Sareak

☉ Arrigorriaga

Javi Chueca arrigorriagarraren ‘Monotonia’ laburmetraiak Balmaexpress lehiaketa irabazi du

Laburmetraiak hiru sari jaso ditu guztira: aktore onenarena (Javi Chueca), aktoresa onenarena (Amaia Arkotxa) eta laburmetrai onenarena

|

Javi Chueca, 'Los Cuatro Cortos' lantaldearekin // Javi Chueca

Javi Chueca Corro Arrigorriagarrak aktore onenaren saria jaso du parte hartu duen azken laburmetraiarekin joan den apirilaren 21, 22 eta 23an antolatutako Balmaexpress jaialdiko bigarren edizioan. Monotoniak, berez, hiru sari jaso ditu guztira: aktore onenarena (Javi Chueca), aktoresa onenarena (Amaia Arkotxa) eta laburmetrai onenarena.

Balmasedako lehiaketa honen berezitasun aipagarriena, izenak adierazten duen bezala, arintasuna da. Parte-hartzaileek 42 ordu dituzte guztira ideia bat landu eta kameren aurrean filmatu ostean editatu eta aurkezteko.

Aurtengo gaia ‘Athleticarekiko pasioa’ izan da eta lehiaketan parte hartzeko baldintzetako bat Balmaseda irudietan agertu behar zela. Chuecak gai honi buelta bat eman nahi zion eta bikotekideen arteko harremanetara eraman zuen bere lau minutuko proposamena, “istorio ezberdin bat kontatzeko”.

Irudietan, Sevillako finaletik bueltan datorren Athleticeko bikote bat ikus daiteke, eta Balmasedako zubi batera heltzen direnean beren harremanaren inguruan berba egiten hasten dira. “Itzulera horretan zerbait gertatu egiten zaie”, dio Arrigorriagakoak.

Irabazaleak, sariekin // Javi Chueca

Talde lana, gakoa

Historia Chuecak berak idatzi zuen apirilaren 21ean, eta horrez gainera zuzendari eta aktore lanak egin ditu Balmasedan. Hala ere ez da bakarrik egon; aurreko proiektuetan lan egindako Los Cuatro Cortos izeneko lantaldearekin filmatu eta editatu ahal izan du dena: Amaia Arkotxa (aktorea), Chesikaas Román (irudia) eta Luis Baranda (soinua).

“Larunbatean grabaketa-saioak egin genituen 14:00ak arte eta hortik aurrera, 02:45ak arte edizio lanen txanda izan zen”

“Filmaren istorioa bururatu eta 20 minututan idatzita neukan ostiralean bertan”, azaldu du Chuecak eta egun berean entseguak eta lokalizazioen topaketak egin zituzten. “Hurrengo egunean grabaketa-saioak egin genituen 14:00ak arte eta hortik aurrera, 02:45ak arte edizio lanen txanda izan zen”.

Bigarren edizio honetan 25 talde aurkeztu dira guztira aurten. Lehen saria 1.000 eurokoa izan da eta aktore arrigorriagarrak GEURIAri azaldu moduan etorkizuneko proiektuetara bideratuko ditu.

Hurrengo helmuga: Gasteiz

2024a albiste onez betetako urtea izango da Javirentzat. Izan ere, duela gutxi, bera eta bere lantaldearen Amor y Vino izeneko laburmetraia Gasteizko Icoff III. Film Laburren Nazioarteko Jaialdian parte hartzeko hautatu dute, maiatzaren 6tik 11ra: “Albiste zoragarria da guretzat ICOFF Gasteiz jaialdian parte hartzeko aukera hau izatea eta benetan eskertuta gaude, bertan aurkeztu diren 1.000 lanen artean 15 aukeratu dituztelako eta gu horien artean gaudelako”, azaldu dio GEURIAri.

Amor y Vino Valladolideko upategi batean filmatu zuten beste jaialdi baterako eta Gasteizen aurkeztu zuten ere: “Badirudi harrera ona izan duela azken lan honek eta espero dugu zorte ona izatea!”.

Bestalde, abuztuan, El Poder del Silencio filma proiektatuko dute. Bertan, Chuecak aktore lanak egin zituen eta xehetasun guztiak azaldu zituen GEURIAn.

