Sareak

☉ Arrigorriaga

Gida praktikoa sortu dute Arrigorriagako herri ekintzetan jasangarritasuna eta berdintasuna errespetatzeko

Ingurumenari kalterik ez egiteko eman beharreko pausoak eta berdintasuna sustatzeko bi galdetegi labur biltzen ditu txostenak. Udalaren webgunean dago ikusgai

|

María Jesús Acedo Ingurumen eta jasangarritasun ziengotzia // arrigorriagako Udala

Herrian egiten diren ekintza guztietan ingurumena babesteko eta kolektibo ezberdinekiko errespetua bermatzeko Ekitaldi jasangarrien gida sortu du Arrigorriagako Udalak. Herri gobernuko ordezkariek ekintzen eta jaien kudeaketan lagunduko duen “tresna praktikoa” dela azaldu dute, ikuskizunak antolatu baino lehen, bitartean eta ondoren oinarri horiek errespetatzeko eman beharreko pausoak zehazten baititu txostenak.

María Jesús Acedo Ingurumen eta jasangarritasun zinegotziak azaldu duenez, “erabilgarria eta maneiatzeko erraza” den gida sortu nahi izan dute: “Lan gehigarririk ekarriko ez duena, benetan lagungarria izango dena eta gure udalerrian aplikatu ahal izango dena”. Horrela, inguruko herrietan erreferenterik izan gabe, prozesu luzea jarraitu dute erredaktatzeko, eta irailean lehen pausoak eman ondoren, martxoko azken astean aurkeztu dute, herriko jaietarako prest egon dadin.

Txostena sortzeko beharrizana aurretik egin diren ekintzen ebaluaziotik datorrela zehaztu dute ordezkariek, jaien ingurumen-inpaktu negatiboak eta emakumeekiko zein talde minoritarioekiko errespetu gabeko joerak “nabariak” direlako jaietan. “Eguneroko bizitzan gertatzen ez den zerbait” izan arren, muga jartzeko, herritarrak sentsibilizatu egin behar direla azaldu dute, “jaietan eta ekitaldietan ingurumena ez hondatzeko eta jarrera matxistak, xenofoboak eta homofoboak ez izateko”.

Ingurumenaren alde

Jasangarritasunari lotuta, gidak baliabideen kudeaketa arduratsuan jartzen du fokua. Hondakinak bereizteko, berauek plastiko birziklatuko poltsetan batzea gomendatu dute, material mota ezberdinak banatzeko edukiontziak jartzea eta ondo seinalizatzea, jaietan parte hartzen duen orok erabili ahal izateko. Halaber, uraren eta energiaren gastuak aurreikusteko eta ahalik eta gehien murrizteko deia ere egiten du gidak, batez ere, elikagaien kasuan.

Horrela, “sasoikoak, ekologikoak eta lokalak” diren lehengaiei eta hauek banatu ditzaketen catering enpresei lehentasuna emateko aholkua luzatu dute. Herritarrek egindako otorduetan, bazkarietan eta afarietan, berriz, botilako ura beharrean, txorrotako ura pitxerretan banatzea gomendatu dute, berrerabili daitezkeen ur basoak banatzea eta norberaren mahai tresnen erabilera sustatzea.

Komunikazioak egiteko baliabideei dagokionez, berriz, ekitaldiei buruz informatzeko erabiltzen diren euskarriak digitalak izatea lehenesteko aholkua eman dute, eta papera erabiliz gero, berau birziklatua izatea, tirada eta banaketa kontuan hartuta. Ildo beretik, panelak, biniloak, totemak eta gainontzeko medioak urtetik urtera berriro erabili daitezkeela ere gogoratu dute.

2022ko Madalenetako txupinazoa // Geuria

Feminismoa oinarri

Gidak lantzen duen beste ildotik, berdintasun arlotik, gidan garrantzi berezia eman diete emakumeek jaietan betetzen duten paperari. Alde batetik, jaiek berdintasun irizpideak jarraitzen dituzten ebaluatzeko, herritarrei eta edozein antolatzaileri zuzendutako galdetegi labur bat prestatu dute; bestetik, jai batzordeentzako eta ekitaldietan zuzenean parte hartzen duten elkarteentzako galdera batzuk egin dituzte, erakundeen barruan feminismoaren printzipioak kontuan hartzen dituzten baloratu dezaten.

