☉ Arrigorriaga
Kale berean eta hilabete berean hiru denda itxi dituzte Arrigorriagan
“Kasualitatea da hiru dendak orain itxi izanak, arrazoiak ezberdinak baitira” azaldu dio GEURIAri Jose Cebrecosek, bere denda itxi berritan
Tokiko merkataritza funtsezko aldagaia da herriak bizi eta osasuntsu mantentzeko. Ez dira gutxi, hala ere, Hego Uribeko denda, saltoki eta negozien biziraupena mehatxatzen duten arriskuak: alde batetik, azken hamarkadetan eman den erosteko moduen aldaketak edo banatzaile handien konpetentziak, eta bestetik, bereziki Arrigorriagaren kasuan, merkatalgune handien hurbiltasunak eta Bilbora heltzeko erraztasunak.
Testuinguru hau kontutan hartuta, ez da erronka erraza Udalak eta merkatariek eskuen artean daukatena. Azken urteetan hainbat ekimen gauzatu dira tokiko ekonomia sustatzeko, horien artean merkataritza teknikariaren kontratazioa, urterik urtera errepikatzen diren bono kanpainak edo hamaika sentsibilizazio kanpaina, besteak beste.
Zentzu horretan ekaina ez da hilabete ona izan tokiko merkataritzarentzat, eta Severo Ochoa kalean hiru saltoki itxi edo itxiko dituzte ekainean zehar.
Testuinguru ezberdinak
“Adin nagusitasunaren atarian itxi behar izan dugu denda”. Jose Cebrecosen hitzak dira, “Calzados Gómez” saltokia itxi berritan. Ia hamazortzi urte eman dituzte Arrigorriagan, eta GEURIAri azaldu dion lez, “kasualitate hutsa da hiru dendak orain itxi izanak, arrazoiak oso ezberdinak baitira”.
Bere kasuan, pertsonal faltagatik hartu du erabakia: “5 langiletik 3 laneko bajan daude, batzuk luzarokoak, eta Arrigorriagakoa ez da gure denda bakarra (Basaurin eta Santutxun ere dendak dituzte). Antolaketa aldetik ez zen bideragarria horrela jarraitzea, are gutxiago udan”.
Udalak, bere aldetik, tokiko ekonomiaren aldeko apustua nabarmendu nahi izan du. Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak GEURIAri adierazi dionaren arabera , “Merkatari eta ostalariek ekarpen handia egiten diote udalerriari, eta guk merkatari txikiak bidean laguntzeko eta zaintzeko konpromisoa eta ardura dugu. Jakin badakigu merkataritza lokalaren bizitza ez dela erraza. Lan eta dedikazio asko eskatzen du, baina herriari asko ematen dio, bai sozialki, bai ekonomikoki. Udaletik oso kontziente gara honetaz eta bidean laguntzeko izan ditugun baliabide guztiak haien mesedetan jartzen saiatu izan gara beti: dirulaguntzak, Arrigobonoak, merkataritza-kanpainak, Adeckarekin urtero sinatzen dugun hitzarmena…”
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagak 229.000 euro bideratuko ditu Ollargan eta Haurreskolako haur-parkeak berritzeko
Proiektu honek udalerriko haur-parkeak egokitu eta berritzea du helburu eta horrekin batera Arrigorriagako haurrentzako jolas-eskaintza zabaltzea
Arrigorriagako Udalak Ollargan eta Haurreskolako haur-parkeak konpontzeko asmoa azaldu du, udalerriko jolasguneen azterketa egin ostean. Lizitazio prozesua martxan ipini dute eta aurrekontua 229.000 eurokoa izango dela iragarri dute: “Enpresek irailaren 25era arte dute eskaintzak aurkezteko”.
Proiektu honek udalerriko haur-parkeak egokitu eta berritzea dela azaldu dute Udaletik eta horrekin batera Arrigorriagako haurrentzako jolas-eskaintza zabaltzea.
Ollarganeko parkearen kasuan parkea “nahiko hondatuta” dagoela jakinarazi dute udal ordezkariek: “Gainera, auzoko haur gehienek erabiltzen dute”.
Arrigorriagako Udala: “Ollarganeko parkea nahiko hondatuta dago eta auzoko haur gehienek erabiltzen dute”
Haurreskolako parkeak, udal ordezkarien aburuz, ez ditu ohiko erabiltzaileen beharrak asetzen eta “ez da egokia 0 eta 2 urte bitarteko haurtxoentzat eta gainera parkeak ez du itzalgunerik: ondorioz eguzki eta bero handiko egunetan ezin dute erabili”. Arazo hori konpontzeko itzalgune bat ipiniko dute.
Herriko gainontzeko haur-parkeei dagokienez, egun hauetan Abusuko Santa Isabel kaleko jolasgunea eraberritzen ari da Arrigorriagako Udala, eta GEURIAri azaldu lez, hurrengo hilabeteetan Lonbo auzoko haur-parkearekin hasiko dira: “Gainerakoak hurrengo urtean berrituko ditugu”, azaldu dute udal ordezkariek. “Gainera, kontua izan behar da aurrekontu parte-hartzaileen bozketa fasean gaudela eta emaitzak itxaron behar ditugu”.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Emakume Sortzaileen Azokak hasiera emango dio Lamiaenako ikasturte hasierari
Joana Etxebarria politika feministako zinegotziak Lamiaenak sorreratik garapen “oso positiboa” izan duela azpimarratu du. Aurtengo ekimen feministetan izena emateko epea datorren irailaren 30ean zabalduko dute
Lamiaena Arrigorriagako emakumeen etxeak ikasturte hasierako jaia egingo du datorren irailaren 28an, Teodosia Ortega parkean. Egun erdiko ospakizuna antolatu dute eta jarduera nagusia urteroko hitzordua bilakatu den Emakume Sortzaileen Azoka izango da.
Aurtengoa hirugarren edizioa izango da eta Joana Etxeberria Arrigorriagako Udaleko Politika feministako zinegotziak emakumeen etxearen jardueren aurkezpenean azaldu bezala, Emakume Sortzaileen Azokak harrera ezinhobea izan du aurreko urteetan. Izan ere, aurten 25 saltoki egongo dira, eskaini daitekeen kopuru handiena.
Joana Etxeberriaz gain, Lamiaenako ikasturtearen aurkezpenean Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea eta Ane González, Berdintasun saileko teknikaria izan dira eta egitarau anitza eta erakargarria diseinatu dutela iragarri dute: “Aurtengo egitarauan ikastaro, hitzaldi, solasaldi, zinema, erakusketa eta liburuen aurkezpenak eskainiko dira”, azaldu dute. “Gehienak proposamen berriak dira, Lamienakideek proposatutakoak batzuk, Berdintasun Sailetik behar espezifikoetara erantzuteko diseinatuak besteak”.
Ane González: “Aurtengo egitarauko jarduera gehienak proposamen berriak dira, Lamienakideek proposatutakoak batzuk, Berdintasun Sailetik behar espezifikoetara erantzuteko diseinatuak besteak”
Etxeberriak 11 eta 14 urte bitarteko neska gazteentzako ‘Esperimentatzera!’ laborategia goraipatu du. Urriaren 18 eta 25ean eta azaroaren 8an eta 15ean antolatu dute Lamiaenan, 17:30etik 19:30ak arte: “Eskua eta adimena askatzeko jarduera izango da. Hitzak, objektuak eta hainbat material erabiliko ditugu neska gazteok kontatu nahi duguna ilustrazioen bidez adierazteko”. Marrazketa tailerraz harago doa eta euskara hutsean eskainiko dute Limoi Zurrusta Kultur Elkartearen eskutik: “Guztion artean jolasteko topalekua sortu nahi dugu, ikasteko eta gozatzeko”.
Urte bi borrokan
Lamiaena 2022an inauguratu zuten herriko emakumeek. Aurretik, jakina denez, Arrigorriagako kultur etxea zen baina gaur egungo eraikinak ez du aurreko urteetako etxearen arrastorik, goitik behera eraberritu baitute herriko emakumeek: bilerak egiteko gelak, egongelak, terraza… eraikinak ez du ezer faltan.
Lamiaenaren hazkundea ere nabarmendu beharrekoa da eta sorreratik Etxebarriak balantze “oso positiboa” izan duela azpimarratu du: “Lamiaena sortu zenetik 310 Lamiakide elkartu ditu. Datu kuantitatiboak oso garrantzitsuak dira guretzat baina esan beharrekoa da ere gero eta gehiago direla Lamiaenara hurbiltzen ari direnak”, eta bakardadeari aurre egiteko gero eta emakume gerturatzen direla gehitu du politika feministako zinegotziak: “Lamiaenak emakume gehiago ezagutzeko aukera ematen die eta onuragarria da beraientzat”.
Joana Etxeberria: “Lamiaena sortu zenetik 310 Lamiakide elkartu ditu eta gero eta gehiago dira Lamiaenara hurbiltzen ari diren emakumeak”
Aurtengo ekimen feministetan izena emateko epea datorren irailaren 30ean zabalduko dute, Lamiaenan bertan arratsaldeko ordutegian (astelehenetik ostegunera 17:00etatik 20:30ak arte eta ostiraletan 20:00ak arte). Abusuko Zentro Soziokulturalean egiteko aukera ere badago (astelehenetik ostiralera 08:00 – 14:45)
Egitaraua | Lamiaenako Ikasturte Hasierako Jaia
Irailak 28, larunbata
11:00 Emakume Sortzaileen III. Azoka
12:00 Txosna irekitzea
12:30 Kancaneo Teatroren ikuskizuna
Egun erdiko ospakizunak Lamiaenako ikasturteko programazioari hasiera emango dio.
☉ Arrigorriaga
Bosteko erakusketa Arrigorriaga eta Basauritik igaroko da urte amaieran
Arrigorriagan azaroaren 28tik abenduaren 18ra antolatu dute udaletxeko Euskaldun Berria aretoan. Basaurin abenduaren 23tik 2025eko urtarrilaren 19ra
Gaur Bosteko Erakusketa ibiltariaren aurkezpena egin dute Leioako Kultur Etxean: “Gaur Leioan izan gara Bosteko erakusketa ibiltariaren edizio berriaren aurkezpenean”, azaldu dute udal ordezkariek. Irailetik abendura, erakusketa bost udalerritatik pasatuko da, ordena honetan: Leioa, Amorebieta-Etxano, Getxo, Arrigorriaga eta Basauri. Arrigorriagan azaroaren 28tik abenduaren 18ra antolatu dute udaletxeko Euskaldun Berria aretoan. Basaurin abenduaren 23tik 2025eko urtarrilaren 19ra arte egongo da.
Bost udaletako (Amorebieta-Etxano, Arrigorriaga, Basauri, Getxo eta Leioa) bost erakusketa-aretoren artean antolatzen eta koordinatzen den erakusketa ibiltaria da BOSTEKO eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren babesa du.
Bosteko 1998an sortu zen eta, ordutik hona, 76 artista euskaldunen lanak hartu ditu. Hala, Bizkaiko testuinguru kulturalean erakusketa sendoa bihurtu da. Ekimena euskal artista plastiko ospetsuen artelanak ikusgai jartzen ditu eta Bizkaiko Lurralde Historikoko udalerrietan ezagutzera eman eta zabaltzeko plataforma interesgarria da. Aurten, erakusketa irailetik abendura pasatuko da aipatutako udalerrietatik, ordena honetan: Leioa, Amorebieta-Etxano, Getxo, Arrigorriaga eta Basauri.
Iaz, Bosteko 2023. Kaosetik Kosmosera: Unibertsoko Paisaiak izeneko 26. edizioan, Iñigo Sarriugarte izan zen erakusketaren komisarioa eta María Alonso Páez, Gorka Gondra, Victor Arrizabalagaren lanak ikusi ahal izan ziren.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako kale batzuen argiteria aldatuko dute, “segurtasuna handitzearren”
Udalak 476.437 euro bideratuko ditu Jose Mª Makua, Santa Isabel eta Urgoiti pasealekuan puntu ilunak ezabatzeko
Arrigorriagako Udalak 476.437 euro bideratuko ditu Jose Mª Makua, Santa Isabel eta Urgoiti pasealekuan argiteria indartzeko. Lizitazioa martxan ipini dute eta enpresek irailaren 30era arte aurkeztu ditzakete proposamenak.
Arrigorriagako zenbait auzotako herritarrek beren egonezina azaldu dute azken egunetan. Kuboko hainbat auzotarren arabera argiztapen falta izan dute azken asteetan tunelean, zubian eta Barzubia baserriaren inguruetan: “Arriskutsua da argirik ez izatea tunelean, zubian, Barzubia zonaldean…”, kexatu da herritar bat. “Udalak egoeraren berri du, Kuboko bizilagunen kexak jasotzen ari baita. Gure auzoan ere baditugu “Puntu Beltzak” eta ez da batere atsegina mugikorreko argiarekin joan behar izana ez erortzeko edo zerbait okerragoa ez gertatzeko”. Udala jakinaren gainean dagoela azaldu dio GEURIAri eta abisua eman dutela jakinarazi du.
2020an presio baxuko sodiozko lurrunezko lanparen ordez LED teknologiako argiztapen eraginkorragoa instalatu zuten kale horietan IDEAk emandako Udalerrietako kanpoko argiztapen-instalazioak berritzeko laguntza-programaren bidez. Baina Arrigorriagako udal ordezkarien arabera horrekin ez da nahikoa izan gaur egungo arazoari irtenbidea emateko: “Jarduketa horrek ez zuen balio izan udalerriko hiri-bilbean lehenagotik zeuden argiztapen-arazo guztiak zuzentzeko”.
Kuboko herritarrak: “Kubon ere baditugu ‘Puntu Beltzak’ eta ez da batere atsegina mugikorreko argiarekin joan behar izana ez erortzeko edo zerbait okerragoa ez gertatzeko”
Horiek horrela, Jose Mª Makua, Santa Isabel eta Urgoiti pasealekuko argiztapena egungo estandarretakoarekin alderatuta “eskasa” dela ikusita, zonalde horietako argiteria indartzeko asmoa azaldu dute Udaletik, argi berriak instalatuz: “Helburua puntu ilunak ezabatzea eta kaleetan segurtasun-pertzepzioa handitzea da, egungo estandarretarako argiztapena eskasa den lekuetan argi berriak instalatuz”, azaldu dute ordezkariek.
☉ Arrigorriaga
Izarbe Cimadevilla arrigorriagarrak brontzezko domina lortu du 21 urtez azpiko Taekwondoko Espainiako txapelketan
Iaz brontzezko saria eskuratu zuen ere Cimadevillak 21 urtez azpiko Taekwondoko Espainiako txapelketan
Joan den irailaren 14an, 21 urtez azpiko Taekwondoko Espainiako Txapelketa antolatu zuten Torreviejan (Alakant) eta Izarbe Cimadevilla arrigorriagarrak (Garriko Taekwondo Taldeko kirolaria) brontzezko domina lortu zuen. Iaz sari bera eskuratu zuen. Aurten Kataluniako ordezkariaren aurka galdu du borroka Alakanten, final erdietan.
Bestalde, Arrigorriagako klubeko Maider Castrok eta Daniel Zaldivarrek final-laurdenetan galdu zuten eta podiumaren atarian geratu ziren biak. Maiderrek Kataluniako ordezkariaren aurka galdu zuen eta Danielek Extremadurakoaren aurka.