Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Arrigorriaga

Enara Menoyo eta Janire Martinez: «Altzoan elkartea amak eusteko sarea da, emakumeok bereziki zaurgarri gaudenerako»

Aita-amek beren esperientziak partekatu eta zalantzak argitzeko espazioa da Altzoan Zaintza Sarea. Urrian egin dituzte lehen ekintzak Arrigorriagako Lamiaenan, Zaratamon, Ugaon eta eskualdean ere jardungo duten arren.

|

Enara Menoyo eta Janire Martinez Altzoan Zaintza Sareko kideekin batu gara Lamiaena Arrigorriagako Emakumeen Etxean // Geuria

[2022ko azaroaren 3an paperezko edizioan publikatutako elkarrizketa – Geuria 090] Seme-alabak “ondo” zaintzen saiatzen diren arren, kanpotik beti egongo dira gurasoenganako kritikak; zenbaitetan, gainera, intentzio onez egindako komentarioek ere lagundu baino epaitu egiten dituzte aita-amak. Enara Menoyok (Arrigorriaga, 1988) eta Janire Martínezek (Erromo, 1981) ondo ezagutzen dute bizipen hori, eta amatasunak eta zaintzak ekarri dizkieten zailtasunak landu eta esperientzia horiek partekatzeko asmoz, Altzoan izeneko elkartea sortu dute beste zazpi emakumerekin batera. Cris, Goiz, Izaskun, Judith, Kati, Lorea eta Tamara —beste hainbat guraso bezala— haurdunaldian eta haurrak hezteko prozesuan bakarrik sentitu diren emakumeak dira, eta guztien artean, eskualde mailako laguntza eta babes sarea osatzeko lehen pausoak eman dituzte.

Zer da Altzoan Zaintza Sarea, eta zein helbururekin sortu duzue?
Janire Martínez: Altzoan elkartea amak eusteko sarea da, emakumeok bereziki zaurgarri gaudenerako. Gure helburua, beraz, emakumeen babeslekua izatea da, esperientziak partekatzeko eta zalantzak argitzeko. Baina, egia da, andrazkoen beharrizanetatik sortu den taldea garen arren, orokorrean, gurasoei, aita-amei, zein seme-alabei laguntzeko espazioa ere bagarela.
Enara Menoyo: Sare horretan sartuko lirateke haurdun dauden emakumeak ere, oraindik ama izan ez direnak; izan ere, uste dugu soslai desberdin horiek (aita-amak, haurra izan duten emakumeak zein haurdun daudenak) oso lagungarriak izan daitezkeela taldean denetariko esperientziak partekatzeko. Prozesuaren puntu batean dauden pertsonei garai hori pasatu duen beste batzuekin hizketaldia egiteko aukera eskaintzeko, alegia.

Zergatik sortu duzue momentu honetan? Eta nolakoa izan da sortze prozesua?
E.M.: Gu bion kasuan, haurdun gelditu ginelako. Ni momentu horretan oso galduta sentitu nintzen, eta animikoki ez nengoen ondo, dena oso polita izango dela esaten baitizute beti, baina, emakume askorentzako, aldaketa zaila izaten da. Orduan, Janirek babesa eskaini zidan.
J.M.: Azkenean, laguntzaren premia ikusi genuen guk biok. Gero, emakume gehiagorekin aritu ginen gure esperientziak partekatzen, eta haiek ere ideia ona iritzi zioten laguntasun taldetxoa sortzeari.

Altzoan Zaintza Sareko talde eragileko kideak Lamiaenan // Utzitakoa

Hego Uribe mailan jarduten duzuen taldea zarete.
J.M.: Proiektua, berez, Arrigorriagan, Ugaon eta Zaratamon dago errotuta, herri hauetako emakumeok emagin bera daukagulako, Arrigorriagakoa. Halere, Basaurira, Etxebarrira, Galdakaora edo Zeberiora zabaltzen badugu sarea, ezin hobeto: ez da talde itxia, eta etorri nahi duten guztiak batu daitezke. Egia da haurrak dituen jendearen kasuan, hurbiltasuna oso garrantzitsua dela kontziliaziorako, eta arrazoi praktikoengatik taldea etxetik hurbil izatea litzatekeela onena. Baina parte hartzeko modu gehiago ere badaude: tailerretara etortzea, ekintzetan izena ematea, Whatsapp taldetik beste baten zalantzak argitzeko prest egotea… Laguntza eskaintzen ahalegintzea da kontua.
E.M.: Eta horretarako ez da beharrezkoa, %100ean bertan egotea. Batzuek gehiago egin ahalko dute, eta beste batzuek, gutxiago; izan ere, guztiok bizi dugu amatasuna eta badakigu moldatzen jakin behar dugula.

Zein beharrizan edo hutsune izan dira taldea sortzera bultzatu zaituztenak?
E.M.: Sistema publikoan gabeziak daude. Haurdun gelditu eta Osakidetzan emaginarekin prozesua hasi dugunean nabaritu ditugu hutsune horiek: baliabide falta eta informazioa lortzeko zailtasunak, adibidez. Orduan, pentsatu dugu prozesua aurretik bizi izan duten emakumeek oraindik bide hori egin ez dutenei informazioa eman eta bermatu ahal dietela, eta, horrez gain, askotan, prozesuan oso bakarrik sentitzen zarenez, babesa emango dizun norbait ere ondo datorrela.
J.M.: Dena oso polita izango dela esaten dizute, eta gero, arazoak aurrez aurre dituzunean, momentu gogorretan, bakarrik zaude. Ez zaizu informaziorik heltzen, eta zu zeu hasi behar zara bila. Beraz, prebentzio lan hori egitea garrantzitsua dela iruditzen zaigu, baliabideak arazoak sortu baino lehenago eskura daitezkeela azaltzea eta erraztasun horiek guk geuk eskaintzea.

Kontaktu sarea osatzen ari zarete profesionalekin?
J.M.: Bai. Dokumentu batean ditugu hainbat espezialistaren izenak, eta hitzaldiak eta tailerrak ere haiekin egingo ditugu. Loaren aholkulariak, edoskitzekoak, eta sare publikoan sartzen ez diren beste hainbat profesionalen lana ere ezagutzera eman nahi dugu horrela: pelbiseko lurzoruko fisioterapeutak, Doulak, jaiotza-inguruko psikologoak… Etapa osoan beharrezkoak diren espezialistak dira, baina sistema publikoan eskaintzen ez direnak. Orduan, bakoitzak norbere aldetik bilatu behar izaten ditu.
E.M.: Eta Osakidetzatik kanpo ere, sisteman, orokorrean, gabeziak ikusten ditugu. Adibidez, izapideak egiteko orduan eskaintzen den erraztasun falta: nire bikotea hiru egunez egon zen umea erregistratzeko tramiteekin, prestazioak jasotzekoekin, haurraren osasun txartela lortzeko izapideekin… Uste dut prozesuan aita-amak jaioberriarekin egon beharko liratekeela, baina tramite horiek guztiek asko zailtzen dute kontziliazioa.
J.M.: Orain, gainera, zortea daukagu gizonezkoei aitatasun baimena luzatu dietelako: lehen hiru egun eskas baino ez zituzten. Beraz, alde horretatik gauzak hobetzen ari dira. Baina, agian, bestelako aldaketa batzuk dira planteatu beharko genituzkeenak. Haurtzaindegia doan eskaintzen dute, adibidez, baina zer gertatzen da nik seme-alaba zaintzeko etxean gelditu nahi badut? Aukera horiek dira erreibindikatu behar ditugunak, eta eskaerak horiek talde moduan egiteak indar asko ematen digu.

‘Loa haurtzaroan’ ikastaroa eskaini zuten urrian Lamiaenan // Utzitakoa

Orokorrean, zaintzari lotuta dauden aldaketak dira. Amatasunetik harago, taldearen izenak esaten duen bezala, “zaintza” sare bat zarete.
E.M.: Emakumeen beharretatik sortu dugu taldea, kideak emakumeak garelako. Baina helburua hori zabaltzea da, zaintza guztion ardura dela ikusteko, eta guztiok ikasteko nola zaindu behar den. Nire ustez, gizartean gabezia handia dago arlo horretan: ez dakigu ondoan ditugunak zaintzen, baina, agian, hau bezalako ekimenekin ikasi egin genezake. Eta ez hori bakarrik, prozesuan babestuta sentitu gaitezkeela ere erakutsi nahi dugu, norbait zaintzerako orduan, ezjakintasun sentipena izaten duzulako askotan.
J.M.: Gainera, ezjakintasun horrek beldur handia sortzen dizu, eta gizarteak, nahi gabe, areagotu egiten dizkizu zalantza horiek. Umearekin zaudela, jendeak komentarioak egiten dizkizu: “Ez ezazu organ utzi; ez eraman besoetan hainbeste denbora…”. Behin eta berriro entzun behar izaten dituzu horrelakoak, eta oso gogorra da, egurra ematen dizute, aholkuak eskertzen diren arren.
E.M.: Askotan “aholku” horiek kritika forma hartzen dute. Gaizki egiten ari zarela esaten dizute, baina, zergatik? Zure umearentzat onena egiten ahalegintzen zara, beretzat onena nahi duena zu zeu zarelako. Kontua da, familia bakoitzak bere irizpidearen arabera egiten dituela gauzak, eta ez dagoela ez modu hoberik ez okerragorik. Baina kritika horiekin beti sentitzen zara epaitua, egiten duzuna egiten duzula.
J.M.: Zama arindu beharrean, motxila gehiago betetzen dizute, eta horrelako momentuetan, zaurgarrien zaudenean, eramateko oso zaila da. Nire alabak sei hilabete bete zituenean, adibidez, pentsatu nezakeen bakarra hori izan zen: “Nire alaba bizirik atera da nire ezjakintasunetik!”.

