Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Arrigorriaga

Azaro amaieran aurkeztuko dute Arrigorriagako gobernu plan “aberatsa”

Gobernu plan berriak hiru lan lerro izango ditu: herritarrak, lurraldea eta antolaketa. Bertan antolatuko dituzte proiektu guztiak

|

Iratxe Rubia  (A. Gara), Maite Ibarra, Gaizka Ibarretxe (EH Bildu) eta Jose Ignacio Fernández (NOA) // Geuria

Arrigorriagako udal gobernua eratu zenetik 100 egun pasa dira eta gaur bertan prentsaurrekoa deitu dute taldea osatzen duten EH Bildu, Arrigorriaga Gara eta NOA alderdiek. “Gobernu taldea sortu zenetik lan egiten egon gara burubelarri datozen lau urteetarako Gobernu Plan berria diseinatzen”, azaldu du Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak.

Plan honen helburua arrigorriagarren bizi-kalitatea eta ongizate maila hobetzea da, “arlo eta sektore ezberdinetatik begiratuz, lupa jarriz, entzuten eta erabakiak hartzen”, gehitu du Ibarrak. “Oso aberatsa da sortzen ari garen plana, aniztasun eta elkarlanetik eratu dugu bere enborra esfortzu eta lan handiarekin, baina baita ilusioarekin ere, herritarrek horixe merezi dute eta”.

Hiru atal

Maiteren hitzetan, planak “parte-hartze handia” izaten ari du sail eta eremu ezberdinetako langileen eta udalerriko hainbat eragilen ekarpenak jasoz. Dagoeneko, Udala herriko elkarte eta klubekin batu da, zinegotzi berrien aurkezpenetan, besteak beste, eta beste elkarte batzuekin bilerak egin behar dituztela gehitu du.

Gobernu plan berri honek hiru lan lerro izango ditu: herritarrak, lurraldea eta antolaketa. “Proiektuak eta neurri zehatzak hiru bloke nagusi horietan antolatuko dira. Ulertzearen arrazoia irizpide tekniko eta politikoak uztartu eta proiektu bakoitza arlo ezberdinetatik modu kolektiboan eta zeharkakoan garatzea da”.

“Gobernuaren lanaren iparrorratza izateaz gain gardentasun ariketa lez ulertzen dugu plan honen sorrera”. Hori dela eta, urtea amaitu baino lehen, azaro erdialdean edo bukaera aldean, aurkeztuko dio gobernu taldeak plana herritarrei. Legegintzaldi osoan zehar planaren betetze mailari jarraipen publikoa egingo diotela azaldu dute gobernu taldetik. “Udaletxeko horma zurrunak apurtu nahi ditugu, herritarrek eskubidea dutelako Udala zertan dabilen jakiteko, hori gure betebeharra da”.

Maite Ibarra, gaurko prentsaurrekoan // Geuria

“Sintonia ona”

“Gobernu plan hau eratzeko EH Bildu, Arrigorriaga Gara eta NOA ekarpenak eta iradokizunak jaso ditugu. Bertatik jaioko da gobernu plan berria”, azaldu du Maitek eta EH Bildu, Arrigorriaga Gara eta NOA alderdien “sintonia ona” azpimarratu du. Arrigorriaga Garako Iratxe Rubiok gehitu du bere alderdiak hauteskunde programa aurkeztu duela plana osatzeko: “Gainera, kulturaren esparrutik 2024ko programa osatu dugu, aurreko legegintzaldian gauzatu ezin izan ziren proposamenekin, besteak beste. Elkarlanak gobernu plan berri hau eratzeko lana erraztu eta aberastu du”. NOAko Jose Ignacio Fernández zinegotziak alderdi guztien asmoa goraipatu du ere: “Hauteskunde programak gainezarri nahi izan ditugu, gobernu plan berriak aniztasun handiena lortzeko”.

Bestalde, eta udal gobernuaren hurrengo helburuei helduz, abenduan 2023ko aurrekontua aurkeztea da Udalaren xedea: “Momentu honetan ere aurrekontuen gaiarekin gabiltza”, gehitu du Ibarrak. “Esparru hori dagokion zinegotziak eman beharreko pausuak prestatzen ari da eta alde teknikoari dagokionez abenduan aurkeztu nahi ditugu. Beraz, ateak zabalik ditugu ekarpenak egin nahi dituzten alderdiei, adostasun handiena erdiesteko”.

2024ari begira Arrigorriagako HAPO aurkezteko asmoa azaldu dute udal gobernutik. Joan den martxoan behin-behineko zirriborroa aurkeztu zuten eta behin betiko plana datorren urteko apirilean aurkeztea da asmoa, Maitek aurreratu bezala: “Edozein udalerriren beharrezko elementua da HAPO”.

