Sareak

☉ Arrigorriaga

Gazteen hiru laurdenak ezin du emantzipatu Arrigorriagan, udal diagnostikoaren arabera

Txostenaren helburua  “joera demografikoak, egoera sozioekonomikoa eta etxebizitza parke publiko zein pribatuaren ezaugarriak” ezagutzea dela adierazi dute udal ordezkariek

|

Udalak bi aurkezpen publikoa egingo ditu, bata azaroaren 6an eta bestea 12an // Geuria

Arrigorriagako Udalak herriko etxebizitza diagnostikoa egin du, udalerriko etxebizitza egoeraren argazki zehatza jasotzeko asmoz. Txostenaren helburua  “joera demografikoak, egoera sozioekonomikoa eta etxebizitza parke publiko zein pribatuaren ezaugarriak” ezagutzea dela adierazi dute udal ordezkariek.

Ikertaldek eraman du azterketaren ardura, eta haren arabera, “udalerriak %10,7ko hazkunde demografikoa izan du 2001etik, Euskal Autonomia Erkidegoko batez bestekoa gaindituz”.

Hazkunde hori, Bilbo Handiko migrazio-dinamiken ondorioz izan da batez ere, eta ondorioz, etxebizitza-premia duten gazteen kopurua ere handitu egin da.

Aldiz, eskaintza  ez da erritmo berean hazi, eta horrek prezioetan eragin nabarmena izan du. Horren erakusgarri da Etxebiden izan den eskari kopurua, Arrigorriagan inguruko herrietan baino handiagoa dena.

Gazteen egoerari dagokionez, emantzipazio-tasa orokorra %28,1ekoa da, EAEko batez bestekoaren azpitik. Hau da, 34 urtetik beherakoen ia hiru laurdenek ezin dute emantzipatu gaur egun. Auzoen artean aldeak daude: Abusun %36,1eko tasa da, eta Herrigunean %24,9koa.

Bestalde, udalerriko etxebizitzen %10a hutsik dago, eta azken urteetan ez da nabarmen handitu alokairura bideratutako etxebizitzen kopurua. Salerosketaren erritmoak ere behera egin du, eta gaur egun metro karratuko prezioa 2.400 eurotik behera dago, Bilbo Handiko batez bestekoaren azpitik.

Gardentasuna eta etorkizunerako oinarri sendoak

David Cidre Hirigintza zinegotziaren hitzetan, diagnostikoa “gardentasun-ariketa bat” da, etorkizuneko etxebizitza politiken oinarria, hain zuzen ere: “Emaitzek argi erakusten dute Arrigorriaga udalerri erakargarria dela, baina, aldi berean, etxebizitza eskuratzeko arazoak badaudela. Guretzat, etxebizitza oinarrizko eskubidea da, eta ez inbertsio espekulatiborako merkantzia”.

Udal gobernuak etxebizitzaren erronkari aurre egiteko duen asmoaz ere hitz egin du Cidrek: “Txosten hau hasiera besterik ez da. Orain, azterketan identifikatutako arazoei erantzungo dieten neurri zehatz eta ausartak zehazten ari gara”.

Zailtasunak zailtasun, Arrigorriagako Udalak etxebizitzaren egoera hobetzeko hainbat pauso eman dituela nabarmendu nahi izan dute udal gobernutik.

Duela urtebete onartu zen behin betiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra, eta aurten bertan, Maite Ibarra alkatea, David Cidre eta Josetxu Olivares arkitekto aholkularia Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturako zuzendari Pablo García Astrainekin bildu ziren, babes sozialeko 127 etxebizitza eraikitzeko hiru orube eskaintzeko.

Horrez gain, gobernu taldea beste udal batzuetako proiektuak bertatik bertara ezagutzen aritu da, etxebizitza arloko esperientziak partekatzeko helburuarekin.

Herritarrentzako aurkezpenak azaroan

Txostenaren emaitzak herritarrek gertutik ezagutzeko, Udalak bi aurkezpen publiko antolatu ditu:

  • Azaroaren 6an, 19:00etan, Edurne Garitazelaia kultur etxean (Azokea aretoa)

  • Azaroaren 12an, 19:00etan, Abusuko Zentro Soziokulturalean

☉ Arrigorriaga

‘Ez da kasualitatea’ bertso saio musikatu feminista antolatu dute Arrigorriagan

Abenduaren 14an, 19:00etan antolatu dute saioa. Uxue Alberdi, Oihana Bartra, Nerea Ibarzabal eta Alaia Martin igoko dira oholtzara

|

Mikrofono bat // Kane Reindholdtsen, Unsplash

Lonbo aretoak ‘Ez da kasualitatea’ izeneko bertso saio musikatua hartuko du datorren abenduaren 14an, 19:00etan.

