☉ Arrigorriaga
Amesgaizto batean oinarritutako lehen eleberria aurkeztuko du Iñigo Guisasola arrigorriagarrak
Hitzordua 18:30ean ipini du Arrigorriagako idazleak ostiral honetan, Amalur liburudendan. Horixe izango da liburua jendaurrean aurkeztuko duen lehen ekitaldia

Ostiral honetan, urtarrilaren 31n, iazko abenduan Seleer argitaletxearekin argitaratutako ‘Por si no nos vemos más’ eleberria aurkeztuko du Iñigo Guisasola Zabala arrigorriagarrak Amalur liburudendan. Hitzordua 18:30ean ipini du Arrigorriagako idazleak eta horixe izango da liburua jendaurrean aurkeztuko duen lehen ekitaldia.
Eleberria idazteko abiapuntua amesgaizto batean izan du jatorria, idazle eta irakasleak GEURIAri jakinarazi dioen moduan: “Pertsona biren arteko amesgaiztoa izan nuen eta ezin nuen burutik kendu”. Normalean ametsetan bizitzen dituen istorioak ahaztu egiten ditu Iñigok, baina azken honek aztarna nabarmena utzi zion. Ideiak paper batean apuntatzen hasi zen orduan. “Momentu hartan ez nekien zer irtengo zen amesgaizto hartatik: apunteak, mikro-istorio bat… batek daki!”.
Baina idazten jarraitu zuen Iñigok eta ideia horiek itxura hartu zuten eta xehetasunak gehitzen jarraitu zuen. 23 urte daramatza Guisasolak Arrigorriagan, baina lehen Markinan bizi izan zen eta betidanik gustuko izan du itsasoa, eta Ondarroa edo Lekeitio bezalako herriak asko gustatu zaizkio. Beraz, eleberri hau kostaldean kokatzea erabaki zuen. Algortan, Getxon. Fikziozko pertsonaiak ageri dira bertan, baina amesgaiztoan agertzen ziren pertsonaiak, izatez, benetakoak direla aitortu du.
Guisasolaren lehen eleberria da honako hau, baina aurretik pare bat lan argitaratuta zituen: 2019an inglesezko liburu bi argitaratu zituen, bera Hizkuntza Eskola Ofizialeko irakaslea baita arrigorriagarra.
Iñigo Guisasola: “Eleberria Getxon kokatuta dagoenez aukera polita litzateke bertako kultur etxeetan, eskola edo institutuetan aurkezteko”
Liburua gazteleraz kaleratu du baina ez du beste hizkuntzetara itzultzeko ideia baztertzen; “Nerabe eta familiako istorio bat kontatzen dut bertan eta euskarara itzultzearen aukera hortxe dago. Azken batean ama hizkuntza da eta printzipioz errazagoa izan beharko litzateke. Inglesezko irakaslea ere banaiz eta hor beste aukera bat dago. Hala ere, lanarekin bateratzen ari naizen kontua da honako hau eta momentu honetan denbora gutxi daukat”, aitortu du.
Lehen liburu honen aurkezpena Arrigorriagan izango da, baina ez azkena; “Zabalik nago aurkezpenak leku gehiagotan egiteko eta eleberria Getxon kokatuta dagoenez aukera polita litzateke bertako kultur etxeetan, eskola edo institutuetan aurkezteko”.
Sinopsia
Algortan, herriko jaiak familia drama baten eszenatoki bihurtzen dira, Ignazio eta bere anaia Javierren arteko zauri zaharrak azaleratzen dituena.
Miren, Ignazioren emaztea, harmoniari eusten saiatzen den bitartean, gauak itzuli iluna emango du Marta eta Ana, bi lehengusina nerabe, gaizki-ulertuen eta sekretuen artean sartuta daudenean.
Familiako tentsioen, erabaki desesperatuen eta errebelazio zirraragarrien artean, Ignaciok amaiera tragiko bati aurre egin beharko dio, bere bizitza betiko markatuko duena. Giza harremanen konplexutasunak aztertzen dituen kontakizun trinkoa, amaiera harrigarri eta ahaztezinekoa.
☉ Arrigorriaga
Argazkiak / Enriqueta Hortalak badu bere kalea eta herritarren merezitako omenaldia Arrigorriagan
Musikak protagonismo berezia izan du Artizarra eskolaren eta Hortalak bere garaian sortutako abesbatzaren eskutik, eta hunkigarria izan da oso bertara hurbildu direnentzat.

Eguraldia lagun izan ez arren, asko izan dira gaur goizean Enriqueta Hortala kalera hurbildu diren arrigorriagarrak. Gaurtik aurretik izen berri hori ere presente egongo baita herriko kale izendegian.
Ekitaldian, antolatzaileek nabarmendu dute “musikaren munduan herrian erreferente izan zen emakumeari” eskaini zaiola kalea, “besteak beste emakumezkoen abesbatzaren sortzaile izan zelako”.
Musikak protagonismo berezia izan du Artizarra eskolaren eta Hortalak bere garaian sortutako abesbatzaren eskutik, eta hunkigarria izan da oso bertaratu direnentzat.






















☉ Arrigorriaga
Kale izendegiari beste emakume izen bat gehituko diote Arrigorriagan larunbat honetan: Enriqueta Hortala
Joana Etxeberria, Politika Feministetako zinegotziak aurreratu du urtea bukatu baino lehen Maruja Torres izena jarriko diotela Montefuerteko futbol zelaiari

2021ean Kultur Etxe berriari Edurne Garitazelaia izena emanda hasitako bideari (2023an Teodosia Ortega parkearen txanda heldu zen) jarraipena emango dio Arrigorriagako Udalak larunbat honetan, Kultur Etxe atzeko kaleari Enriqueta Hortala Cimiano izena emanez. Helburua, udal ordezkariek azaldutakoaren arabera, “emakumeei espazio publikoan euren tokia ematea da”.
Helburu hori aurreko legealdian finkatu zuten Arrigorriagan: “izen hauek guztiak bere momentuan Berdintasun Kontseilutik abiarazi genuen prozesu parte hartzailean aipatuenak izan ziren. Horien arten Enriqueta Hortalarena izan zen boto gehien jaso zuenetariko bat” gogorarazi du Etxeberriak.
Zergatik, baina, aitortza hau Hortalari? “Artista polifazetikoa izan zen Hortala, betiere musika munduari lotutakoa. Pianojolea izateaz harago, irakaslea ere bazen, eta egun Albaraka izena duen abesbatzaren sortzailea ere izan zen”.
Bere hitzartzeari amaiera emateko, Etxeberriak aurreratu du urtea bukatu baino lehen Maruja Torres izena jarriko diotela Montefuerteko futbol zelaiari: “Azken finean, emakume hauek ekarpen handia egin diote gure kulturari, kirolari, euskarari eta bizitzaren sostenguari”.
Maite Ibarra alkateak, bere aldetik, “gure herriaren historian ekarpen funtsezkoa egin zuen emakumea” izan zela nabarmendu du.
Bukatzeko, Lourdes Perosanz Berdintasun teknikariak larunbateko ekitaldiaren xehetasunak eman ditu, eta herritarren parte hartzea funtsezkoa dela nabarmendu du.
12:00etan hasiko da omenaldia, eta bertan parte hartuko dute Aritzberri Dantza Taldeak, Artizarra Musika Eskolak, eta Hortalak sortutako abesbatzaren oinordekoa den Albaraka taldeak, hurrenez hurren. Bukatzeko mokadutxoa egingo dute Azokea aretoan.
☉ Arrigorriaga
Argazkiak | Sorginek eta mamuek Arrigorriagako Gau Beltza hartu dute etxeko txikiekin
Udaletxeko arkupeetan Euskal sorginen inguruko tailer sentsoriala antolatu dute Arritxikerrak dinamikako kideek

