Sareak

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako gazteen beharretik sortu da ‘Gazteen ongizate emozionala lantzeko proiektua’

Prebentzioan kokatu beharrekoa da proiektu hau, eta arrisku faktoreak arazo larri bihurtu aurretik identifikatu eta jorratzeko asmoa du herriko hezkuntza eragileen eskutik

|

Ikasle gazte batzuk, Edurne Garitazelaian // Geuria

Arrigorriagako gazteen ongizate emozionala zaintzea helburu duen proiektua aurkeztu du gaur Arrigorriagako Udalak Gazteguneko, eskolako eta institutuko ordezkariekin batera: “Elkarrekin egindako analisiaren arabera, Arrigorriagan, beste tokietan bezala, egoera orokorrak horrela eraginda, badaude hainbat kezka nerabeen artean”, azaldu du Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak. “Horien artean presioak, erritmo altuak, exijentziak, nahasmen emozionalak… daude eta hauek gazteen osasun mentalean eragin nabarmena dute”.

Gorka Etxebarria Arrigorriagako Udaleko Euskara, Hezkuntza eta Gazteria zinegotziak argitu du ez dutela datu bilketa ohikorik egin, baizik eta ahozko analisi partekatua: “Hezkuntza zentroekin, familia elkarteekin eta gazteria zerbitzuekin hasierako harreman hauek egin ditugunean konturatu gara agente hezitzaile guzti horiek atzeman dutela gazteen arteko behar hori”, zehaztu du Etxebarriak.

Prebentzioan kokatu beharrekoa da gazteen ongizate emozionala lantzen duen hau, arrisku faktoreak arazo larri bihurtu aurretik identifikatu eta jorratzeko asmoa baitu, eta, Ibarrak azaldu bezala, uda aurretik martxan jarritako gazteentzako zerbitzu psikologo berriarekin batera proiektu bat osatzen du. Proiektu honek hainbat saio biltzen ditu eta horietan eskolako, institutuko eta Gazteguneko gazteekin honako gaiak landuko dituzte: emozioak lantzea eta estresa kudeatzea, eta irakasleekin, profesionalekin eta familiekin tratu onak harreman motak, identitatea eta sexualitatea eta generoa teknologiaren garaian, irudi pertsonala sare sozialetan eta osasun mentalean eta pornografia eta osasun mentala.

“Gazteen ongizate emozionala gure gobernu planaren ildo nagusietako bat da”, gehitu du Maitek. “Hauen behar sozio-emozionalak erdigunean ipini ditugu eta bide berri bat irekitzen ari gara Arrigorriagan”.

Arrigorriagako Udaleko, Gazteguneko, eskolako eta institutuko ordezkariak, Gaztegunearen ondoan // Geuria

Elkarlana, giltza

Rakel Solaun Arrigorriagako eskolako zuzendariaren arabera, proiektua “oso modu onean” jaso zuten lehen momentutik eta pandemia ostetik ikasleak ongizate emozionalean “nahiko eskas” daudela atzeman dutela aitortu du: “Harremanetan, beren arteko kudeaketa horietan.. laguntza behar dute, eta beraz, oso onuragarria da programa hau”. Bestalde, irakasleekin lan egiteak balio erantsia duela gehitu du: “Horrela, elkarrekin artean bideratu dezakegu denon helburua den ikasleen ongizate emozionala”.

Rakel Solaun: “Pandemia ostetik ikasleak ongizate emozionalean “nahiko eskas” daudela ikusi dugu”

“Guraso bezala oso garrantzitsuak dira era honetako formazioak eta ezagutzak, momentu jakin batzuetan galduta ikusten dugulako geure burua”, izan dira Roberto González Arrigorriagako institutuko guraso elkarteko kideak, Maiteren adierazpenak berretsiz eta Udalari eskerrak emanez.

Aitor Arenas: “Zortzi urteko umeek pornografia ikusten dute gaur egun eta benetan larria da hori, mugikorrak gero eta goizago eskatzen dituzte, horrek dakarren adikzio arazoarekin…”

Aitor Arenas, eskolako Gure Magalean guraso elkartetik, “oso egoki” bezala definitu du proiektu berri hau eta pandemiatik harago doan egoera dela azaldu du: “Guk ikusi dugu ez dela pandemia osteko kontua bakarrik; pandemia aurretik datorren arazoa da, gure datuen arabera, 8 urteko umeek pronografia ikusten dute gaur egun eta benetan larria da hori, mugikorrak gero eta goizago eskatzen dituzte, horrek dakarren adikzio arazoarekin… Horregatik eta bertako sarea herriko elkarte askok osatzen dutela ikusita, osasun mentala era guztietan lantzen duen proiektua izatea benetan egokia ikusi genuen. Elkarren arteko lana izanda, gainera, oso aberasgarria da, eragile bakoitzak esperientzia propioa elkarbanatzen duelako”.

