→Arrigorriaga

Iratxe Fresnedak Lauaxeta saria irabazi du ‘Tetuán’ filmagatik: “Bihotz-bihotzez, aitari eskaintzen diot”

Abenduaren 2an, Bilboko Elkarte Filarmonikoan banatu dituzte XVIII. edizioko garaikurrak, eta arrigorriagarrak jaso du Ikus-entzunezkoen Saria

Iratxe Fresneda, 'Tetuán' filmaren Zinebi-ko aurkezpenean // Geuria

Nazioartean euskararen ezagutzaren eta erabileraren hedapenean egindako ibilbideagatik, hainbat erakunde eta norbanako saritzen dituzte urtero Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako Lauaxeta sarietan. Abenduaren 2an, Bilboko Elkarte Filarmonikoan banatu dituzte XVIII. edizioko garaikurrak, eta Iratxe Fresneda arrigorriagarrak jaso du Ikus-entzunezkoen Saria, Tetuán filmean memoria historikoaren alde egindako lanagatik.

“Paperik gabe etorri naiz” —onartu du Fresnedak, oholtzara igo eta eskerrak emateko hitzaldian— “jakinik nire memoria, memoria kolektiboa bezalaxe, hauskorra dela”. Hain zuzen, Tetuán lanak askotan ahazten diren migratzaileen istorioak biltzen ditu, eta horiek gogora ekartzeaz gain, gure artean bizi diren atzerritarren bizitzak oinarri hartuta, “memoriaren bizikidetzaren aldeko bidaia” egiten du.

“Pelikula sortzeko, bidelagun ugari izan ditugu; batez ere, Irina eta Mohamed, une honetan gurekin ez dauden arren, bihotzean presente ditugunak”, azaldu du Fresnedak. Era berean, eskerrak eman dizkie Pimpi&Nella eta Marmoka films ekoiztetxeei proiektua aurrera eramaten laguntzeagatik, eta Foru Aldundiari, “ez bakarrik Tetuanen bidelagun izan delako”, zuzendariaren hitzetan, “baizik eta aurretik ere Lurralde hotzak bezalako filmak, filme martzianoak, egiten lagundu digulako, betiere euskaraz eta gure memoria kolektiboaren aldeko apustua eginez”.

Baina, batez ere, aitari eskaini nahi izan dio Fresnedak irabazitako errekonozimendua. Carmelo Fresnedak Brasildik Almeriara eta Espainiako Hegoaldetik Marokora egin zuen gaztetan bidea, eta filmak erreferentzia egin bezala, Tetuán herriko espainiar protektoratuan hartu zuen babes. Bere istoriatik abiatuta egin du arrigorriagarrak filma, eta garai bateko migrazioa egungo egoerara ekarri du berak ere sufritu izan dituen atzerritarren inguruko estereotipoak hausteko: “Mila esker guztioi; eta, bihotz-bihotzez, aitari eskaintzen diot Lauaxeta saria”.

10 pelikula

Epaimahikideek hamar filmen artean aukeratu dute Tetuán, memoria kolektiboari (egungoari zein etorkizunekoari) egin dion ekarpenagatik: “Dokumentalak agerian uzten du bizipien-lotura uste baino estuagoa dela, eta egungo migratzaileek geroko euskal memoria historikoa osatzen dutela”. Horrela, hausnarketak “euskal gizarte integratzaile eta solidarioen aldeko ikuspegi baikor eta itxaropentsua” jasotzen duela nabarmendu dute epaileek.

Bideoa | Iratxe Fresneda: “Tetuán filmarekin, nire aitaren istorioa kontatzeko arriskua hartu dut”

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak