Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Arrigorriaga

Katilu taldea: «Rock&Rollak ez du mugarik; ez fisikorik ez linguistikorik, eta guk ez dugu aterik ixten»

Beñat Elorrieta, Unai Saiz eta Lander Urriz arrigorriagarrek sortutako blues-rock taldeak bertsioak eta abesti propioak uztartzen ditu, belaunaldi ezberdinekin konektatzeko eta haize bolada freskoa eskaintzeko

|

Beñat Elorrieta, Unai Saiz eta Lander Urriz arrigorriagarrek osatzen dute Katilu taldea // Geuria

[2023ko irailaren 14an argitaratutako elkarrizketa – Geuria 099] 80ko hamarkadan krisialdi ekonomikoak, trantsizio politikoak eta marjinalitatearen gorakadak markatutako musika mugimendua nagusitu zen Euskal Herrian.

Gazteak kantu horien estilo asaldatzailearekin identifikatuta sentitu ziren, eta arrasto ezabaezina utzi zuen haien belaunaldian. Gizarteak denboraren poderioz aurrera egin duen bezala, musikak ere eboluzionatu egin du.

Nola dago rockaren osasuna gaur egun? Kultura musikal zabalaz elikatu eta Artizarra eskolan prestatu ondoren, Beñat Elorrietak (Arrigorriaga, 2000), Unai Saizek (Arrigorriaga, 2000) eta Lander Urrizek (Arrigorriaga, 1999) Katilu taldea sortzea erabaki zuten iaz.

Ondo pasatzeko eta kalitatezko produktua eskaintzeko asmoz, klasikoak berreskuratu eta beren abestiekin tartekatzen dituzte. Jai herrikoietako kontzertuaren ostean, GEURIA haiekin solasean izan da proiektua hobeto ezagutu eta egungo panoramari buruz eztabaidatzeko.

Euskal Herria beti izan da ezaguna bere rock eszenagatik; aitzitik, badirudi estilo berriak nagusitzen ari direla.
Beñat Elorrieta: Nik uste dut beti egongo dela rock&roll arrasto bat. Nahiz eta reggaetoia eta halako estiloak bezain modan ez egon, gutxieneko zale batzuk izaten jarraituko duela. Baita jotzeko prest dagoen norbait ere. Orain musika iragankor asko dago. Udaren hasieran, Quevedoren ‘Quedate’ bezalako abestiek temazoak direla dirudite, eta Bilboko jaiak iristen direnerako akabo. Hamaika bider jartzen dituzte eta jendeak kokoteraino bukatzen du. Guretzat 80ko hamarkadan argitaratutako diskoak kalitate handiagoko produktuak dira. Musikalki primeran pentsatuta daude, mezu oso bat dute… Taldeak zuen ideia bat landu eta euren estilo propioa garatzen zuten. Influentzia puruagoak zituzten, eta gaur egun hertsiki lotzen direnez reggaetoiera, zaila da hortik atera eta kumbia bat egitea, esaterako.

Lander Urriz: Aldaketak jasan ditu eta aldaerak sortu dira, baina bere esentziak eta nortasunak bizirik diraute. Hala ere, belaunaldi berriak musika ona saltzen dena dela pentsatuz hezten ari dira, eta pena da rock&rollaren klasikoak ez dituztela ezagutzen ikustea.

Unai Saiz: Egungo panorama ikusita, rock izar handiak bueltatzeak nahiko zaila dirudi. TikTok bezalako sare sozialekin gazteak erakusleiho horietan zer dagoen ikustera mugatzen dira. Top 50 Espainiako Spotify zerrenda ikusi besterik ez dago.

Zerk bultzatu zaituzte ondare musikal hau jasotzera eta bizirik mantentzera?
L.U.: Berez ez genuen pentsatu rock&roll purua sortzea. Hiru lagun elkartu ginen eta lokalean antzekoak ziren estiloak jorratzeari ekin genion, gauza polit bat atera zen arte. Gustura sentitzen gara, beraz, entseatzen hasi eta poliki-poliki gure kantak ere sortuz joan gara. Nik lagun batzuk ditut Deustun, eta iazko jaietan bertsio gau bat antolatu zen gaztetxean. Bada, txantxa artean, kuadrillakoei komentatu nien ea animatzen ziren talde bat sortzera han jotzeko. Azkenengo momentuan sartu ginen eta horregatik “InExtremis” izena jarri genuen. Jendeak asko gozatu zuen gure kontzertuarekin eta harrituta geratu ginen. Beraz, handik aurrera taldea ondo eratu eta Katilu izena eman genion. Nire kasuan, bizitza osoan neraman amari danbor bat nahi nuela esaten. Hasieran uko egiten zion, zarata gehiegi ateratzen zuelako, baina lortu nuen eta duela 5-6 urte klaseetara joaten hasi nintzen, Artizarra Musikaltegian. Ordu asko eman ditut jotzen, bizilagunak kexatu ere egin zaizkit! Oso etapa garrantzitsua markatu du nire bizitzan, eta jende asko ezagutu dut musikari esker. Hainbat proiektutan sartuta nago: Sistematiko, Erein taldea… eta orain hemen ere bai!

U.S.: Guztiz inprobisatua izan zen: txarto ez, baina arin bai, kar-kar-kar! Beñat eta biontzat oholtza gainera igotzen ginen bigarren aldia zen. Lehenengoa Arrigorriagako institutuan izan zen, San Tomas eguneko ospakizunean, baina oraingoan jendea animatuago zegoen eta giroa guztiz ezberdina zen. Gero, taldea aurrera zihoala ikusita, izen on bat erabaki behar genuela pentsatu genuen, eta Urrizek egunero behin eta berriz “katilu tuuu” errepikatzen duenez, hori hartu genuen. Herriko musikalegian hasi nintzenean 14 edo 15 urte izango nituen. Josurekin eman nuen izena, kuadrillako lagun batekin. Eskorbutoren ‘Cuidado’ abestia entzuten genuen eta baxuaren sarrerak liluratzen gintuenez, hori jotzeko helburuarekin hasi ginen.

B.E.: Gure asmoa ez zen hasiera-hasieratik ondare musikal bat berpiztea, denbora-pasa gisa aritzea baizik. Hirurok instrumentuak jotzen ditugunez eta antzeko gustuak ditugunez, kuadrillan musika egiten genuen, besterik gabe. Ni oso txikitatik hasi nintzen solfeoa ikasten. Gero pianoa hartu nuen, baina gehiegi motibatu ez ninduenez, gitarrara pasatu nintzen. Astero klaseetara noa eta zoro-zoroan gitarra jotzen 10 urte daramatzadala esan dezaket.

Zuen abestiak The Uski’s bezalako tokiko taldeetatik Thin Lizzy bezalako banda atzerritarretaraino doaz. Nola aukeratzen duzue errepertorioa?
B.E.: Beti ez da erraza hirurok gustuko dugun abesti bat hartzea. Taldeek beste instrumentu batzuk izan ohi dituzte, hala nola teklatuak edo tronpetak, eta gu hirukotea izanik, gitarra, bateria eta baxua ditugu eta horretara mugatu behar dugu gure musika. Hala ere, moldatu egiten gara eta mota ezberdinetako kantak jotzen ahalegintzen gara: The Uski’s-en kasuan euskarazkoak, ‘Hotel California’ lasaiagoa, ‘The Boys Are Back In Town’ kañeroagoa… Gainera, hiru hizkuntzetako eraginak izanik, naturala da euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez bururatzea letrak.

U.S.: Azken finean rock&rollak ez du mugarik, ez fisikorik, ez linguistikorik… Gure ideia aterik ez ixtea da, eta denetarik jotzen dugu oreka bat mantenduz.

L.U.: Bestalde, jatorrizko kantak ez aldatzen saiatzen gara, nahiz eta batzuetan ukitu originala ematen diogun tarte txiki bati. Baina, oro har, bere osotasunean uzten ditugu.

