→Arrigorriaga

Herriko kirol taldeak omentzeko jaia egingo dute Arrigorriagan, ‘Kirolariak plazara!’ ekitaldian

20 talde baino gehiagori egingo diete omenaldia. Gainera, “Esker on bereziak” sariketarako, herritarrek botoa eman edo izenak proposatu ditzakete, abenduaren 12tik 23ra

Arrigorriagako kiroldegia // Geuria

Kirolariak plazara! ekimena herriko kirol taldeei “merezitako esker ona” erakusteko jaio da. Arrigorriagako Udalak disziplina mota guztietan aritzen diren elkarteei omenaldia egingo die urtarrilaren 20an (19:00etan, Lonbon), udalerrian egindako lana eta urteetako ibilbidea goraipatzeko. Batetik, omenaldi bateratua egingo diete talde guztiei (20 baino gehiago); bestetik, “esker on bereziak” izeneko herri bozketaren irabazleentzako aipamen berezia prestatu dute.

Sariketan, hiru modalitateri emango diote nagusitasuna aurten: emakumeen eta kirolarien arteko binomioa aitortzen duten norbanakoak edo taldeak; kirol ibilbide oparoari aitortza; eta adinekoien kirol jarduerari egindako ekarpena, “Zu nagusi” kategorian. Era berean, “Kirola euskaraz” modalitatea prestatu dute Arrigorriagako elkarteek euskaraz egindako lana goraipatzeko.

Kirol taldeek beraiek aurkeztuko dituzte hautagaitzak modalitate horietarako. Halere, arrigorriagarrek zeresana izango dute talde, klub edo kirol arloko norbanako esanguratsuenak proposatzeko eta hautatzeko. Erabakia, izan ere, bozketa publikoaren bidez hartuko da: kirol taldeek hautagaitza propioak egin eta gero, herritarrek abenduaren 23ra arte izango dute epea daudenei botoa emateko edota proposamen berriak aurkezteko. Horretarako ahalbidetutako espazioa, abenduaren 12an (astelehena) egongo da ikusgai Udalaren webgunean.

Maite Ibarra alkateak azaldu duenez, Arrigorriagako kirol taldeen lana “erdigunean” jartzeko baliatuko dute ekitaldia, bai omenaldi orokorra baita sariketa ere, bereziki, kirol txikietan egiten den “lan nekaezina” lehen planoan jartzeko. “Osasunerako onurak ekartzeaz gain” —esan du Ibarrak— “sozializazio eta partaidetza komunitariorako espazioak ere badirela azpimarratu nahi dugu”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak