→Arrigorriaga

Salbuespenezko espetxe politiken urraketen kontra ekitaldia deitu du Egiari Zor fundazioak Arrigorriagan

Juan Carlos Hernando ‘Peli’ Arrigorriagako presoa Albaceteko espetxean hilda agertu zela 25 urte bete dira. Salbuespenezko espetxe politiken kontra ekitaldia egingo du Egiari Zor fundazioak Arrigorriagan uztailaren 23an.

Juan Carlos Hernando ‘Peli’ Arrigorriagako presoa Albaceteko espetxean hilda agertu zela 25 urte bete dira // Egiari Zor

Salbuespenezko espetxe politikak eragin dituen urraketen egia “itzaletik argira” ateratzeko ekitaldia egingo dute Arrigorriagan. Egiari Zor fundazioak antolatu du ekitaldia uztailaren 23an, larunbatez, 19:00etan Agirre Lehendakaria parkearen pergolan. Ekitaldia Arrigorriagan egiteko erabakia ez da kasualitatea, izan ere, 25 urte bete berri dira Juan Carlos Hernando Gonzalez ‘Peli’ Arrigorriagako presoa Albaceteko espetxean hil zela, bere etxetik eta bere senideengandik 600 kilometrora (1.300 kilometro joan-etorri).

ETAri informazioa emateagatik atxilotu zuen Polizia Nazionalak Hernando 1994ko apirilaren 28an. Sei urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Atxilotu aurretik, ordea, ezkondu eta seme bat izan ondoren, ETAtik urrundu zen. Hala ere, kartzela zigorra betetzen ari zen. Zigorraren hiru laurdenak beteta zituela, 1997ko uztailaren 20an hilda agertu zen ‘Peli’ Albaceteko espetxean, 35 urte zituela. “Lau urteko semearekin zein bikotearekin bizi-proiektuari ekiteko zuen desioak, eta kartzela atzean uztean zituen plan guztiek bizitzaz beteta zegoela berresten dute. Baina zerbait gertatu zen; urte horretako uztailaren 20an, ETAk Ermuko Miguel Angel Blanco zinegotzia hil eta astebetera, Albaceteko kartzelan bizirik gabe agertu zen”, diote Egiari Zor fundaziotik.

“Egun haietan izandako presioa, kartzeletan sortutako istiluek, medioetatik zabaldutako ‘A por ellos’ oihuak isolamendu eta urruntze egoerarekin batera, sufrimendu jasanezina eragin zioten. Finean, urruntze-sakabanatze eta isolatze-politikak berekin dakar presoa jasangarri denaren mugara eramatea, eta bere osasun fisiko zein psikologikoaren haustura ahalbidetzea”, diote.

Inkomunikazioa eta gose grebak

Polizia Nazionalak 1994an Hernando atxilotu ondoren, Indautxuko komisaldegira eraman zuten. “Bertan inkomunikazio erregimena ezarri zioten. Inkomunikazio erregimen honek atxiloketa epea gune iluna bilakatzen du, besteak beste, tortura sufritzeko arriskua areagotuz eta ondorioz berme guztiekin epaiketa justu izateko eskubidea ere murriztuz”, diote Egiari Zor fundaziotik: “Gerora Madrilgo DGSra trasladatu zuten. Juan Carlos bi komisaldietan torturak fisiko zein psikologikoak pairatu zituen”. Horrela ere salatu zuen 1994an bertan Torturaen Aurkako Taldeak. “Hernandok Jasandako tortura eta presio zein mehatxu etengabeak salatu zituen epailearen aurrean; epaileak ordea, bere betebeharra izan arren ez zuen ikerketarik abiatu Pelik jasandako torturak argitzeko, beste behin ere beste aldera begiratu zuen”, diote.

Carabancheleko espetxean izan zen aurrena, handik Valdemorora lekualdatu zuten, eta epaiketa ondoren Albaceteko espetxean sartu zuten lehen graduan 1995ean. “Hor hasi zen bere senideentzako bidai luzeetako garaia, 1.300 kilometroko joan-etorria, aitarentzat eta amarentzat bereziki gogorrak zirenak adinagatik, baina baita bi urteko semearentzat ere”, diote Egiari Zor fundazioko bozeramaileek: “Urruntze politikak ondorio larriak izan dituzten ehunka ezbehar eragin ditu, besteak beste, 16 senideren heriotza eta ehunka zauritu larriak. Urrunketa politika horrek presoarengan bisita bakoitza baino lehen eta ondoren ere (senideak etxean egon arte) kezka sakona eragiten du, asteroko kontua beraz”.

1996an bi gose-greba egin zituen Hernandok, bata 14 egunekoa eta bestea 25 egunekoa, “euskal presoen kolektiboaren bizi-baldintza gogorrak salatzeko eta salbuespen espetxe politikak bertan behera uzteko”. “Itxialdi aldiak ere egin zituen protesta-modu gisa. Garai zailak izan ziren eta kontutan hartu behar dugu euskal preso politikoei ezarri eta ezartzen zaien salbuespenezko espetxe politikak haien egunerokotasunean ezartzen zaiela, hau da, salbuespena bizimodua da haientzat. Urruntzea, sakabanatzea, baita kartzeletan bertan ere, isolamendua eta bizi-baldintzak are gehiago larriagotzen ziren”, diote.

Bizikidetza, oinarri

“Azken urte luzeotan Euskal Herriko gatazka politikoaren testuinguruan gertatutako giza eskubideen urraketa larriak ehundaka, milaka izan dira. Horiei guztiei aitortza, erreparazioa eta berriro ez gertatzeko bermeak zor dizkiegu, bizikidetza oinarri duen gizarte berria eraikitzen jarraitzeko”, diote Egiari Zorretik: “Horregatik, beharrezkoa da presoek eta haien senideek jasandako biolentziak ere, zuzenekoak eta zeharkakoak, aitortzea. Beharrezkoa da salbuespenezko espetxe politikak eragin dituen urraketen egia itzaletik argira ateratzea. Baina, batez ere, ezinbestekoa da behingoz bertan behera uztea oraindik indarrean jarraitzen duten indarkeria instituzionalaren adierazpenak. Pertsona guztien eskubide guztiak bermatzea izan behar da abiapuntua, inolako baldintzarik gabe”, diote.

Egiari Zor fundazioak salbuespenezko espetxe politiken kontrako ekitaldia egingo du Arrigorriagan uztailaren 23an (19:00, Agirre Lehendakaria parkea), Juan Carlos Hernando Gonzalez ‘Peli’ Arrigorriagako presoaren heriotzaren 25. urteurrenean.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak