☉ Arrigorriaga
Emakumeen ahalduntzerako lau tailer antolatu dituzte Arrigorriagan
Arrigorriagako Udaleko Berdintasun sailak herrigunean eta Abusun antolatu ditu saio guztiak
Arrigorriagako Udaleko Berdintasun sailak Emakume Ahalduntzea izeneko programa abiaraziko du herrigunean eta Abusun. Programa horrek lau tailer hartuko ditu barne: lehen tailerra Arte feministari buruzkoa izango da eta emakumeen ahalduntzea izango du helburu; bigarrenak ‘Hango eta hemengo emakumeak: esperientziak partekatzen’ du izena; hirugarrena estimulazio kognitiboaren ingurukoa izango da; laugarrena, amaitzeko, ahalduntzeko autoezagutza tailerra izango da.
Izen emateak Herriguneko eta Abusuko Herritarren Arreta Zerbitzuan egin daitezke (HAZ) eta informazioa handitzeko 944 020 200 telefono zenbakia eta berdintasuna@arrigorriaga.eus helbide elektronikoa ahalbidetu dituzte.
Herrigunean eta Abusun
Herriguneko saioetarako talde bi osatuko dituzte astearte eta ostegunetan, udaletxeko prentsa aretoan: lehena 16:00etatik 17:30ak arte eta bigarrena, 17:30etatik 19:00ak arte. Aurkezpen eguna urriaren 10ean izango da, 17:00etan, Edurne Garitazelaia kultur etxean eta lehen saioa urriaren 17an egingo dute.
Abusuko saioetarako talde bakarra osatuko dute Zentro Soziokulturalean, 16:00etatik 19:00ak arte. Aurkezpen eguna urriaren 4an antolatu dute, 17:00etan, Zentro Soziokulturalean bertan, eta lehen saioa urriaren 18an prestatu dute.
☉ Arrigorriaga
Santa Isabel, Axarte eta Lepanto kaleak asfaltatzera 740.000 euro bideratuko ditu Arrigorriagak
Proiektu hau Arrigorriagako Udal gobernuak bigarren aurrekontu-aldaketa egin zuenean eman zuten ezagutzera, joan den martxoan lehen proposamena onartu ostean
Arrigorriagako Udalak 739.909,03 euro bideratuko ditu guztira Abusuko Santa Isabel, Axarte eta Lepantoko kaleak asfaltatzeko lanetara. Udal ordezkarien arabera, gaur egun eremu horietako errepide eta bideak “egoera txarrean” daude: “Zuloak, pitzadurak edota seinaleztapen eskasa daude eremu batzuetan eta, beraz, ezinbestekoa da zoladura berregokitzea, istripuak eta ezbeharrak ekidin eta segurtasuna bermatze aldera”, azaldu dute.
Egin beharreko lanen artean daude zoladura konpontzea eta berritzea, errepideak asfaltatzea, oinezkoentzako pasabide batzuk egokitzea, kanalizazioak aldatzea, pasabide goratuak egitea edota seinale horizontalak jartzea ageri dira. Horretarako lizitazio prozesua zabaldu du Arrigorriagako Udalak eta enpresek irailaren 24ra arte aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak. Proiektu hau Arrigorriagako Udal gobernuak bigarren aurrekontu-aldaketa egin zuenean eman zuten ezagutzera, joan den martxoan lehen proposamena onartu ostean.
Zerrendako hurrengo proiektuak Ollargan eta Kuboko haur parkeak berritzea, Lehendakari Agirre parkean jolasgune naturala sortzea eta Padura, Lamierreketa eta Odol Emaileen plazan dauden parkeak partzialki ordezkatzea ziren, besteak beste.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagak herriko bidegorria hobetu eta birmoldatzeko lanak hasi ditu irailean
Udalak 375.000 euro baino gehiago bideratu ditu lanotara eta helburua, aisialdirako alternatiba izateaz gain, industrialdeetarako mugikortasun-alternatiba izatea ere bada
Arrigorriagako Udalak martxan ipini ditu herrigunetik igarotzen den bidegorriaren zati batzuk konpontzeko lanak: “Helburua da, aisialdirako alternatiba izateaz gain, industrialdeetarako mugikortasun-alternatiba ere izango den bidea lortzea”, azaldu dute udal ordezkariek. Guztira 375.010,67 euro bideratu dituzte lan hauetarako.
Egingo diren jarduketen artean, honako hauek nabarmendu dituzte Udaletik: bizikletentzako eta oinezkoentzako bide bereiziak eraikitzea, seinale bertikalak eta horizontalak jartzea, barandak jartzea eta zoladura-lanak egitea, besteak beste.
Joan den maiatzaren hasieran GEURIAn azaldu moduan, Arrigorriagako herrigunetik igarotzen den bidegorriaren hainbat zatik hobekuntzak behar dituztela kexatu dira auzotarrak behin baino gehiagotan. Udal ordezkarien arabera konponketa horiek “zehazki, Basauriko bidegorriarekiko loturatik Ugertza parkean dagoen eta Martiartu auzora doan zubiaz bestalderaino” egingo dituzte. 2022an Arrigorriagako erdigunea Martiartu industriagunearekin lotzen duen bidegorri zatia inauguratu zuten.
Horrela, Arrigorriaga eta Ugao lotzeko lehen urratsa eman zuten. Proiektu honen helburu nagusia industrialdeetarako mugikortasun-alternatiba bidea sortzea dela azpimarratu dute (aisialdirako alternatiba izateaz gainera), baina ez hori bakarrik: proiektuak aurreikusten du Udalaren bidegorri hau Bizkaiko Foru Aldundiaren Bidegorriarekin lotzea, Ugaorantz.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako udal euskaltegian ikasturte berrian izena emateko epea zabaldu dute
Aurten autoikaskuntzarako online ikastaroak eta Berbalagun programa ageri dira Arrigorriagako Euskaltegiaren eskaintzen artean
Ikasturte berriaren hasierarekin, Arrigorriagako Udalak Euskaltegian izena emateko epea zabaldu du irailaren 20ra arte. Udal ordezkarien arabera, aurreko urteetan lez “eskaintza zabala” eskainiko dute, hainbat maila eta ordutegirekin: “Gainera, xede taldeak ere antolatu ditugu jubilatuentzat, gurasoentzat eta bakarrik mintzamena landu nahi dutenentzat”, azaldu dute.
Aurten, gainera, autoikaskuntzarako online ikastaroak eta Berbalagun programa ageri dira Euskaltegiaren eskaintzen artean (Berbalagun programan parte hartzea dohainik da).
Langabezian daudenek matrikula doan izango dute eta irailaren 2tik 10era arte izena eman zutenek 50 euroko beherapena izango dute matrikulan: “Horrez gain, Arrigorriagako Udalak euskara ikasteagatik matrikularen % 50eko diru-laguntzak emango ditu, eta HABEk maila gainditzeagatik ere bai (mailaren arabera).
Bata zein bestea ikasturtea bukatuta eskatu beharko dira”, azaldu dute Udaletik. Izena emateko modu bi daude: matrikula eskaera bete eta Euskaltegira zuzenean eraman edo bulegoa@arrigorriagakoeuskaltegia.eus helbidera bidali. Euskara ikasi nahi duten herritarrek ez daukate aitzakiarik beraz, euskaltegira hurbildu eta izena emateko.
☉ Arrigorriaga
Abusuko Oscar San Juanek zilarra lortu du Espainiako Salmonidoen txapelketan Euskadirekin
Erkidegoen arteko lehiaketa honetan 11 taldek hartu zuten parte eta Euskadiko ordezkaritzan izan zen Abusuko klubeko arrantzalea
Abusu Castingeko kide den Oscar San Juan kirolariak zilarrezko domina eskuratu du Euskadiko Selekzioarekin Euli Salmonidoen espezialitatean, master kategorian, harrapaketa eta askatzean.
Txapelketa Asturiasko Trubia y Caudal izeneko ibaian antolatu zuten joan den abuztuaren 29tik irailaren 1era arte. Erkidegoen arteko lehiaketa honetan 11 taldek hartu zuten parte eta Euskadiko ordezkaritzan izan zen Abusuko klubeko arrantzalea.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagak 20 kultur ikastaroetan izena emateko epea zabaldu du
Irailaren 20a da tailerretan izena emateko azken eguna. Ikastaroak urriaren 14an hasiko dira
Marrazketa eta pintura, altzariak zaharberritzea, dekorazio arteak, tapizak, patchwork-a eta oihal artisautza, zure txakurra trebatu eta gozatu, tailer gastronomikoak… Arrigorriagako Udalak 20 kultur ikastaroetan izena emateko epea zabaldu du irailaren 20ra arte.
Halaber, lau eta hamr urte bitarteko haurrentzako ikastaroak ere antolatu dituzte herriguneko Edurne Garitzaelaia kultur etxean eta Abusuko ludoteketan egin daitezke.
Ikastaroetan izena emateko ordutegiak honako hauek dira:
– HAZ: 08:00-13:45
– Abusuko Zentro Soziokulturala 08:00 20:30
– Edurne Garitazelaia: 16:30-20:30
Tailerren eskaintza guztia eta ordutegiak ezagutzeko jo Arrigorriagako Udaleko webgunera.
Prozesua, pausuz pausu
Irailaren 20an ikastaroetan izena emateko epea itxiko da eta hilaren 25ean onartuen behin behineko zerrenda argitaratuko dute Edurne Garitazelaian eta Abusuko Zentro Soziokulturalean. Irailaren 27ko arratsaldean behin betiko zerrenda kaleratuko dute eta irailaren 30etik urriaren 4ra matrikulak ordaindu beharko dituzte onartuek.
Tailerrak urriaren 14an hasiko dira.
Tailerrak, banan banan
– Marrazketa eta pintura
– Tapizak, patchworka eta ohial artizautza
– Dekorazio arteak
– Altzariak zaharberritzea
– Zure txakurra trebatu eta gozatu
– Irakurketa tailerrak
– Idazkera sortzaileari buruzko tailerra
– Umeentzako irakurketa kluba (euskaraz)
– Robotika (euskaraz)
– Chi Kung
– Gabonetako sukaldaritza: pintxoak eta postreak (elebiduna)
– Bazkaria tuperretan eramateko errezetak
– Smartphone tailerra: hastapenak
– Smartphone tailerra: hobekuntza
– Irakurle kluba
– Kontakizun laburrak idazteko tailerra