Sareak

☉ Arrigorriaga

XIX. mendeko Arrigorriagaren historia biltzen duen liburua idatzi du Juan José Agirrek

"Arrigorriaga en el siglo XIX. Del Trienio Liberal a la II. Guerra Carlista, 1820-1876" liburuak herritarren testigantzak biltzen ditu

|

"Arrigorriaga en el siglo XIX" liburuaren portada // Utzitakoa

Juan José Agirre Jauregi arrigorriagarrak XIX. mendeko historiari buruzko hirugarren liburua idatzi du: Arrigorriaga en el siglo XIX. Del Trienio Liberal a la II. Guerra Carlista, 1820-1876. Bertan, pasarte historiko garrantzitsuenen errepasoa egiteaz gain, "protagonisten alde gizatiarrenean" jartzen du fokua, kontestu sozial eta politikoan bizilagunen bizipen pertsonalak txertatuz. Liburuaren tirada txiki bat laster egongo da kalean.

Lanean "interesgarriena, niretzat behintzat, pertsona ezezagunen bizitza kontatzea izan da", azaldu digu Agirrek: "Gerrako istoriez gain, herriko jendearen historia, beren kezkak, non eta nola bizi ziren kontatzen dut liburu honetan". Istorietan datozen familiak Arrigorriagako eta inguruetako lagunak dira (Orduñatik hasi eta Bilboraino), eta batzuk Arrigorriagan, Ordeñanan, Isasin, Bakiolan, Bitorikan eta alboko guneetan bizi dira oraindik: "Horrela lotzen dut aspaldiko garai hori gaurkoarekin".

Pasarte horiek guztiak kontatzeko, 644 orriko publikazioa ehundu du Agirrek, eta hiru zatitan banatu: Trienio liberala, 1820-1823; Absolutismoa eta Lehen Karlistaldia, 1823-1839; Gerra artea eta Bigarren Gerra Karlista, 1839-1876. Guztira 120 argazki, grabatu eta mapa baino gehiago erabili ditu lana ilustratzeko, eta eranskinetan, 25 dokumentu gehitu ditu.

"Bizitza osoan egon naiz batzen Arrigorriagako informazioa lortzen, artxiboetan, liburuetan, bereziki XIX. mendekoa eta Gerra Karlistei buruzkoa", azaldu du idazleak. Horrela, aurretik ere, hainbat publikazio egin ditu herriko historiari lotuta: Santo Cristo de Landaederraga – Arrigorriaga (1985) eta Toponimia de la Anteiglesia de Arrigorriaga (1996). Honakoa da bere hirugarren lana.

Aurkezpen eguna

Kaleratzeko, Eduardo Alonso Olea historian doktore eta UPV/EHUko irakaslearen laguntza izan du Agirrek, eta baita Arrigorriagako Udalarena ere, argitaraldi txiki bat egiteko (laster egongo da kalean). Urriaren 19an, 19:00etan, herriko Kultur Etxean egingo dute liburuaren aurkezpen publikoa.

☉ Arrigorriaga

Garriko Taekwondo Talde arrigorriagarrak bost domina ekarri ditu Logroñoko La Vendimia openetik

Maialen Sánchezek urrezko domina eskuratu zuen openean, Izarbe Cimadevilla eta Kiara Berrocalek zilarrezkoak eta Daniel Zaldivar eta Airon Berrocalek brontzeskoak

|

Maialen Sánchez, Logroñoko kiroldegiaren sarreran // Geuria

Joan den asteburuan La Vendimia Opena antolatu zuten Logroñon eta Arrigorriagako Garriko Taekwondo Taldeak bost domina eskuratu zituen: Maialen Sánchezek urrezko domina eskuratu zuen, Izarbe Cimadevilla eta Kiara Berrocalek zilarrezkoak eta Daniel Zaldivar eta Airon Berrocalek brontzeskoak.

"Denboraldiko lehen txapelketa izan da, baina guretzat denboraldiaurrekoa bezalakoa izan da", azaldu dio Jon Garnika Arrigorriagako Garriko Taekwondo Taldeko zuzendariak GEURIAri. "Txapelketa oso garrantzitsua izan da La Vendimia guretzat, Errioxako Federazioak antolatzen duelako eta bertara Andorra eta Frantziako kirolariak datozelako", gehitu du. Aurtengo edizioan, berez, Estatu osoko 500 kirolarik hartu dute parte Logroñoko openean.

Estatu osoko 500 kirolarik hartu dute parte Errioxako Federazioak antolatutako Logroñoko openean eta Andorra zein Frantziako kirolariek hartu dute parte, tartean

Garriko Taekwondo Taldea // Utzitakoa

"Gure neska mutilek errendimendu bikaina izan dute azken txapelketan: talde potentea da eta Estatu mailako dominadunek osatzen dute". Garnikak nabarmendu du taldeak lorpen onak izateko aukerak zituela, "baina emaitzak uste baino hobeagoak izan dira".

Hurrengo helburuei begira, Garriko abenduan jokatu beharreko Espainiako Kluben Arteko Txapelketarako prestatzen ari da eta horretarako hitzordu garrantzitsu bi ditu: lehena Pontevedran urriaren amaieran jokatu beharreko opena, eta bigarrena, azaro erdialdean antolatutako Mirandako opena.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

"Familia gehiagoren parte-hartzea" nabarmendu dute Arrigorriagako Lamiaenaren lehen urteurrenean

Jarduera guztien artean, Joana Etxeberria Arrigorriagako Udaleko Politika feministako zinegotziak Emakume Sortzaileen II. Azoka nabarmendu du

|

Klownkusioak saioa // Arrigorriagako Udala

Lamiaena Arrigorriagako emakumeen etxeak lehen urteurrena ospatu du, eta joan den irailaren 30ean ezin hobeto ekin zioten jaiari herriko emakumeek, jardueraz betetako zapatuan: familia giroko mendi ibilbidea, Emakume Sortzaileen II. Azoka, Zumbatoia, serigrafia tailerra, bazkari feminista eta Klownklusioak izan ziren eguneko jarduerak. Gaualdean Alarma Morea eta Bada Giroa erromeriaren kontzertuak egin zituzten.

"Zorionez, herriko emakumeek auzolana barneratu dute eta zoragarria izan zen atzoko eguna"

"Lan handia egin behar izan dugu Lamiaenaren urteurrena prestatzeko", azaldu du Joana Etxeberria Arrigorriagako Udaleko Politika Feministako zinegotziak. "Zorionez, herriko emakumeek auzolana barneratu dute eta zoragarria izan zen atzoko eguna". Etxeberriak Emakume Sortzaileen azoka nabarmendu nahi izan du eta bisita berezi bat nabarmendu du: "Erresidentziako adinekoak ere hurbildu ziren ospakizunera eta euren eskulanak saldu zituzten azokan. Egoitzatik irteteko eta ekitaldiaz gozatzeko aukera izan zute",  Etxeberriaren arabera. Bestalde, familien eta gizonezkoen parte-hartzeak gora egin duela gehitu du: "Hori aldaketaren seinalea da".

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Emakumeen ahalduntzerako lau tailer antolatu dituzte Arrigorriagan

Arrigorriagako Udaleko Berdintasun sailak herrigunean eta Abusun antolatu ditu saio guztiak

|

Emakume bat, 2022ko Martxoaren 8ko manifestazioan, Arrigorriagan // Geuria

Arrigorriagako Udaleko Berdintasun sailak Emakume Ahalduntzea izeneko programa abiaraziko du herrigunean eta Abusun. Programa horrek lau tailer hartuko ditu barne: lehen tailerra Arte feministari buruzkoa izango da eta emakumeen ahalduntzea izango du helburu; bigarrenak 'Hango eta hemengo emakumeak: esperientziak partekatzen' du izena; hirugarrena estimulazio kognitiboaren ingurukoa izango da; laugarrena, amaitzeko, ahalduntzeko autoezagutza tailerra izango da.

Izen emateak Herriguneko eta Abusuko Herritarren Arreta Zerbitzuan egin daitezke (HAZ) eta informazioa handitzeko 944 020 200 telefono zenbakia eta berdintasuna@arrigorriaga.eus helbide elektronikoa ahalbidetu dituzte.

Herrigunean eta Abusun

Herriguneko saioetarako talde bi osatuko dituzte astearte eta ostegunetan, udaletxeko prentsa aretoan: lehena 16:00etatik 17:30ak arte eta bigarrena, 17:30etatik 19:00ak arte. Aurkezpen eguna urriaren 10ean izango da, 17:00etan, Edurne Garitazelaia kultur etxean eta lehen saioa urriaren 17an egingo dute.

Abusuko saioetarako talde bakarra osatuko dute Zentro Soziokulturalean, 16:00etatik 19:00ak arte. Aurkezpen eguna urriaren 4an antolatu dute, 17:00etan, Zentro Soziokulturalean bertan, eta lehen saioa urriaren 18an prestatu dute.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Programa | Loraldia plazarik plaza! Zaratamo-Arrigorriaga

Aurtengo edizioan hiru lurraldetako emakume sortzaileen lanak plazaratuko dituzte, besteak beste

|

Uztaila hasieran GEURIAn aurreratu ostean, gaur bertan Loraldia plazarik plaza! Zaratamo-Arrigorriaga jaialdiaren bigarren edizioa aurkeztu dute Arrigorriagako udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Bertan izan dira Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea, Ainhoa Muerza Zaratamoko alkateordea eta Amaia Ocerin Loraldiko komunikazio arduraduna.

Aurtengo Loraldia asteburu bitan antolatu dute: lehenik eta behin irailaren 29an prestatu dute Zaratamoko Elexaldeko Kultur Etxean, eta gainontzeko saioak Arrigorriagan egingo dituzte, urriaren 6tik 8ra. Guztira sei ekitaldi prestatu dituzte lau egunetan, bi herrietan.

Aurtengoan kontzertuak, antzerki saioak, arte bisualak eta bestelako jarduerak jasoko ditu Zaratamok eta Arrigorriagak 'Bozak' kontzertuarekin, Aukeran Dantzan Konpainiarekin, Igor Elortza eta Rafa Ruedaren 'Anonyme Popular' lanarekin, besteak beste.

Amaia Ocerin, Maite Ibarra eta Ainhoa Muerza // Geuria

Egitaraua | Loraldia plazarik plaza! Zaratamo-Arrigorriaga

Irailak 29, ostirala
19:30 Bozak, Zaratamoko Elexalde Kultur Etxean: Olatz Salvador, La Basu, Maialen Errotabehere, Osterabe
5 euro / Lorezainak: 3 euro

Urriak 6, ostirala
18:00 Aiurri antzerki saioa, Abusu Zentro Soziokulturalean: Aukeran Dantza Konpainia, Edu Muruamendiaren zuzendaritzapean. Doan
11:00 (ikasleak) + 20:00 'Mira hadi. Eulalia Abaitua Andre-begietan', Lonbo aretoan: Lide Hernando, Maria Urcelay, Getari Etxegarai, Alpha. 5 euro / Lorezainak: 3 euro

Urriak 7, larunbata
20:00 Anonyme Popular, Lonbo aretoan: Igor Elortza eta Rafa Rueda
8 euro / Lorezainak: 6 euro

Urriak 8, igandea
12:30 Frankenstein Agurgarria, Edurne Garitazelaiako Azokea gelan: Petti eta Ana Galarraga. Doan
13:30 Txin Txin Txakolin Dastaketa, Edurne Garitazelaiako Azokea gelan: Mikel Garaizabel. 8 euro / Lorezainak: 6 euro

"Argi dugu altxor handia dela Euskal Herriko sortzaileek egiten dutena eta ezinbestekoa dela hauei gure bultzadarik handiena ematea. Guretzako ohore eta plazer bat da Arrigorriagan Loraldia ekimenaz gozatu ahal izatea eta gure udalerria euskal arte eta kulturaren topaleku bilakatzea", azaldu du Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak.

Talde argazkia, Arrigorriagako udaletxearen aurrean // Geuria

Ainhoa Muerzak, Zaratamoko udaleko alkate ordeak azpimarratu nahi izan du: "Aurreko urtean adierazi genuen bezala, plazer bat da era honetako ekimena Zaratamon kokatzea eta espero dugu jarraitzea", nabarmendu du eta emakumeek aurtengo edizioan izango duten garrantzia goraipatu du Muerzak: "Oraingo honetan, gainera, gure euskal musikaren bozgoragailu diren emakumeak oholtzara ekarriko ditu Loraldiak Bozak kontzertuarekin. Hiru lurralde ezberdinetako emakume sortzaile elkartuko dira Zaratamoko plazan euskal kultura emakumeok ere egiten dugula lau haizetara zabaltzeko", azpimarratu du.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Azaro amaieran aurkeztuko dute Arrigorriagako gobernu plan "aberatsa"

Gobernu plan berriak hiru lan lerro izango ditu: herritarrak, lurraldea eta antolaketa. Bertan antolatuko dituzte proiektu guztiak

|

Iratxe Rubia  (A. Gara), Maite Ibarra, Gaizka Ibarretxe (EH Bildu) eta Jose Ignacio Fernández (NOA) // Geuria

Arrigorriagako udal gobernua eratu zenetik 100 egun pasa dira eta gaur bertan prentsaurrekoa deitu dute taldea osatzen duten EH Bildu, Arrigorriaga Gara eta NOA alderdiek. "Gobernu taldea sortu zenetik lan egiten egon gara burubelarri datozen lau urteetarako Gobernu Plan berria diseinatzen", azaldu du Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak.

Plan honen helburua arrigorriagarren bizi-kalitatea eta ongizate maila hobetzea da, "arlo eta sektore ezberdinetatik begiratuz, lupa jarriz, entzuten eta erabakiak hartzen", gehitu du Ibarrak. "Oso aberatsa da sortzen ari garen plana, aniztasun eta elkarlanetik eratu dugu bere enborra esfortzu eta lan handiarekin, baina baita ilusioarekin ere, herritarrek horixe merezi dute eta".

Hiru atal

Maiteren hitzetan, planak "parte-hartze handia" izaten ari du sail eta eremu ezberdinetako langileen eta udalerriko hainbat eragilen ekarpenak jasoz. Dagoeneko, Udala herriko elkarte eta klubekin batu da, zinegotzi berrien aurkezpenetan, besteak beste, eta beste elkarte batzuekin bilerak egin behar dituztela gehitu du.

Gobernu plan berri honek hiru lan lerro izango ditu: herritarrak, lurraldea eta antolaketa. "Proiektuak eta neurri zehatzak hiru bloke nagusi horietan antolatuko dira. Ulertzearen arrazoia irizpide tekniko eta politikoak uztartu eta proiektu bakoitza arlo ezberdinetatik modu kolektiboan eta zeharkakoan garatzea da".

"Gobernuaren lanaren iparrorratza izateaz gain gardentasun ariketa lez ulertzen dugu plan honen sorrera". Hori dela eta, urtea amaitu baino lehen, azaro erdialdean edo bukaera aldean, aurkeztuko dio gobernu taldeak plana herritarrei. Legegintzaldi osoan zehar planaren betetze mailari jarraipen publikoa egingo diotela azaldu dute gobernu taldetik. "Udaletxeko horma zurrunak apurtu nahi ditugu, herritarrek eskubidea dutelako Udala zertan dabilen jakiteko, hori gure betebeharra da".

Maite Ibarra, gaurko prentsaurrekoan // Geuria

"Sintonia ona"

"Gobernu plan hau eratzeko EH Bildu, Arrigorriaga Gara eta NOA ekarpenak eta iradokizunak jaso ditugu. Bertatik jaioko da gobernu plan berria", azaldu du Maitek eta EH Bildu, Arrigorriaga Gara eta NOA alderdien "sintonia ona" azpimarratu du. Arrigorriaga Garako Iratxe Rubiok gehitu du bere alderdiak hauteskunde programa aurkeztu duela plana osatzeko: "Gainera, kulturaren esparrutik 2024ko programa osatu dugu, aurreko legegintzaldian gauzatu ezin izan ziren proposamenekin, besteak beste. Elkarlanak gobernu plan berri hau eratzeko lana erraztu eta aberastu du". NOAko Jose Ignacio Fernández zinegotziak alderdi guztien asmoa goraipatu du ere: "Hauteskunde programak gainezarri nahi izan ditugu, gobernu plan berriak aniztasun handiena lortzeko".

Bestalde, eta udal gobernuaren hurrengo helburuei helduz, abenduan 2023ko aurrekontua aurkeztea da Udalaren xedea: "Momentu honetan ere aurrekontuen gaiarekin gabiltza", gehitu du Ibarrak. "Esparru hori dagokion zinegotziak eman beharreko pausuak prestatzen ari da eta alde teknikoari dagokionez abenduan aurkeztu nahi ditugu. Beraz, ateak zabalik ditugu ekarpenak egin nahi dituzten alderdiei, adostasun handiena erdiesteko".

2024ari begira Arrigorriagako HAPO aurkezteko asmoa azaldu dute udal gobernutik. Joan den martxoan behin-behineko zirriborroa aurkeztu zuten eta behin betiko plana datorren urteko apirilean aurkeztea da asmoa, Maitek aurreratu bezala: "Edozein udalerriren beharrezko elementua da HAPO".

Iratxe Rubio (A. Gara), Maite Ibarra, Gaizka Ibarretxe (EH Bildu) eta Jose Ignacio Fernández (NOA) // Geuria

Osorik irakurri