Herri Krosaren antolaketa goitik behera aldatu zuen pandemiak iaz. Gehienez ere, 300 pertsonak hartu ahal izan zuten parte, eta gainera, proba bakarrean: 9,5 kilometroko lasterketa luzea. Baina Arrigorriagako krosaren XXII. edizioan, otsailaren 26an (igandea), berreskuratu egingo dute formatu originala, eta haurren lau lasterketa egingo dituzte, Herri Kros laburraz eta luzeaz gain.
Urbiko Triatloi taldeak aurreratu duenez, probak 11:00etan hasiko dira, Udal Kiroldegitik. Lehenengo lasterketa, “Txiki A”, laburrena izango da, 250 metrokoa, eta 2017 eta 2020 urteen artean jaiotako haurrek hartuko dute parte; bigarrena, “Txiki B”, 11:10ean hasiko da, 500 metrokoa izango da eta 2015 eta 2016 urteetan jaiotako neska-mutilentzako prestatua egongo da; “Txiki C”, kilometro bateko ibilbidea, 11:25ean hasiko da, eta 2013 eta 2014 urtekoek hartu ahalko dute parte; umeen lasterketekin bukatzeko, 11:45ean egingo dute “Txiki D”, kilometro eta erdiko ibilbidea, 2010an, 2011an eta 2012an jaiotakoentzako.
Herri Krosak, berriz, 4,7 eta 11,5 kilometrokoak izango dira. Laburra (2009an edo lehenago jaiotakoentzako) zein luzea (2004an edo lehenago jaiotakoentzako), biak, hasiko dira 12:15ean, eta ibilbide bera izango dute 2,2 kilometrora arte. Puntu horretan, antolatzaileek emango diete korrikalariei aldaketaren berri, eta horrela, datozen kilometroetan, banatu egingo dituzte probak. Lasterketa laburrean, %8,3ko eta -%9,9ko gehieneko malda egongo da (batez bestean, %2,1ekoa). Luzeari dagokionez, gehieneko malda %22 eta -%22koa izango da (batez bestean, %5,6koa).
Izen-ematea
Umeen probetan, izena-ematea doakoa izango da, eta nagusienetan, bi eurokoa. Inskripzioak aldez aurretik egin beharko dira, Urbiko Triatloi taldearen web orrian, lasterketaren egunean bertan ez baita izen-ematerik egiteko aukerarik egongo. Igandean bertan, korrikalariek dortsalak jaso beharko dituzte kiroldegiko frontoian.
Elikagai bilketa
Horrekin batera, antolatzaileek, Arrigorriagako elikagaien bankurako materiala jasotzeko kanpaina abiatuko dute lasterketa gunean. Ahala dela, norberaren garbiketarako gaiak (xanpuak, gelak, konpresak, pixoihalak…) batu nahi dituzte, eta gehienbat, horiek eramateko eskatu diete bertaratzen direnei.