Zaintza ikasketa horren barnean, momentuz, loaren inguruko tailerra antolatu duzue. Zein ikastaro gehiago aurreikusten dituzue?
E.M.: Orain arte egin ditugun hitzaldiak gure beharrei erantzuteko izan dira. Hortik ateratzen ditugu tailerretarako gaiak. Hurrengoa, agian, baby led weaning ikastaroa izango da, umeak solidoak jaten hasten direnean elikagai horiek haien dietara nola sartu irakasteko metodoa.
J.M.: Familien arteko elkarretaratze bat ere badaukagu buruan, gurasoek eta umeek elkar ezagutzeko eta sarea ikustera emateko. Gero, haurdun dauden emakumeentzako ekintzak, jolas libreko tailer bat, collage tailerra, yoga familian, edoskitze ikastaroa, hezkuntzari buruzko dokumentalen bat (Aztarnak izeneko lan batean ari gara pentsatzen) eta abar. Horiek guztiak urteroko programan zehaztuko ditugu. Eta programatik kanpo, liburutegi espezializatu bat sortzea eta jostailu eta bestelako materialen trukerako programa hastea pentsatu dugu. Kontsulta liburuekin hasi gara jada: edoskitzeari buruzkoak, hezkuntzari buruzkoak eta beste batzuk erosi ditugu, eta Lamiaenako liburutegi feministaren barruan integratu ditugu.

Arrigorriagako Emakumeen Etxeak lagundu egingo zizuen antolaketan.
J.M.: Dena batera etorri da. Proiektuarekin hasi ginenean eta udaletxeetara laguntza eske hurbildu ginenean, Lamiaenari buruz hitz egin ziguten. Beraz, nahi gabe, dena joan da pixkanaka lerrokatzen.
E.M.: Prozesu nahiko magikoa izan da. Laguntza handia izan dugu. Arrigorriagako eta Zaratamoko udalek babestu gaituztelako (azken hau, gainera, II. Berdintasun Planean dabil orain lanean), eta Ugaon ere espazio bat uzteko prest agertu dira. Eta egoitza Arrigorriagan dagoen arren, gainontzeko herritara ere joango gara. Ez da talde itxia, eta parte hartu nahi duten guztiak, diren herrikoak direla, ongi etorriak izango dira.

☉ Arrigorriaga

Ixone Garmendia: «Karpatoetan ez genuen hartzekin arazorik izan bertakoen gomendioei kasu egin genielako»

Ixone Garmendiak bere lehen bizikleta bidaia egin zuen joan den udan, non eta Transilvanian (Errumania), bikotekidearekin batera. Bere bizipenak Arrigorriagako Mendi Jardunaldietan kontatu ditu joan den azaroan, bertan filmatutako irudiekin batera

|

Ixone Garmendia, Mendikosolon // Geuria

Ixone Garmendia Garaizabalek (Arrigorriaga, 1993) mendia biziki maite du, eta joan den udan ametsetako plan zoragarri bat zeukan buruan: eskaladako ekipoa motxilan sartu, hegazkin batera igo eta Errumanian lur hartu, Transilvanian. “Transilvania” hitza Googleatu besterik ez dago Errumaniako baso idilikoez jabetzeko: kolorez betetako basoak, eskalada praktikatzeko haitz izugarriak… natura maitaleen oasi bat Europan.

Bidaia hasteko astebete falta zenean, baina, aurreikusitako aldrebestuko zitzaion Garmendiari: lesio bat izan zuen eta erabaki garrantzitsu bat hartzeko beharrean ikusi zuen bere burua. Beraz, eskalada ekipoa zorrotik atera eta horren ordez aitak oparitutako bizikleta fakturatu zuen Loiuko aireportuan.

Ixone, bere mutil-lagunarekin batera Karpatoetan izan da lagun batzuek eman zizkieten ibilbide batzuen bidez sekula ahaztuko ez dutenbidaia gauzatuz bizikleta gainean. Arrigorriagara bueltan, Garmendiak Padura Mendi Taldeak joan den azaroaren hasieran antolatutako Mendi Jardunaldietan hartu zuen parte, bidaian zehar filmatutako dokumental batekin bere abenturak eta desbenturak herritarrei kontatzen. GEURIAk gaztearekin elkartzeko aukera izan du eta Transilvania ez bada ere, Mendikosoloko paradisuan bertan egin diogu elkarrizketa eta argazki saio arina.

Ixone, Mendikosolon // Geuria

Transilvanian izan zinen bizikletarekin joan den udan. Nolako esperientzia izan da zuretzat? Oso ona eta aberasgarria. Esperientzia erabat berria izan da niretzat. Mendian ibilita nengoen, baina bizikletarekin ez nuen era honetako bidaia luzerik egina momentura arte. Aitak eta biok asteburuetan bizikleta hartu eta ibilaldiak egiten genituen handik eta hemendik. Bertatik datorkit bi gurpiletan ibiltzeko zaletasuna.

Bizikleta hartu eta ia 3.000 kilometrora joan zinen, Errumanian bidaia bat egitera. Zergatik Transilvania? Kontua da hasierako asmoa Transilvaniara eskalada egitera joatea zela.

Benetan? (Barreak) Bai. Baina min hartu eta hasierako ideia hura bertan behera gelditu zen. Astebeteko tartea geneukan bidaia hura birplanteatzeko, zer egin edo nondik jo erabakitzeko: lesioa joan den ekainaren 25ean egin nuen eta oporrak 30ean hartzen nituen, hau da, bost egun geroago. Alde egiteko gogo handia neukan eta beraz, astebeteko epe horretan jaio zen Transilvaniatik bizikletan ibilbidea egitearen ideia. Nire mutilak lanean galdetu zuen oporrak tarte horretan hartzearen ideia eta baietz esan zioten.

Bidaia Transilvanian zehar // Ixone Garmendia

Baina nola aldatu zenuten eskalada egitearen plana bizikleta hartzearenarekin? Mutilaren lankideek egindako bidaia zen. Beraiek egindako bidaiaren ibilbidea eman ziguten. Horrela jaio zen ideia.

Nola joan zineten bertara? Furgonetan edo? Hegazkinean. Lagunek ere hegazkinean egin zuten bidaia Errumaniaraino. Bakoitzak 150-200 euro ordaindu behar zituen bizikleta Errumaniara eraman ahal izateko.

Zuen kasuan zenbat joan zineten bertara eta zenbat egun eman dituzue bertan? Mutil laguna eta biok joan ginen eta 24 egun eman genituen Transilvanian: uztailaren 3an abiatu ginen eta 27an itzuli.Abentura ederra!

Kontraste handiko lekua da Transilvania eta bertako paisaiek ez dute zerikusirik udan edo neguan. Bero handia izan genuen bertan. 30-31 gradu inguru izan genituen egunero bizikleta gainean. Hiru egunez euria izan genuen baina gainontzekoetan beroa izan zen protagonista nagusia.
Gainera, trafikoa ekiditeko bigarren mailako errepideak aukeratu genituen eta gure ibilbidean ura hartzeko aukera oso gutxi zegoen. Egunero egiten genituen ibilbideak nahiko luzeak ziren, 50 eta 100 kilometro ingurukoak, eta uste baino pisu gehiago generaman. Horregatik ezin genuen bost litroko ur botilarik garraiatu. Uraren arazoaz gainera hartzen kontua dago hor ere.

Nola “hartzen kontua”? Hartz pila daude egon ginen lekuan. Hasierako ibilbidean ez zegoen inolako arriskurik baina egunek aurrera egin ahala hartzak topatzea oso ohikoa omen da Karpatoen bihotzean. Izan ere, bidean gindoazela auto eta moto gidariek abisatzen gintuzten. Gure ibilbideak basoan zehar egin genituen eta zonalde horiek animalia hauen bizilekua da.

Animalia hauekin arazorik izan ez badugu gidariek errepidean buelta eman eta kontuz ibiltzeko gomendioei so egin genielako da: “Lau hartz daude hor aurrean, ez jarraitu”, esan ziguten behin. Gainera, Errumanian, mugikorra GPSa aktibatuta badaramazu, alerta jakin batzuk jasotzen dituzu eta horietako abisu batzuk zonalde jakin horretan hartzak daudela iragartzen diete erabiltzaileei.

Bidaia Transilvanian zehar // Ixone Garmendia

Basoak aipatu dituzu. Aldea dago Transilvania eta Euskal Herriko paisaien artean? Gu Karpatoetan egon ginen eta portuak igo genituen baina gure zonaldea oro har ez zen oso menditsua izan. Alde handia dago azpiegiturei dagokienez: herriak, errepideetako egoerak ez dauka zerikusirik hemen topa daitezkeenekin; Errumaniakoak askoz okerrago daude.

Berdin gertatzen da bizikletentzako azpiegiturekin? Hiri handietan bidegorriak egon bazeuden, baina han “bideberdeak” dira (barreak). Baina gu oso hiri gutxitan izan gara, egia esateko; jende gutxi bizi den herrietatik igaro gara Errumanian. Beraz, errepidean oso jende gutxi ikusten genuen, batez ere nekazariak eta abereak ikusi genituen inguru horietatik.

