Herrian kirola bultzatzeko egiten duten lana eskertzeko, Arrigorriagako Udalak Kirolariak plazara! ekimenean omenaldia egingo die herriko 20 elkarteri eta norbanakori baino gehiagori. Ekitaldia urtarrilaren 20an egingo dute, eta bertan, publikoaren sari berezia emango diete herritarrek gehien bozkatu dituzten kirolariei ere.
Hautaketan 672 arrigorriagarrek hartu dute parte, eta 10 pertsona zein talde proposatu dituzte sariketan omendutako hiru modalitateetarako: Emakume kirolari onena, Kirol-ibilbide oparoena eta Kirolari nagusia. Hala, bozketa epea amaitu ondoren, hauek izan dira herritarren babes gehien jaso duten aukerak kategoria bakoitzean:
- Emakume kirolaria: Andrea Barona, taekwondo kirolaria
- Kirol-ibilbidea: Mikel Rico futbolaria (norbanakoan) eta Garriko Taekwondo (taldekoan)
- Kirolari nagusia: Joseba Urrutikoetxea, kirolari askotan jarduna, oinez zein bizikletan
Udalak, gainera, Kirola eta Euskara aitortza berezia egingo dio Padura saskibaloi taldeari. Era berean, Kirol-ibilbidea modalitatean, Aitzindariak aitortza berezia egingo die Maruja Torresi, Jose Maria Zaballari eta José Miguel Nievari.
Ateak, zabalik
Datorren ostiraleko sari banaketara hurbildu nahi dutenek ez dute aldez aurretik izena eman beharko. Ekitaldia 19:00etan hasiko da, eta sarrera librea izango da aforoa bete arte.
