☉ Arrigorriaga
Arritxikerrak dinamikak ‘Gau Beltza Esperimentazio Tailerra’ antolatu du Arrigorriagako Arimen gauan
‘Gau Beltza Esperimentazio Tailerra’ udaletxe aurreko plazan antolatu dute Arritxikerrak-ekoek gaur bertan, 18:00etan
Arrigorriagako haur askorentzat lehen Gau Beltza izango da gaurkoa eta Arritxikerra dinamikak esperientzia berri hau ‘Gau Beltza Esperimentazio Tailerra’ren bidez helarazi nahi die 0 eta 6 urte bitarteko txikiei.
Arrigorriagan mozorroek kaleak hartuko dituzte 16:00etatik aurrera eta herritar guztiak deituta daude armairura jo eta mozorro originalena janztera, herria animatzeko.
Izan ere, lehen hitzordua 16:30ean izango da eskolan: txiki eta nagusiak bertan mozorrotzera deitu dituzte. 17:00ak aldera ‘ziri edo zari’ (“truco o trato“, erdaraz) eske errondak egingo dituzte herriko kaleetan barrena kaleetan edo udal ordezkariek jardueraren inguruko karteletan erantsi dituzten QR kodeei jarraituz.
Esperimentazioa, udaletxe aurrean
Arritxikerrak-en ‘Gau Beltza Esperimentazio Tailerra’ 18:00etan prestatu dute udaletxe aurreko Argala enparantzan. “Itzalitako kalabazak pizztera goaz”, azaldu dute dinamika taldetik. “Gau Beltza iristear dago eta gure lehenengo ekintza prestatu dugu bertan”.
Jarduera honetan, haur bakoitza nagusi batekin lagunduta hurbildu beharko dira, tailerrean parte hartu nahi izanez gero. Arritxikerrak taldeak, Arrigorriagako Udalaren laguntza tarteko, aisialdian euskaraz aritzeko doako jarduerak antolatzen dizkie 0 eta 6 urte bitarteko haurrei eta beren gurasoei.
Euskararen arnasgune eta erreferente izan nahi du herrian. Horregatik, ekimenak aukera ematen die familia parte-hartzaileei aisialdiko hizkuntza-ohiturak aldatzeko. Ekimenaren inguruko informazio osoa GEURIAn argitaratu genuen duela hilabete batzuk hementxe.
Gau Beltzako programazioarekin jarraituz, udaletxeko plazan tailerrak, dantzak eta suzko zezena prestatu dituzte 17:30etik aurrera. 18:00etan izuaren pasabidean parte-hartzeko gonbidapena luzatu diete herritarrei Gaztegunean.
Egitaraua | Gau Beltza Arrigorriagan 2024
Urriak 31, osteguna
16:30 Nagusi zein txiki, mozorroak jantzi, eskola
17:00 Eske erronda, herrian zehar
17:30 Tailerrak: Gau Beltza Esperimentazio tailerra, Arritxikerrak taldearen eskutik + makillaje gorea + ile-apainketa zoroa, Argala plaza
18:00 Izuaren pasabidea, Gaztegunea
20:00 Dantzak, Aritz Berriren eskutik, Argala plaza
20:30 Suzko zezena, Argala plaza
☉ Arrigorriaga
Haurdunaldi eta erditze-osteko sostengu taldea sortu du Altzoanek Arrigorriagan
Taldea hilean behin elkartuko da, ostiralero, 10:30etik 12:00ak arteko ordutegian, Lamiaena Arrigorriagako emakumeen etxean
Altzoan Zaintza Sareak haurdunaldi eta erditze osteko sostengu taldea sortu du Arrigorriagan, Udalaren babesarekin, “espazio segurua eraikitzeko, partekatzeko eta tribuan hazteko”.
Taldea hilean behin elkartuko da, ostiralero, 10:30etik 12:00ak arteko ordutegian, Lamiaena Arrigorriagako emakumeen etxean. Saioak psikologo perinatal batek zuzenduko ditu.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Urgoiti pasealekuko, Jose Mª Makuako eta Santa Isabeleko argiteria indartuko dute 2025ean
Arrigorriagako Udalak enpresa biri esleitu die argiteria publikoa indartzea xede duen proiektuan eta guztira 329.400 euro bideratuko ditu bertako segurtasuna handitzeko
Arrigorriagako Udalak 329.410 euro bideratuko ditu Urgoiti pasealekuko, Jose Mª Makua eta Abusuko kaleetako zonalde batzuen argiteria indartzeko. Lanak hilabete honetan, azaroan bertan hasiko dituzte eta hilabete biko iraupena izango dutela adierazi dute udal ordezkariek.
“Udalerriko zenbait puntutako argiztapena egungo estandarretarako eskasa dela ikusita, Udalak puntu horietako batzuetan argiztapena indartzea erabaki du, horretarako argi berriak instalatuz”. Horrela azaldu dute Arrigorriagako udal ordezkariek Urgoiti pasealekuko, Jose Mª Makuako eta Abusuko Santa Isabel kaleetako auzotarrek bizi duten egoera.
Azterketa teknikoa egin ostean eta “Arrigorriagako bizilagunen pertzepzioa” bezalako faktoreak kontuan izanda, Arrigorriagako Udalaren helburua kale horietan gaur egun topa daitezkeen puntu ilunak ezabatzea eta segurtasun pertzeptzioa handitzea da, bertako kale-argien estandarretako argiztapena “eskasa” delako.
