☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako osasun zentro berria eraikitzeari argi berdea eman diote HAPOa onartu ondoren
670 etxebizitza berri ahalbidetzea, hiru aparkaleku egitea edo egokitzea eta hainbat auzo berrurbanizatzea ere aurreikusten du HAPOak
Etorkizuneko Arrigorriaga diseinatzen lagunduko duen plana aho batez onartu du Udalak ostegunean (martxoak 30) egindako osoko bilkuran. Gobernu taldeak (EH Bildu eta Arrigorriaga Gara), EAJk, PSEk eta NOAk baietz bozkatu diote osasun zentro berria, aparkalekuak eta berrurbanizazioak lehentasuntzat izango dituen HAPOari (Hiri Antolamenduko Plan Orokorra).
Maite Ibarra alkateak eta María Jesús Acedo alkateorde eta Garapen iraunkor eta Ingurumen zinegotziak ostiral honetan egin dute aurkezpena, planak definituko dituen jarduketei buruzko azalpenak emateko; besteak beste Urgoitiko zentroaren inguruan. “Gaur, Osakidetzari jakinaraziko diogu hartutako erabakia, eta lehenbailehen bilduko gara osasun zentro berria egiteko eman beharreko urratsak erabakitzen hasteko”, azaldu du Ibarrak, Jaurlaritzaren esku baitago zentro berriaren diseinua definitzea. Gainera, Adifekin ere bilerak egin dituztela azaldu du alkateak: “Trenbidea bertatik igarotzen denez, akordioetara heldu behar gara, eta aurrerapausoak ematen joango gara”.
Osasun zentroaz gain, HAPOak aparkalekuen arazoari konponbidea emateko esku hartzeak ere planteatzen ditu. Baruatorre kalean disuasiorako balioko duen azpiegitura garatzea, Lonboko aparkalekua hobetzea (maila ezberdinetan) eta Aixarten horretara bideratuta dagoen sailean egin nahi duten ibilgailuentzako gunea izango dira jarduketetako batzuk. Hiri Mugikortasun Jasangarriko Planean (HMJP) ere aurreikusi dituzte horiek, herritarren proposamenak ebaluatu ostean.
Auzuneak eta aparkalekuak
Halaber, bizilekuei eta auzuneei zuzenean lotutako esku hartzeak aipatu dituzte gaurko aurkezpenean. Erdigunean, Abusun eta Martiartun, libreak, babestuak eta mistoak izango diren 670 etxebizitza berri atontzea ahalbidetuko du HAPOak. Era berean, Osasun eta higiene, Pedro Muro, La Papelera, Kubo eta Ollargan auzoetan berrurbanizatzeko lanak egingo dituzte. Osasun eta higienen, adibidez, proiektua eginda dago, eta fase administratiboa baino ez da geratzen aurrera eramateko (300.000 euroko aurrekontua izango duen obrarekin).
Auzune horren egokitzea egiteko, hain zuzen, Udalkutxaren likidazio positibotik (258.037 €) eta diruzaintzako gerakinaren zati batetik (673.460 €) datorren aurrekontua baliatuko dute. Gobernu taldeak eta NOA taldeak akordioa erdietsi ondoren, martxoaren 30eko bilkuran bozkatu dute ikasturteko gerakina nora bideratu erabakitzeko proposamena, eta PSEren abstentzioarekin eta gainontzeko alderdien onespenarekin egin du aurrera planak. Berrurbanizazioei lotuta, bertan aurreikusi dute HAPOn bildutako San Juan auzoa egokitzeko prozesuaren hasiera (40.000 eurorekin) ere.
HAPOa, “ezinbestekoa”
Ibarrak adierazi duenez, gobernu taldearentzako oso pozgarria da “legegintzaldi zail” baten ondoren, lau urteen hasieran planteatutako “ezinbesteko” neurri hau aurrera atera izana: “Arauak baimentzen digunaren eta herritarrek luzatu dizkiguten beharrizanen artean oreka lortu dugu”. Horrela, “arduratsuagoa, justuagoa, kohesionatua, jasangarriagoa eta parekideagoa” den herria marraztuko dutela esan du alkateak.