Kontzertuek transmititzen dutena ezin da entzungailuekin alderatu. Hala ere, jada ez dago lehen adina lokal musika zuzenean entzuteko.
B.E.: Egia da. Baina udalek guk nahi adina aukera eskaintzen ez badute ere, badira musika elkarteak -Arrigorriagan SoinuArri, adibidez- artista lokalak bultzatu eta ia hilero ekitaldiak eskaintzen dituztenak. Udan, herrietako jaiak direla eta, agian ez dituzte hainbeste gauza antolatzen, baina urtean zehar ziur gaude aukera gehiago izango ditugula elkarte horiei esker. Argi dago gaur egungo joera erromeria bat kontratatzea dela. Azken finean, hiru talde ekarri beharrean, Euskal Herriko abesti ezagunenak biltzen dituzte eta mundu guztia egongo da pozik, baina horrek ere gure aurka jokatzen du.

U.S.: Gaur egun horrelako gaztetxe eta elkarterik ez balego, oso panorama latza izango genuke. Udan zehar aukera gehienak jai herrikoietara mugatzen dira, eta udal batek kasu egitea eta zerbait antolatzea oso zaila da. Ez dugu baldintza handirik eskatzen: ez oholtzarik, ez argirik, ez dirurik… Gu jotzeko prest gaude. Eta jo nahi dugu. Baina askotan ez da posible, ez delako erraztasun nahikorik jartzen.

L.U.: Herri ezberdinetan musika taldeak dituzten lagunak ere baditugu. Beraz, gure proiektua aurkeztuz eta elkarrekin hitz eginez, jotzeko aukera ezberdinak suertatzen zaizkigu. Jendeak pentsa dezake oso erraza dela kontzertu bat prestatzea, baina lan izugarria dago atzean.

Zer-nolako harrera izan du zuen proposamen musikalak?
B.E.: Guk jotzen dugun estiloa nahiko erakargarria da publiko guztiarentzat. Gehiago edo gutxiago gustatu ahal zaizu, baina inoiz ez duzu pentsatuko: “Zenbat zarata ateratzen duten hauek”. Atsegin puntu hori dauka. Jendearentzat jotzen dugu, beraz, haien sentsazioak agintzen du. Agertokira igotzen gara erakustaldi bat eskaintzeko, jendea erakustaldi horrekin konforme badago gu pozik, horretarako egiten dugulako. Jakina, gustatzen zaigulako ere bai, eta gure produktua leuntzen eta horren inguruan erabakiak hartzen ditugunak gu geu gara, baina zuzenekoak entzuleen gozamenerako dira. Gogoan dut Nofuentesen (Burgos) egin genuen kontzertua. Intxaurrondo baten gerizpean jo genuen, ez zen herriko kontzertu nagusia, eta azken abestietan herriko 5-6 bikote gure musika entzutera hurbildu ziren garagardo bana eskuan zutela. Berbena ondoan zegoen, eta, hala eta guztiz ere, gu aukeratu gintuzten gauaz gozatzeko. Espektro oso zabala hartzen dugula esan dezakegu. Gure gurasoen garaiko abestiak eta gaur egunekoak jotzen ditugunez, belaunaldi ezberdinak biltzen ditugu: helduetatik gazteetara.

U.S.: Gainera, gure kuadrillako kideak bolo guztietara etortzen dira eta asko disfrutatzen dugu lehen ilaran 10, 15 edo 20 lagunek animatzen gaituztela ikusita. Familian sentiarazten gaitu, eta askotan kutsatu ere egiten da. Gainerako ikusleei gerturatzeko gogoa pizten zaie, bestela atzean geratzeko ohitura dagoelako, eta berotasun handiagoa sumatzen dugu.

L.U.: Hala ere, beti harritzen gaitu aurpegi berriak ikusteak. Ezezagun bat kontzertuaz gozatzen ikusteak eta amaitzean gustatu zaiola esateko gerturatzeak benetan betetzen gaitu. Bestalde, ohituta gaude lurrean jotzen eta jendea gure ondoan dantzan ikusten. Hori dela eta, Arrigorriagako jaietako txosnaguneko eszenatokian jo genuenean jendea nahiko urrun ikusten genuen eta momentuko sentsazioak ez ziren hain onak izan. Feedbacka behar dugu. Baina jaitsi ginenean herritar askok zoriondu gintuzten, eta pertzepzioa erabat aldatu zen.

Oraindik ere tributuei eta bertsio taldeei ospea kentzeko joera dago, beste talde batzuen plagioak direla leporatuz.
U.S.: Plagioak baino gehiago omenaldiak direla esango nuke. Talde batek publiko jakin bat badu eta herri txiki batera ekartzea zaila bada edo, zuzenean, talde horretako kideak hilda badaude, ondo ikusten dut norbaitek bere omenez bere musika jotzeko ardura hartzea. Mirespenez egiten da, ez ordezkatu nahi izateagatik. Hori bideraezina da. Gainera, dagoen prestaketa lana handia da eta hori ere baloratu egin beharko litzateke.

Zuen kasuan, konposatzeko saltoa ere eman duzue.
L.U.: Bertsioak gure abestiekin tartekatzen ditugu, baina gehienak gureak dira. Hasieran bertsioekin praktikatzen hasi ginen, gure soinua lortu genuen eta ondoren konposatzen hasi ginen. Gutako bakoitza ideia batekin iristen da entseguetara -riff bat, esaldi bat… – eta denon artean jolasten eta garatzen dugu. Nahiko lan korala da.

U.S.: Gaur egun 8 abesti ditugu gureak direnak, edo behintzat erakutsi ditugunak, eta gero 4-5 bertsio jotzen ditugu. Disko bat ateratzea ere gustatuko litzaiguke. Hiru hizkuntzetan jarduten dugu, eta eguneroko bizitzan aurkitzen ditugun pertsonen istorioak modu erakargarrian kontatzen ditugu. Oso sakon begiratzen badugu, agian kritika sozial pixka bat egongo da, baina musikarekin dugun ideia ez da hori sustatzea, ondo pasatzea eta itxura dibertigarria izatea baizik. Freskotasuna eskaintzea.

B.E.: Nahiz eta gure abestiak atera, niri behintzat ez litzaidake gustatuko bertsioak erabat alde batera uztea. Lehen esan bezala, gure influentziei egindako omenaldia da. Gainera, jendeak ezagutzen dituenean, errazagoa da haiekin konektatzea, eta haien garaira eramaten ditu, oroitzapenetan bidaiatuz. Irailean lagun baten estudiotik pasatzea adostu dugu, ea gustuko soinua proiektatzea lortzen dugun ikusteko eta pixkanaka abestiren bat prestatzen joateko.

Iazko udan kontzertuak eman zenituzten eta gero geldialdia egin zenuten ikasketak zirela eta. Berdin jarraituko duzue aurten?
U.S.: Aurten egur gehiago emango diogu taldeari. Iaz zailagoa izan zen, hilabete asko eman genituelako Europa osoan zehar sakabanatuta eta ez ginelako hirurok elkartzeko gai. Ezin genuen kontzertu bat lotu egun bakar batean entseatuz. Baina aurten ideia guztiz desberdina da. Elkarteetatik eskaintzak iristen bazaizkigu, horiek onartzeko prest egongo gara eta ahal bezainbeste jotzeko asmoa dugu.

B.E.: Denon izenean hitz egiten dut musika eta gure lanbidea uztartzea gustatuko litzaigukeela esaten dudanean. Ia ezinezkoa da musika ogibide bihurtzea, baina behintzat alde batera ez uztea eta zaletasun gisa luzaroan mantentzea lortu nahi genuke. Katilu jaio berri da eta gauzak ateratzeko ilusioz beteta gaude.

☉ Arrigorriaga

Txakurkros hastapen Ikastaroak martxan jarriko ditu KorriCanek Arrigorriagan, gazteentzako

Foru Aldundiak eta Bizkaiko Neguko Kirolen Federazioak abiarazitako kirol jarduera berri honek saio teoriko-praktikoak izango ditu Mendikosolo parkean

|

Haurrak, txakurkrosean, Mendikosolo parkean // Geuria

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bizkaiko Neguko Kirolen Federazioak KorriCan izeneko txakur krosako eskola kirol jarduera jarri dute martxan. Ikastaro hau Eskola Kirola Programaren ‘Hastapen eta Josteta’ jardueren bitartez aurrera eramango dute Arrigorriagako Mendikosolo parkean.

Txakurkrosean hasteko KorriCan izeneko ikastaro hauek Bizkaiko Neguko Kirolen Federazioko monitoreek eskainiko dituzte eta hiru orduko iraupena izango dute, hurrengo gaiak jorratuz: formakuntza teoriko-praktikoa, txakurren heziketarekin eta etologiarekin lotutako praktika eta txakurkros praktika.

Ikastaro hau 2009tik 2012ra bitartean jaiotako gazteei zuzenduta dago eta lau saiotan banatu dituzte: azaroaren 3an, azaroaren 17an, abenduaren 15ean eta 2025eko otsailaren 16an. Klaseak 10:00etatik 13:00ak arte izango dira. “Bertan formakuntza teoriko bat eskainiko da, bideo batzuk proiektatuko ditugu jarraian eta txakurkrosean erabiltzen den materiala aztertuko dute ikasleek”, azaldu du KorriCaneko Xabi Gonzálezek. “Lasterketa simulakroa egingo dugu ere eta gure monitoreen laguntza edukiko dute parte-hartzaileek”.

Xabi Gonzalez: “Ikastaroan formakuntza teoriko bat eskainiko da, bideo batzuk proiektatuko ditugu jarraian eta txakurkrosean erabiltzen den materiala aztertuko dute ikasleek, besteak beste”

Izena emateko interesa dutenek bizkaia.eus/eskolakirola webgunera jo beharko dute, entitate baten izenean edo banaka. Antolaketa taldetik iragarri dute taldeak gutxienez sei lagun eta gehienez 16 izan beharko dituela egun bakoitzeko.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagak 7.000 Arrigobono ipiniko ditu eskuragarri herriko 40 saltokitan

Aurtengo kanpaina urriaren 7tik 24ra egingo dute, bonuak lehenago agortzen ez badira

|

Arrigobonoen aurkezpena, gaur goizean // Arrigorriagako Udala

Tokiko merkataritza bultzatzea helburu duen Arrigobonoen kanpainak 7.000 bono banatuko ditu Arrigorriagako 40 saltokietan, urriaren 7tik 24ra. Udalak Adecka merkatari elkartearekin urtero abiarazten duen kanpaina da Arrigobonoena. Kanpainaren informazio guztia jasotzeko webgune hau ahalbidetu dute.

Erosleek bono mota bi erosi ahalko dituzte astelehenetik aurrera: 30 eurokoa (bezeroak 20 euro gastatu eta 10 euro hobaria jasoko du trukean) eta 10 eurokoa (bezeroak 7,50 euro gastatu eta 2,50 euroko hobaria jasotzen du). Bonuak saltokietan bertan banatuko dituzte eta erabiltzaile bakoitzak gehienez 30 euroko bono bi eta 10 euroko lau erosi ahalko ditu.

“Tokiko ekonomiaren aldeko apustua egiteaz gain, merkatari eta ostalariek udalerriari egiten dioten ekarpena balioan jarri nahi dugu”, azaldu du gaur goizean Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak.”Bereziki, merkatarien eta bizilagunen artean sortzen duten konfiantza- eta hurbiltasun-giroa. Ez digute bakarrik kalitatea eskaintzen, modu arduratsuan kontsumitzeko aukera ere eskaintzen digute. Eta gure ardura da, Udaletik, ekimen hau bultzatzea”.

Maite Ibarra: “Herriko merkatariek ez digute bakarrik kalitatea eskaintzen, modu arduratsuan kontsumitzeko aukera ere eskaintzen digute”

Urtero lez, gaurko prentsaurrekoan Jose Cebrecos Adeckako idazkaria izan da ere: “Ekonomikoki zaila den une honetan, espero dugu bonuak oxigeno-kolpe bat izatea guztiontzat”, azpimarratu du.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Irizpide feministak adosteko prozesua abiaraziko dute Arrigorriagan, jai ereduari buruzko hausnarketa errealista xede

Elkarlanerako gune honek hiru hitzordu antolatu ditu Lamiaenan: urriaren 14an, azaroaren 12an eta abenduaren 10ean

|

Lagun batzuk Arrigorriagako txupinazo egunean, iaz // Geuria

Zer ekitaldi antolatzen ditugu Arrigorriagan?, Nortzuk dira protagonistak?, Nola hartzen dira erabakiak?. Galdera horiei erantzuna emateko Arrigorriagako jaiak berdintasunean izeneko irizpide feministak adosteko prozesua abiaraziko du Udalak.

“Jaietan egiten diren ekintza guztiak (kirol arlokoak, erlijiosoak, gastronomikoak, musikalak…) gure kulturaren bereizgarri diren esanahi sinboliko handiko kultur adierazpenak dira”, azaldu dute udal ordezkariek. “Guzti honetaz hausnartzeko elkarlanerako gunea sortzea da helburua, jai ereduari buruzko hausnarketa errealista egiteko eta Madalenak feministak egiteko oinarrizko irizpide batzuk adosteko”.

Prozesu hau herritar orori zabalik dago eta hiru hitzordu izango ditu Lamiaenan: lehena urriaren 14an izango da eta gainontzekoak azaroaren 12an eta abenduaren 10ean. Saioak 18:00etatik 20:00ak arte antolatu dituzte eta izena ematea beharrezkoa da berdintasuna@arrigorriaga.eus helbidearen bidez edo 944 020 200 telefono zenbakira deituz.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Zabaldu dute Arrigorriagako Ausartak Mendi Lasterketan izena emateko epea

Aurtengo edizioa urtarrilaren 18an eta 19an antolatu dute eta Canicross ETL txakurkrosa, Txakurkros eta trail herrikoia, Mendi Martxa, Mendi maratoi erdia eta Hasiberri traila prestatu dituzte

|

Parte-hartzaile bat, 2021ean // Geuria

Arrigorriagako Ausartak Mendi Lasterketa 2025eko urtarrilaren 18 eta 19an antolatu dute eta bertan izena emateko epea zabaldu dute SportManiacs.com webgunean.

Iaz bezala, kirol probak egun bitan antolatu dituzte, betiko probekin: Canicross ETL txakurkrosa, Txakurkros eta trail herrikoia, Mendi Martxa, Mendi maratoi erdia eta Hasiberri traila.

Egutegia | Ausartak Mendi Lasterketa 2025

Urtarrilak 18, larunbata
– 10:00 Canicross ETL txakurkrosa (6k 150+)
– 11:30 Txakurkros eta trail herrikoia (2,5km)

Urtarrilak 19, igandea
– 09:00 Mendi martxa (20k 1.000+)
– 10:30 Mendi maratoi erdia (21k 1.100+)
– 11:00 Hasiberri trail (9,5k 500+)

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagarren argazkiek osatuko dituzte 2025eko udal egutegiaren irudiak

Gaia “Arrigorriagako auzoak, jendea eta txoko ezkutuak” izango da eta argazkiak bidaltzeko azken eguna urriaren 27a

|

Argazki kamera bat // Nikita TbTBsBYeYa, Unsplash

Arrigorrigako Udalak argazki-lehiaketa bat antolatu du irudi onenekin 2025eko udal egutegia osatzeko. “Helburua da herritarrek Arrigorriagari eta bere jendeari buruz duten ikuspegi berezi eta bakarra jasotzen duen egutegia sortzea”, azaldu dute udal ordezkariek. “Arrigorriaga bere biztanleen begiradaren bidez ezagutu ahal izatea”.

Gaia “Arrigorriagako auzoak, jendea eta txoko ezkutuak” izango da eta argazkiak bidaltzeko azken eguna urriaren 27a. Epea itxita, epaimahai batek azala eta hilabete bakoitzeko argazkiak aukeratuko ditu.

Udaletik baldintza batzuk azpimarratu dituzte interesdunek parte hartu ahal izateko: bidali beharreko argazkiak formatu horizontalean egindakoak izan beharko dira eta Euskara Zerbitzura bidali beharreko e-postan hurrengo informazioa gehitu beharko dute parte-hartzaileek:

– Izen abizenak (eta goitizena, aukeran)
– Helbidea
– Telefono zenbakia
– Argazkia ateratako lekua eta data

Osorik irakurri