→Arrigorriaga

Arrigorriagako gobernuak Abusun egindako obrak “oso ongi” baloratu dituzte herritarrek

Arrigorriagako gobernuak hiru urtetan egindako lana 6,1eko notarekin baloratu dute herritarrek.

Besteak beste, Santa Isabelgo aparkalekua aurten berritu du Udalak // Geuria

Legegintzaldi erdiko balorazioa egiteko, herritarrek udalerriarekiko duten gogobetetze-maila eta hautematen dituzten premia nagusiak identifikatzeko inkesta egin du Aztiker Soziologia Ikerguneak, Arrigorriagako Udalak hala eskatuta. Ikerketa ekainean burutu du Aztikerrek eta 18 urtetik gorako 600 herritar elkarrizketatu ditu telefono bidez. Lau gai nagusi ikertu dituzte: herriarekiko asebetzea eta herritarren kezkak eta arazo nagusiak; udal gobernua eta oposizioaren balorazioa; udal kudeaketaren balorazioa; eta udal-proiektu eta ekimen zehatzak.

Asebetetze-mailari dagokionez “handia” dela iritzi dute arrigorriagarrek. Izan ere, bataz beste 7,7ko puntuazioa eman diote herriari. Gainera, legegintzaldi honetan egindako lana ere ondo baloratu dute inkestatuek eta 6,1eko puntuazioa eman diote udal gobernuari (EH Bildu eta Arrigorriaga Gara). Kudeaketari dagokionez, elkarrizketatuen erdiak baino gehiagok (% 53,7) erantzun du udal gobernua arazoak konpontzen ari dela edo nola konpondu badakiela, “baina denbora gehiago behar duela horretarako”.

Inkestatuek udal gobernuaren lanari dagokionez egindako balorazioen artean, Abusuko irisgarritasunarekin lotutako lanek puntuazio altuena jaso dute (bataz beste 7,4ko puntuazioa). Lan horien artean daude: San Isabelgo aparkalekua hobetzea eta eskailerak eta oztopo arkitektonikoak kentzea. Kultura-eskaintza, jasangarritasuna eta ingurumen-arloa, herritarren parte-hartzea eta auzoek jasotzen duten arreta ere ondo baloratu dituzte elkarrizketatuek.

Osasun-zentro berria, lehentasunezko

Udal-proiektu eta ekimenei dagokienez, herritarrek lehentasunezkotzat jo dituzte: osasun-zentro berria eraikitzea (% 72), Abusu auzoko irisgarritasunarekin lotutako lan gehiago (% 70,3), plaka fotovoltaikoak edo ibilgailu elektrikoak kargatzeko guneak instalatzea (% 63,7) eta kiroldegi berria egitea (% 58,5).

Bestetik, herritarrek identifikatutako arazorik garrantzitsuenak dira: kaleen garbitasuna (% 15,1); arazo ekonomikoak eta krisia (% 14,7); edota lan merkatuari lotutako arazoak (% 10,3). Inkestatuek pertsonalki dituzten kezkarik nagusienen artean daude krisia (% 23,6), langabezia (% 13,1) eta garraio publikoa (% 9,5).

Udalean ordezkaritza duten alderdiei eta politikariei buruz ere galdegin die Aztikerrek 600 inkestatuei. Maite Ibarrak —EH Bildu— ia erabateko ezagutza du Arrigorriagan (% 96); jarraian datoz Sonia Rodriguez —EAJ— (% 79), Argoitz Gomez (% 62), Maria Jesus Acedo —Arrigorriaga Gara— (% 50) eta Jose Ignacio Fernandez —NOA— (% 48). Guztien artean Maite Ibarra da herritar gehienen aprobazioa lortzen duena (% 59,4); ondoren Sonia Rodriguez (% 55). Oposizioaren lanari buruz inkestatuen % 25ak dio udal gobernuari “oztopoak jarri besterik” ez duela egiten.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak