→Arrigorriaga

670 etxebizitza ahalbidetzea eta anbulategia lekualdatzea baimenduko du Arrigorriagako HAPOk

Udal ordezkariek astelehen honetan (urriak 10) aurkeztu dituzte hirigintza proiketuaren lan ildo nagusiak. Planak 2021eko azaroan garatzen hasi zirenetik izan dituen aurrerapenez jardun dute

Arrigorriagako HAPOren egoera aurkezteko agerraldia // Geuria

Arrigorriagako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari (HAPO) behin-behineko onarpena emango diote laster. Alegazioak aurkezteko epea bukatu ondoren, Udalak partikularren 17 alegazio-idazki eta administrazio publikoen beste horrenbeste (zein epez kanpo heldu diren bi txosten) jaso ditu; eta horiek kontuan hartuta osatuko dute plana. HAPOk “etorkizuneko Arrigorriaga” diseinatzea du helburu, eta horretarako, hiru jarduketa nagusiren bueltan ehundu dute: lursail gehiago kolonizatu gabe etxebizitzak sortzea, aparkalekuak ahalbidetzea eta behar duten auzuneak birgaitzea.

Udal ordezkariek astelehen honetan (urriak 10) aurkeztu dituzte hirigintza proiektuaren lan ildo nagusiak, eta planak 2021eko azaroan garatzen hasi zirenetik izan dituen aurrerapenez jardun dute. Maite Ibarra, Arrigorriagako alkatea, Idoia Molina, Auzoak, Hirigintza eta Etxebizitza zinegotzia eta Josetxu Olivares, Udaleko arkitekto-aholkularia, batu dira bilkuran, eta bertan adierazi dute urte bukaerarako, espero dutela HAPOren behin-behineko onarpena prest edukitzea.

Molinak azaldu duen bezala, planak etorkizunean Arrigorriagak hirigintzan jarraituko dituen lan ildoak definitzen ditu, “lur gehiago kolonizatu gabe, erabilgarri dagoen hiri-lurzorua optimizatzea” filosofiatzat hartuz. Horrela, Arrigorrigan datozen urteetan egin nahi diren esku hartze guztietan “jasangarritasuna eta hiri-berroneratzea” bultzatu nahi dituztela esan du Molinak: “Hiria kanporantz beharrean, barrurantz hazi dadin, landa eremuari espaziorik jan gabe”.

HAPOren planifikazioarekin, izan ere, 670 etxebizitza gehiago sartuko dituzte Arrigorriagako etxebizitza parkera, herriak izan duen biztanleriaren hazkundearen beharrizanei erantzun asmoz. Baina eraikuntza berriak egin behar direnean, horiek hiri barruko lursailetan eraikitzea izango da planaren gakoetako bat, eta etxebizitzetako asko jadanik daudenen birgaikuntzarekin lortzea, berriz, iraunkortasuna sustatzeko bigarren erronka.

Urtarrilean aurreratu zuten bezala, herriko osasun zentroa dagoen eraikinean esku hartze “mistoa” egingo dute, espazioa arreta gune eta aldi berean, bizileku bihurtzeko: azken bi solairuetan etxebizitzak sortuko dituzte eta anbulategiarentzat, beheko aldea soilik utzi, osasun gunea RENFEko transformazio zentraleko eraikina dagoen tokira aldatu nahi baitute. Plangintzarekin lehenbailehen hasteko, ADIF eta Osakidetzarekin bilerak egin dituzte jada.

Urgoitiko guneaz gain, Abusuko eta Martiartuko hainbat etxebizitza gunetan ere egingo dituzte egokitzapenak. Egun dauden prestazioekin erabilezin egon arren, berriro bizitzeko moduan utziko dituzte pisuak, herriko etxebizitza parkera gehitzeko. Sortuko dituzten bizileku guztiak libreak, babes ofizialekoak edo mistoak izango dira.

Auzuneak eta aparkalekuak

Era berean, eta egokitzapenei lotuta, Kubo, Papelera taldea, Pedro Muro, Salud e Higiene eta Ollargan auzuneetako hainbat etxebizitzatan egingo dituzte esku hartzeak. Azken bietan, hain zuzen, lizitazio fasearekin hasi dira hainbat obretan, baina gune horietan aldaketak egin ahal izateko, ikerketa fase luzeagoa behar dela adierazi dute udal ordezkariek: hiri-berroneratzeko gunetzat onartu daitezen, azterketa soziourbanistikoak egiteko lehen pausuak jarri dituzte martxan.

Ollarganen kasuan, Jaurlaritzak hainbat etxebizitza bloke eraiki nahi zituen gunean, baina obrak atzera bota behar izan dituzte, lurpean meatzaritzako leize bat aurkitu dutelako. Gauzak horrela, zorua obra mota horretarako erabili ezin denez, Udalak beste funtzio bat eman nahi dio lursailari, eta jada eraikita dauden etxebizitzentzako gune berdeak eta parkingak egiteko erabiliko du.

Hirigunetik hurbil, aparkaleku kopurua handitzeko ere bi obra aurreikusi dituzte HAPOn. Batetik, Baruatorre kalean, tren geltokiaren atzeko aldean, disuasio-aparkalekua eraikiko dute. Bestetik, Axarteko aparkalekua eta Lonbokoa (herriaren erdigunean), handitu egingo dituzte. Azken honetan, sestra azpiko solairu berria ahalbidetzeko obrak jarri nahi dituzte martxan.

HAPOren epeak

Aldaketa guzti hauek aurreikusten dituen behin-behineko txostena LKS ingeniaritza enpresari luzatu eta urte bukaerarako (edo, asko jota, urtarrilerako) onartu nahi dutela esan dute Udaletik. Hori egin ondoren, baina, Eusko Jaurlaritzaren esku geratuko dira epeak, txosten loteslea EAEko Lurralde Antolamendurako Batzordeak osatu behar baitu. Dena ondo bide, datorren urteko martxorako edo apirilerako egongo da prest behin betiko HAPO.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak