Sareak

|

Geuria #087 Monografikoan argitaratutako erreportajea
“Gure Gerrak. Hego Uribe eskualdean ditugun aldarrikapen, hausnarketa eta ekintza ezberdinen solasaldiak”
Irakurri osorik PDFan

Ludi Viguera eta Antxon Montero Arrigorriagako Salud e Higiene auzoko senar emazteak dira. Joan den urtarrilaren 25ean bizitza guztiz baldintzatuko zion iktusa jasan zuen Antxonek, eta harrez geroztik Ludiren zaintza-lanei esker bizi da. Gaixotasun horrek, besteak beste, mugikortasun arazoak utzi dizkio Antxoni, eta lehen egunetik errehabilitazio-saioetara joan arren, leku batetik bestera mugitzea izugarrizko erronka da berarentzat eta bere emaztearentzat, bai esparru pribatuan baita publikoan ere. Hona hemen gerra txiki handi baten istorio harrigarria.

Antxon eta Ludi, Arrigorriagako Salud e Higiene auzoko etxean // Geuria

Antxon Montero Sola eta Ludi Viguera Olivan Costa Ricarako bidaia prestatzen ari ziren pasa den urtarrilaren 25ean ordenagailuaren aurrean, Antxonek Ludiri eskumako besoa ez zuela sentitzen esan zionean. Arin batean anbulantzia bat eskatu eta Galdakaoko Ospitalera eraman zuten. Antxonek iktus hemorragikoa izan zuen. Momentu hartan hasi zen Antxon eta Ludiren gerra partikularra.

Arrigorriagako tren geltokiaren parean dagoen trenbide gaineko pasabidean elkartu gara Ludirekin: “Lau hilabete eman genituen etxetik kanpo: Galdakaoko ospitalean lehendabizi, Gurutzetan ostean eta Gorlizko errehabilitazio zentroan azkenik. Lau hilabete luze”. Ludiren hitzetan, emandako pauso guztiak “oso txikiak” izan dira, den-denak aurrera eman badituzte ere.

Maiatzaren 18an Arrigorriagara bueltatu ziren senar-emazteak, “etxeak nola hartuko zituen beldurrez”. Salud e Higieneko auzotarrak dira eta edozein arrigorriagarrek badaki auzo horretan ezer soberan badago, hori aldapak direla: “Goiko aldean bizi gara eta Antxonek eskumako aldean hemiplegia zuela jakinda bueltatu ginen auzora, gurpildun aulkian”. Urrats hura eman beharra zegoela azaldu du Viguerak: “Etxea antolatu behar izan dugu, eta tresneria handirik behar ez den arren, etxe arrunt batek ez die behar bezala erantzuten era honetako gaixotasuna duen pertsona baten beharrei”. Momentuz, “tresneria handirik behar ez dutela” esan arren, etxeko kanpoaldean porlanezko arrapalak jarri behar izan dituzte. “Aldaketa horiek Menpekotasun Balorazioa deritzon proba egin baino lehenago egin genituen, eta horrek esan nahi du gastu horiek guztiak gure gain hartu behar izan genituela. Antza, gaixoaren beharrak mugatuko dituen balorazioa egin arte ezin da ezer erosi, ondoren diru-laguntza jaso ahal izateko. Baina, logikoa denez, gaixoak etxera heldu bezain pronto behar ditu tresneria edo moldaketa horiek. Prozesu honek ez dauka ez hanka ez bururik”.

Ekainean, menpekotasun balorazioez arduratzen den prozesua eten egin zutela jakinarazi digu Ludik. Balorazioak egiteaz arduratzen den enpresa aldatu du Bizkaiko Foru Aldundiak eta enpresa berria esleitu arte menpekotasun balorazioak egiteko zain dauden familiak itxaroten ari dira, eta igarotzen ari den denbora hau benetan preziatua da: “Egoera guztiz salatzekoa da”, azaldu digu Ludik. Hasiera batean egoerak horrela jarraituko du uztailera arte”.

Etxeko antolakuntza eginda, gurpildun aulki egokiaren bila hasi ziren Ludi eta Antxon. Ezbeharra izan arte Antxonek gidatzen zuen familiako autoa: “Momentu honetan ezin du gidatu eta ez dakigu inoiz berriro egin ahal izango duen”. Ludik ez du gidatzeko baimenik eta, beraz, autorik gabe antolatu beharra zuten. “Aulki elektriko tolesgarri bat erosi genuen. Oso pozik geunden, horrek herrira edo San Migelera joateko askatasuna emango zigulako”. Basauri Ortopediako langilea Arrigorriagara hurbildu eta frogak egiten hasi zenean, ordea, etxetik irten eta aurreko aldapek eta bertako peralteek arrastaka eraman zuten aulkia: “Aulkiari potentzia falta zitzaion oztopo horiei aurre egin ahal izateko”.

Bigarren aukera bezala aulki finkoa eskaini zieten, gaur egun erabiltzen duten bera: “Aulki finkoa ezin da auto arruntetan sartu: arrapala behar da. Furgoneta izanda ere ez da nahikoa, arrapalaz gainera pisu izugarria duelako”, argitu du arrigorriagarrak. “Aukera bakarra arrapala hori duten taxiak erabiltzea da eta harrigarria bada ere, horrelakorik ez dago Arrigorriagan, Ugaon, Zaratamon… Nik dakidala Basaurin bakarra dago”. Basauriko arrapaladun taxi bakar horri esker, Bilboko bestelako taxiekin kontaktuan jarri ahal izan du Ludik.

Ludi, paseoan // Geuria

Auzo-taxia, gakoa
Aulki finkoa izan baino lehen, Arrigorriagak abiarazitako auzo-taxi zerbitzuari esker herrigunera jaistea lortu zuten Antxonek eta Ludik. “Benetan eskertzekoa da Udalak martxan jarritako zerbitzu hau. Are gehiago, ezbeharra gertatu baino lehen, auzoan ekimen horren alde lan egin zuen Antxonek berak, eta ez beragatik; nork esango zion berak etorkizunean erabiliko zuenik!”. Antxonek auzoko adinekoen erosotasunaren alde borrokatu zuen auzo-taxi zerbitzuagatik, Salud e Higienen adineko jende ugari bizi baita. Udaleko zerbitzuari oso eskertuta dagoela azaldu du eta Iñaki taxi-gidariaren “giza-jarrera” goraipatu du.

Hala ere, Ludik eta Antxonek Bilbora joan behar dute astearte eta ostegunero, errehabilitazio-saioetara, eta bertara joateko aukera bakarra taxia dute, trenez joatea gaur egun ezinezkoa delako: “Duela urte gutxi berrikuntzak egin zituzten geltokian, baina arazo nagusiak bertan dihardu: ezin gara gure kabuz gurpildun aulkiarekin trenera igo; gauza bat umetxoen karroa altxatu eta trenean sartzea da, eta beste gauza bat heldu baten pisu osoa hartu eta berarekin datorren aulkia bagoian sartzea”.

C3 lineako Aldiriakeko tren bat, Bilbo noranzkoan // Geuria

Gaur egun, C3 lineako geltoki gehienetan ez dago gurpildun aulkia trenean sartzeko modurik, bidaiarien borondate onagatik ez bada: geltokietan arrapalak eta igogailuak badaude ere, nasatik trenera igotzeko tartea handiegia da, eta hori gutxi balitz, trenera sartu ahal izateko eskailerak igo behar dira: “C3 lineako geltokietan trenera gure kabuz igotzea ezinezkoa da”, dio Ludik aldirietako tren batek Arrigorriagako geltokia atzean uzten duen bitartean. Baina, den-denetan gertatzen da hau?