Eta zelakoa da bertako jendea? Leku guztietan bezala, denetarik egongo da, baina guk jende jatorra ezagutu genuen bidean zehar. Hasieran kanpotar moduan ikusi gintuzten eta haiei ere arraroa egiten zitzaien.
Baina tira, zonaldearen araberako zerbait da hori: landa eremuetan jendea ez dago gu bezalako turistak ikustera ohituta eta ez dira gehiegi hurbiltzen. Baina tira, guk kalean egiten genuen lo eta askotan kafea edo ura izaten genuen hurrengo goizean jaikitzen ginenean. Zortea izan genuen. Gainera, bizikleta izorratu zitzaigunean ere tipo batek gu ulertu barik lagun baten etxera eraman gintuen txirrindula konpontzeko.

Hain urrun bizikletarekin bidaiatzen denean norberaren garraiobidea izorratzea da abenturazalearen amets gaiztoetako bat. Gainera, bioi izorratu zitzaigun bizikleta (barreak). Anderri ganbera izorratu zitzaion. Generaman pisua hain zen handia ezen gurpilak aire gutxi zeramala ematen zuen, eta Anderrek uste zuen irtenbidea aire gehiago ematea zela eta gurpila lehertu zuen azkenean. Zaila da oreka hori aurkitzea, egia esan.

Baina ganbera bat lehertzeko pisu asko eraman behar da bizikletan, eta presio gehiegi ganberan. Zer eramaten zenuten bi gurpilen gainean bada? Gure hasierako helburua autosufizienteak izatea zen bidaia honetan, hotelik edo antzekorik erabili gabe. Beraz, esterak, lo zakuak, kanpin denda, janaria egiteko jetboila (tamaina txikiko sua, sukaldatzeko), telefonoak kargatzeko eguzki-plaka txiki bat, botikina… denetarik.

Bidaia Transilvanian zehar // Ixone Garmendia

Bizitako esperientzia ikusita asko ikasiko zenuten bidaia honi esker, bereziki antolaketa kontuetan. Hala da! Bidaia egiteko “gidoia” geneukan baina askotan inprobisatu izan dugu. Mendian horrelaxe egin izan ohi dugu ere. Gainera, bidaia honen ibilbideari dagokionez, guk lagunek baino egun gehiago eman genituen Transilvanian eta ondorioz ibilbide hura luzatu behar izan genuen. Bestalde, haiek eguraldi txarra izan zuten eta beren eguneko ibilaldiak laburtu behar izan zituzten. Guk ostera kontrakoa egin behar izan genuen: egunean egin beharreko ibilaldiak luzatzen genituen eta hurrengo egunekoak begiratzen genituen aldi berean. Hala ere goiz bukatzen genituen eguneroko ibilaldiak beroagatik: 05:00etan esnatzen ginen, 06:00etan pedalei eragiten hasi eta 18:00etan helmugan egon ohi ginen.

Ibilbideen kontua aipatu duzu lehen. Retroa iruditu daiteke baina mapa fisikorik eraman al zenuten badaezpada? Baita zera ere! Google Maps aplikazioa erabili genuen hasieratik amaierara arte. Wikilock aplikazioa ere bageneukan.Zentzu horretan ez dugu arazorik izan, eta asko erraztu digu lana.

Edonori gomendatuko zeniokeen bidaia izan da? Bai, baina guk errepidea mendiarekin uztartu nahi genuen ere eta gure ibilbideetan mendi ibilbideak txertatu genituen. Era honetako rutak egitea agian ez da hain erosoa menditik alportxekin bidaiatzea ohituta ez dagoen pertsona batentzat. Behin baino gehiagotan bizikletatik jaitsi eta maldan gora egin behar izan genuen, horrek dakarren guztiarekin.

Ixone, Mendikosolon // Geuria

Bizikleta aipatu duzu. Nolako bizikleta eraman zenuen bidaia honetara? Ezaugarri berezirik al du? Aitak oparitutako bizikleta zahar bat da, egia esateko. Betidanik erabili izan dut eta asko maite dut bizikleta hori. Bidaia astebeteko epearekin prestatu genuenez ez nuen ezta prestatzeko aukerarik izan: katea garbitu eta listo.

Bueno, “eta listo”. Zuk ere arazo garrantzitsua izan zenuen bizikletarekin. Abatza edo “bujea” matxuratu zitzaidan laugarren edo bosgarren egunean. Ondorioz katea trankatu egiten zitzaidan eta aurrera egitea benetan zaila zen. Maldan bera nihoanean ere pedalei eragin behar nien abatza benetan izorratuta zegoelako. Txarrena da matxura hura konpontzeko lekurik ez zegoen tokian gertatu zitzaidala. Braoven konpontzeko lekua bazegoen: txirrindularien etxe antzeko bat. Baina lau eguneko ibilaldia zegoen bertara heltzeko. Hiri hartan erdi konpondu zidaten baina merkatuan beste bizikleta batengatik aldatzeko gomendioa eman zidaten. Nik ez nuen saldu nahi. Bestalde, aurrerago abiadura-aldagailuak ere matxuratu zitzaizkidan Esan bezala, bizikletak baditu bere ajeak, baina berarekin dudan lotura ez da erabilerara mugatzen.

Bidaia bukatu eta azaroren hasieran bidaiaren inguruko hitzaldia eskaini zenuen Padura Mendi Taldeak eskainitako Mendi Jardunaldietan. Padura Mendi Taldetik badakite zertan nabilen eta bidaiaren berri zuten. Esperientzia honen inguruko aurkezpena egiteko gonbidapena luzatu zidaten herriko pertsona bat behar zutelako… eta ezin ezetz esan! (barreak).

Bidaia Transilvanian zehar // Ixone Garmendia

Eta nolako esperientzia izan zen zure bidaia Arrigorriagako Lonbo aretoan elkarbanatzearena? Nire lehen hitzaldia izan da eta kasu honetan, nik uste dut benetan zaila dela Arrigorriaga bezalako herri txiki batean jende asko mugitzea. Jendea egon zen aurkezpenean, ezagunak gehienak. Nire abentura kontatzeko Power Point bat prestatu nuen, eta baita bideo bat. Mutilari irudiaren mundua asko gustatzen zaio eta drona eta guzti eraman genuen bidaian. Grabatutako materialarekin ordu erdiko dokumentala proiektatu genuen Lonbo aretoan.

Zelan ikusi dituzu aurtengo jardunaldiak? Ondo! aurten Alex Txikonen eta Amaia Segurolaren ‘Bidea irekitzen: Groenlandia’ hitzaldia ikusi nituen.

Transilvaniaren bidaiarekin 2024a itxiko duzu. Proiektu gehiagorik al duzu buruan, Ixone? Gustura bukatu genuen Transilvaniako esperientziarekin, eta aurrerago Europatik beste bidaia bat egitea ez legoke batere gaizki. Hasi gara kuxkuxeatzen, eta ziur zeozer interesgarria aurkituko dugula.

Eta Europara joan bitartean, bertako mendietako hormetatik ibiliko zara, ezta? Bai, mendia maite dut, bereziki eskalatzea. Normalean Nafarroako mendietatik ibiltzen naiz, Etxauriko inguruetatik. Zentzu horretan Euskal Herrian badugu non aukeratu eta nondik ibili, zalantzarik gabe.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Osakidetzak bere aurrekontuan sartu du Arrigorriagako osasun zentro berria

Udalak eta Osakidetzak egin duten lankidetza hitzarmen hau Arrigorriagarentzat albiste “oso positiboa” bezala definitu du Maite Ibarra alkateak

|

Alderdi politikoak, bozkaketa egiten osoko bilkura arteoan // Arrigorriagako Udala

Arrigorriagako Udalak eta Osakidetzak lankidetza hitzarmena berretsi dute joan den azaroaren 28an egindako osoko bilkuran gaur egungo osasun zentroa konpontzeko. Hitzarmen hau aurreko hilabeteetan Osakidetzako ordezkariekin egindako hainbat bileraren ondorio izan da, eta horren berri eman zuen GEURIAk.

“Oso gertutik jarraitu dudan gaia da Arrigorriagako osasun zentroarena”, aitortu du Maite Ibarra herriko alkateak. “Oso inplikatuta egon naiz eta buruhauste asko ekarri dizkit. Akordio hau erdiestearen ondorioz bereziki pozik eta harro sentitzen naiz lortu dugunaz”.

Udalak eta Osakidetzak egin duten lankidetza hitzarmen hau Arrigorriagarentzat albiste “oso positiboa” bezala definitu du Maitek: “Hilabete askoren eta negoziazioen ondoren akordio oso ona lortu dugu herritarrentzat”. Akordio honi esker, Osakidetzak gaur egungo osasun zentroaren konponketa lanak bere gain hartuko du eta Maitek ziurtatu du osasun zerbitzuak “lehengo normaltasuna” berreskuratuko duela eta herritarrek “merezitako kalitatezko zerbitzua” jasoko dutela.

Zentro berria, aurrekontura

Gainera, Osakidetzak bere aurrekontuan sartuko du Arrigorriagako osasun zentro berriaren proiektua: “Badakigu ibilbide luzea daukagula aurretik baina argi dugu herriak osasun zentro berri bat behar duela eta horretarako lanean jarraituko dugu burubelarri”, aurreratu du Ibarrak.