Beraz, leku horietan argi berriak ipiniko dituzte. Obra hiru lotetan banatuko du Arrigorriagako Udalak: lehenengoa, Santa Isabel kaleko argiteria publikoari dagokio eta Estudios y Obras Rekalde, S.L. enpresari esleitu dio; bigarren eta hirugarren loteak, Urgoiti pasealekuari eta Makua kaleari dagozkionak, berriz, Obras y Servicios Basaur, S.L. enpresari esleitu dizkio.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako ‘Bertsio Gauan’ izena emateko epea zabaldu du Soinuarrik
Soinuarri Elkarteak bateria bat, baxu bat, gitarra bi eta beren anpliak lagako dizkie Bertsio Gauan parte hartuko duten bandei
Abenduaren 28an Bertsio Gaua antolatu du Arrigorriagako Soinuarri Elkarteak Gaztetxean eta herritarrak bertan parte-hartzera gonbidatu dituzte: “Antolatu bertsioz osatutako 15 minutuko setlist bat zuzenean jotzeko”.
“Aukera ezinhobea izango da zuzenean jotzeko gura asetzeko eta gau zoragarriaz gozatzeko”, azaldu dute Soinuarritik. Elkartekoen esku geratuko da eszenatokia montatzeko lana eta musikariek bertan erabiliko dituzten instrumentuak lagatzea: izan ere bateria bat, baxu bat, gitarra bi eta beren anpliak egongo dira oholtzan: “Nahi izanez gero musikariek beren instrumentuak ekar ditzakete Bertsio Gaura ere”, gehitu dute.
Izena emateko soinuarrielkartea@gmail.com helbidera e-posta idatzi beharko dute interesdunek. Bertan taldearen izena, kide kopurua eta bakoitzak zein instrumentu joko duen eta setlista zehaztu beharko dute.
☉ Arrigorriaga
Ixone Garmendia arrigorriagarrak Transilvanian bizikletan egindako bidaia hizpide izango du Mendi Jardunaldietan
Padura Mendigoizale Taldeak antolatutako jardunaldi hauetan Fernando Errekalde, Alex Txikon eta Amaia Segurola kirolariek hartuko dute parte ere azaroaren 11tik 26ra, Lonbo aretoan
Beste urte batez Mendi Jardunaldiak antolatu ditu Arrigorriagako Padura Mendigoizale elkarteak, Udalarekin elkarlanean, azaroan, Lonbo aretoan. Aurten gonbidatu bereziak izango ditu ere: Ixone Garmendia Garaizabal, Fernando Errekalde Bilbatua, Alex Txikon Narbaez eta Amaia Segurola Baranda.
Azaroaren 11n izango da lehen solasaldia: Ixone Garmendia mendizale eta eskalatzailea (Arrigorriaga, 1993) Transilvaniatik bizikletaz egindako bidaiaz mintzatuko da. Saio guztien artean hau izango da euskaraz eskainiko den bakarra. Ixone euskal eta ingles filologian graduatua da, irakaslea eta abenturazale amorratua. Bidaiatzea, jatea eta mendia bereziki maite du. Garmendiak joan den udan Transilvaniatik bizikletan egindako bidaiaren inguruko hitzaldia eskainiko du Arrigorriagan.
Hilaren 14an ‘Manaslu: Nire lehen zortzimilakoa’ izeneko hitzaldia eskainiko du Fernando Errekaldek; Azaroaren 15ean Annapurnaren inguruan arituko da Alex Txikon mendizalea; Azken saioa Amaia Segurolak eskainiko du hilaren 26an: ‘Bidea irekitzen: Groenlandia’. Hitzaldi guztiak Lonbo aretoan eskainiko dituzte 20:00etan.
☉ Arrigorriaga
Bere zale baten kontrako erasoa gaitzetsi du Arrigorriagako Padura futbol taldeak
Erasoa partida bukaeran jazo zen, eta Arrigorriagako taldearen arabera “Deustuko hainbat zale ultrek” gauzatu zuten. Zauri eta kolpeen ondorioz zalea ospitalean artatu behar izan zuten
Modurik txarrenean bukatu zen 3RFEF mailako CD Paduraren eta SD Deustoren arteko norgehiagoka. Arrigorriagako taldeak partida bukatu bezain pronto jakitera eman zuen bere zaleetako bat erasotua izan zela, eta erasoa Deustuko taldearen hainbat “jarraitzaile ultren” eskutik heldu zela.
Hori gutxi ez, eta zera nabarmendu nahi izan zuten Arrigorriagako taldetik: “Zoritxarrez, gertakari horiek ez dira Deustoko zale ultrekin gertatzen diren lehen aldia, eta, Deustoko benetako zaleen arabera, “beti berdinak dira”.
Oharrean bertan jakitera emandakoaren arabera, jarraitzailea ospitalean artatu behar izan zuten, eta erasoa ez zen larriagoa izan bi taldeen jarraitzaile eta Ertzaintzaren esku hartzeari esker.
Bukatzeko, Arrigorriagako taldetik kiroltasunaren eta joko garbiaren aldeko mezua luzatu dute. Deustuarren kasuan, oraindik ez dute adierazpanik egin, bere zaleetako batzuk sare sozialen bidez adierazitakoa salbu.