“Antxonen arreba bat Urduñan bizi da eta haren bidez jakin nuen gurpildun aulki batean mugitzen den bertako emakume batek Urduñako geltokian igo eta Bilboko Abando geltokian jaisteko aukera zuela. Berehala pentsatu genuen aukera hori geltoki guztietan egon behar zela”. Ludik Renfera deitu eta ezezkoa jaso zuen, gurpildun aulkientzako doitutako geltoki bakarrak Urduñan eta Abandon zeudela. Erantzun irmo horren aurrean, Ludik etorkizunean geltoki gehiago moldatzeko aurreikuspenak zituzten galdetu zion telefonoaren bestaldeko langileari, eta bigarren ezezkoa jaso zuen.

Ludi eta Antxon, etxean egin behar izandako arrapalan // Geuria

Gauzak horrela, Ludik Arrigorriagako Udalera deitu zuen eta aurrez-aurreko hitzorduan Udalak horren kargu hartu behar zuela adierazi zion Maite Ibarra alkateari. Bere azalpenak “oso gogo handiz” entzun zituela azpimarratu du: “Norbanakook borrokatu gaitezke, baina udalerriek auzokide guztien alde egin behar dute. Ez gurpildun aulkiak erabiltzen ditugunon alde soilik; denon alde. Edonoiz hautsi dezakegu hanka bat edo gurpildun aulkian geratu”. Horrez gainera, udaletxera egindako bisita hartan etxetik herrigunera topatu nituen oztopoen zerrenda aurkeztu zuen Viguerak: “Gure kasuan, Lanbarketara heldu arte errepidetik ibili behar gara. Eta Lanbarketan bertan autobusa hartu nahi izanez gero, lehen pasabidetik egitea ez da posible, espaloia ez dagoelako horretarako doituta. Bigarren pasabidean ez dago horretarako aukerarik ere. Beraz, ezin dugu Lanbarketarako autobus geltokia erabili”. Ludik aitortu du gauza horiek gaur egun arte oharkabean igaro direla haientzat: “Sekula ere ez nintzen gabezia hauetaz ohartu gaur egun arte, eta horrek zer pentsatu asko eman dit. Gurpildun aulkien erabiltzaileez gainera, badira mugikortasun arazoak dituzten pertsona ugari: nagusiak, espaloiak igotzeko zailtasunak dituztenak… Pertsonak duintasunez tratatzeko konpondu behar ditugun arazo ugari existitzen da”. Horren aurrean, Arrigorriagako alkateak Antxonek eta Ludik behar zuten guztia zerbitzu teknikoen eskuetan utziko zietela azaldu zion.

Urduña, aitzindaria
Urduñako geltokia moldatzeko prozesuaren atzean lan itzela dagoela azaldu du Ludik: “Emakume hura komunikabideetan agertu zen, sinadura ugari batu zituzten, manifestazioak deitu zituzten… eta Urduñako geltokiarentzat eskuratu zuen nasaren moldaketa. Benetan harritzekoa da Renfe bezalako enpresa batek geltokiak behar duten pertsonentzat ez doitzea, bestelako lekuetan horixe bera ez baita aukera bat; dendetan, leku publikoetan, etxebizitzetako atarietan… Derrigortuta daude mugikortasun arazoak dituztenentzat lekuak moldatzera”. Hala ere, Ludik gehitu du Urduñan egindako eraldaketa ez dela goitik beherakoa: “Nik dakidanez, trenera gurpildun aulkiarekin igo ahal izateko geltokira deitu behar da ordu jakin batean, trena datorrenean arrapala jarri eta bagoi jakin batera igotzeko: askatasuna ez da erabatekoa. Beraz, baldintzatuta bizi gara”. Arrigorriagarraren arabera, Bilbotik Santurtzira doazen trenen altuera eta nasarena berdintsuak dira eta gurpildun aulkien erabiltzaileak ahalegin handirik egin gabe igo daitezke trenera: “Nasen moldaketarako egin beharreko obra horiek ez egiteko arrazoi jakin batzuk egongo dira, ziur. Baina erabaki horiek hartu behar dituztenak arrazoi horien gainetik daude”.

