☉ Arrigorriaga
Bideoa / Erdi aroko nekropolia aurkitu dute Arrigorriagako Abrisketako Done Peri baselizan
Malmasingo Lagunak elkarteak, Arrigorriagako ondare eskaintzari balioa ematea helburu duen proiektua abiarazi zuen duela hiru urte. Harrezkeroztik , hainbat esku-hartze eta indusketa egin dira Abrisketako Done Peri baselizan eta bertako inguruetan
Malmasingo Lagunak elkarteak, Arrigorriagako ondare eskaintzari balioa ematea helburu duen proiektua abiarazi zuen duela hiru urte. Harrezkeroztik , hainbat esku-hartze eta indusketa egin dira Abrisketako Done Peri baselizan eta bertako inguruetan.
Azken lanetan Done Peri baseliza baino lehenagoko nekropoli baten arrastoak topatu dituzte Teresa Campos López Arrigorriagako Ondarearen Sozializazio Proiektuaren zuzendaritzapean: “Bizkaia mailan Done Peri baseliza bezalakoak benetan garrantzitsuak dira”, azaldu dio GEURIAri Camposek. “Arrigorriagakoa Bizkaiko zaharrenetarikoa izango da ziur”.
Teresa Campos: “Arrigorriagako Done Peri baseliza Bizkaiko zaharrenetarikoa izango da ziur”
Hiru urte lanean
Duela hiru urte udalerriko ondare-eskaintzari balioa ematea helburu duen proiektua martxan jarri Zuen Malmasingo Lagunak elkarteak Arrigorriagako Udala, Cementos Rezola eta Euskal Herriko Unibertsitatearen babesarekin. “Lehen fase batean prospekzio batzuk egin genituen geo-radar batekin baseliza barruan eta kanpoaldean neurketa batzuk eginez, bertan ezer aurkitzea posible zen jakiteko”, azaldu du Teresak. 2023an bigarren faseari ekin zion lan taldeak, baselizaren alboan dagoen lautada batean beste prospekzio bat eginez. Lan taldearen ustetan, bertan antzinako herrixka bat egon zitekeen.
Teresa Campos: “Eman dezake ondarearen aldetik Arrigorriagak ezer gutxi duela baina ez da horrela; potentzial arkeologiko oso interesgarria duen udalerria da”
Egun hauetan baselizaren alboan ari dira lanean eta bertan zundaketa bi egin dituzte: bat tenpluaren hegoaldean (normalean hilobiak kokatu ohi diren lekuan) eta bestea, iparraldean. Uste guztien kontra, zundaketa bi horietatik iparraldekoa izan da emankorrena eta bertan antzinako hilobiak eta buruhezurrak topatu dituzte azken asteetan, besteak beste. Camposen arabera, momentura arte Done Perin topatu dituzten arrastoak V eta VII. mende artekoak izan daitezke erraz. “Eman dezake ondarearen aldetik Arrigorriagak ezer gutxi duela baina ez da horrela; potentzial arkeologiko oso interesgarria duen udalerria da”, azaldu du irribarretsu.
Azken egunetako aurkikuntzek auzotarren, udal ordezkarien eta Cementos Rezolako arduradunen beraien arreta deitu dute eta bisita ugari jaso ditu Arrigorriagako baselizak eta horren haritik bisita gidatuak antolatu dituzte larunbat honetan, otsailaren 3an 11:00etan (gazteleraz) eta 12:00etan (euskaraz). Bertan, proiektuaren nondik norakoak, bertan egindako aurkikuntzak eta interesdunei bururatzen zaizkien galderei erantzuna emango diete lan taldekoek.
☉ Arrigorriaga
Txakurkros hastapen Ikastaroak martxan jarriko ditu KorriCanek Arrigorriagan, gazteentzako
Foru Aldundiak eta Bizkaiko Neguko Kirolen Federazioak abiarazitako kirol jarduera berri honek saio teoriko-praktikoak izango ditu Mendikosolo parkean
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bizkaiko Neguko Kirolen Federazioak KorriCan izeneko txakur krosako eskola kirol jarduera jarri dute martxan. Ikastaro hau Eskola Kirola Programaren ‘Hastapen eta Josteta’ jardueren bitartez aurrera eramango dute Arrigorriagako Mendikosolo parkean.
Txakurkrosean hasteko KorriCan izeneko ikastaro hauek Bizkaiko Neguko Kirolen Federazioko monitoreek eskainiko dituzte eta hiru orduko iraupena izango dute, hurrengo gaiak jorratuz: formakuntza teoriko-praktikoa, txakurren heziketarekin eta etologiarekin lotutako praktika eta txakurkros praktika.
Ikastaro hau 2009tik 2012ra bitartean jaiotako gazteei zuzenduta dago eta lau saiotan banatu dituzte: azaroaren 3an, azaroaren 17an, abenduaren 15ean eta 2025eko otsailaren 16an. Klaseak 10:00etatik 13:00ak arte izango dira. “Bertan formakuntza teoriko bat eskainiko da, bideo batzuk proiektatuko ditugu jarraian eta txakurkrosean erabiltzen den materiala aztertuko dute ikasleek”, azaldu du KorriCaneko Xabi Gonzálezek. “Lasterketa simulakroa egingo dugu ere eta gure monitoreen laguntza edukiko dute parte-hartzaileek”.
Xabi Gonzalez: “Ikastaroan formakuntza teoriko bat eskainiko da, bideo batzuk proiektatuko ditugu jarraian eta txakurkrosean erabiltzen den materiala aztertuko dute ikasleek, besteak beste”
Izena emateko interesa dutenek bizkaia.eus/eskolakirola webgunera jo beharko dute, entitate baten izenean edo banaka. Antolaketa taldetik iragarri dute taldeak gutxienez sei lagun eta gehienez 16 izan beharko dituela egun bakoitzeko.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagak 7.000 Arrigobono ipiniko ditu eskuragarri herriko 40 saltokitan
Aurtengo kanpaina urriaren 7tik 24ra egingo dute, bonuak lehenago agortzen ez badira
Tokiko merkataritza bultzatzea helburu duen Arrigobonoen kanpainak 7.000 bono banatuko ditu Arrigorriagako 40 saltokietan, urriaren 7tik 24ra. Udalak Adecka merkatari elkartearekin urtero abiarazten duen kanpaina da Arrigobonoena. Kanpainaren informazio guztia jasotzeko webgune hau ahalbidetu dute.
Erosleek bono mota bi erosi ahalko dituzte astelehenetik aurrera: 30 eurokoa (bezeroak 20 euro gastatu eta 10 euro hobaria jasoko du trukean) eta 10 eurokoa (bezeroak 7,50 euro gastatu eta 2,50 euroko hobaria jasotzen du). Bonuak saltokietan bertan banatuko dituzte eta erabiltzaile bakoitzak gehienez 30 euroko bono bi eta 10 euroko lau erosi ahalko ditu.
“Tokiko ekonomiaren aldeko apustua egiteaz gain, merkatari eta ostalariek udalerriari egiten dioten ekarpena balioan jarri nahi dugu”, azaldu du gaur goizean Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak.”Bereziki, merkatarien eta bizilagunen artean sortzen duten konfiantza- eta hurbiltasun-giroa. Ez digute bakarrik kalitatea eskaintzen, modu arduratsuan kontsumitzeko aukera ere eskaintzen digute. Eta gure ardura da, Udaletik, ekimen hau bultzatzea”.
Maite Ibarra: “Herriko merkatariek ez digute bakarrik kalitatea eskaintzen, modu arduratsuan kontsumitzeko aukera ere eskaintzen digute”
Urtero lez, gaurko prentsaurrekoan Jose Cebrecos Adeckako idazkaria izan da ere: “Ekonomikoki zaila den une honetan, espero dugu bonuak oxigeno-kolpe bat izatea guztiontzat”, azpimarratu du.
☉ Arrigorriaga
Irizpide feministak adosteko prozesua abiaraziko dute Arrigorriagan, jai ereduari buruzko hausnarketa errealista xede
Elkarlanerako gune honek hiru hitzordu antolatu ditu Lamiaenan: urriaren 14an, azaroaren 12an eta abenduaren 10ean
Zer ekitaldi antolatzen ditugu Arrigorriagan?, Nortzuk dira protagonistak?, Nola hartzen dira erabakiak?. Galdera horiei erantzuna emateko Arrigorriagako jaiak berdintasunean izeneko irizpide feministak adosteko prozesua abiaraziko du Udalak.
“Jaietan egiten diren ekintza guztiak (kirol arlokoak, erlijiosoak, gastronomikoak, musikalak…) gure kulturaren bereizgarri diren esanahi sinboliko handiko kultur adierazpenak dira”, azaldu dute udal ordezkariek. “Guzti honetaz hausnartzeko elkarlanerako gunea sortzea da helburua, jai ereduari buruzko hausnarketa errealista egiteko eta Madalenak feministak egiteko oinarrizko irizpide batzuk adosteko”.
Prozesu hau herritar orori zabalik dago eta hiru hitzordu izango ditu Lamiaenan: lehena urriaren 14an izango da eta gainontzekoak azaroaren 12an eta abenduaren 10ean. Saioak 18:00etatik 20:00ak arte antolatu dituzte eta izena ematea beharrezkoa da berdintasuna@arrigorriaga.eus helbidearen bidez edo 944 020 200 telefono zenbakira deituz.
☉ Arrigorriaga
Zabaldu dute Arrigorriagako Ausartak Mendi Lasterketan izena emateko epea
Aurtengo edizioa urtarrilaren 18an eta 19an antolatu dute eta Canicross ETL txakurkrosa, Txakurkros eta trail herrikoia, Mendi Martxa, Mendi maratoi erdia eta Hasiberri traila prestatu dituzte
Arrigorriagako Ausartak Mendi Lasterketa 2025eko urtarrilaren 18 eta 19an antolatu dute eta bertan izena emateko epea zabaldu dute SportManiacs.com webgunean.
Iaz bezala, kirol probak egun bitan antolatu dituzte, betiko probekin: Canicross ETL txakurkrosa, Txakurkros eta trail herrikoia, Mendi Martxa, Mendi maratoi erdia eta Hasiberri traila.
Egutegia | Ausartak Mendi Lasterketa 2025
Urtarrilak 18, larunbata
– 10:00 Canicross ETL txakurkrosa (6k 150+)
– 11:30 Txakurkros eta trail herrikoia (2,5km)
Urtarrilak 19, igandea
– 09:00 Mendi martxa (20k 1.000+)
– 10:30 Mendi maratoi erdia (21k 1.100+)
– 11:00 Hasiberri trail (9,5k 500+)
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagarren argazkiek osatuko dituzte 2025eko udal egutegiaren irudiak
Gaia “Arrigorriagako auzoak, jendea eta txoko ezkutuak” izango da eta argazkiak bidaltzeko azken eguna urriaren 27a
Arrigorrigako Udalak argazki-lehiaketa bat antolatu du irudi onenekin 2025eko udal egutegia osatzeko. “Helburua da herritarrek Arrigorriagari eta bere jendeari buruz duten ikuspegi berezi eta bakarra jasotzen duen egutegia sortzea”, azaldu dute udal ordezkariek. “Arrigorriaga bere biztanleen begiradaren bidez ezagutu ahal izatea”.
Gaia “Arrigorriagako auzoak, jendea eta txoko ezkutuak” izango da eta argazkiak bidaltzeko azken eguna urriaren 27a. Epea itxita, epaimahai batek azala eta hilabete bakoitzeko argazkiak aukeratuko ditu.
Udaletik baldintza batzuk azpimarratu dituzte interesdunek parte hartu ahal izateko: bidali beharreko argazkiak formatu horizontalean egindakoak izan beharko dira eta Euskara Zerbitzura bidali beharreko e-postan hurrengo informazioa gehitu beharko dute parte-hartzaileek:
– Izen abizenak (eta goitizena, aukeran)
– Helbidea
– Telefono zenbakia
– Argazkia ateratako lekua eta data