Sareak

☉ Arrigorriaga

Bideoa / Arrigorriagako gazteek inauteri alternatiboak egin dituzte herrian zehar

|

Gaur arrastian, Arrigorriagako haurrak eta gazteak Agapita plazara irten dira inauteriak ospatzen. Ez da desfilerik ez eta udal ekitaldirik programatu. Dagoeneko, Udalak zuhurtziaz jokatzeko deialdia egin zien herritarrei joan den barikuan. Hala egin dute arrigorriagarrek: plazara irten, distantziak mantendu eta zapiaren jokoan korrika eta dantza egiten eman dute arrastia. Hona arrastiko momentu batzuk:

Argazkiak | Arrigorriagako gazteek inauteriak ospatu dituzte Agapita plazan

☉ Arrigorriaga

Abusu Castingeko Mikel Jimenezek Espainiako txapelketa irabazi du euli-arrantzan

Lehiaketa joan den apirilaren 25etik 28ra antolatu zuten Asturiaseko Piloña ibaian eta Arrigorriagako arrantzaleak esperientzia polita bizi zuela azaldu dio GEURIAri

|

Mikel Jimenez // Carlos Bobela

Abusu Castingeko Mikel Jimenez arrantzaleak Autonomia Erkidegoen arteko Espainiako Txapelketa irabazi du Euskadiko Selekzioarekin Euli Salmonidoen espezialitatean, joan den apirilaren 25etik 28ra Asturiaseko Piloña ibaian antolatutako lehiaketan. Abusu Castingeko Ander Perez Larruskainek zilarra lortu du bakarkako txapelketan. Asturiasen jokatutako txapelketa puntuagarria izan da Mundu txapelketarako.

Bestalde, Abusu Casting klubeko Iván Sánchez eta Manuela Lancharro kirolariak Bizkaiko txapeldunak izendatu dituzte binakako kortxo modalitatean, eta zilarrezko domina ere Abusuko Castingean lortu da ere, Ricardo Ribote eta Luis Gonzalo Martínez arrantzaleentzat.

“Esperientzia oso ona izan zen Asturiasen bizitakoa”, azaldu dio GEURIAri Mikel Jiménezek, “azken batean, lehiaketak izanik ez du zerikusirik arrantza modu librean praktikatzearekin, estresanteagoa delako. Taldekako sailkapenean oso ondo lotu ginen ere. Beraz, emaitzarekin konforme gaude”, aitortu du Abusuko klubeko kirolariak.

Euskadiko selekzioko irabazleak, Asturiasen // Abusu Casting Klub

Ur gozoetan, gatz

Asturiasen bizitako zailtasunaren inguruan galdetzean Jimenezek “gatza” izan zela azaldu dio GEURIAri: “Bigarren egunean euria egin zuen gaualdean eta erreka lupetzaz bete zen. Ondorioz huts asko egon ziren eguneko emaitzetan, baina ezin zen gehiagorik egin egoera hartan”.

Mikel Jiménez, harrapaketa bat ikusten // Abusu Casting klub

Euli salmonidoa edo euli arrantza espezialitatean aritu ohi da Mikel. Arrantza modalitate guztiekin bezala, kainabera eta karrete bat dauka arrantzaleak, baina jaurtiketak egiterakoan euli bat jartzen da amuan. Euli hori pisu txikikoa izanik (luma eta ile naturalez eginda daude), zartailu bat erabiltzerakoan egin beharreko antzeko mugimenduak egiten dira, pita bera eulia baino pisutsuagoa delako.

Mikel Jiménez: “Edozein motako amuarrainak arrantzatu daitezke teknika horren bidez, baina baita marrazoak ere”

Euli-arrantzaren modalitatearen bidez hainbat espezie harrapatu daitezke bai ibaian, bai itsasoan. “Edozein motako amuarrainak arrantzatu daitezke teknika horren bidez, baina baita marrazoak ere”, esan du Abusukoak. “Ez da ohikoena baina lurralde jakin batzuetan euli-arrantzaren bidez itsasoan arrantzatzeko ohitura dute, euli handien bidez”.

Mikel, duela urte batzuk, euli arrantza praktikatzen // Carlos Bobela

Arrantzan, non-nahi

Amuarrainen sasoia ez denean, neguan (eta denbora duenean), Mikelek kainabera hartu eta itsasora joan ohi da entrenamendu saioak egitera: Laida, Elantxobe…

Eskualde eta Bizkaiko ibaiez berba egitean ez ditu begi onekin ikusten: “Gipuzkoakoekin alderatuta, Bizkaiko errekak nahiko txarto daude”, dio kirolariak. “Hemen ez dago errekak zaintzeko ohiturarik, orokorrean. Gipuzkoan, herritik gertu igarotzen diren erreketan sekulako amuarrainak ikusten dira. Bertan arrantzatzean, arrainak ez dira leku horietatik mugitzen. Bizkaian, ostera, inork arrantzale bat amuarrainak arrantzatzen ikusten badu, hurrengo egunean ziurrenik ez da arrainik egongo bertan, ez dagoelako errekak zaintzen dituen basozainik bertan”.

Mikel Jiménez: “Gipuzkoakoekin alderatuta, Bizkaiko errekak nahiko txarto daude”

Horregatik, entrenamendu saioak egiten dituenean (asteburuetan edo hilabetean hiru aldiz gehienez) ibaietan egin behar dituen bakoitzean autoa hartu eta Gipuzkoara abiatzen da, Andoain, Tolosa edo Leitzako alderantz, Gipuzkoako aldean: “Bizkaiko errekak aspaldi utzi nituen, sikeran Balmaseda inguruko erreketan, baina ezer gutxi”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Udalak asanbladak antolatuko ditu auzoetako eskakizunak atenditzeko

Azken urteetan “ahaztuak izan direnak begiratzeko eta hauetan inbertsioak egiteko unea” heldu dela azaldu dute Arrigorriagako Udaletik

|

Kubo auzoa // Geuria

Arrigorriaga 13 auzok osatzen dute “Herrigunea baino askoz gehiago da Arrigorriaga, bakoitzak bere altxorrekin baina baita bere beharrekin ere”, azaldu dute udal ordezkariek, eta horien arabera, “azken urteetan asko izan dira Arrigorriagako Udalera eskaerak egitera hurbildu diren bizilagunak” eta azken urteetan “ahaztuak izan direnak begiratzeko eta hauetan inbertsioak egiteko unea” heldu dela gehitu dute.

Horiek horrela, asanbladak antolatu dituzte auzo bakoitzeko gabeziak eta beharrak aztertu ostean proiektuak diseinatu eta beharrezkoak diren baliabide tekniko eta ekonomiko guztiak eskaintzeko.

Asanbladak | Auzoz auzo

Auzo guztietako bizilagunen iritzi eta proposamenak jasotzeko eta Udalaren jarduna auzokideekin partekatzeko hurrengo hitzorduak prestatu dituzte.

Maiatzak 9, osteguna
18:30 GEUnako lokala (Fleming kalea, 4). Kubo, Larrasko eta Makuako auzotarrak

Maiatzak 14, asteartea
18:30, Pedro Muroko udal lokala (Pedro Muro kalea, 23). Lamierreketa, Osasun eta Higiene eta Abrisketako auzotarrak

Maiatzak 21, asteartea
18:30, Abusu Zentro Soziokulturala (Olatxu kalea, 4). Abusuko auzotarrak

Maiatzak 28, asteartea
18:30, Edurne Garitazelaia kultur etxea (Urgoiti pasealekua, 8). Herriguneko auzotarrak

Maiatzak 29, asteazkena
18:30, udaletxea. Aixarte eta Martiartuko auzotarrak

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Gazte Egunaren inguruko asanblada irekia egingo dute gaur Gaztetxean

Ekainaren 22an antolatu duten Arrigorriagako Gazte Egunaren haritik Ahoztar Zelaietaren liburuaren aurkezpena eta pintxopotea antolatu dute hurrengo egunetan

|

Arrigorriagako Gaztetxea // Geuria

Arrigorriagako Gazte Eguna ekainaren 29an izango da eta hainbat jarduera antolatu dituzte datozen egunetarako, Gaztetxean.

Gaur bertan, apirilaren 22an, Arrigorriagako Gazte Egunaren inguruko asanblada irekia antolatu dute Gaztetxean, 17:00etan: “Ate-joka dugu Gazte Eguna eta zuekin hitz egiteko gogoa ere badaukagu!”, azaldu dute Arrigorriagako Gaztetxetik. “Animatu gurekin batera Gazte Egunari falta zaizkion azken ukituak ematera!”.

Gaztetxeko komunikazio arduradunek azaldu dute gaurko saioan Gazte Egun osoa antolatzea “ezinezkoa” izango dela, baina helburua Gaztetxean elkartu eta ekainaren 29ko hitzorduari astiro-astiro forma ematea dela nabarmendu dute.

Ahoztar Zelaietaren Diagnóstico Tolosaldea: La privatización de la sanidad en el oasis vasco // Txalaparta.eus

Egun batzuk geroago, maiatzaren 2an, Ahoztar Zelaietaren Diagnóstico Tolosaldea: La privatización de la sanidad en el oasis vasco liburuaren aurkezpena egingo dute, 18:00etan. “Osakidetza desegiteko testuinguru batean, Ahoztar Zelaietaren ikerlan honek Tolosako Asuncion klinikaren historiaren berri ematen du, EAEko osasun-sistema publikoaren krisian zerbitzuak adosteak izan duen eraginaren erakusgarri. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak diru publikoaren kopuru handiak txertatu ditu klinika pribatu honetan, inguru osorako erreferentziazko osasun-zentro honetan, ustelkeriak eta ate birakariek zipriztindutako negozioan”, laburtu du Txalaparta argitaletxeak Ahoztarren liburua.

Maiatzaren 3an, Pintxopotea eta Just Dance saioa antolatu dute 20:00etatik aurrera: Barra zabalik egongo da eta sarrera librea izango da.

Aipatutako jarduerak ez dira Gazte Egunerarte antolatu dituzten guztiak; maiatzetik aurrera ekintza gehiago iragarriko dituzte Arrigorriagako Gaztetxetik.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Zabaldu dute Arrigorriagako Ausartak Mendi Lasterketan parte hartzeko epea

Mendi lasterketaren seigarren edizioa 2025eko urtarrilaren 18an eta 19an ospatuko dute, ondo bidean

|

Aurtengo Txakurkroseko partaide bat // Geuria

Ausartak Mendi Lasterketako seigarren edizioan parte hartzeko epea iragarri dute: “Ausartak Mendi Lasterketaren VI. edizioa bueltan da. Kirol ekitaldia 2025eko urtarrilaren 18an eta 19an ospatuko da!”, iragarri dute antolatzaileek.

Berriak inguruetako korrikalarien arreta erakarri du eta momentuz ArrigoKorrikako neskek beren partaidetza baieztatu dute sare sozialen bidez: “Bertan izango gara ArrigoKorrikako neskak!”. Urtero lez, Ausartak Mendi Lasterketako antolatzaileek Trail Luzea, Hasiberri traila eta Txakurkros lasterketak prestatu dituzte, joan den urtarrilean herritarren eskakizunei so eginez estreinatutako Mendi Martxa ahaztu barik.

Antolatzaileak edizio berriaren nondik norakoak zehazten ari dira eta momentuz Arrigorriagako udal ordezkariekin elkartu behar dira ekainean seigarren edizioko kontuak zehazteko.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Lamiaenak sexu-indarkeriaren, pornografiaren eta prostituzioaren arteko loturak aztertuko ditu

Saioa Amelia Tiganus Emargi elkarteko sortzaileak eskainiko du eta teoria feminista eta lege-esparrua konbinatuko ditu analisi kritiko batekin Arrigorriagako emakumeen etxean

|

Amelia Tiganus 2022an // Wikipedia

Emargi elkarteko Amelia Tiganusek Sexu-indarkeriaren, pornografiaren eta prostituzioaren arteko loturak. Sexualitate osasuntsurako proposamenak izeneko hitzaldi solasaldia eskainiko du Lamiaenan, maiatzaren 30ean.

Globalizazio eta neoliberalismo garaiotan, emakumeen sexu eta ugalketa–gaitasunaren esplotazioa industria indartsuenetakoa bihurtu da mundu mailan. Amelia Tiganusek teoria feminista eta lege–esparrua konbinatuko ditu analisi kritiko batekin. Saioa 18:30ean antolatu dute eta doakoa izango da.

Lamiaenatik azaldu dute zaintza zerbitzua egongo dela eta nahi izanez gero, interesdunek maiatzaren 27ra arte eskatu dezaketela lamiaena@arrigorriaga.eus helbidera idatziz edo 747 444 898 telefono zenbakira deituz, 17:00etatik 20:00ak arte.

Ekintzaile feminista

Amelia Tiganus ekintzaile feminista 1984ko martxoaren 11n jaio zen Galatin, Errumanian. Euskal Herrian bizi da, Espainiako Estatuan bost urtez sexualki esplotatua izan ondoren bere bizitza berreraiki eta “birjaiotzeko” aukera izan zuen. Euskadiko Mugimendu Abolizionistako (EHMA – Euskal Herriko Mugimendu Abolizionista) militantea da, eta Emargi elkartearen sortzailea.

Emargiren helburua da emakumeen eta nesken sexu- eta ugalketa-esplotaziorik gabeko etorkizunaren alde modu integralean borrokatzea, tokian-tokian, nazioan eta nazioartean. Azken lau urteotan 350 hitzaldi, hitzaldi eta tailer baino gehiago eman ditu Tiganusek Estatu mailan, baita Latinoamerikan eta Europan ere.

Osorik irakurri