolaketa taldetik azaldu dute partaideek boligrafoak ekarri behar dituztela eta kartoiak bertan banatuko dituztela. Gainera, sari bereziak egongo direla iragarri dute.

Ordutegia | Esaera zaharren bingoa

Maiatzak 8, osteguna
19:00 Herriko plaza
19:30 Baserrin (‘Caserion’)
20:00 Aldapa eta Sorgine tabernetan

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Maider Castro arrigorriagarrak bigarren postua eskuratu du Espainiako Taekwondo Unibertsitate Txapelketan

Arrigorriagarra azpitxapelduna izan zen 73 kilo azpiko kategorian, iazko brontzea gaindituz

|

Maider Castro, zilarrezko dominarekin // Garriko Taekwondo Taldea

Joan den maiatzaren 3an Espainiako Unibertsitateen arteko Txapelketa antolatu zuten Madrilgo Alcala de Henaresen. Bertan izandako kirolarien artean Arrigorriagako Garriko Taekwondo Taldeko borrokalariak.

Maider Castro arrigorriagarrak zilarrezko domina eskuratu zuen 73 kilo azpiko kategorian, iazko Toledoko brontzea gaindituz: “Txapelketa bikaina burutu zuen, baina eskumuturreko lesio batengatik ezin izan baitzuen finala amaitu”, azaldu dute Arrigorriagako taekwondo taldetik.

Bestalde, Sergio Pachok teknika modalitatean lehiatu zuen, baina ezin izan zuen azken txanpara igaro.

Osorik irakurri