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako 2026ko egutegia asteartetik aurrera egongo da eskuragarri herrigunean eta Abusun

Udal kiroldegian, Abusuko Zentro Soziokulturalean, Edurne Garitazelaia kultur etxean, Lamiaenan eta Udaleko Herritarren Arretarako Zerbitzuan eskuratu ahalko da 2026ko egutegia

|

2024ko egutegia // Geuria

Datorren urteko horman eskegitzeko Arrigorriagako egutegia abenduaren 8tik aurrera egongo da eskuragarri udal kiroldegian, Abusuko Zentro Soziokulturalean, Edurne Garitazelaia kultur etxean, Lamiaenan eta Udaleko Herritarren Arretarako Zerbitzuan (HAZ).

Aurtengo egutegia osatzeko herriko elkarte eta eragile ezberdinen lana eskertu du Arrigorriagako Udalak: jubilatuak, auzo elkarteak, emakumeen elkarteak, elkarte feministak eta LGTBI elkarteak, kirol elkarteak, kultura elkarteak, Harrera Herria elkarteak, jaietako eragileak, hezitzaileak, merkatari elkartea eta herriko merkatariak, zaintzaileak eta euskararekin lotura duten eragile eta elkarteak.

Urtero lez, Udalak garrantzi handia eman die argazkiei, eta hilabete bakoitzak orri osoko espazioa eskaini die herriko eragile edo elkarteei. gainontzeko espazioan (beste orrialdea) hilabeteko egunak ageri dira.

Hona hemen egutegian parte hartu duten eragile eta elkarteen izenak, hilabetez hilabete:
– Abusuko jubilatuak (urtarrila); Ollargan, Abusu eta Lanbarketako auzo elkarteak (otsaila)
– Emakume elkarteak, elkarte feministak eta LGTBI kolektiboak (Sial, Lamiaena, Joskintza, Madalen, Urruma eta Arrigo Harro) (martxoa)
– Garriko Taekwondo, Padura Mendi Taldea, Errekondo Padel Taldea, Pesca y Casting Abusu, Arguia pilota, Arrigokorrika, Arri-Gorri Irristaketa taldea, Arrigorriagako Tenis taldea, Harrigarri Gimnasia Erritmikoa, Arrigoyoga Elkartea, Padura futbola taldea, Padura Saskibaloia / Jasoka, Arrigorriagako Ausartak kirol elkartea, Arrigobox Boxeo, Deportivo Montefuerte, Etorkizun taldea, Arrigorriagako Txirrindulariak, Sun karate, Arkunautak arku-tiro kluba eta Skate Park Elkartea (apirila)
– Hamaika antzerki taldea / Aritz Berri dantza taldea, Lanbarri taldea, Eki Eder abesbatza, Eleiz alde elkartea, Upo mendi elkartea, Iñauteri batzordea, Soinuarri elkartea, Gure Esku Dago, On Egin, Abusu Sarean, Epifania taldea, Malmasingo lagunak, Ortuak elkartea eta Eperrak elkartea (maiatza)
– Harrera elkartea, Bizieskola elkartea, Zubietxe elkartea (ekaina)
– Arrigorriagako, Abusuko eta Ollarganeko jai batzordeak (uztaila)
– Kilimusi taldea, Arrigo gazteak eta Gazte Asanblada (abuztua)
– Arrigorriaga eskola, Gure Magalean elkartea, IES Arrigorriaga BHI, AMPA Landarra IES, Zamakola eskola Juan del Mas, AMPA Peskiza Guraso Elkartea, Altzoan elkartea, Haurreskolako kideak, Jantokiko begiraleak, Eskolako garbitzaileak, IES Ibaizabal BHI (iraila)
– Arrigorriagako Lagunkoi taldeko kideak, Geuna taldeko kideak, Arrigorriagako jubilatuak (urria)
– Adecka elkartea eta herriko merkatariak (azaroa)
– Arritxikerrak taldea, AEK, Udal Euskaltegiko irakasleak eta ikasleak, Euskarri taldea, Bolintxu elkartea eta Estropozu Bertso Eskola (abendua)

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Neguko Merkatu Txikia antolatu dute Arrigorriagako Lamiaenan, hilaren 13an

Ekonomia zirkularra eta emakumeen arteko sareak sustatzeko ekimena da eta 11:00etatik 14:00ak arte antolatu dute

|

Eskualdeko merkatu bat // Geuria

Beste urte batez, Lamiaenak Neguko Merkatu Txikia antolatu du Arrigorriagako emakumeen etxean.

Hitzordua abenduaren 13an izango da, 11:00etatik 14:00ak arte. “Aukeratu jada erabiltzen ez dituzun bost jantzi edota osagarri eta ekarri
abenduaren 11ra bitartean Lamiaenera”, azaldu dute antolaketa taldetik. “Aukeratzen dituzun jantziekin eman zizkizuten tiketak trukatu ahal izango dituzu”.

Ekonomia zirkularra eta emakumeen arteko sareak sustatzeko ekimena da Neguko Merkatu Txikia eta azokaz gainera musika eta mokadutxoak egongo dira bertan.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Arandia egoitzako zuzendaritzak langileek greban zehar egindako salaketak “faltsuak” direla adierazi du

Arrisku psikosozialen balorazioari dagokionez, zuzendaritzatik azaldu dute ebaluazioa “aurreikusitako epean” burutu zutela eta ondorioak 2026ko urtarrilean argitaratuko dituztela gehitu dute

|

Arandia adinekoen egoitzako kanpoaldea // Geuria

Gaur, abenduak 4, Arrigorriagako Arandia adinekoen egoitzako langileen hirugarren eta azken greba eguna da. Langileak zentroaren kudeaketa hobeagoa, langile gehiago eta kalitatezko zaintza eskatzen dituzte mobilizazio hauekin. Halaber, gutxieneko zerbitzuak neurrigabeak izan direla eta langileen mobilizazioen ondorioz egindako arrisku psikosozialen balorazioa ez duela osatu salatu dute, besteak beste.

Grebaren aurrean enpresako zuzendaritzarekin berba egin du GEURIA komunikabideak, eta egin zaizkien hainbat kritika “faltsuak” direla adierazi dute: “Gutxieneko zerbitzuei dagokienez, enpresak funtsezko zerbitzuak bermatzeko lan egin du, indarrean dagoen araudia eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuen % 50eko eta % 10eko portzentaiak betez”, azaldu dute.

“Grebaren lehen egunean, gutxieneko zerbitzuen esleipena Eusko Jaurlaritzarekin eta langileekin koordinatzeko denbora doitua zegoenez, kudeaketa mugatu egin zen. Hurrengo egunetan, grebara jo nahi zuten pertsonen asmoen berri izan zuenean, enpresak grebarekin bat egiteko eskubidea errespetatu zuen, gutxieneko zerbitzuak bere lanpostura joan nahi duten langileekin betez eta zentroko pertsonen funtzionamendu eta zaintza egokia ziurtatuz. Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak ematen ditu; ez gehienekoak. Enpresak ez ditu gehitu hasierako plangintzan agertzen ez ziren langileak txanda bakoitzeko”, zehaztu dute.

Arrisku psikosozialen balorazioari dagokionez, zuzendaritzatik azaldu dute ebaluazioa, publikazioetan zehaztuta dagoen moduan, “aurreikusitako epean” burutu zutela azaldu dute eta ondorioak 2026ko urtarrilean argitaratuko dituztela gehitu dute.

Bestalde, langileen ratioei eta ordezkapenei dagokienez, “zentroa, Aldundiak egiaztatu bezalaxe, eskatutako gutxienekoen gainetik dagoela” gehitu dute. Eta egoitzako materialaren egoeraren kontuari helduz, zentroko garabi guztiak “erabilgarri” daudela eta beren funtzionamendua egiaztatuta dagoela azaldu dute Domus VI taldetik.

“Berriz diogu konpromisoa dugula asistentzia-kalitatearekin, lan-taldeei laguntzearekin eta adinekoekiko eta beren familiekiko errespetuarekin”, laburbildu dute.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arandia egoitzako langileek “greba arrakastatsua” hasi dute Arrigorriagan

ELAko Greba Batzordeak enpresaren jarrera salatu du, “gutxieneko zerbitzuak ezarri dituelako Langileen Legezko Ordezkaritzarik gabe”

|

Arandiako langileak, Arrigorriagako egoitzan // Geuria

Domus VI Arandia taldeko adineko egoitzeko langileek hiru eguneko greba hasi dute: “Osasuna arriskuan dago” dioen pankarta batekin hasiera eman zioten atzo grebari eta abenduaren 4ra bitartean horrela jarraituko dute. Langileek kudeaketa hobeagoa, langile gehiago eta kalitatezko zaintza eskatzen dute.

ELA sindikatuko ordezkarien arabera grebaren hasiera “arrakastatsua” izan da: “Arandia egoitzako langileek grebarekin bat egin dute bizi duten egoera jasangaitzaren aurrean, Arrigorriagako Arandia egoitzako zuzendaritzak (Domus VI) greba eskubidea urratuz gutxieneko gehiegizko zerbitzuak ezarri dituen arren”.

Atzo bertan hasi ziren mobilizazioak eta 11:30ean manifestazioa egin zuten egoitzatik herrigunera: “Momentuz hiru eguneko grebara deitu ditugu langileak, baina behar izatekotan mobilizazio gehiago antolatuko ditugu”, gehitu dute Nerbioi Ibaizabaleko ELAko bozeramaileek.

ELAko Greba Batzordeak enpresaren jarrera salatu du, gutxieneko zerbitzuak ezarri dituelako Langileen Legezko Ordezkaritzarik gabe, “Eusko Jaurlaritzaren gutxieneko zerbitzuen agindua bete gabe. Gutxieneko zerbitzuak neurrigabeak izan dira grebari eraginkortasuna kentzen saiatzeko eta langileen eskubidea murriztuz”, salatu dute.

Urtebeteko mobilizazioak

Egoitzako langileek bizi duten egoera ez da berria; joan den irailean GEURIAri azaldu lez, infekzio-gaixotasunei aurre egiteko prebentzio-protokolo falta salatu dute azken hilabeteetan Arrigorriagako zentroko langileek eta egoera salatzeko mobilizazioa egin zuten zentroaren aurrean, irailaren 18an. Harrezgeroztik egoerak ez duela hobera egin azaldu dute langileek.

Arrigorriagako udaletxe aurrean egindako elkarretaratze bat // Geuria

Izan ere, ELAtik salatu dute urtebeteko mobilizazioen ostean zuzendaritzarekin izandako elkarrizketek ez dutela aurrera egin eta Domus VI taldeak langileen kexak aintzat hartu ez dituztela (lan karga handiak, gaixotasun kutsakorrei aurre egiteko babes neurri eta protokolo egokirik eza, langile falta…). “Egoera horiek guztiek arriskuan jartzen dituzte bai langileen osasuna, bai zerbitzuaren kalitatea. Grebaren jarraipen handiak erakusten du langileak haserre daudela, DOMUSVIk uko egiten baitio haien osasuna babesteko premiazko neurri eraginkorrak konpontzeari eta ezartzeari”.

ELA: “Grebaren jarraipen handiak erakusten du langileak haserre daudela, DOMUS VIk uko egiten baitio haien osasuna babesteko premiazko neurri eraginkorrak konpontzeari eta ezartzeari”

Gainera, sindikatuko ordezkariek azaldu zuten Domus VI taldeak langileen mobilizazioari esker egindako arrisku psikosozialen balorazioa ez duela osatu: “Ebaluazio horrek argi eta garbi islatzen du langile falta eta lan-gainkarga. Datuak kezkagarriak dira eta presazko neurri eraginkorrak hartzea eskatzen dugu”.

Ondorio modura, Arandiako langileek ez dute onartuko beren osasunarekin jolasten jarraitzea, eta mobilizazio-dinamika batekin jarraituko dutela iragarri dute, egoera konpondu arte. Izan ere, langileak ostegunero elkartzen hasi ziren irailetik aurrera Arandiako egoitzaren aurrean, bizi duten egoera salatzeko.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Hiru eguneko greba hasi dute Arrigorriagako Arandia egoitzako langileek, “zaintza duinen” alde

“Momentuz hiru eguneko grebara deitu ditugu langileak, baina behar izatekotan mobilizazio gehiago antolatuko ditugu”, gehitu dute Nerbioi Ibaizabaleko ELAko bozeramaileek

|

Langileak, joan den iraileko elkarretaratzean // Geuria

Domus VI Arandia taldeko adineko egoitzeko langileek hiru eguneko greba hasi dute: “Osasuna arriskuan dago” dioen pankarta batekin hasiera eman zioten atzo grebari eta abenduaren 4ra bitartean horrela jarraituko dute. Langileek kudeaketa hobeagoa, langile gehiago eta kalitatezko zaintza eskatzen dute.

Atzo bertan hasi ziren mobilizazioak eta 11:30ean manifestazioa egin zuten egoitzatik herrigunera: “Momentuz hiru eguneko grebara deitu ditugu langileak, baina behar izatekotan mobilizazio gehiago antolatuko ditugu”, gehitu dute Nerbioi Ibaizabaleko ELAko bozeramaileek.