Alkateordeak, berriz, gogoratu du HAPOak 24 urte daramatzala aldatu gabe, eta, beraz, “garai berrien irizpideetara eta erronketara” egokitu dutela onartu berri dutena. “Planak udalerria egiteko eta ulertzeko modu desberdina izatea suposatzen du”, azaldu du Acedok. “Egitera goazenaz gain, nola egingo dugun definitzeari denbora asko eman diogu”.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagak 229.000 euro bideratuko ditu Ollargan eta Haurreskolako haur-parkeak berritzeko
Proiektu honek udalerriko haur-parkeak egokitu eta berritzea du helburu eta horrekin batera Arrigorriagako haurrentzako jolas-eskaintza zabaltzea
Arrigorriagako Udalak Ollargan eta Haurreskolako haur-parkeak konpontzeko asmoa azaldu du, udalerriko jolasguneen azterketa egin ostean. Lizitazio prozesua martxan ipini dute eta aurrekontua 229.000 eurokoa izango dela iragarri dute: “Enpresek irailaren 25era arte dute eskaintzak aurkezteko”.
Proiektu honek udalerriko haur-parkeak egokitu eta berritzea dela azaldu dute Udaletik eta horrekin batera Arrigorriagako haurrentzako jolas-eskaintza zabaltzea.
Ollarganeko parkearen kasuan parkea “nahiko hondatuta” dagoela jakinarazi dute udal ordezkariek: “Gainera, auzoko haur gehienek erabiltzen dute”.
Arrigorriagako Udala: “Ollarganeko parkea nahiko hondatuta dago eta auzoko haur gehienek erabiltzen dute”
Haurreskolako parkeak, udal ordezkarien aburuz, ez ditu ohiko erabiltzaileen beharrak asetzen eta “ez da egokia 0 eta 2 urte bitarteko haurtxoentzat eta gainera parkeak ez du itzalgunerik: ondorioz eguzki eta bero handiko egunetan ezin dute erabili”. Arazo hori konpontzeko itzalgune bat ipiniko dute.
Herriko gainontzeko haur-parkeei dagokienez, egun hauetan Abusuko Santa Isabel kaleko jolasgunea eraberritzen ari da Arrigorriagako Udala, eta GEURIAri azaldu lez, hurrengo hilabeteetan Lonbo auzoko haur-parkearekin hasiko dira: “Gainerakoak hurrengo urtean berrituko ditugu”, azaldu dute udal ordezkariek. “Gainera, kontua izan behar da aurrekontu parte-hartzaileen bozketa fasean gaudela eta emaitzak itxaron behar ditugu”.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Emakume Sortzaileen Azokak hasiera emango dio Lamiaenako ikasturte hasierari
Joana Etxebarria politika feministako zinegotziak Lamiaenak sorreratik garapen “oso positiboa” izan duela azpimarratu du. Aurtengo ekimen feministetan izena emateko epea datorren irailaren 30ean zabalduko dute
Lamiaena Arrigorriagako emakumeen etxeak ikasturte hasierako jaia egingo du datorren irailaren 28an, Teodosia Ortega parkean. Egun erdiko ospakizuna antolatu dute eta jarduera nagusia urteroko hitzordua bilakatu den Emakume Sortzaileen Azoka izango da.
Aurtengoa hirugarren edizioa izango da eta Joana Etxeberria Arrigorriagako Udaleko Politika feministako zinegotziak emakumeen etxearen jardueren aurkezpenean azaldu bezala, Emakume Sortzaileen Azokak harrera ezinhobea izan du aurreko urteetan. Izan ere, aurten 25 saltoki egongo dira, eskaini daitekeen kopuru handiena.
Joana Etxeberriaz gain, Lamiaenako ikasturtearen aurkezpenean Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea eta Ane González, Berdintasun saileko teknikaria izan dira eta egitarau anitza eta erakargarria diseinatu dutela iragarri dute: “Aurtengo egitarauan ikastaro, hitzaldi, solasaldi, zinema, erakusketa eta liburuen aurkezpenak eskainiko dira”, azaldu dute. “Gehienak proposamen berriak dira, Lamienakideek proposatutakoak batzuk, Berdintasun Sailetik behar espezifikoetara erantzuteko diseinatuak besteak”.
Ane González: “Aurtengo egitarauko jarduera gehienak proposamen berriak dira, Lamienakideek proposatutakoak batzuk, Berdintasun Sailetik behar espezifikoetara erantzuteko diseinatuak besteak”
Etxeberriak 11 eta 14 urte bitarteko neska gazteentzako ‘Esperimentatzera!’ laborategia goraipatu du. Urriaren 18 eta 25ean eta azaroaren 8an eta 15ean antolatu dute Lamiaenan, 17:30etik 19:30ak arte: “Eskua eta adimena askatzeko jarduera izango da. Hitzak, objektuak eta hainbat material erabiliko ditugu neska gazteok kontatu nahi duguna ilustrazioen bidez adierazteko”. Marrazketa tailerraz harago doa eta euskara hutsean eskainiko dute Limoi Zurrusta Kultur Elkartearen eskutik: “Guztion artean jolasteko topalekua sortu nahi dugu, ikasteko eta gozatzeko”.
Urte bi borrokan
Lamiaena 2022an inauguratu zuten herriko emakumeek. Aurretik, jakina denez, Arrigorriagako kultur etxea zen baina gaur egungo eraikinak ez du aurreko urteetako etxearen arrastorik, goitik behera eraberritu baitute herriko emakumeek: bilerak egiteko gelak, egongelak, terraza… eraikinak ez du ezer faltan.
Lamiaenaren hazkundea ere nabarmendu beharrekoa da eta sorreratik Etxebarriak balantze “oso positiboa” izan duela azpimarratu du: “Lamiaena sortu zenetik 310 Lamiakide elkartu ditu. Datu kuantitatiboak oso garrantzitsuak dira guretzat baina esan beharrekoa da ere gero eta gehiago direla Lamiaenara hurbiltzen ari direnak”, eta bakardadeari aurre egiteko gero eta emakume gerturatzen direla gehitu du politika feministako zinegotziak: “Lamiaenak emakume gehiago ezagutzeko aukera ematen die eta onuragarria da beraientzat”.
Joana Etxeberria: “Lamiaena sortu zenetik 310 Lamiakide elkartu ditu eta gero eta gehiago dira Lamiaenara hurbiltzen ari diren emakumeak”
Aurtengo ekimen feministetan izena emateko epea datorren irailaren 30ean zabalduko dute, Lamiaenan bertan arratsaldeko ordutegian (astelehenetik ostegunera 17:00etatik 20:30ak arte eta ostiraletan 20:00ak arte). Abusuko Zentro Soziokulturalean egiteko aukera ere badago (astelehenetik ostiralera 08:00 – 14:45)
Egitaraua | Lamiaenako Ikasturte Hasierako Jaia
Irailak 28, larunbata
11:00 Emakume Sortzaileen III. Azoka
12:00 Txosna irekitzea
12:30 Kancaneo Teatroren ikuskizuna
Egun erdiko ospakizunak Lamiaenako ikasturteko programazioari hasiera emango dio.
☉ Arrigorriaga
Bosteko erakusketa Arrigorriaga eta Basauritik igaroko da urte amaieran
Arrigorriagan azaroaren 28tik abenduaren 18ra antolatu dute udaletxeko Euskaldun Berria aretoan. Basaurin abenduaren 23tik 2025eko urtarrilaren 19ra
Gaur Bosteko Erakusketa ibiltariaren aurkezpena egin dute Leioako Kultur Etxean: “Gaur Leioan izan gara Bosteko erakusketa ibiltariaren edizio berriaren aurkezpenean”, azaldu dute udal ordezkariek. Irailetik abendura, erakusketa bost udalerritatik pasatuko da, ordena honetan: Leioa, Amorebieta-Etxano, Getxo, Arrigorriaga eta Basauri. Arrigorriagan azaroaren 28tik abenduaren 18ra antolatu dute udaletxeko Euskaldun Berria aretoan. Basaurin abenduaren 23tik 2025eko urtarrilaren 19ra arte egongo da.
Bost udaletako (Amorebieta-Etxano, Arrigorriaga, Basauri, Getxo eta Leioa) bost erakusketa-aretoren artean antolatzen eta koordinatzen den erakusketa ibiltaria da BOSTEKO eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren babesa du.
Bosteko 1998an sortu zen eta, ordutik hona, 76 artista euskaldunen lanak hartu ditu. Hala, Bizkaiko testuinguru kulturalean erakusketa sendoa bihurtu da. Ekimena euskal artista plastiko ospetsuen artelanak ikusgai jartzen ditu eta Bizkaiko Lurralde Historikoko udalerrietan ezagutzera eman eta zabaltzeko plataforma interesgarria da. Aurten, erakusketa irailetik abendura pasatuko da aipatutako udalerrietatik, ordena honetan: Leioa, Amorebieta-Etxano, Getxo, Arrigorriaga eta Basauri.
Iaz, Bosteko 2023. Kaosetik Kosmosera: Unibertsoko Paisaiak izeneko 26. edizioan, Iñigo Sarriugarte izan zen erakusketaren komisarioa eta María Alonso Páez, Gorka Gondra, Victor Arrizabalagaren lanak ikusi ahal izan ziren.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako kale batzuen argiteria aldatuko dute, “segurtasuna handitzearren”
Udalak 476.437 euro bideratuko ditu Jose Mª Makua, Santa Isabel eta Urgoiti pasealekuan puntu ilunak ezabatzeko
Arrigorriagako Udalak 476.437 euro bideratuko ditu Jose Mª Makua, Santa Isabel eta Urgoiti pasealekuan argiteria indartzeko. Lizitazioa martxan ipini dute eta enpresek irailaren 30era arte aurkeztu ditzakete proposamenak.
Arrigorriagako zenbait auzotako herritarrek beren egonezina azaldu dute azken egunetan. Kuboko hainbat auzotarren arabera argiztapen falta izan dute azken asteetan tunelean, zubian eta Barzubia baserriaren inguruetan: “Arriskutsua da argirik ez izatea tunelean, zubian, Barzubia zonaldean…”, kexatu da herritar bat. “Udalak egoeraren berri du, Kuboko bizilagunen kexak jasotzen ari baita. Gure auzoan ere baditugu “Puntu Beltzak” eta ez da batere atsegina mugikorreko argiarekin joan behar izana ez erortzeko edo zerbait okerragoa ez gertatzeko”. Udala jakinaren gainean dagoela azaldu dio GEURIAri eta abisua eman dutela jakinarazi du.
2020an presio baxuko sodiozko lurrunezko lanparen ordez LED teknologiako argiztapen eraginkorragoa instalatu zuten kale horietan IDEAk emandako Udalerrietako kanpoko argiztapen-instalazioak berritzeko laguntza-programaren bidez. Baina Arrigorriagako udal ordezkarien arabera horrekin ez da nahikoa izan gaur egungo arazoari irtenbidea emateko: “Jarduketa horrek ez zuen balio izan udalerriko hiri-bilbean lehenagotik zeuden argiztapen-arazo guztiak zuzentzeko”.
Kuboko herritarrak: “Kubon ere baditugu ‘Puntu Beltzak’ eta ez da batere atsegina mugikorreko argiarekin joan behar izana ez erortzeko edo zerbait okerragoa ez gertatzeko”
Horiek horrela, Jose Mª Makua, Santa Isabel eta Urgoiti pasealekuko argiztapena egungo estandarretakoarekin alderatuta “eskasa” dela ikusita, zonalde horietako argiteria indartzeko asmoa azaldu dute Udaletik, argi berriak instalatuz: “Helburua puntu ilunak ezabatzea eta kaleetan segurtasun-pertzepzioa handitzea da, egungo estandarretarako argiztapena eskasa den lekuetan argi berriak instalatuz”, azaldu dute ordezkariek.
☉ Arrigorriaga
Izarbe Cimadevilla arrigorriagarrak brontzezko domina lortu du 21 urtez azpiko Taekwondoko Espainiako txapelketan
Iaz brontzezko saria eskuratu zuen ere Cimadevillak 21 urtez azpiko Taekwondoko Espainiako txapelketan
Joan den irailaren 14an, 21 urtez azpiko Taekwondoko Espainiako Txapelketa antolatu zuten Torreviejan (Alakant) eta Izarbe Cimadevilla arrigorriagarrak (Garriko Taekwondo Taldeko kirolaria) brontzezko domina lortu zuen. Iaz sari bera eskuratu zuen. Aurten Kataluniako ordezkariaren aurka galdu du borroka Alakanten, final erdietan.
Bestalde, Arrigorriagako klubeko Maider Castrok eta Daniel Zaldivarrek final-laurdenetan galdu zuten eta podiumaren atarian geratu ziren biak. Maiderrek Kataluniako ordezkariaren aurka galdu zuen eta Danielek Extremadurakoaren aurka.