Ludi, Antxonen gurpildun aulkiarekin, tren geltokiko inguruetan // Geuria

Ludi ezagutzen dutenek beti borrokatzeko prest dagoen emakumea dela jakin badakite, “baina egoera honek ez dit aukera hori ematen, eta daukadan denbora tarte bakarra Antxon ospitalean dagoen hori da. Momentuz Udalagaz egin dut berba eta, hala eta guztiz ere, arazo honek erabaki pertsonal gogorrak hartzera eraman gaitzake: agian Arrigorriaga utzi eta metroa daukan zonalde batera joango gara bizitzera noizbait”.

Momentuz, Arrigorriagako auzoaren tontorrean bizi dira senar-emazteak eta etxea euren beharrizanetara moldatu badute ere bistan da eguneroko bizitzaren gerrak ahalegin ugari eskatzen diela Antxoni eta Ludiri. Irribarrea galdu barik, Ludik atzera eta aurrera darama etxeko arrapaletatik Antxon, indarrak eusten dion bitartean: “Euskaratik nator eta euskaran diskriminazio positiboaz egin dugu berba beti. Bada, diskriminazio positibo hori gogoan izan beharko genuke ahulagoak diren pertsona guztiekin. Euren duintasunagatik eta zaintzailearen beraren zaintzagatik”, dio Viguerak. “Hemen beti aulkian doanaren inguruan berba egiten da, baina aulkian doanak, askotan, zaintzaile bat dauka ondoan, edo atzean bultzaka. Ez dira gaixoak bakarrik, bere inguruan zainketa-lanak egiten dituztenak ere badaude. Horiek ere kontuan izan behar ditugu”.

Antxon eta Ludi, Salud e Higiene auzoan // Geuria

☉ Arrigorriaga

Azaro amaieran emango dituzte “Batera jauzi jendarte laborategia” dinamikaren emaitzak Arrigorriagan

75 herritarrek parte hartu dute maiatzean hasitako prozesuan, eta helburua ezberdinen arteko akordio berriak adostu eta Arrigorriagan euskararen erabilera handitzeko oinarriak ezartzea da

|

Batera Jauzi dinamikaren kontraste taldeetako bat // Utzitakoa

Euskaltzaleen Topaguneak iaz abiarazi zuen lehen aldiz Batera jauzi jendarte laborategia dinamika, tokian tokiko euskararen aldeko sarea zabaldu, komunitategintzan sakondu, akordio berriak adostu eta erabileran jauzia emateko oinarriak ezartzeko asmoarekin.

Hainbat sektoretako eragileekin elkarlanean jorratutako prozesu horren emaitzak  Topagunearen III. Kongresuan aurkeztu zituzten, eta bertan azaldutakoaren arabera asmoa ekimena Euskal Herri osora zabaltzea zen.

Zentzu horretan, Arrigorriaga izan da Batera jauzi jendarte laborategiak  prozesua abiarazi duen lehen udalerria: “Euskarri euskara elkarteak, Arrigorriagako Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak elkarlanean abiarazitako prozesua maiatzean hasi eta azarora bitartean luzatuko da”, orduko hartan udal ordezkariek azaldu zutenaren arabera.

Ordutik hona, 75 herritarrek parte hartu dute maiatzean hasitako prozesuan. Dinamikaren helburua argi dute antolatzaileek:  “herrian ezberdinen arteko akordio berriak adostu eta Arrigorriagan euskararen erabilera handitzeko oinarriak ezartzea”.