Egoitzako langileek bizi duten egoera ez da berria; joan den irailean GEURIAri azaldu lez, infekzio-gaixotasunei aurre egiteko prebentzio-protokolo falta salatu dute azken hilabeteetan Arrigorriagako zentroko langileek eta egoera salatzeko mobilizazioa egin zuten zentroaren aurrean, irailaren 18an. Harrezgeroztik egoerak ez duela hobera egin azaldu dute langileek.

“Arrigorriagako egoitzan ez dago langile nahikorik”, gehitu dute ELA sindikatuko ordezkariek. “Garabi falta, aldagelak, ohe barrak, gortinak… eta infekzio gaixotasunei aurre egiteko prebentzi-protokolo eguneraturik ez dago. Horri gehitu behar zaizkio inolako justifikaziorik gabeko kaleratzeak eta zehazpen-espedienteak”.

Gainera, sindikatuko ordezkariak azaldu zuten Domus VI taldeak langileen mobilizazioari esker egindako arrisku psikosozialen balorazioa ez duela osatu: “Ebaluazio horrek argi eta garbi islatzen du langile falta eta lan-gainkarga. Datuak kezkagarriak dira eta presazko neurri eraginkorrak hartzea eskatzen dugu”.

ELA: “Ebaluazio horrek argi eta garbi islatzen du langile falta eta lan-gainkarga. Datuak kezkagarriak dira eta presazko neurri eraginkorrak hartzea eskatzen dugu”

Ondorio modura, Arandiako langileek ez dute onartuko beren osasunarekin jolasten jarraitzea, eta mobilizazio-dinamika batekin jarraituko dutela iragarri dute, egoera konpondu arte. Izan ere, langileak ostegunero elkartzen hasi ziren irailetik aurrera Arandiako egoitzaren aurrean, bizi duten egoera salatzeko.

Irailean egindako elkarretaratzea // Geuria

Albo kalteak, egoiliarrentzat

GEURIAk egoitzan senidea duen bertako familia batekin berba egiteko parada izan du eta egoera honek egoiliarrengan eta beren familiengan eragin zuzena duela azaldu du.

Ez dute izen abizenik eman nahi, “horrek izan ditzakeen ondorioak direla eta”. Hala ere, familiaren arabera, 43 egoiliar daude solairu bakoitzean eta horiek artatzeko pertsona bi baino ez daude kasurik onenean. Guztira 132 egoiliar daude Arrigorriagako egoitzan: “Langile falta izugarria da egoitza honetan”, kexatu dira.

Arandia egoitzako familia bat: “Langile falta izugarria da egoitza honetan”

Familiaren arabera egoerak nabarmen egin zuen txarrera 2019an, zentroak zuzendaritza aldatu zuenean: “Kudeaketa guztiz aldatu zen pribatizatu zenean langile eta janari kopuruan eta zainketan aurreztu zuen enpresa berriak. Langileak leher eginda daude: ordutegi txarrak dituzte, soldata kaxkarrak… eta lanez gainezka daude beti”. Enpresari langileek bizi duten egoeraren berri ematen dieten bakoitzean “egin beharrekoak egiten dituztela” izaten da erantzuna, familiaren arabera.

“Kudeaketa oso txarra izaten ari da, baina momentu txarrena itzalaldi masiboa gertatu zen bezperan bizi izan genuen Arandian”, gehitu dute. “Joan den apirilaren 28an izan zen eta zentroa argindarrik gabe egon zen bi orduz. Elektrogeno-taldea ez zebilen eta ez zegoen larrialdi egoetarako planik ere ez. Zentroko zuzendaritza oporretan zegoen eta inprobisazioz egin behar izan zuten lan bertako langileek. Onartezina da”. Sindikatuaren arabera, gaur egungo lan-giroa “tirabiratsua” izaten ari da eta “egungo zuzendaritzarekin ezinezkoa da elkarrizketa adeitsua izatea”.

Egoiliarren osasuna eta ongizatea lehentasuna dira guretzat, eta hori bermatzeko konpromisoz eta profesionaltasunez lan egiten jarraitzen dugu”, azaldu dute ELAtik. “Baina premiazkoa da egoera hau aldatzea, langileen osasuna jokoan dagoelako”

Osorik irakurri
📩 ✏️ Olentzero eta Mari Domingiri gabon gutuna
📩 ✏️ Gabon gutuna