Uxue Alberdi, Oihana Bartra, Nerea Ibarzabal eta Alaia Martin igoko dira oholtzara eta Maialen Mulas izango da gai-jartzailea. Aner Peritz eta Libe Goenaga dira msuikariak.

‘Ez da kasualitatea’ bat-bateko bertso saio musikatua da. Gitarra, biolin zein saxo-doinuen gainean inprobisatzen dute bertsolariek gai-jartzaileak proposaturiko gaiei buruz. Saioak ez-mixtoak dira: lau bertsolariak eta gai-jartzailea emakumezkoak izaten dira beti. Umorea, jolasa, gogoeta, bertsolari feministen arteko konplizitatea, musika eta bertsoa uztartzen dituen saioa.

2009an egin zen aurrenekoz ‘Ez da kasualitatea’ bertso saioa. Berdintasun teknikari batek bertso saio feminista bat antolatzeko eskatuta elkartu ziren zenbait bertsolari, gai-jartzaile eta musikari; ustez, saio bakarrerako idean.

Geroztik, ehundaka ‘Ez da kasualitatea’ egin dira Euskal Herriko plazetan, hamarnaka emakume bertsolarik kantatu dute haietan eta erreferentziazko emanaldi bilakatu dira bertsozale, bertsolari eta gai-jartzaile feministen artean.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Gaztetxearen urteurrenean lapurretak egin dituztela salatu dute Gazte Asanbladatik

Joan den azaroaren 29a bezalako “denontzako egunak” antolatzen jarraituko dutela azaldu dute Gazte Asanbladatik: “Gaztetxea gune seguru bat izatea gura dugu. Ez badakizu egoten, ez etorri”

|

Arrigorriagako Gaztetxea, artxiboko irudia // Geuria

Joan den azaroaren 29an Arrigorriagako Gaztetxearen zortzigarren urteurrena ospatu zuten eta gauean lapurretak egin zituztela salatu dute Arrigorrigako Gazte Asanbladatik.

“Gaztetxearen urteurreneko gauan zenbait lapurreta egon ziren eta hau espazioan dagoen jendearen kontrako eraso zuzena da”, adierazi dute Gazte Asanbladatik. “Gogorarazi nahi dugu Arrigorriagako gaztetxean ez dugula inolako erasorik ezta lapurretarik ere onartzen”.

Joan den azaroaren 29a bezalako “denontzako egunak” antolatzen jarraituko dutela azaldu dute: “Gaztetxea gune seguru bat izatea gura dugu. Ez badakizu egoten, ez etorri”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Profesional eta amateurren Boxeo Gaua antolatu dute Arrigorriagan, urte hasieran

Hitzordua urtarrilaren 31n izango da, “adrenalina eta emozioz beteriko gaua”, antolaketa taldetik azaldu bezala

|

Punching ball bat // Mike Cox, Unsplash

Arrigorriagako Udalak eta Sac Box Teamek Profesional eta amateurren Boxeo Gaua prestatu dute 2026ko urtarrilaren 31n, Arrigorriagako frontoian.

Ateen irekieta 16:20etan izango da eta 17:00etan hasiera emango diote txapelketari. “Adrenalina eta emozioz beteriko gaua izango da!”, iragarri dute antolaketa taldetik.

Sarrerak 10 euroan daude eskuragarri 678 158 545 telefono zenbakira deituz.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Euskaltzaleek bat egin dute ‘Arrigorriaga Atxabalta’ ekimenarekin

Helburua lurralde desberdinen arteko harremanak sendotzea da, euskara erdigunean jarrita

|

Gazteak, Arrigorriagako jaietan // Geuria

Abenduaren 13an ‘Arrigorriaga Atxabalta’ ekimena antolatu du Euskal Herrian Euskaraz herri mugimenduak (EHE) eta Arrigorriagako Euskaltzaleek bat egin dute Atxabaltako Gazte Mugimenduarekin bertan parte hartzeko.

“Lurralde desberdinen arteko harremanak sendotzeko helburuagaz eta euskara erdigunean jarrita, Arrigorriagak ere EHE-eko ekimen honetan parte hartuko dau!”, azaldu dute.

Egun osoko programazioa programatu dute egun horretan: Atxabalta ezagutzeko tourra, poteo girotua, bazkaria, kantu eta dantzak…

Egitaraua | Arrigorriaga Atxabalta 2025

10:30 Harrera eta elkar ezagutza
11:30 Atxabalta ezagutzeko tourra
12:30 Poteo girotua
14:30 Bazkaria + Mihiluze
19:00 Kantu, dantza eta bertso poteoa

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako 2026ko egutegia asteartetik aurrera egongo da eskuragarri herrigunean eta Abusun

Udal kiroldegian, Abusuko Zentro Soziokulturalean, Edurne Garitazelaia kultur etxean, Lamiaenan eta Udaleko Herritarren Arretarako Zerbitzuan eskuratu ahalko da 2026ko egutegia

|

2024ko egutegia // Geuria

Datorren urteko horman eskegitzeko Arrigorriagako egutegia abenduaren 8tik aurrera egongo da eskuragarri udal kiroldegian, Abusuko Zentro Soziokulturalean, Edurne Garitazelaia kultur etxean, Lamiaenan eta Udaleko Herritarren Arretarako Zerbitzuan (HAZ).

Aurtengo egutegia osatzeko herriko elkarte eta eragile ezberdinen lana eskertu du Arrigorriagako Udalak: jubilatuak, auzo elkarteak, emakumeen elkarteak, elkarte feministak eta LGTBI elkarteak, kirol elkarteak, kultura elkarteak, Harrera Herria elkarteak, jaietako eragileak, hezitzaileak, merkatari elkartea eta herriko merkatariak, zaintzaileak eta euskararekin lotura duten eragile eta elkarteak.

Urtero lez, Udalak garrantzi handia eman die argazkiei, eta hilabete bakoitzak orri osoko espazioa eskaini die herriko eragile edo elkarteei. gainontzeko espazioan (beste orrialdea) hilabeteko egunak ageri dira.

Hona hemen egutegian parte hartu duten eragile eta elkarteen izenak, hilabetez hilabete:
– Abusuko jubilatuak (urtarrila); Ollargan, Abusu eta Lanbarketako auzo elkarteak (otsaila)
– Emakume elkarteak, elkarte feministak eta LGTBI kolektiboak (Sial, Lamiaena, Joskintza, Madalen, Urruma eta Arrigo Harro) (martxoa)
– Garriko Taekwondo, Padura Mendi Taldea, Errekondo Padel Taldea, Pesca y Casting Abusu, Arguia pilota, Arrigokorrika, Arri-Gorri Irristaketa taldea, Arrigorriagako Tenis taldea, Harrigarri Gimnasia Erritmikoa, Arrigoyoga Elkartea, Padura futbola taldea, Padura Saskibaloia / Jasoka, Arrigorriagako Ausartak kirol elkartea, Arrigobox Boxeo, Deportivo Montefuerte, Etorkizun taldea, Arrigorriagako Txirrindulariak, Sun karate, Arkunautak arku-tiro kluba eta Skate Park Elkartea (apirila)
– Hamaika antzerki taldea / Aritz Berri dantza taldea, Lanbarri taldea, Eki Eder abesbatza, Eleiz alde elkartea, Upo mendi elkartea, Iñauteri batzordea, Soinuarri elkartea, Gure Esku Dago, On Egin, Abusu Sarean, Epifania taldea, Malmasingo lagunak, Ortuak elkartea eta Eperrak elkartea (maiatza)
– Harrera elkartea, Bizieskola elkartea, Zubietxe elkartea (ekaina)
– Arrigorriagako, Abusuko eta Ollarganeko jai batzordeak (uztaila)
– Kilimusi taldea, Arrigo gazteak eta Gazte Asanblada (abuztua)
– Arrigorriaga eskola, Gure Magalean elkartea, IES Arrigorriaga BHI, AMPA Landarra IES, Zamakola eskola Juan del Mas, AMPA Peskiza Guraso Elkartea, Altzoan elkartea, Haurreskolako kideak, Jantokiko begiraleak, Eskolako garbitzaileak, IES Ibaizabal BHI (iraila)
– Arrigorriagako Lagunkoi taldeko kideak, Geuna taldeko kideak, Arrigorriagako jubilatuak (urria)
– Adecka elkartea eta herriko merkatariak (azaroa)
– Arritxikerrak taldea, AEK, Udal Euskaltegiko irakasleak eta ikasleak, Euskarri taldea, Bolintxu elkartea eta Estropozu Bertso Eskola (abendua)

Osorik irakurri