Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Arrigorriaga

Erreportajeak / Hiru hamarkadatik gora haur txikienen bidelagun

Sonia Garcia Plak orain dela hogeita hamaika urte zabaldu zuen Bihotz Haurtzaindegia, egun bere senarra den Oscar Aparicio Valverderekin batera. Denboraren poderioz Haur Eskola bilakatu zen, eta ordutik hona zientoka haur igaro da bertatik

|

“Nire ama BBKren haur eskola bateko sukaldaria zen, giro hori txiki-txikitatik ezagutu dut”. Sonia Garcia Plak (Bilbao, 1971) oso gaztetatik argi zeukan txikienekin lan egin nahi zuela. Behin Magisteritza ikasketak bukatuta, berak eta egun bere senarra den Oscar Aparicio Valverdek (Bilbao, 1969) aurrerapausoa ematea erabaki zuten, artean 22 eta 23 urte zituztela, hurrenez hurren. “Bilboko Udalera jo genuen laguntza eske, eta bertan jaiotza tasa handiena zuten herrien zerrenda helarazi ziguten”.

Horien artean, Arrigorriagaren izena nabarmendu zen. “Arrigorriagako Udalean galdetu genuen ea herrian haurtzaindegi edo antzekorik ba ote zegoen, eta ezetz erantzun ziguten”. Dei horretan jaio zen Bihotz Haurtzaindegiaren ernamuina, 1983. urtean. Hasiera, ohi den legez, ez zen erraza izan: “Oso gazteak ginen, eta kanpotarrak gainera”. Arrigorriagarren errezelo horiek “normaltzat” jotzen dituzte senar-emazteek.

Giro mesfidatiak ez zituen kikildu, ordea, eta bidea egiten hasi ziren. Nola? “Telefono gida eskuetan”. Azken bi hamarkadetan Bihotz Haur Eskolatik igaro diren orduko haur eta egungo gazteek sinetsiko ez duten arren, laurogeigarren hamarkadan telefono finkoa jaun eta jabe zen etxe guztietan. Telefono konpainiek liburu mardul eta hori bat bidaltzen zuten etxeetara, etxebizitza guztietako zenbakiekin eta familia bakoitzaren izen-abizenak zehaztuz.

“Abiapuntua umea da, eta bide batez familia. Horretara moldatu behar dugu Haur Eskolaren jarduna, eta unean uneko aldaketei erantzuteko prest egon”

“Telefonikarekin akordio bat egin genuen, bakoitza kabina batera joan, eta etxeetara deika hasi ginen” gogoan du Oscarrek. Zientoka dei egin ostean, interesa bazegoela ikusi zuten, eta lekuaren bila hasi ziren, irizpide argi batzuekin: “Eremu zabal bat bilatzen genuen, lorategia eskura izango zuena. Argi geneukan haurrak kalera irteteko askatasuna izan behar zuela, hori guretzat funtsezkoa zen”. Baimen guztiak lortzea ez zitzaien erraza suertatu: “Udalaren jarrera nahiko ezkorra zen. Ez gintuzten ezagutzen, eta ez zuten proiektuaren bideragarritasuna argi ikusten”.

Hala ere, zehaztu du Apariciok, “gerora harreman bikaina izan dugu Udalarekin”. Burokraziaren zoko-moko guztiak gaindituta, irekiera eguna iritsi zen, bikoteak ahaztuko ez duen data: “azaroaren 2an izan zen”. Erraz gogoratzeko moduko data, Oscarren urtebetetzea bi egun geroago baita, azaroaren 4an. “Ospakizun bikoitza izan zen”.

Hamabost “seme-alaba”

Horrela definitu ditu Garciak lehen ikasturte hartako ikasleak. Hiru hamarkada luze joan diren arren, hunkitu egiten da haietaz berba egitean. “Pentsa, horietako batzuk euren semea edo alaba ekarri dute orain haur eskolara”. Harremana mantentzen dute hamabost horietako gehienekin, eta ez da arraroa izaten ikasturtean zehar euren bisita jasotzea: “Denbora joan eta denbora etorri orduko lotura estu hori mantendu dugu. Gerta liteke hilabete luzez elkarren berri ez izatea, eta hala ere, hizketan hasten garenean, badirudi bezperan egon garela” borobildu du Soniak.

Lehen urte haiek oso bereziak izan ziren bikotearentzat. Gazteak ziren, gogotsu zeuden, eta herrian ospe ona irabazi nahi zuten. “Oso zorrotzak ere baginen” zehaztu dute: “ezin ziren orgatxoak sarreran utzi, ezta orduz kanpo txirrina jo edo telefonoz deitu ere, hezkuntza plana hasi eta buka betetzen genuen…”

Lehen pauso haiek gogoratuz bada biek aipatzen duten beste hitz bat: beldurra. “Hasiberria zara, eta ume oso txikiekin lan egiten duzu. Dena da mehatxu eta arrisku. Uste bezala irteten ez den edozer gauza arazo bilakatzen da”. Beldur hori galtzeko “sekretua” zein den galdetuta argi daukate biek ala biek: “esperientzia”.

Urteetako lanak eman dien jakintza eta eskarmentuarekin beste ikuspuntu bat garatu dute: “abiapuntua umea da, eta bide batez familia. Horretara moldatu behar dugu haur eskolaren jarduna, eta unean uneko aldaketei erantzuteko prest egon”. Gutxi asko, esaldi horretan laburbiltzen dute euren jardunaren funtsa eta nondik norakoa.

Antzinako ikasleak // Geuria

Haurtzaindegitik Haur Eskolara

80ko eta 90eko hamarkadetan aldaketa handiak eman ziren Euskal Herrian, eta baita Arrigorriagan ere. 1983ko uholdeek herria gogor kolpatu bazuten ere, hortik aurrera garapen urbanistikoak ez zuen etenik izan, batez ere herrigunean; etxebizitza berriak eraiki ziren, eta inguruko herrietako jende gazte andana heldu zen Lonbo bezalako guneetara.

Testuinguru horretan, urte oparoak izan ziren Bihotz haurtzaindegiarentzat, eta Oscarrek ez du ahazteko matrikulazio eguna urtarrilaren 1ean zabaldu eta izena emateko ilarak eraikinari buelta osoa ematen ziola. Haurtzaindegia txiki geratzen ari zitzaien, eta handitzea erabaki zuten. “Hiru gela izatera iritsi ginen, baina guretzat ez zen bideragarria, leher eginda bukatzen genuen eta”. Arrakastaz hiltzeko arriskua zuten, bada, eta egoera berri horrek “hausnarketarako” parada eman zien. Lokala egokitu, eta egun duen itxura eman zioten.

“Mikrokosmos bat da Haur Eskola. Bere txikian, gizartearen eta familien isla gara gu, eta gizarte horrek aurrera egin ahala eraldatzen goaz “

Aldaketez ari garela, 2003an Eusko Jaurlaritzak irizpide berriak ezarri zituen, eta Haurtzaindegi izatetik, Haur Eskola izatera igaro ziren. Ordutik hona bi ikastetxe daude herrian, bata publikoa, eta eurena pribatua. Bien arteko harremana “ona” dela nabarmendu du Soniak: “bateragarriak gara, eta denon helburua berbera da: umeen hobe beharrez aritzea”. Kasu honetan, konpetentzia edo lehia hitzak zentzurik ez duela uste du Garciak, eta pandemia garaia gogoan du: “egoera bereziki gogorra izan zen haur eskolentzat. Lagundu nahia eta ezina oso gaizki eraman genuen”.

Sonia eta Oscar // Geuria

Mikrokosmos bat

Hori da Haur Eskolaz Garciak ematen duen definizioa. “Gure txikian, gizartearen eta familien isla gara. Gizarte horrek aurrera egin ahala eraldatzen goaz gu ere”. Eraldaketa hori nabaria da, senar-emazteen aburuz: “lehen herri txiki baten xarma zeukan Arrigorriagak, orain ez hainbeste”, Oscarren hitzetan. “Zentzu batean hori galdu egin da, berez ez da txarra, baina heldu ginenean herritarren artean sumatzen genuen berotasun eta hurbiltasunik ez dut nabaritzen”, gaineratu du. Egungo bizi-erritmo zoroari egotzi dio galera hori: “egun presa da nagusi”. Salbuespena, bere hitzetan, aiton-amonak dira: “haurrentzat altxor bat. Gizartean aitortza handiagoa izan beharko lukete”.

“Egun presa da nagusi gure gizartean, eta horregatik garrantzitsua da hona datozenean patxada, lasaitasuna, albokoarekiko kezka eta enpatia lantzea”

Bizi molde frenetiko horrek umeengan duen eraginak kezkatzen du Sonia: “haurrak etxean bizi dutenaren ispilu dira. Ziztu bizian bizi bagara, estresak jota, hori bera da gure seme-alabek egunero jasoko dutena”. Zelan ekidin hori, egungoa bezalako gizarte batean? “Oso zaila da, eta ez gara errudun sentitu behar, baina horregatik garrantzitsua da hona datozenean, orekatze aldera, guk patxada, lasaitasuna, albokoarekiko kezka eta enpatia lantzea” dio Bihotzeko arduradunak. Hori guztia lortzeko giro jakin bat sortu beharra daukate, “askatasunean” oinarrituta.

Haur bakoitzari “bere tokia” eman behar zaio, “norbere betebehar eta abileziak” errespetatuz, eta bidea urratsez urrats eginez. “Haur batzuekin oso argi ikusten duzu arlo jakin batzuetan nabarmentzen dela, edo horiekiko interes handia erakusten duela. Urteak joan eta urteak etorri ikasketak aukeratu behar dituenean erraz asko asmatu dugu norantz jo duen.

Beste kasu batzuetan, aldiz, kontrakoa gertatzen da” zehaztu du Soniak. Hori horrela, argi dauka euren lana “irudimena eta jakingura” elikatzean datzala. “Haur zoriontsuak nahi ditugu, haur pailazoak”. Pailazokeria horren albo kalteak azaldu ditu Garciak: “Askotan esaten dut, txantxetan, baina bada egia borobila ere, barre egiteagatik ditudala nik zimur gehienak. Lan nekagarri bezain ederra da gurea”.

Orain dela 31 urte telefono gida eskuetan hasi zuten abenturak bide luzea egin du, baina oraindik ere badaukate haur txikienen bidelagun izateko ilusioa eta grina.

☉ Arrigorriaga

ZEOZ programak Arrigorriagako gazteen osasun mentalaren lanketa integrala egitea du helburu

Hurrengo saioak Arrigorriagako Edurne Garitazelaia kultur etxean eta Abusuko Zentro Soziokulturalean antolatu dituzte

|

Haur bat, telefono batekin // Charles Deluvio, Unsplash

Joan den urtarrilaren 13an martxan ipini zuten ZEOZ programa Arrigorriagan helburu nagusi batekin: mugikorraren auziaren eta gazteen osasun mentalaren lanketa integrala egitea, gurasoei tresna emozional eta gaitasun digitalak bermatuz .

Programa honek tresna emozional eta gaitasun digitalak bermatzen dizkie belaunaldi berriei, nerabeei eta baita hezitzaileei ere etorkizun osasuntsuagoa eraikitzeko.

Horretarako sei prestakuntza saio antolatu dituzte guztira Arrigorriagan: lau herrigunean eta beste bi Abusun: “Prestakuntza-saioak talde bakoitzaren ezaugarri eta beharrizanetara egokituko dira. Hala ere, izaera berdina dute guztiek. Hasierako saioan praktika ulertu eta egoki aplikatzeko funtsezkoa den neurrian azalduko dute hizlariek ezagutza”, azaldu dute udal ordezkariek.

Arrigorriagako Udala: “Prestakuntza-saioak talde bakoitzaren ezaugarri eta beharrizanetara egokituko dira”

Ekintzetara igarotzeko, eskura dauden erantzun, tresna, ohitura eta irtenbide posibleak landuko dituzte: “Izan ere, programak praktikan jarri nahi du ardatza. Saioetara bertaratzen direnek oinarrizkoa eta beharrezkoa den ezagutza jasotzeaz gain, etxera eraman ditzaketen proposamen eta tresna eraginkorrak jasoko dituzte, ondoren beraiek egokien deritzoten moduan seme- alaben heziketan erabili ahal ditzaten”.

Prestakuntza saioak joan den urtarrilaren 13an hasi ziren eta egun hauetan herrigunean antolatzen ari dira: urtarrilaren 20 eta 21ean Edurne Garitazelaiako Azokea aretoan antolatu dituzte, eta hortik aurrera programa Abusura igaroko da.

Martxoaren 3 eta 4an Abusuko Zentro Soziokulturalean egingo dituzte prestakuntza saioak eta bi orduko iraupena izango dute: 18:00etatik 20:00etara. Geratzen diren prestakuntza saioetan parte hartzeko Arrigorriagako Udalarekin harremanetan ipini beharko dira interesdunak.

Egutegia | ZEOZ Arrigorriagan

Urtarrilak 13, astelehena
18:00 Arrigorriagako Udala, Erakusketa gela

Urtarrilak 14, asteartea
18:00 Arrigorriagako Udala, Erakusketa gela

Urtarrilak 20, astelehena
18:00 Edurne Garitazelaia, Azokea aretoa

Urtarrilak 21, asteartea
18:00 Edurne Garitazelaia, Azokea aretoa

Martxoak 3, astelehena
18:00 Abusuko Zentro Soziokulturala

Martxoak 4, asteartea
18:00 Abusuko Zentro Soziokulturala

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako adinekoen egoitza egoiliarrek bizi duten arazoari konponbidea emateko prest agertu da

Zentroko Zuzendaritzatik nabarmendu dute “langileekin eta Enpresa Batzordearekin bat datozela planteatutako gaiei heltzeko”

|

Arandia egoitza, Arrigorriagan // Geuria

Arrigorriagako adinekoen egoitza kudeatzen duen Domus VI taldea bertako egoiliarren eta talde osoaren beharrei erantzungo dien konponbideak bilatzeko prest agertu da.

Izan ere, azken asteetan Arrigorriagako adinekoen egoitzaren egoerak okerrera egin duela iragarri zuten ELA sindikatutik. Ondorioz, duela egun batzuk Arandia egoitzako langileak eraikinaren aurrean elkartu ziren lanean pairatzen ari diren “segurtasun eza” salatzeko.

Arazo guztien artean eskularruak bezalako lanerako materialak edo garabiak eta aldagelak “egoera txarrean” daudela azpimarratu dute sindikatutik. “Era berean, soldatak atzerapenarekin ordaintzen dira, ez dira lan egindako jaiegunak ordaintzen eta ezin dira hartu”.

Azken egunetan gertatu diren mobilizazioak direla eta, egoitzatik azaldu dute zentroaren lehentasuna bertako egoiliarren eta bertako langileen ongizatea bermatzea dela: “Zentroko Zuzendaritzatik nabarmendu nahi dugu langileekin eta Enpresa Batzordearekin bat gatozela planteatutako gaiei heltzeko”, azaldu dute enpresatik. “Aurreko bilerei dagokienez, egoiliarren eta talde osoaren beharrei erantzungo dieten konponbideak bilatzeko elkarrekin lan egiteko konpromisoa berresten dugu”.

“Aurreko bilerei dagokienez, egoiliarren eta talde osoaren beharrei erantzungo dieten konponbideak bilatzeko elkarrekin lan egiteko konpromisoa berresten dugu”

Sektore soziosanitarioak dituen erronkak ulertzen dituztela gehitu dute, “bereziki langileen kontratazioari dagokionez, eta txanda egokiak eta kalitatezko arreta bermatzeko ahaleginean jarraitzen dugu”.

Horiek horrela, “modu garden eta kolaboratiboan” lan egiteko jarraitzeko prest daudela azaldu dute egoitzatik.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Arandia adinekoen egoitzako egungo lan baldintzak salatu ditu ELAk

Sindikatuak langile eta material faltaren egoera larriagotu egin dela salatu du eta arrisku psikosozialak ebaluatzeko txosten bat eskatu dio enpresari

|

Arrigorriagako egoitzaren ondoan dagoen pankarta bat // Geuria

Sindikatuaren arabera, azken asteetan Domus VI taldearn Arrigorriagako adinekoen egoitzaren egoerak okerrera egin du. Arandia egoitzako langileak eraikinaren aurrean elkartu ziren atzo lanean pairatzen ari diren “segurtasun eza” salatzeko.

ELAk salatu du langile faltak eragin duen arazoa “konpondu gabe” jarraitzen duela: “Bajak eta oporrak ez dituzte ordezkatzen eta ez dute neurririk hartzen lan osasunaren arloan”, azaldu dute sindikatuko ordezkariek. “Errespetu faltak eta zuzendaritzaren eguneroko presioa bertan jarraitzen dute oraindik”.

Arazo guztien artean eskularruak bezalako lanerako materialak edo garabiak eta aldagelak “egoera txarrean” daudela azpimarratu dute. “Era berean, soldatak atzerapenarekin ordaintzen dira, ez dira lan egindako jaiegunak ordaintzen eta ezin dira hartu”.

ELA: “Ez da aurrerapausorik eman; are gehiago, salatu dute langile eta material faltaren egoera larriagotu egin dela azken aste hauetan”

Iazko abendu amaiera bilera izan zuten enpresako zuzendaritzarekin eta baita lurraldeko zuzendaritzarekin eta bertan beren lan eskubideak errespetatzeko eskatu zieten berriro ere: “Ez da aurrerapausorik eman; are gehiago, salatu dute langile eta material faltaren egoera larriagotu egin dela azken aste hauetan”, azaldu dute ELAtik. Ondorioz, arrisku psikosozialak ebaluatzeko txosten bat eskatu dio enpresari.

Egoerak berdin jarraitzen badu mobilizazioekin jarraituko dutela iragarri dute sindikatutik.

Bilerak Udalarekin

Iazko urtarrilean, adinekoen zentroko erabiltzaileen senideek atzemandako gorabehera batzuk salatu zituzten eta horren haritik Foru Sailak expedientea zabaldu zion Arrigorriagako egoitzari, hilabete hartan bertan.

Hainbat “akats” ikertu zituzten orduan: langile falta, otordu eskasak eta gabezia teknikoak, besteak beste. Espedientearen haritik hainbat “gabezia” ikertu ziren zentroan, erabiltzaileen senideek beraiek ipinitako salaketetatik abiatuta.

Arrigorriagako Udalak, gorabehera hauen berri izan zuen lehen momentutik bat egin zuen erresidentziako erabiltzaileekin. Izan ere, Egoitza kudeatzeko ardura berez Bizkaiko Foru Aldundiari dagokio, baina Arrigorriagako gobernu taldeak adinekoen zentroko erabiltzaileen senideekin konpromisoa hartu zuen beren kezkak Foru Aldundira helarazteko, egoerari irtenbidea emateko.

Espedientea zabaltzearen jatorria erabiltzaileen senideen kexak, horiek azaleratzeko sinadura bilketa eta ondorioz gobernu taldeak Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariekin otsailean zehar izandako hainbat bileren ondorio zuzena da.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Maialen Sanchez arrigorriagarrak urrezko domina eskuratu du Taekwondoko Bizkaia kopan

Garrikoko kirolariek zortzi domina eskuratu dituzte joan den asteburuan, Miribillan

|

Maialen Sanchez eta Garrikoko kirolariak // CD Taekwondo Garriko

Bizkaia Kopako lehen edizioa antolatu zuten joan den asteburuan Bilboko Miribilla estadioan eta bertan Arrigorriagako CD Taekwondo Garrikoko 14 kirolarik hartu zuten parte. Guztira 8 domina eskuratu zituzten Arrigorriagakoek.

Maialen Sanchezek urrezko domina irabazi zuen 63kgko junior kategorian; Naroa Ballesterok, Izei Intxaurragak, Adriana Andresek eta Lur Guerrak zilarrezkoak; Markel Garciak, Aitzol Portugalek eta Jon Ander Urdak brontzezkoak.

Bizkaia Kopako lehen edizio honetan Espainia, Frantzia eta Portugaleko taldeak iegon dira.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Niere bandak kontzertua eskainiko du Arrigorriagan, Kallejeros Pajeros zikloan

Kontzertua urtarrilaren 25ean izango da, 19:30ean, Edurne Garitazelaia kultur etxearen atzeko aldean

|

Niere banda // Niere

Urtarrilaren 25ean Niere bandaren kontzertua eskaini du Soinuarri Elkarteak Arrigorriagako Edurne Garitazelaia kultur etxearen atzeko aldean.

Kontzertuaa 19:30ean antolatu dute, Kallejeros Pajeros zikloaren bigarren edizioan. Lehena iazko urriaren 26an izan zen eta bertan The Cowboy Angels taldeak jo zuen. Kallejeros Pajeros zikloak herriko taldeen kontzertuak antolatzea du helburu.

Osorik irakurri