Iratxe Rubio (A. Gara), Maite Ibarra, Gaizka Ibarretxe (EH Bildu) eta Jose Ignacio Fernández (NOA) // Geuria

☉ Arrigorriaga

Ixone Garmendia arrigorriagarrak Transilvanian bizikletan egindako bidaia hizpide izango du Mendi Jardunaldietan

Padura Mendigoizale Taldeak antolatutako jardunaldi hauetan Fernando Errekalde, Alex Txikon eta Amaia Segurola kirolariek hartuko dute parte ere azaroaren 11tik 26ra, Lonbo aretoan

|

Transilvaniako paisaiak // Cara Jr, Unsplash

Beste urte batez Mendi Jardunaldiak antolatu ditu Arrigorriagako Padura Mendigoizale elkarteak, Udalarekin elkarlanean, azaroan, Lonbo aretoan. Aurten gonbidatu bereziak izango ditu ere: Ixone Garmendia Garaizabal, Fernando Errekalde Bilbatua, Alex Txikon Narbaez eta Amaia Segurola Baranda.

Azaroaren 11n izango da lehen solasaldia: Ixone Garmendia mendizale eta eskalatzailea (Arrigorriaga, 1993) Transilvaniatik bizikletaz egindako bidaiaz mintzatuko da. Saio guztien artean hau izango da euskaraz eskainiko den bakarra. Ixone euskal eta ingles filologian graduatua da, irakaslea eta abenturazale amorratua. Bidaiatzea, jatea eta mendia bereziki maite du. Garmendiak joan den udan Transilvaniatik bizikletan egindako bidaiaren inguruko hitzaldia eskainiko du Arrigorriagan.

Hilaren 14an ‘Manaslu: Nire lehen zortzimilakoa’ izeneko hitzaldia eskainiko du Fernando Errekaldek; Azaroaren 15ean Annapurnaren inguruan arituko da Alex Txikon mendizalea; Azken saioa Amaia Segurolak eskainiko du hilaren 26an: ‘Bidea irekitzen: Groenlandia’. Hitzaldi guztiak Lonbo aretoan eskainiko dituzte 20:00etan.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Bere zale baten kontrako erasoa gaitzetsi du Arrigorriagako Padura futbol taldeak

Erasoa partida bukaeran jazo zen, eta Arrigorriagako taldearen arabera “Deustuko hainbat zale ultrek” gauzatu zuten. Zauri eta kolpeen ondorioz zalea ospitalean artatu behar izan zuten

|

CD Paduraren futbol zelaia // Geuria

Modurik txarrenean bukatu zen 3RFEF mailako CD Paduraren eta SD Deustoren arteko norgehiagoka. Arrigorriagako taldeak partida bukatu bezain pronto jakitera eman zuen bere zaleetako bat erasotua izan zela, eta erasoa Deustuko taldearen hainbat “jarraitzaile ultren” eskutik heldu zela.

Hori gutxi ez, eta zera nabarmendu nahi izan zuten Arrigorriagako taldetik: “Zoritxarrez, gertakari horiek ez dira Deustoko zale ultrekin gertatzen diren lehen aldia, eta, Deustoko benetako zaleen arabera, “beti berdinak dira”.

Oharrean bertan jakitera emandakoaren arabera, jarraitzailea ospitalean artatu behar izan zuten, eta erasoa ez zen larriagoa izan bi taldeen jarraitzaile eta Ertzaintzaren esku hartzeari esker.

Bukatzeko, Arrigorriagako taldetik kiroltasunaren eta joko garbiaren aldeko mezua luzatu dute. Deustuarren kasuan, oraindik ez dute adierazpanik egin, bere zaleetako batzuk sare sozialen bidez adierazitakoa salbu.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Argazkiak / Arima galduez bete zen Arrigorriaga urteko gaurik beltzenean

Haurrentzako esperimentazio tailerra prestatu zuen Arritxikerrak taldeak Gau Beltzean, eta bertan egon ginen, argazki beldurgarriak egiten

|

Haurrak esperimentazio tailerrean // Geuria

Arritxikerrak taldeak ‘Gau Beltza Esperimentazio Tailerra’  prestatu zuen udaletxe aurreko Argala enparantzan. Itzalitako kalabazak piztu, zentzumenak landu eta mozorroekin gozatzeko aukera izan zuten txiki eta ez hain txikiek. Bertan egon ginen, eta argazki beldurgarri hauek egin izan ahal genituen.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arritxikerrak dinamikak ‘Gau Beltza Esperimentazio Tailerra’ antolatu du Arrigorriagako Arimen gauan

‘Gau Beltza Esperimentazio Tailerra’ udaletxe aurreko plazan antolatu dute Arritxikerrak-ekoek gaur bertan, 18:00etan

|

Familiak, Arritxikerrak ekimenaren tailer batean // Geuria

Arrigorriagako haur askorentzat lehen Gau Beltza izango da gaurkoa eta Arritxikerra dinamikak esperientzia berri hau ‘Gau Beltza Esperimentazio Tailerra’ren bidez helarazi nahi die 0 eta 6 urte bitarteko txikiei.

Arrigorriagan mozorroek kaleak hartuko dituzte 16:00etatik aurrera eta herritar guztiak deituta daude armairura jo eta mozorro originalena janztera, herria animatzeko.

Izan ere, lehen hitzordua 16:30ean izango da eskolan: txiki eta nagusiak bertan mozorrotzera deitu dituzte. 17:00ak aldera ‘ziri edo zari’ (“truco o trato“, erdaraz) eske errondak egingo dituzte herriko kaleetan barrena kaleetan edo udal ordezkariek jardueraren inguruko karteletan erantsi dituzten QR kodeei jarraituz.

Esperimentazioa, udaletxe aurrean

Arritxikerrak-en ‘Gau Beltza Esperimentazio Tailerra’ 18:00etan prestatu dute udaletxe aurreko Argala enparantzan. “Itzalitako kalabazak pizztera goaz”, azaldu dute dinamika taldetik. “Gau Beltza iristear dago eta gure lehenengo ekintza prestatu dugu bertan”.

Jarduera honetan, haur bakoitza nagusi batekin lagunduta hurbildu beharko dira, tailerrean parte hartu nahi izanez gero. Arritxikerrak taldeak, Arrigorriagako Udalaren laguntza tarteko, aisialdian euskaraz aritzeko doako jarduerak antolatzen dizkie 0 eta 6 urte bitarteko haurrei eta beren gurasoei.

Euskararen arnasgune eta erreferente izan nahi du herrian. Horregatik, ekimenak aukera ematen die familia parte-hartzaileei aisialdiko hizkuntza-ohiturak aldatzeko. Ekimenaren inguruko informazio osoa GEURIAn argitaratu genuen duela hilabete batzuk hementxe.

Gau Beltzako programazioarekin jarraituz, udaletxeko plazan tailerrak, dantzak eta suzko zezena prestatu dituzte 17:30etik aurrera. 18:00etan izuaren pasabidean parte-hartzeko gonbidapena luzatu diete herritarrei Gaztegunean.

Egitaraua | Gau Beltza Arrigorriagan 2024

Urriak 31, osteguna
16:30 Nagusi zein txiki, mozorroak jantzi, eskola
17:00 Eske erronda, herrian zehar
17:30 Tailerrak: Gau Beltza Esperimentazio tailerra, Arritxikerrak taldearen eskutik + makillaje gorea + ile-apainketa zoroa, Argala plaza
18:00 Izuaren pasabidea, Gaztegunea
20:00 Dantzak, Aritz Berriren eskutik, Argala plaza
20:30 Suzko zezena, Argala plaza

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Gau Beltzak “ziri edo sariz” beteko ditu Arrigorriagako kaleak gaualdean

Mozorroek kaleak hartuko dituzte 16:00etatik aurrera Arrigorriagan eta ez hori bakarrik: tailerrak, beldurrezko pasabidea eta dantzaldia prestatu dituzte arrasti beldurgarri honetan

|

Mozorratutako ume bat // Euskaltzaleen Topagunea

Ordu batzuk baino ez dira falta Arimen Gaua edo Gau Beltza ospatzeko. Arrigorriagako Udaletik, eskualdeko beste udalerri batzuek lez, hainbat jarduera prestatu dituzte txiki, gazte eta helduentzat.

Arrigorriagan mozorroek kaleak hartuko dituzte 16:00etatik aurrera eta herritar guztiak deituta daude armairura jo eta mozorro originalena janztera, herria animatzeko.

Izan ere, lehen hitzordua 16:30ean izango da eskolan: txiki eta nagusiak bertan mozorrotzera deitu dituzte. 17:00ak aldera ‘ziri edo sari’ eske errondak egingo dituzte herriko kaleetan barrena kaleetan edo udal ordezkariek jardueraren inguruko karteletan erantsi dituzten QR kodeei jarraituz.

Bestalde, udaletxeko plazan tailerrak, dantzak eta suzko zezena prestatu dituzte 17:30etik aurrera. 18:00etan izuaren pasabidean parte-hartzeko gonbidapena luzatu diete herritarrei Gaztegunean.

Egitaraua | Gau Beltza Arrigorriagan 2024

Urriak 31, osteguna
16:30 Nagusi zein txiki, mozorroak jantzi, eskola
17:00 Eske erronda, herrian zehar
17:30 Tailerrak: Gau Beltza Esperimentazio tailerra, Arritxikerrak taldearen eskutik + makillaje gorea + ile-apainketa zoroa, Argala plaza
18:00 Izuaren pasabidea, Gaztegunea
20:00 Dantzak, Aritz Berriren eskutik, Argala plaza
20:30 Suzko zezena, Argala plaza

Osorik irakurri