“Guztira 5 kontraste talde osatu dira herriko beste horrenbeste sektoretako ordezkari eta eragileekin euskarak goranzko jauzia egiteko eman behar diren baldintzak aztertzeko” diote.  Talde horietan udalerriaren aniztasuna islatu dute, eta herriko elkarte, eragile zein profil anitzeko herritarrek parte hartu dute. Ekarpenak “izugarri emankorrak” izan direla zehaztu dute.

Jasotako ekarpen horiek 13 herritarrek osatzen duten talde finko batek aztertu ditu. Behin uda pasata, bere azken fasean sartuko da Batera jauzi prozesua. Irailaren 11n eta 25ean egingo ditu elkarrizketa-talde eragileak azken lan saioak, dinamikak eman duena bildu, proposamenak zehaztu eta Arrigorriagan euskara biziberritzeko epe luzeko gidalerroak finkatzeko. Azaroaren amaieran emango dira ezagutzera hizkuntzaren egoeraren diagnosi komunitario horren emaitzak.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagan adineko bati lapurreta egiteagatik atxilotu dute gizon bat Bilbon

Biktimak hainbat lesio izan zituen eta ospitalera eraman behar izan zuten. Ertzaintza Arrigorriagako eta Bilboko Udaltzaingoarekin aritu da elkarlanean

|

Atxiloketa bat // Basauri

Ertzaintzak jakitera eman du 29 urteko gizon bat atxilotu duela,”edadeko gizon bati indarkeria erabiliz lapurreta egitea leporatuta”. Gertakariak joan den astelehenekoak dira: arratsaldeko 13:30ak aldera Arrigorriagako Udaltzaingoak Ertzaintzari jakitera eman zion “gizon edadetu bati lapurreta egin berri ziotela kalean oinez zihoanean”.

“Lepotik heldu eta lurrera bota zuen zangotraba eginda” gaineratu dute polizia iturriek, “eta, arrastaka eraman ondoren, urrezko domina zuen katea lapurtu zion bortxaz.  Ondoren, lapurrak ihes egin zuen”. 

Erasotua izan zen gizonak lepoan kolpeak eta belaun zein ukondoetan urradurak izan zituen, eta anbulantzian eraman zuten Basurtoko ospitalera.

Horren ondorioz, Ibaizabalgo Ertzain-etxetik ikerketa abiatu zuten, eta Bilboko Udaltzaingoarekin elkarlean asteazkenean atxilotu zuten Bilbon.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Bideoa / Heidelberg Añorgako langileek Arrigorriagako lantokira eraman dute euren protesta

Arrigorriagako lantokiaren aurrean egin dute protesta, zuzendaritzari eskatzeko Enplegu Erregulazio Espedientea kendu dezan

|

Ekainaren erdialdean Heidelberg Materialsek Añorgako enpresa-batzordeari jakinarazi zion 56 langileri (plantilla erdia) eragingo zion Enplegu-Erregulazioko Espedientea aurrera eraman behar zuela.

Enpresaren zuzendaritzak jakinarazi zuen lez, “deskarbonizazio” prozesu baitan kokatzen zuten neurria, eta horren ondorioz clinker-a produzitzeari utziko zioten.

Horrekin batera, zehaztu zuten langileak ez zirela kaleratuak izango, eta horietako hamabosti Arrigorriagako lantokian lan egitea proposatu zaie (beste hamabosti aurretiko erretiroa edo Europan barrena dituzten lantokietan aritzea, kasurako).

Greba mugagabean ekainaren 28tik

Erabaki horri erantzunez, Añorgako lantokiko langileek greba mugagabea hasi zuten joan den ekainaren 28an. ELA sindikatuaren arabera deskarbonizazio prozesua, beharrezkoa izanda ere, ezin da “langileen bizkar utzi”, eta lanpostu guztiak “bermatu” behar dira.