Bozkaketak EH Bildu, PSE, NOA eta Arrigorriaga Gararen aldeko botoak eta EAJko abstentzioa izan zituen.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Palako lehiaketa inklusiboa eta gurpildun aulkietan jokatutako erakusketa antolatu dute Arrigorriagan

Arrigorriagako Udalak eta Haszten kirol egokituko elkarteak aniztasun funtzionala dutenen kolektiboari diagnostiko baten haritik sortu da egitasmoa eta helburua kolektibo horrek jarduera fisikoarekin eta kirolarekin duen harremana ezagutzea da

|

Pala batzuk // eskupilota.eus

Larunbat honetan, azaroaren 30ean palako lehiaketa inklusiboa antolatu du Arrigorriagako Udalak Haszten Elkartekin eta Arguia Pilota klubaren laguntzarekin udal kiroldegiko frontoian, 11:00etan.

Iaz Arrigorriagako Udalak eta Haszten kirol egokituko elkarteak aniztasun funtzionala dutenen kolektiboari, eta horiek Arrigorriagako kirolean duten inplikazioaren inguruko diagnostiko bat landu zuten.

Helburua kolektibo horrek jarduera fisikoarekin eta kirolarekin duen harremana ezagutzea eta arlo horretan zeuden beharrak identifikatzea zen “ariketa fisiko egokituaren eremuan hobekuntza-jarduerak proposatu ahal izateko”, azaldu dute Udaletik.

Behar bi agerian

Udal ordezkariek azaldu dute ere diagnostiko hark behar bi agerian utzi zuela: alde batetik beharrezkoa zela herriko klubek prestakuntza espezifikoa jasotzea eta bestetik, aniztasun funtzionala dutenen kolektiboari eta kirol egokituari ikusgarritasuna eman behar zaiola.

Lehen beharrari erantzuteko udalerriko kirol klubek bi prestakuntza-saio jaso dituzte jada. “Saioen helburua izan da kirol praktikarako sarbidea erraztea, klubei dibertsitate funtzionala duten kirolarien integraziorako tresnak eskainiz”, arrazoitu dute Udaletik.

Bigarren beharraren ondorioz palako lehiaketa inklusiboa antolatu dute zapatuan. Sarrera librea izango da eta ikusleek beroketa inklusiboa, palako lehiaketa inklusiboa eta gurpildun aulkietan jokatutako erakusketa publikoa prestatu dute.

Egitaraua | Palako lehiaketa inklusiboa 2024

Azaroak 30, zapatua

11:00 Beroketa inklusiboa
11:30 Palako lehiaketa inklusiboa
13:00 Gurpildun aulkietan jokatutako erakusketa publikoa

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Euskararen egunarekin lotutako hamar jarduera antolatu dituzte Arrigorriagan gaurtik aurrera

Gaur bertan hasiko dituzte jarduerak. Abenduaren 3ra arte jarduera bat atolatu dute egun bakoitzeko

|

Arritxikerrak ekimenak joan den Martxoaren 8an antolatutako ekintza // Geuria

Joan den azaroaren 27an hasi zen Euskararen Egunak Arrigorriagara ekarri duen jardueraz beteriko astea. Abenduaren 3ra arte hitzaldiak, filmen proiekzioak, antzerki saioak, dantzaldiak eta beste horrenbeste jarduera antolatu dituzte Arrigorriagako erdigunean eta baita Abusuko Zentro Soziokulturalean ere.

Arrigorriagako Udalak argitaratu duen programaren arabera, egunean jarduera bat prestatu dute azaroaren 29an eta 30ean izan ezik; egun bi horietan jarduera bat baino gehiago prestatu dituzte: hilaren 29a etxeko txikienei zuzendu diete programazioa Erbia eta dordoka doako ikuskizunarekin Lonbon eta ostean Kidam magoak Aroa eta Mirtariak izeneko ikuskizuna eskainiko du Abusuko Zentro soziokulturalean.

Hilaren 30ean ohial erraldoia koloreztatuko dute udaletxeko plazan ‘Euskara koloreztatzen’ izeneko jarduerarekin. Aipatu beharreko beste data bat abenduaren 1a izango da. Egun horretan Jon Maia bertsolariak Kantu berri bat gara ikuskizuna eskainiko du Lonbo aretoan. Ikuskizuna ordainpekoa izango da eta sarrerak 8 eurotan erosi ahal izango dira.

Arritxikerrak dinamikak ere nabarmentzzeko ekarpena egingo du hilaren 3an, udaletxeko plazan: bertan serigrafia tailerra antolatu dute 0 eta 6 urte bitarteko umeentzat.

“Udala eta herriko eragileak gure herria euskalduntzeko lanean ari gara 365 egunez. Hala ere, abenduaren 3a aitzakia bikaina da urteko lanketa osoari bultzada polita emateko herri bezala. Arrigorriaga, urtero, euskaldunago egiteko”, azaldu du Gorka Etxebarria Arrigorriagako Euskara zinegotziak eta arrigorriagarrak herrian antolatutako ekintzetan parte hartzera gonbidatu ditu.

Egitaraua | Euskararen Eguna Arrigorriagan

Azaroak 27, asteazkena
17:30 ‘¿Cómo ayudar a nuestros hijos con el euskera y los estudios?’ hitzaldia, Abusuko Zentro Soziokulturala

Azaroak 28, osteguna
19:00 Bizkarsoro filmaren proiekzioa, Lonbo

Azaroak 29, ostirala
17:30 ‘Erbia eta dordoka’ umeentzako ikuskizuna, Lonbo
18:00 ‘Aroa eta Mirariak’, Kidam magoaren ikuskizuna, Abusu

Azaroak 30, larunbata
19:30 Euskara Koloreztatzen ohial erraldoiaren margoketa, plaza
13:00 Dantza eta musika herriko elkarte eta taldeekin, plaza
18:00 Kresala, dantza eta arte plastikoak, plaza

Abenduak 1, igandea
18:00 Kantu berri bat, Jon Maia, Lonbon

Abenduak 2, astelehena
“¿Cómo ayudarles en las tareas escolares si no sabemos euskera?” hitzaldia Maialen Cuevasen eskutik, euskaraz ez dakiten edo gutxi dakiten gurasoei zuzendutakoa, eskolan, ordua zehazteke

Abenduak 3, asteartea
17:30 Serigrafia tailerra, Arritxikerrak dinamikaren eskutik, plazan

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagan agertutako pintada homofobiko eta faxista salatu du LGTBIQ+ taldeak

Arrigorriagako leku jakin batzuetan antzeko pintadak agertzen diren lehen aldia ez dela azaldu dute Arrigorriaga Harrotik, baina bai nazien sinbologiarekin uztartzen dutena

|

Asteburuan egindako pintada // Utzitakoa

Joan den larunbatean pintada homofobiko eta faxista bat agertu zen Arrigorriagako herrigunean. Bertan, “gay” hitza nazien svastikarekin agertzen zen, pertsona baten izenarekin batera eta Arrigorriagako LGTBIQ+ taldeak ekintza bandaliko eta homofoboa salatu du. “Gure herrian pintada LGTBIfobikoa eta sinbolo nazia agertu dela salatzen dugu; ez dago gorrotorako lekurik Arrigorriagan. Erasoen aurrean autodefentsa”.

Xabi Cabrera Muñoz Arrigorriagako Udaleko Ingurumen zinegotziak azaldu du larunbat gauetik iganderako tartean norbaitek “gay” hitza eta svastika ezabatu duela eta gaur pertsona baten izena eta “aupa” agertzen dela horma horretan.

Ingurumen zinegotziak GEURIAri azaldu lez, Arrigorriagako leku jakin batzuetan antzeko pintadak agertzen diren lehen aldia ez dela: Mendikosolo parkeko sarrerako edukiontzietan “Gay el que lo lea” mezua irakur daiteke eta kantxa urdinean ere mezu LGTBIfobikoak egin izan dituzte noizbait, baina inoiz ez faxismoarekin lotutakoak: “Era horretako mezuei ez diegu garrantzi handirik ematen, ume edo nerabe batek idazten zuenaren esanahaia jakin barik idatzi ahal izan duelako, baina asteburu honetan egindako pintadak “gay” hitza sinbologia faxistarekin uztartu dute, eta hori larritzeko modukoa da”.

Xabi Cabrera: “Asteburu honetan egindako pintadak “gay” hitza sinbologia faxistarekin uztartu dute, eta hori larritzeko modukoa da”

Gorroto mezua ezabatu duen pertsona anonimoaren jarrerak herrian “pertsona onak” daudelaren itxaropena eman dio Cabrerari. “Azken ekintza bandaliko honek utzi digun kezka handiena pertsona baten izena bertan agertzea izan da, publikoki seinalatu dutelako”.

Arrigorriagako LGTBIQ+ taldeak asteburuan egindako ekintza salatu du eta Udalak gaitzespen mezua iaragarriko du gaur bertan, A25aren adierazpen instituzionalarekin batera. Eman beharreko hurrengo pausua margotutako horma horretan ageri diren mezuak ezabatzea izango dela argitu du Ingurumen zinegotziak.

Osorik irakurri
📩 ✏️ Olentzero eta Mari Domingiri gabon gutuna
📩 ✏️ Gabon gutuna