☉ Arrigorriaga
Vicente Leal eta Miren Ajangiz arrigorriagarrek ‘Hegazti Ikusezinak’ argazki-erakusketa eskaini dute
Bien artean Bilbo Handiko 30 hegazti espezieren erretratuak ipini dituzte Arrigorriagako kultur etxean

Arrigorriagako Edurne Garitazelaia kultur etxeak ‘Hegazti Ikusezinak’ izeneko argazki-erakusketa hartu du Vicente Leal (Abusu, 1960) eta Miren Ajangiz (Bilbo, 1962) herritarren eskutik. Vicente argazkilaria da eta Miren, behatzaile-dokumentalista. Bien artean Bilbo Handiko 30 hegazti espezieren erretratuak ipini dituzte Arrigorriagako kultur etxean, 30x40zmko tamainan. “Bilbo Handian bertan ehunka hegazti espezie ikus daitezkela erakutsi nahi dugu argazki erakusketa honen bidez”, azaldu dute Arrigorriagakoek, eta hala da: Edurne Garitazelaian Montefuerten, Abusuko ibaiertzean eta Bolintxu inguruan ateratako argazki zoragarriak ikusteko aukera egon da. “Bolintxun bertan atera izan dugu bertan bizi den Martin Arrantzalea (Alcedo Atthis)”, dio txundituta txoriaren argazkia erakusten duen bitartean: “Lerro zuzenen bidez eraikitzen ditu bere ibilbideak, intsektu bat izango balitz. Zoragarria da”.
Bikoteak www.txoritxikiak.com webgunea sortu zuten duela bost urte, eta bertan, txorien inguruko artikulu labur eta interesgarriak igotzen dituzte: “Artikulu atseginak eta dibertigarriak dira, teknikotasunetatik urrun, edonork ulertu ahal izateko”, azpimarratu du Lealek. Proiektua Econoja azokan jaio zen: “Olympus markako CEOarekin berba egiten hasi nintzen, nik erabiltzen nuen kamera hobetzen jarraitu ez zutelako eta “haserre” nengoen”, azaldu du barre egiten Vicentek. “Kamera bat utzi zidaten eta frogak egiten hasi nintzen. Hura bai zela kamera harrigarria”.
Vicente Leal: “Olympusek kamera bat utzi zidan eta frogak egiten hasi nintzen. Hura bai kamera harrigarria”

Martin Arrantzalea // Vicente Leal
Vicentek 9 urterekin hasi zen argazkilaritzan, esparru horretan lan egiten ez badu ere. Estilo askotako argazkiak egin ditu bizitzan zehar, baina inbertsio garrantzitsu bat egin zuen kamera erosi zuenetik: teleobjektibo bat. “Momentu hartatik aurrera hegaztiei argazkiak egiteko zirrara sentitu nuen, mundu zoragarria delako. Hegaztia ezagutu behar da: bere bizimodua, elikadura… “. Zaletasun honetan denbora eta pazientzia asko inbertitu du Abusukoak.
Bere zorroan kamera bat eraman ohi du beti gainean. Txoriak harrapatzeko Olympus OM1 gorputza erabili ohi du 300mmko teleobjektibo batekin. Kameraren mikro 4/3 sentsoreak 600mmko teleobjektibo batean bihurtzen du Lealen tramankulua eta biderkatzaile batekin batera 1.200mmko lentea du emaitza modura. Beste hitz batzuetan: urruneko distantziatik tiro egiteko eta hegaztia fondotik ezberdintzeko aukera ematen dio argazkilariari, besteak beste.

Miren eta Vicente // Geuria
Argazkilari eta behatzaile
Vicenteren lanak, baina, funtsezko beste elementu bat du: Miren Ajangizen begiak. Mirenek, hainbat liburu ikasi ostean, hegaztiak eta euren bizimoduak aztertu ditu eta prismatikoekin txoriak detektatu eta errekonozimendu lanak egiten ditu, Vicenteri tiro egiteko agindua emanez. Behatzaile lanak egiteaz gainera webguneko eta Instagram kontua kudeatzeaz arduratzen da.
Argazkilaritza mota honek lasaitasuna eta begi ona eskatzen diete profesionalei eta modu bitan praktikatu ohi da: zelatan edo mugimenduan. Abusuko bikoteak menditik paseoak egiten dituzten bitartean egiten du lan, horrela hegaztia “modu naturalean” harrapatu daitezkelako. Hori bai, arintasuna funtsezko osagaia da horretarako.
‘Hegazti Ikusezinak’ erakusketak hainbat erakusgela ikusi ditu momenturarte. Aurtengoei dagokienez, azkenak Bilboko Expodistriton (urtarriletik martxora arte San Inazio, Errekalde, Castaños eta Otxarkoagako udaltegietan) eta apirilean Abusuko Zentro Soziokulturalean. “Gure txoriak erakusgela gehiagotara eramatea gustatuko litzaiguke, eta proposamenetarako zabalik gaude”.
☉ Arrigorriaga
Auzoak, Hirigintza eta Gizarte Ekintza izango dute ardatz Arrigorriagako 2024rako aurrekontuek
Udal gobernuaren asmoa da aurrekontuak abenduko osoko bilkuran onartzea

EH Bilduk, NOAk eta Arrigorriaga Garak osatzen duten Udal Gobernuak abenduko osoko bilkuran onartu nahi ditu 2024rako aurrekontuak, eta oposizioaren “ekarpenen zai” daudela adierazi dute udal ordezkariek.
Aurreko legealdian ez bezala, baina, gehiengo osoa dute, eta ez lukete oposizioko alderdien beharrik kontuak aurrera eramateko.
16.064.210,21 euroko aurrekontua izango da, eta aurreikusten diren inbertsiorik handienak auzoetan, hirigintzan eta gizarte-ekintzara bideratutakoak dira.
Aipatu dituzten proiektuetariko batzuk honako hauek dira: Ollargan auzoa urbanizatzea, udal kiroldegi berria eraikitzeko beharrezkoa den proiektu-lehiaketa egitea, Auzotaxi zerbitzurako zuzkidura edo eskolan inbertsioak egitea.
“Pertsonen bizitzak udal politikaren erdigunean jartzeko konpromisoa” berretsi nahi du udal gobernuak aurrekontu proposamen honekin, eta horregatik gizarte politiketan hainbat berrikuntza planteatzen dituzte; etxez etxeko laguntza zerbitzura bideratutako partida handitzea adinekoentzako edo mendekotasuna dutenentzako zerbitzuaren kalitatea bermatzeko eta hobetzeko; partida berri bat, mendekotasunaren lehen fasean daudenentzako Eguneko Zentroaren zerbitzu berriari aurre egiteko; ZAINDUZ programara bideratutako diru-kopurua handitzea, zaintzaileak zaintzeko erronkari erantzunez; eta gazteei laguntza psikologikoa emateko partida.
Maite Ibarra alkatearen hitzetan “2023-2027 gobernu planarekin koherenteak diren aurrekontu kilikagarri eta arduratsuak” dira, eta “ingurumenarekiko erronkak, auzoak eta egoera zaurgarrietan daudenak babestea” dute helburu.
☉ Arrigorriaga
Osakidetzak Arrigorriagako Osasun Zentroa birmoldatuko du, Udalarekin eraikin berriaren kokalekua bilatzen duen bitartean
Obrek iraun bitartean jarduera osasun-zentroaren atzealdean instalatutako 8 moduluetan egingo da

Osakidetzak oharra kaleratu du Arrigorriagako Osasun-Zentroa birmoldatuko duela esateko, udalarekin batera eraikin berriaren kokalekua bilatzen duen bitartean. Bai udaletik zein langile eta erabiltzaileen aldetik askotan salatu izan da egungo eraikinaren egoera, irisgarritasun arazoei eta instalazioen zaharkitzeari dagokionez. Orain dela hilabete, kasurako, sabaiaren zati bat erori zen.
Azken hilabeteetan hainbat bilera egin dituzte udal ordezkariek eta Osakidetzako arduradunek, azkena joan den astean, eta bide horretan pauso erabakigarria da honako hau.
Osakidetzako arduradunek adierazi dutenaren arabera “eraberritze-lanak zenbait fasetan egingo dira, udalerriko herritarrei une oro osasun-arreta bermatze aldera”.
Obrek iraun bitartean, “obren eraginpean dagoen jarduera osasun-zentroaren atzealdean instalatutako 8 moduluetan egingo da” borobildu dute.
Egingo diren jarduketen artean “sabaia eta estalkia birmoldatuko dira eta eraikinaren zurezko egituraren ondoriozko, batez ere, egiturazko kalteak konponduko dira”.
“Eraberritze-lanekin batera”, zehaztu dute, “Osakidetza eta Arrigorriagako Udala etorkizuneko anbulatorioa eraikitzeko beste kokaleku bat zehazteko lanean ari dira. Garai berrietara egokituko den zentro berri horrek udalerriko herritarren egungo premiak beteko ditu”.
☉ Arrigorriaga
Euskararen Nazioarteko Eguna Abenduaren 4a arte luzatuko dute Arrigorriagan
Kike Amonarrizen hitzaldi batekin bukatuko dira Euskararen Nazioarteko Egunarekin lotutako ekintzak

Azaroaren 28an hasi zen Euskararen Nazioarteko Egunaren programazioa Arrigorriagan, eskola eta institutuko ikasleekin egin diren hainbat ekintzekin.
Asteburuari begira, Disko Txantxa Mugi Boogiek kantuz, dantzaz eta barrez beteko du kantxa urdina gaur arratsaldean, 18:00etan.
Igandean, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko egunean, herriko plaza hankaz gora jarriko dute Artizarra Musika Eskolak, Estropezu Bertso Eskolak eta Aritz Berri taldeak, eguerdiko 13:00etatik aurrera.
Herritarrek ere protagonismoa izango dute, euskararekin lotutako bizipenak eta esperientziak partekatuko baitituzte arlo, jatorri eta ibilbide ezberdineko arrigorriagarrek.
19:00etan, aldiz, Ekizak kontzertua eskainiko du Lonbo Aretoan.
Bukatzeko, biharamunean, Kike Amonarrizen etorriak, ezagutzak eta umore onak “si yo no sé euskera, ¿cómo le puedo ayudar”? hitzaldi kitzikagarria eskainiko du, 17:00etatik aurrera Arrigorriagako eskolan.
☉ Arrigorriaga
Argazkiak / Euriak ez du greba feminista orokorraren aldarria amatatu Arrigorriagan

Goiz osoan zehar euria bidelagun izan duten arren, horrek ez du Greba Feminista orrokorraren aldarria amatatu Arrigorriagan.
11:00etan herri kafea egin dute herriko plazan, eta ondoren elkarretaratzeak kateatu dituzte Nagusien egoitzan, Osasun Zentroan eta eskolan. Eguerdian bazkaria egingo dute Lamiaenan, eta arratsaldean Bilboko manifestaziora batuko dira.
☉ Arrigorriaga
Bideoa / Leyre Rodriguez gogoratu dute Arrigorriagan, indarkeria matxistaren azken biktima herrian

A25. Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, Arrigorriagako Udalak eta eragile feministek hainbat ekimen antolatu dituzte hilabetean zehar, herritarrak indarkeria matxistaren inguruan sentsibilizatzeko.
Ekintza horien artean, berezi eta hunkigarrienetakoa Abusun egin da gaur bertan: indarkeria matxistaren biktimak diren emakume guztiei omenaldia egin diete, eta bereziki, Leyre Rodriguez Montero gogoratu dute, Arrigorriagako azken biktima (2015ean erail zuen bere bikotekide ohiak), bere omenez Ollarganeko parkean instalatu duten monolitoan.
Horrez gain, Ollarganeko eta Teodosia Ortega parkeak atondu dituzte, Estatuan hildako emakumeen izenak eta euritako moreak zuhaitzetan jarriz.
Egunarekin bukatzeko, Gazteguneak berdintasunaren aldeko diana antolatu du eta Anarik “Ezta bat gutxiago ere” kontzertua eskainiko du Lonbo Aretoan.