“Gure partetik proiektua ez da ekimen puntuala izango”, laburbildu du Gorka Etxebarriak. “Asmoa da etorkizunean ere gai hau mahai gainean mantentzea eta hurrengo urteari begira datu gehiago jaso ahal izatea”.

☉ Arrigorriaga

Santa Isabel, Axarte eta Lepanto kaleak asfaltatzera 740.000 euro bideratuko ditu Arrigorriagak

Proiektu hau Arrigorriagako Udal gobernuak bigarren aurrekontu-aldaketa egin zuenean eman zuten ezagutzera, joan den martxoan lehen proposamena onartu ostean

|

Abusuko Santa Isabel kalea // Geuria

Arrigorriagako Udalak 739.909,03 euro bideratuko ditu guztira Abusuko Santa Isabel, Axarte eta Lepantoko kaleak asfaltatzeko lanetara. Udal ordezkarien arabera, gaur egun eremu horietako errepide eta bideak “egoera txarrean” daude: “Zuloak, pitzadurak edota seinaleztapen eskasa daude eremu batzuetan eta, beraz, ezinbestekoa da zoladura berregokitzea, istripuak eta ezbeharrak ekidin eta segurtasuna bermatze aldera”, azaldu dute.

Egin beharreko lanen artean daude zoladura konpontzea eta berritzea, errepideak asfaltatzea, oinezkoentzako pasabide batzuk egokitzea, kanalizazioak aldatzea, pasabide goratuak egitea edota seinale horizontalak jartzea ageri dira. Horretarako lizitazio prozesua zabaldu du Arrigorriagako Udalak eta enpresek irailaren 24ra arte aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak. Proiektu hau Arrigorriagako Udal gobernuak bigarren aurrekontu-aldaketa egin zuenean eman zuten ezagutzera, joan den martxoan lehen proposamena onartu ostean.

Zerrendako hurrengo proiektuak Ollargan eta Kuboko haur parkeak berritzea, Lehendakari Agirre parkean jolasgune naturala sortzea eta Padura, Lamierreketa eta Odol Emaileen plazan dauden parkeak partzialki ordezkatzea ziren, besteak beste.

 

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagak herriko bidegorria hobetu eta birmoldatzeko lanak hasi ditu irailean

Udalak 375.000 euro baino gehiago bideratu ditu lanotara eta helburua, aisialdirako alternatiba izateaz gain, industrialdeetarako mugikortasun-alternatiba izatea ere bada

|

Bidegorriko lanak, martxan // Arrigorriagako Udala

Arrigorriagako Udalak martxan ipini ditu herrigunetik igarotzen den bidegorriaren zati batzuk konpontzeko lanak: “Helburua da, aisialdirako alternatiba izateaz gain, industrialdeetarako mugikortasun-alternatiba ere izango den bidea lortzea”, azaldu dute udal ordezkariek. Guztira 375.010,67 euro bideratu dituzte lan hauetarako.

Egingo diren jarduketen artean, honako hauek nabarmendu dituzte Udaletik: bizikletentzako eta oinezkoentzako bide bereiziak eraikitzea, seinale bertikalak eta horizontalak jartzea, barandak jartzea eta zoladura-lanak egitea, besteak beste.

Joan den maiatzaren hasieran GEURIAn azaldu moduan, Arrigorriagako herrigunetik igarotzen den bidegorriaren hainbat zatik hobekuntzak behar dituztela kexatu dira auzotarrak behin baino gehiagotan. Udal ordezkarien arabera konponketa horiek “zehazki, Basauriko bidegorriarekiko loturatik Ugertza parkean dagoen eta Martiartu auzora doan zubiaz bestalderaino” egingo dituzte. 2022an Arrigorriagako erdigunea Martiartu industriagunearekin lotzen duen bidegorri zatia inauguratu zuten.

Horrela, Arrigorriaga eta Ugao lotzeko lehen urratsa eman zuten. Proiektu honen helburu nagusia industrialdeetarako mugikortasun-alternatiba bidea sortzea dela azpimarratu dute (aisialdirako alternatiba izateaz gainera), baina ez hori bakarrik: proiektuak aurreikusten du Udalaren bidegorri hau Bizkaiko Foru Aldundiaren Bidegorriarekin lotzea, Ugaorantz.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako udal euskaltegian ikasturte berrian izena emateko epea zabaldu dute

Aurten autoikaskuntzarako online ikastaroak eta Berbalagun programa ageri dira Arrigorriagako Euskaltegiaren eskaintzen artean

|

Ikasturte berriaren hasierarekin, Arrigorriagako Udalak Euskaltegian izena emateko epea zabaldu du irailaren 20ra arte. Udal ordezkarien arabera, aurreko urteetan lez “eskaintza zabala” eskainiko dute, hainbat maila eta ordutegirekin: “Gainera, xede taldeak ere antolatu ditugu jubilatuentzat, gurasoentzat eta bakarrik mintzamena landu nahi dutenentzat”, azaldu dute.

Aurten, gainera, autoikaskuntzarako online ikastaroak eta Berbalagun programa ageri dira Euskaltegiaren eskaintzen artean (Berbalagun programan parte hartzea dohainik da).

Langabezian daudenek matrikula doan izango dute eta irailaren 2tik 10era arte izena eman zutenek 50 euroko beherapena izango dute matrikulan: “Horrez gain, Arrigorriagako Udalak euskara ikasteagatik matrikularen % 50eko diru-laguntzak emango ditu, eta HABEk maila gainditzeagatik ere bai (mailaren arabera).

Bata zein bestea ikasturtea bukatuta eskatu beharko dira”, azaldu dute Udaletik. Izena emateko modu bi daude: matrikula eskaera bete eta Euskaltegira zuzenean eraman edo bulegoa@arrigorriagakoeuskaltegia.eus helbidera bidali. Euskara ikasi nahi duten herritarrek ez daukate aitzakiarik beraz, euskaltegira hurbildu eta izena emateko.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Abusuko Oscar San Juanek zilarra lortu du Espainiako Salmonidoen txapelketan Euskadirekin

Erkidegoen arteko lehiaketa honetan 11 taldek hartu zuten parte eta Euskadiko ordezkaritzan izan zen Abusuko klubeko arrantzalea

|

Oscar San Juan // Abusu Casting Club

Abusu Castingeko kide den Oscar San Juan kirolariak zilarrezko domina eskuratu du Euskadiko Selekzioarekin Euli Salmonidoen espezialitatean, master kategorian, harrapaketa eta askatzean.

Txapelketa Asturiasko Trubia y Caudal izeneko ibaian antolatu zuten joan den abuztuaren 29tik irailaren 1era arte. Erkidegoen arteko lehiaketa honetan 11 taldek hartu zuten parte eta Euskadiko ordezkaritzan izan zen Abusuko klubeko arrantzalea.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagak 20 kultur ikastaroetan izena emateko epea zabaldu du

Irailaren 20a da tailerretan izena emateko azken eguna. Ikastaroak urriaren 14an hasiko dira

|

Patchwork // Dinh Pham, Unsplash

Marrazketa eta pintura, altzariak zaharberritzea, dekorazio arteak, tapizak, patchwork-a eta oihal artisautza, zure txakurra trebatu eta gozatu, tailer gastronomikoak… Arrigorriagako Udalak 20 kultur ikastaroetan izena emateko epea zabaldu du irailaren 20ra arte.

Halaber, lau eta hamr urte bitarteko haurrentzako ikastaroak ere antolatu dituzte herriguneko Edurne Garitzaelaia kultur etxean eta Abusuko ludoteketan egin daitezke.

Ikastaroetan izena emateko ordutegiak honako hauek dira:

– HAZ: 08:00-13:45
– Abusuko Zentro Soziokulturala 08:00 20:30
– Edurne Garitazelaia: 16:30-20:30

Tailerren eskaintza guztia eta ordutegiak ezagutzeko jo Arrigorriagako Udaleko webgunera.

Prozesua, pausuz pausu

Irailaren 20an ikastaroetan izena emateko epea itxiko da eta hilaren 25ean onartuen behin behineko zerrenda argitaratuko dute Edurne Garitazelaian eta Abusuko Zentro Soziokulturalean. Irailaren 27ko arratsaldean behin betiko zerrenda kaleratuko dute eta irailaren 30etik urriaren 4ra matrikulak ordaindu beharko dituzte onartuek.

Tailerrak urriaren 14an hasiko dira.

Tailerrak, banan banan

– Marrazketa eta pintura
– Tapizak, patchworka eta ohial artizautza
– Dekorazio arteak
– Altzariak zaharberritzea
– Zure txakurra trebatu eta gozatu
– Irakurketa tailerrak
– Idazkera sortzaileari buruzko tailerra
– Umeentzako irakurketa kluba (euskaraz)
– Robotika (euskaraz)
– Chi Kung
– Gabonetako sukaldaritza: pintxoak eta postreak (elebiduna)
– Bazkaria tuperretan eramateko errezetak
– Smartphone tailerra: hastapenak
– Smartphone tailerra: hobekuntza
– Irakurle kluba
– Kontakizun laburrak idazteko tailerra

Osorik irakurri