Heldu da urriaren azken eguna eta horrekin… Gau Beltza. Azken urteetan ikusi denez, Hego Uribeko udalerri askotan antzinako tradizio hau berreskuratzen joan dira herritarrak eta Arrigorriagan ez dira gutxiago izan.
Izan ere, Arrigorriagako Gau Beltza etxeko txikientzat eta gazteentzat prestatu dute Arritxikerrak dinamikako kideek 17:30ean. Udaletxeko arkupeetan Euskal sorginen inguruko tailer sentsoriala antolatu dute, sorginen txano eta sendabelarren artean. Ondoan, kalabazak apaintzeko eta aurpegiak margotzeko eta eskulan-tailerra prestatu dute.
Orduek aurrera egin ahala, herritarrak udaletxeko plazara hurbiltzen hasi dira, askotariko mozorroekin jantzita eta jolas eta koreografiak egin dituzte bertan. Amaitzean kalejira antolatu dute herriko kaleetan barrena.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Mendi Asteak emakumeen ahotsak ekarriko ditu Lamiaena eta Lonbo aretora
Aurtengo hitzaldietako protagonistak Igone Mariezkurrena, Elixabete, Johanna eta Bego hirukotea eta Pipi Cardell izango dira

Azaroaren 10etik 20ra Mendi Astea antolatu du Padura Mendi Taldeak Lamiaena Emakumeen Etxean eta Lonbo aretoan.
Aurtengo hitzaldietako protagonistak Igone Mariezkurrena, Elixabete, Johanna eta Bego hirukotea eta Pipi Cardell izango dira. Gainera, Alex Txikon beste urte batez hurbilduko da Lonbo aretora.
Saioak arrastietan izang0 dira eta sarrera doakoa izango da.
Egitaraua | Arrigorriagako Mendi Astea 2025
Azaroak 10, astelehena
20:00 Igone Mariezkurrena: ‘Leshoto, mendietako erresuma afrikarra, bizikletaz’, Lonbo aretoa
Azaroak 13, osteguna
19:00 Elkarregaz (Elixabete, Johanna eta Bego): ‘GR 11, zeharkaldi bat baino gehiago’, Lamiaena
Azaroak 18, asteartea
20:00 Pipi Cardell: ‘Nanga Parbat (8.125mt) – Via “Nezabudka”‘, Lonbo aretoa
Azaroak 20, osteguna
20:00 Alex Txikon, Lonbo aretoa
☉ Arrigorriaga
Argazkiak | Ehun arrigorriagar baino gehiagok Heidelberg enpresan gertatutako heriotza-istripua salatu dute herriko plazan
“Eredu berri bat behar dugu Euskal Herrirako, enpresen irabazi ekonomikoen aurretik langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko duena. Lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu, eta horren alde borrokatu eta antolatuko du langileriak”, aldarrikatu dute herritarrek

Gaur arrastian joan den urriaren 22an Arrigorriagako Heidelberg enpresan gertatutako heriotza-istripua salatu dute herritarrek, udalatxe aurreko plazan.
Elkarretaratze isila izan da, 20 minutu ingurukoa. Amaitzerakoan adierazpenak egin dituzte: “Istripuak ez dira kasualitateak sortuak. Ematen diren prekarizazioaren eta lan baldintzen ondorio zuzenak dira. Patronalaren aldetik, kapitala langileen segurtasunaren gainetik jartzearen ondorioz. Lan istripu bat eragiten duen makinak ez du lan osasunerako araudia betetzen; Eusko Jaurlaritzari dagokio enpresei lan-osasun araudia betearazteko bitartekoak jartzea eta ez dute egiten”.
Herritarrek elkartasuna eta babesa adierazi diete istripuaren ondorioz zendu zen langileari. “Eredu berri bat behar dugu Euskal Herrirako, enpresen irabazi ekonomikoen aurretik langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko duena. Lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu, eta horren alde borrokatu eta antolatuko du langileriak. Aski da, bizitzak erdigunean!”.
19:45ak inguru amaiera eman diote elkarretaratzeari, txalo zaparrada batekin.

























































