Dinamika horren baitan,  gaur erdian euren protesta Arrigorriagako lantokira ekarri dute. GEURIAk Esther Arruti Roteta ELAko Industria eta Eraikuntzako arduradunarekin hitz egin du, eta Arrutiren arabera “ez da bidezkoa ezta bideragarria familia bati egun batetik bestera esattea Arrigorriagara lanera etorri behar dela. Bi ordu dira egunero. Eta hori beste herrialde batzuetara joateko eskaintza jaso duten langileez ez hitz egitearren”.

Gaurkoa ez da Arrigorriagako lantokiaren atarian egingo duten azken elkarretaratzea, eta aurrera begira ere hainbat ekimen burutuko dituztela zehaztu du ELAko ordezkariak.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Montefuerte futbol-zelaiko taberna kudeatzeko eskaintzak aurkezteko epea zabaldu dute

Uztailaren 23arte egin ahal dituzte eskaintzak interesdunek, betiere modu elektrikoan, Kontratazioa Euskadi Plataforman

|

Montefuerte futbol zelaia // Geuria

Montefuerte futbol-zelaiko tabernak pandemiarekin batera itxi zituen bere ateak, eta ordutik hona, instalazioa eramaten duten taldeek antolatu dituzten ekintza jakin batzuetan salbu, ez da berriro zabaldu.

Orain, Arrigorriagako Udalak taberna ustiatzeko esleipena martxan jarri du, eta interesdunek uztailaren 23ra arte aurkeztu ahal izango dituzte eskaintzak, betiere modu elektronikoan, “Kontratazio Publikoa Euskadin” plataformaren bidez. Udaletik jakitera eman duten lez, “abuztuan zehar esleituko da kontratua, eta irailaren 1ean sartuko da indarrean”.

“Zerbitzuari dagokionez” zehaztu dute, “futboleko denboraldiak irauten duen bitartean eskainiko da, eta Udalak bere gain hartuko ditu uraren, elektrizitatearen, gasaren eta saneamenduaren hornidura. Interesdunek instalazioa ikusteko aukera izango dute.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Europako Arkeologoen Kongresura eramango dute Abrisketako Done Peri baselizaren proiektua

Abuztuaren bukaeran, proiektuak Hego Uribeko eta Euskal Herriko mugak gaindituko ditu, eta Arrigorriagako ermitaren berri izango dute Erroman, Europako Arkeologoen Elkarteak antolatzen duen kongresuan

|

Done Peri baseliza // Geuria

Abrisketako Done Peri baselizaren proiektua zeresana ematen ari dira azken aldian, are gehiago VII eta X. mendeen artean kokatu daitekeen Nekropolia aurkitu ostean. 

Abuztuaren bukaeran, proiektuak Hego Uribeko eta Euskal Herriko mugak gaindituko ditu, eta Arrigorriagako ermitaren berri izango dute Erroman, Europar Arkeologoen Elkarteak antolatzen duen kongresuan.

Europako Arkeologoen Elkartea (AEA) (ingelesez: European Association of Archaeologists, EAA) irabazi-asmorik gabeko elkartea da, arkeologoei edo arloan interesa duen pertsona eta erakundeei irekia. 1994an sortu zen Eslovenian, eta ordutik hona urtero kongresu edo meeting entzutetsu bat antolatzen dute. Aurten, gainera, 30.urteurrena ospatze aldera, kongresua arkeologiaren sorlekuetako batera eramango dute abuztuaren 28tik 31ra, Italiako hiriburura.

“Iaz, kasurako” azaldu dio GEURIAri Teresa Campos arkeologo eta proiektuko arduradunak, “3000 lagun batu ginen Belfasten”. Pozik dago Campos, Europako Arkeologoen Elkarteak euren proposamena onartu duelako: “antolatuko diren sinposioetako batean parte hartuko dugu”.

Sinposio horietan mundu osoan garatzen ari diren proiektuen berri ematen dute, eta Done Peri horien artean egoteak erakusten du egiten ari diren lanaren garrantzia.

Osorik irakurri