Azken kolektibo horri lotuta, hain zuzen, txostenak lehen planoan jarri du ekitaldien antolakuntzan diharduten taldeetan andrazkoen ikuspuntua txertatzearen balioa. Gaur-gaurkoz, jai batzordeetan eta elkarteetan emakumeen presentzia handitu beharko litzatekeela zehaztu dute txostenean (bereziki, emakume migratzaileen papera), eta hauek planteatutako ekintzei lehentasuna eman behar zaiela azaldu dute, berdintasunari bultzada emateko.

Hainbat sailen lana

Zehaztutako pauso horiek, Ingurumen sailak egindako hausnarketen emaitza dira, Berdintasun eta Kultura eta euskara sailekin elkarlanean. Izan ere, gida Udaleko hainbat ordezkariren artean sortu dute, eta Arrigorriagako ikasle batek eta beste hainbat enpresak eta erakundek (Ihobek eta Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitateak) lagundu dute erredaktatzen. Orain, mankomunitateak 2030era bitartean egingo diren ekintzak eta politikak bilduko dituen Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Planaren barruan sartuko du.

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Ollargan auzoa berrurbanizatzeko obra-proiektua onartu dute

Espaloiak zabaltzea eta puntu beltzak ekiditea izango dira Arrigorriagako auzoan egingo diren jarduketa batzuk

|

Ollargan auzoa // Arrigorriagako Udala

Joan den otsailaren 29ko osoko bilkuran Arrigorriagako Ollargan auzoa berrurbanizatzeko obra-proiektuari argi berdea eman zioten EH Bildu, Arrigorriaga Gara, NOA eta PSEko aldeko botoekin eta EAJko abstentzioarekin eta gobernu taldeko ordezkarien arabera eman beharreko hurrengo urratsa proiektua lizitatzea izango da: “Ollargan auzoa 70eko hamarkadan eraiki zuten, eta ordutik ez da hirigintza-jarduketa garrantzitsurik egin”, azaldu dute udal ordezkariek.

“Hori dela eta, nahiz eta mantentze-baldintza onetan egon, konpondu beharreko irisgarritasun-arazo larriak ditu”.Irisgarritasuna hobetze aldera, Ollarganen dauden oztopo arkitektonikoak konpontzeko “beharrezkoak diren lanak egingo direla” gehitu dute gobernu taldetik eta esku-hartzea baliatuko dela iragarri dute, auzo “atseginagoa” bihurtzeko.

“Ollargan auzoa 70eko hamarkadan eraiki zuten, eta ordutik ez da hirigintza-jarduketa garrantzitsurik egin”

Zentzu horretan, protagonismo handiagoa eman nahi diete oinezkoei espaloiak zabalduz. Genero-ikuspegia alde batera ez uzteko asmoa dutela esan dute udal ordezkariek ere, eta horretarako “arreta berezia” ipiniko dutela auzoaren diseinu berrian puntu beltzak ekiditeko.

GEURIAn iazko martxoaren hasieran azaldu moduan, aurreikusten dituzten beste jarduketei dagokionez, halaber, saneamenduarekin, argiteriarekin, zintarriekin, zoladurarekin, eskailerekin eta asfaltozko aglomeratuekin lotutako esku hartzeak daude. Bide pinturarekin, seinale bertikalekin, altzariekin, barandekin eta lorezaintzarekin lotutako lanak ere egingo dituzte.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Aitor Paredes arrigorriagarrak Kopako finala jokatuko du Sevillan

Garaipen honekin azken hamasei urteetan seigarren aldiz jokatuko du finala Athletic Clubek

|

Aitor Paredes, Nico Williamsekin, atzoko partidan // Athletic Club

Atletico de Madrilen aurka 3-0 irabazi ostean, Athletic Clubek Kopako finala jokatuko du Sevillako La Cartuja estadioan, Mallorca RCDren aurka. Atzoko partidak ateak zabaldu dizkio Athletic-i 40 urte ostean Kopa irabazi ahal izateko, datorren apirilaren 6an. Garaipen honekin azken hamasei urteetan seigarren aldiz jokatuko du finala Athletic Clubek.

Atzoko norgehiagokan Aitor Paredes arrigorriagarrak egiten ari den denboraldi bikaina berretsi zuen. Vivianekin batera atzeko lerro sendo eta eraginkorra osatu zuten biek ala biek, atea hutsean utziz. Denboraldi hasiera zalantzati hasi ostean, Athleticeko atzelari gazteak harrobian urteetan zehar erakutsitako dohain bikainak berdeguneratu ahal izan ditu onenen artean: abiadura, kokapena, kontzentrazioa eta baloia jokatuta ateratzeko gaitasuna. Hori gutxi ez, eta bere lehen gola ere lortu zuen denboraldi honetan, Sevillaren zelaian.

GEURIAn Athleticeko jokalaria elkarrizketatu genuen duela hiru urte, 2020an bigarren taldearekin debutatu ostean. 2022ko abuztuan debuta egin zuen Athleticeko lehen taldean eta jokalariak aitortu zuen “eskertuta eta harro” zegoela Lehen Mailara heltzeko egindako ibilbideagatik eta entrenatzaileak denbora luze honen ondoren emandako konfiantzagatik: “Aukera gehiago izateko gogoz nago”, izan ziren bere berbak.

Paredes 10 urte zituenean heldu zen Lezamara Arrigorriagako Etorkizun futbol eskolatik, eta kategoria txikietan luze ibili ondoren, 2020ko abuztuan lagunarteko partida batean jokatu zuen Athleticekin. “Asko kostatu zait nagoen lekuraino iristea, baina jasotzen dudan babes guztiarekin, lan handiarekin eta apaltasunez, ia hor nago, pausotxo batera!”, azaldu zion GEURIAri arrigorriagarrak.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Kantu Martxa Feministak Arrigorriagako kaleak doinuz beteko ditu M8an

Ia hilabete osoan zehar antzerki saioak, zineforumak, tailerrak, erakusketak eta bestelako jarduerak antolatu dituzte herrigunean eta Abusun

|

Manifestazio feminista, 2022an // Geuria

Martxoaren 2tik 20ra prestatu dituzte Arrigorriagan M8aren inguruko programazioko jarduera guztiak. Ia hilabete osoan zehar antzerki saioak, zineforumak, tailerrak, erakusketak eta bestelako jarduerak antolatu dituzte herrigunean eta Abusun.

Jarduera guztien artean nabarmentzekoa izango da Martxoaren 8an Urruma Mugimendu Feministak antolatutako eta Udalak babestutako Kantu Martxa Feminista. “Martxoaren 8koa ez da manifestazio arrunta izango”, azaldu dute Berdintasun Sailetik. “Ibilbidean zehar hiru geldiune egingo dituzte herritarrek eta bakoitzean aurretik banandutako kantuak abestuko dituzte”. Ibilbidea udaletxeko plazan hasiko dute 19:00etan eta herritarrak “mozorrotuta” parte hartzera gonbidatu dituzte (pelukak, bohak, apaingarriak…). “Emakumeak elkartzeko helburuarekin antolatu dugu Kantu Martxa Feminista aurten”.

“Ibilbidean zehar hiru geldiune egingo dituzte herritarrek eta bakoitzean aurretik banandutako kantuak abestuko dituzte”

Emakumeak, erakusketan

Gainera, Arrigorriagako Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz, erakusketa bi antolatu ditu udaletxean. Martxoaren 1etik 15era Emakumea Lanean izeneko argazki-erakusketa prestatu dute eta bertan XX. mende hasieran Euskal Herrian emakumeek egindako lanen argazkiak ikusi ahalko dira. Gasteizko Udal Artxiboko 40 irudi ikusi ahalko dira Euskaldun Berria Erakusketa gelan.

Bestalde, martxoaren 4tik 8ra Euskal emakume ilustratzaileak haurrentzako albumetan erakusketa bibliografikoa prestatu dute bibliotekan, 15:00etatik 19:30ak arte.

Egitaraua | M8 Arrigorriagan

Martxoak 2, larunbata
19:30 ‘Tetuán’ Iratxe Fresnedaren dokumentala, Lonbo aretoa

Martxoak 5, asteartea
18:30 ‘Trabajadoras. Mujeres de barrio. Memoria y futuro’ zineforuma Mikel Toral eta Txutxi Paredes zuzendariekin, Lonbo aretoa

Martxoak 6, asteazkena
17:00 ‘Txoko morea’ tailerra. 4 eta 10 urte bitarteko umeei zuzenduta, Abusu Zentro Soziokulturala
18:30 “Aire!” dokumental musikatua Maurizia Aldeiturriagaren omenez, Lonbo aretoa

Martxoak 7, osteguna
17:15 ‘Bada zerbait’ liburuaren aurkezpena eta tailerra. 6 urtetik gorakoei zuzenduta. Kris Etxabe eta Maite Márquez. Abusuko Udal Biblioteka

Martxoak 8, ostirala
19:00 Kantu martxa feminista, Argala plaza

Martxoak 9, larunbata
20:00 ‘Igelek ez dute arrozik jaten’ antzerkia, Lonbo aretoa

Martxoak 10, igandea
10:00 ‘Martxa nordikoa’ emakumeentzako tailerra kiroldegitik hasita. Izen-ematea: otsailaren 21etik martxoaren 6ra kiroldegian

Martxoak 12, asteartea
18:30 ‘Indarkeria matxistak’ hitzaldi-eztabaida. Zuriñe Ojeada. Gafas moradas, Lamiaena

Martxoak 13, asteazkena
18:30 ‘Baietz da baietz’ hitzaldi-eztabaida. Zuriñe Ojeada. Gafas moradas, Lamiaena
19:00 ‘El triunfo’ antzerkia. Hamaika teatro. Abusu Zentro Soziokulturala

Martxoak 16 eta 17
10:00 ‘Autodefentsa feminista’ tailerra, Lamiaena. Izen-ematea beharrezkoa da

Martxoak 19, asteartea
18:30 ‘Sultana’s dream’ zineforuma. Emakumeek gobernatutako irudimenezko herrialde bat kontatzen duen animazio filma. Isabel Herguera, Lonbo aretoa

Martxoak 20, asteazkena
19:00 ‘Pornografia eta gazteria’ hitzaldia. María Rodríguez Suárez. Lamiaena

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako ikastetxeko plaka fotovoltaikoek 130 MWhko energia sortuko dute urtero

100 Kwko plaka fotovoltaikoen instalazioa hasi dute egun hauetan ikastetxeko zabaian eta martxoan amaituko dituzte lanak, ondo bidean

|

Garabi bat, plakak ikastetxeko zabaira igotzen // Geuria

Martxoan bukatuko dituzte Arrigorriagako ikastetxeko sabaian ipintzen ari diren plaka fotovoltaikoen instalazio lanak. Guztira 109.300 euro bideratu ditu Arrigorriagako Udalak lan hauetarako, Bizkaiko Foru Aldundiaren Herriak Egiten funtsen bidez.

Eguzki-energiaz baliatuz, ikasketa zentroko 100 Kwko flaka fotovoltaikoek autokontsumorako 130 MHhko energia sortuko dute ikastetxetik 1.000 metrora dauden udal eraikinetara eramateko. Proiektu hau gauzatzeko 12 enpresa aurkeztu ziren udal ordezkarien arabera eta, azkenean, Canaria Eléctrica de Energías Renovables y Movilidad S.L (EAVE) enpresari esleitu zitzaion.

Langile bat, plaka fotovoltaikoak ipintzen // Geuria

Instalazio honetaz gainera, udal gobernuak bestelako proiektuak landu ditu energia jasangarrien esparruan: Hala nola, udal ibilgailuen flota ibilgailu elektrikoekin ordezkatzea edo autokontsumoa eta energia berriztagarriak bizkortzeko beste jarduera batzuk ere bai. “Proiektu horien guztien helburua klima- aldaketaren arazoari erantzutea eta trantsizio energetikoa bultzatzea da”, azaldu dute udal ordezkariek.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Taekwondo Openak estatu mailako 208 kirolari hartuko ditu asteburuan

Otsailaren 24an Arrigorriagako Taekwondo Openaren 20. edizioa ospatuko dute kiroldegiko frontoian, 09:00etatik aurrera

|

Iazko openeko momentu bat // Garriko Taekwondo Taldea

Otsailaren 24an Arrigorriagako Taekwondo Openaren 20. edizioa ospatuko dute kiroldegiko frontoian, 09:00etatik aurrera: “Marka hautsi dugu, izena emateko epea bukatu eta hiru egunera Estatu osoko eta Andorrako 27 taldeko 208 kirolari egongo dira pilotalekuan”, azaldu dute Garriko Taekwondo Taldetik, jardueraren antolaketatik.

“Euskadiko taekwondo-txapelketarik zaharrenaren hogeigarren edizioa eta Espainian tradizio handiena duenetako bat harrera ikusgarria izaten ari da taekwondo nazionalaren munduan”, azaldu dute Garrikotik.

“Gaur egun, Katalunia, Aragoi, Errioxa, Gaztela eta Leon, Kantabria, Balearrak, Andorra eta Euskadiko selekzio nazionala lehiatuko dira”. Kategoria bi egongo dira zapatuan: kadete eta junior. “Arrigorriagara jende asko hurbiltzea espero dugu”, azaldu dute Garrikotik. “Garrikok podiumean egoteko borrokatuko diren 14 kirolariz osatutako taldearekin hartuko du parte”.

Garriko Taekwondo Taldea: “Garrikok podiumean egoteko borrokatuko diren 14 kirolariz osatutako taldearekin hartuko du parte”

Iazko openeko momentu bat // Garriko Taekwondo Taldea

Osorik irakurri