→Arrigorriaga

Fisioterapia zerbitzua Osakidetzaren Lehen Mailako Arretan sartuko dute Arrigorriagan, doan

Zerbitzua kiroldegian eskainiko dute. Min kronikoak sufritzen dituzten pazienteentzako dago prestatuta

Osakidetzako fisioterapeuta bat // Osatuberri.eus

Kasu gehienetan, fisioterapeuta profesionalen arta orainpeko zerbitzu gisa baino ezin zen lortu duela gutxira arte. Osakidetzak, baina, osasun publikoaren Lehen Mailako Arretako Zerbitzuan integratu nahi du baliabidea, herritar guztiek doako kontsultak jaso ditzaten osasun zentro publikoetan. Proiektua EAEko hainbat udalerritan jarri dute martxan, eta horietako bat da Arrigorriaga.

Min kronikoak edo iraunkorrak dituztenentzat pentsatutako arreta izango da fisioterapeutek emango dutena. Udaletik jakinarazi dutenez, “pedagogia mugimenduen bidez” pazienteen mina murriztea eta hauek bizitzaren ohiko erritmora itzul daitezen lortzea da zerbitzuaren xedea.

Minak sufritzen dituztenek familia medikuarengana joan beharko dute honek sintomak zeintzuk diren azter dezan. Diagnostikoaren ostean, medikuak baloratu egingo du gaixoa fisioterapia zerbitzura bideratu daitekeen, eta ondoren, fisioterapeutak berak erabakiko du programan sartu ala ez.

Horrela izanez gero, profesionalek bakarkako kontsulta egingo diete pazienteei, eta gero, taldeka artatuko dituzte, etxean egin ditzaketen ariketak zein estrategiak irakasteko. Hamar saioren ostean, pazienteak gai izango dira lana bakarka egiteko, eta bi hilabete igarotzen direnean, fisioterapeuta harremanetan jarriko da haiekin beren eboluzioaren berri izateko.

Tratamenduaren ondoren, pazienteak udal teknikariarekin bilduko dira ariketa fisikoaren bidez egunerokoan aplikatu beharreko bizitza ohitura osasungarrietan sakontzeko. Modu horretan, eta fisioterapeuten laguntzarekin, Osakidetzak min kronikoak “modu kontserbadorean” tratatzea lehenetsi nahi du; hau da, botiken kontsumoa murriztuz, alternatiba osasuntsuagoa eskura jarrita.

Zerbitzua, kiroldegian

Arrigorriagaren kasuan, zerbitzua kiroldegian eskainiko dute, osasun zentroan espazio gutxi baitago. Kirol esparruan bi gela egokitu dituzte programa martxan jartzeko eta, bide batez, zerbitzu berria kiroldegiko jarduerekin lotu ahal izateko.

Herriko Osasun Foroan aspalditik jorratu duten idea izan da zerbitzua eskaintzea, eta udalak eta Arrigorriagako osasun zentroak batera garatutako lanaren emaitza izan da. Maite Ibarra alkateak herritarren ongizatea lehen planoan jartzeko eragile guztiek “elkarlanean” egin duten jarduna azpimarratu du: “Udalerrirako albiste ezin hobea da osasun publikoko zerbitzua handitu izana”.

Proiektu pilotua

Fisioterapeutarena 2018. urtetik martxan dagoen proiketua izan arren, duela gutxi hasi dira udalerrietan aplikatzen; Arrigorriaga ekimenean parte hartuko duen lehen herrietako bat izango da EAE mailan. Gaur egun, besteak beste, Zabalganeko eta Salburuko osasun-zentroetan, Barrualde-Galdakaoko ESIan, Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIan eta Bilbo-Basurtuko ESIan dago aktibo.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak